EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2018150

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 514/2017 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2018-06-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201804099
Maila: Ediktua
JAKINARAZPEN-ZEDULA
Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegian, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriei buruzko 514/2017 prozedura bideratu da, Saydi Patricia Osorto Rodriguez-k eskatuta, Santos Evelio Lopez Perez-en aurka. Prozedura horren gainean epaia eman da. Hona hemen idazpurua eta epaitza, kopiatuta:
172/2018 EPAIA
Epailea: Elisabet Garcia Alegre.
Lekua: Donostia.
Eguna: bi mila eta hamazortziko ekainaren hogeita zazpia.
Alderdi demandatzailea: Saydi Patricia Osorto Rodriguez.
Abokatua: Xabier Bogaz Torres.
Prokuradorea: Marta Arostegui Lafont.
Alderdi demandatua: Santos Evelio Lopez Perez.
Abokatua.
Prokuradorea.
Judizioaren gaia: zaintzari, jagoletzari eta mantenu-pentsioari buruzko demanda.
XEDAPENAK
Partez baiesten dut Arostegui andreak, epaitegietako prokuradoreak, Saydi Patricia Osorto Rodriguez andrearen izenean eta haren ordez aurkeztutako demanda, Santos Evelio Lopez Perez jaunaren aurkakoa. Horrenbestez, honako neurri hauek hartzen ditut, XXXXX adingabeko alabari dagokionez:
1.– Guraso-ahala. Bi gurasoek izango dute adingabearen guraso-ahala; nolanahi ere, aita absente dagoenean, amak bakarrik baliatuko du.
Amak, guraso-ahala esklusiboki baliatzen duenean, aukera izango du adingabeari buruzko erabaki garrantzizkoak hartzeko, aitari adostasuna eskatu beharrik izan gabe. Guraso-ahalaren esparruan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:
a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.
b) Ikastetxea aukeratzea eta aldatzea.
c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.
d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak (bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak).
e) Urgenteak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.
d) Adingabearen dokumentazioa izaidetu/berritzea (pasaportea, NANa, egoiliar-txartela, osasun-txartela...).
Adingabearekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzea izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin eta larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak badira.
2.– Zaintza eta jagoletza esleitzea. Adingabearen zaintza eta jagoletza amari esleitzen zaizkio.
3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Ez da bisita-erregimenik ezarri aitaren eta alabaren artean. Aitak alabarekin harremanak berriro hasteko nahia adierazten badu, gurasoen artean adostu beharko dute hori, eta, desadostasunik bada, neurri hau aldatzeko eskatu ahal izango da, horretarako dagoen legezko prozeduraren bidez.
4. –Mantenu-pentsioa. Aitak XXXXX ala adingabearen mantenu-pentsioa ordaindu beharko du, harik eta hura adinez nagusi izatera iritsi eta ekonomikoki independentea izan arte edo izateko moduan egon arte, fede onez jokatuta. Pentsio hori hilean 150 eurokoa izango da, eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan ordaindu beharko dio amari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera; indizea abendutik abendura zenbatuko da, eta lehen eguneratzea 2019ko urtarrilaren batean gauzatuko da.
5.– Aparteko gastuak. Gurasoek erdibana ordainduko dituzte alabaren ezohiko gastuak, ados baldin badaude eta gastuak agiri bidez egiaztatuta geratzen badira. Bi gurasoen adostasunez erabakiko da halako gastuak egitea, edo, ados ez badaude, epaile batek baimena emanda, eta, betiere gastuak egin baino lehen. Kontzeptu horretatik kanpo, zenbait gastu utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira). Beste zenbait gastu, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere.
Aurreko paragrafoan azaldutako ezohiko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu hori egin edo ez egin desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo adingabearentzat oso komenigarria bada eta familiaren egoerari egokitzen bazaio. Erregimen horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; izan ere, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.
Ezohiko gastuak ordaindu beharra amaitu egingo da alaba, adin nagusikoa izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independentea denean, hartara eragotzi gabe 150. eta 152. artikuluetan betebeharra amaitzeko adierazten diren kausak.
6.– Ez da hartzen beste inolako neurririk.
Berariaz ez da kosturik ezartzen.
Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.
Santos Evelio Lopez Perez demandatuari behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan, ematen eta sinatzen dut ediktu hau, Donostian, bi mila eta hamazortziko ekainaren 27an.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.