EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2018150

EDIKTUA, behin betiko neurriak aldatzeari buruzko 358/2017 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2018-06-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201804098
Maila: Ediktua
Donostia-San Sebastiángo Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.
Judizioa: behin betiko neurriak aldatzea. 358/2017.
Demandatzailea: Sonia Mariza Diaz Bonifaz.
Abokatua: Maria Teresa Ezkurra Fountain.
Prokuradorea: Amalia Lopez-Rua Lens.
Demandatua: Gustavo Marcelo Viracocha German.
Judizio horretan, 158/18 epaia eman da 2018-06-13an, eta honako hau da epaitza:
EPAITZA
Baiesten dut López epaitegietako prokuradoreak Sonia Mariza Diaz Bonifaz-en izenean eta haren ordezkaritzan aurkeztutako demanda, Gustavo Marcelo Viracocha Germanen aurkakoa. Horrenbestez, aldatu beharra dago 2007ko irailaren 5eko epaia, zeina partez errebokatu baitzuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 2008ko abenduaren 2an. Honela geratzen da epaia, aldaketaren ondorioz:
1.– Guraso-ahala. Erabakitzen dut XXXXX seme adingabearen gaineko guraso-ahala kentzea Gustavo Marcelo Viracocha German demandatuari. Aurrerantzean, adingabearen ama Sonia Mariza Diaz Bonifazek baliatuko du modu esklusiboan guraso-ahala, aldaketa hori eragin zuen arrazoia desagertu arte.
Amak, guraso-ahala esklusiboki baliatzen duenean, aukera izango du seme adingabeari buruzko erabaki garrantzizko guztiak hartzeko, aitari adostasuna eskatu beharrik izan gabe. Honako hauek daude, besteak beste, guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean:
a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea eta adingabea atzerrira joatea.
b) Ikastetxea aukeratzea eta aldatzea.
c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.
d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak (bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak).
e) Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.
f) Zenbait izapide egitea adingabearen nazionalitatea lortzeko, adingabearen NAN edo pasaportea eskuratu edo berritzeko eta osasun-txartela, egoiliar-txartela edo antzeko beste edozein administrazio-agiri eskuratu edo berritzeko.
2.- Bisita-erregimena. Indarrik gabe uzten da aitaren alde ezarrita zegoen bisita-erregimena. Haren ordez, erabakitzen dut ez ezartzea aitaren aldeko bisita-erregimenik, eta indarrean uztea epaitegietan ezarritako komunikazio-erregimena bakarrik. Aitak borondatea agertzen badu semearekin harremanak berriro izateko, gurasoen artean adostu beharko dute nola egin bisitak, eta, adostasunik ez badago, neurri hori aldatzeko eskatu ahal izango dute horretarako legez ezarritako prozeduraren bidez.
3.– Mantenu-pentsioa. Aitak, aurrerantzean ere, mantenu-pentsioa ordaindu beharko du XXXXX semearen alde, eta zenbatekoa eta baldintzak Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 2008ko abenduaren 2an emandako epaian ezarritakoak izango dira, behar bezala eguneratuak.
Ebazpen hau irmoa denean, bidal bekio exhortoa Erregistro Zibilari, guraso-ahalaz gabetzea inskriba dadin XXXXX adingabearen jaiotza-inskripzioaren orri-bazterrean.
Ez da berariaz kosturik ezartzen.
Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den eta apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak zein diren (PZLb, 458.2 artikulua).
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen gordailuan eta zainpean uzteko kontuan. IBAN zenbakia hauxe da: ES55 0049 3569 9200 0500 1274 1847 0000 00 0358 17. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Kontsignazioa egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOren 15. xedapen gehigarria).
Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak».
Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Argitalpena: Epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen magistratu berberak eman, irakurri eta argitaratu zuen. Eta nik, idazkari judiziala naizenez, horren guztiaren fede ematen dut Donostian, bi mila eta hamazortziko ekainaren hamahiruan.
Gustavo Marcelo Viracocha German demandatuaren egungo helbidea ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibileko 1/2000 Legearen 497.2 artikuluaren arabera (PZLb).
Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatu auzi-iheslariak.
Interesdunak eskuragarri du jakinarazten den ebazpenaren testu osoa, auzitegi honetako bulego judizialean.
Donostia, 2018ko ekainaren 21a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.