EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2018151

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 18koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, «HE.01.2 Rodil» azpieremuaren Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa ematen duena.

Xedapenaren data: 2018-07-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201804121
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko otsailaren 12an, Donostiako Udalak «HE.01.2 Rodil» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (hemendik aurrera, Plan Berezia) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera bete zuen. Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2018ko apirilaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak abian jarri zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea, eta egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia; Itsas-Enara ornitologiako sozietatea; Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea; Eguzkizaleak Elkartea; Ugatza ornitologiako sozietatea; eta Haritzalde Parkeen Lagunak elkarte naturalista. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion prozeduraren hasiera.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun guztiek egokitzat jotako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren (Gipuzkoako zuzendariordetza) eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena eta Haritzalde elkartearen erantzuna jaso dira (espedientean dago horren emaitza).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Horrenbestez, lege horrek ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Aipatutako 6.2 artikuluan honako hau zehazten da, besteak beste: planak eta programak, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren eremuan egon ez baina proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen dutenak izanik, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira; haren prozedura 29. artikulutik 32.era bitartean arautzen da; hori guztia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Dokumentazio teknikoa eta «HE.01.2 Rodil» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, egiaztatzen da ingurumen-organoak, hots, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna berau, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) behar adina datu dituela ingurumen-txosten estrategiko hau egiteko, eta ingurumen-txosten estrategiko hau eman du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-ondoreetarako.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako «HE.01.2 Rodil» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa ematea, Donostiako Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Plan Bereziaren helburua da 2010eko ekainaren 25ean behin betiko onetsitako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) zedarritutako «HE.01.2 Rodil» azpieremuaren antolamendu xehatua egitea.
Ulia auzoan dago kokatuta azpieremu hori. Titulartasun pribatuko lau partzelaz eta toki-sistemetako bi gune publikoz osatutako 5.959,45 m
Plan Bereziaren azken xedea da azpieremua osatzen duten partzeletako bi xehe-xehe antolatzea, hiru etxebizitza-bloketan banatutako 47 etxebizitza hartzeko guztira.
Eraikuntza-forma (altuera eta solairu kopurua), gehieneko inguratzaile eraikigarria, gehieneko eraikuntza eta sestra gaineko eraikuntza baimendua, HAPOan ezarritakoak, ez ditu aldatuko Plan Bereziak.
Aztertutako dokumentazioaren arabera, aztergai den eremuaren inguruak oinarrizko zerbitzu-azpiegiturak ditu (ur-hornikuntza, hondakin- eta euri-uren saneamendua, hornikuntza elektrikoa, telekomunikazioak eta gasa), horien gaitasuna nahikoa izanik antolamendu xehatuan aurreikusitako erabilerei erantzuteko.
Plan Bereziaren eraginpeko eremua hiritartutako inguru batean kokatutako hiri-lurra da; hiri-lur horretan komunitate-intereseko habitat bat dago (6510. habitata: «Belar gutxiko zelai baxuak»),
Proposatutako antolamenduaren eragin nabarmenenak hauek dira: baliabide naturalak galduko dira, ingurune antropizatuan egonagatik, ezaugarri naturalei eusten dien –espezie aloktonoak (astigar zuria, erramua, sasiakazia, banbua, panpa-lezka, eta abar) nagusi diren landare-estalkia– lurzati bat kaltetuko delako.
Nabarmendu beharrekoa da paisaiaren kalitateak ere erasana izan dezakeela, eremu antropizatu batean ingurune naturala gal daitekeelako, eraikin berriak eraikitzearen ondorioz. Gainera, aipatzekoa da obra-fasean giza habitataren kalitateak ere erasana izan dezakeela, herritarrei eragozpenak eragiteaz gain, lurrak mugituko bailirateke eta trafiko astunak gora egingo bailuke, besteak beste.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Plan Bereziak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen beste proiektu batzuetarako markoa: aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Plan Bereziak ez du biltzen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik beharko luketen proiektuak garatzeko zehaztapenik.
b) Beste plan eta programa batzuekin bateragarria den: ez da hauteman bateraezintasunik hierarkiako goragoko planeamenduarekin. Ez da aldatzen Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean zehaztutako eraikuntza-forma.
c) Planaren egokitasuna ingurumen-irizpideak txertatzeko, garapen jasangarria sustatzeko helburu zehatzarekin: antolamendu-proposamenaren xedea eremuaren ingurumen- eta hiri-kalitatea hobetzea da, eta horretarako, eremu horren antolamendua egokitzea proposatzen da. Plan Bereziak garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzen dituela irizten da, bereziki, hauei dagokienez: baliabide-erabilera, hondakinen kudeaketa eta paisaia-integrazioa eraginkorragoko eraikuntza, eta oinezkoen irisgarritasuneko kondizioen sustapena eta hobekuntza. Horri dagokionez:
– Plan Bereziak kontuan hartu beharko ditu, Planaren ondoriozko eraikuntza-proiektuetan aintzat hartze aldera, dagokion Eraikuntza Jasangarrirako Gidan bildutako gomendioak, proposatutako eraikuntzen energia-aurreztea eta -eraginkortasuna indartzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko, ebazpen honen aurreragoko apartatuetan xehatuko den bezala.
– Bizitegi-eremuko sarbiderako mugikortasun jasangarria bultzatu beharko da, garraio pribatua erabili ordez garraiobide jasangarrien erabilera sustatuz.
– Plan Bereziak aintzat hartu beharko du urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek paisaia-integrazioko azterketa dokumentazio gehigarri modura jasotzeko aukera, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Plan Berezia gauzatzearen ondoriozko inpaktu negatibo nabarmenenak baliabide naturalak galtzeari lotuta daude (eremu antropizatua bada ere, ezaugarri naturalak ditu): hainbat espezie aloktonok hartutako landare-estalkia galtzea eta paisaiaren kalitatean eragindako erasana. Gainera, aipatzekoa da obra-fasean giza habitataren kalitateak ere erasana izan dezakeela, herritarrei eragozpenak eragiteaz gain, lurrak mugituko bailirateke eta trafiko astunak gora egingo bailuke, besteak beste.
Hala eta guztiz ere, aztergai dugun eremua hiri-eremu antropizatu batean dago eta ez du natura-balio nabarmenik; hori dela eta, ez da Plan Bereziaren garapenarekin lotutako arazo adierazgarririk atzematen; betiere, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz egiten badira jarduketak eta aktibitateak, hirigintza-planteamenduaren arau berrien ondoriozkoak, hain justu ere aurkeztu den dokumentazioan sustatzaileak proposatutako moduan eta txosten honetan ezarritakoaren arabera.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.
2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez dago Plan Bereziaren garapenaren erasana izan dezaketen naturagune adierazgarririk, ingurumen-balio altuko eremurik edo ingurumen-kalteberatasun aipagarriko gunerik.
3) Neurri babesleak eta zuzentzaileak.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den edozertan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:
– Proiektua gauzatzerako orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.
– Dagoen landaredia babestea: ahal dela, eremuan dauden berdeguneak bere horretan utziko dira.
Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.
Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Urak babestea: urbanizazioko, eraispeneko eta eraikuntzako proiektuetan aurreikusi egin beharko dira azaleko uretara ahalik eta solido gutxien arrastatzeko neurriak (dekantagailuak, sedimentu-tranpak edota iragazkiak, eta abar).
– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzekin bat etorrita, zehazkiago, ebazpen honetan bildutako neurri babesle eta zuzentzaileekin (baita Donostiako Udalak ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutakoekin ere), eta dagozkion baimen sektorialetan beste neurri batzuk ezar daitezkeela alde batera utzi gabe, Plan Berezia gauzatzean eragin litezkeen ingurumen-erasan kaltegarriak ez dira hainbesterako; hala, ez da aurreikusten Donostiako «HE.01.2 Rodil» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumen-erasan kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik; beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Plan Berezi horri ingurumen-ebaluazio estrategikoa.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko horrek indarraldia galduko du eta dagozkion efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Donostiako «HE.01.2 Rodil» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 18a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.