EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2018150

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 6koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Tecnalia Research&Innovation gaitzen baita 513/2017 Errege Dekretuan ezarritako egokitasun-ebaluazio teknikoak egin ditzan, eta bereziki baliozkotzen baita sukalde industrialetan suteak automatikoki itzaltzeko sistemetarako erakunde horrek duen prozedura espezifikoa.

Xedapenaren data: 2018-07-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201804086
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2018ko ekainaren 25ean, Izaskun Martínez Lanz andreak, Tecnalia Research&Innovation-en (IFK: G48975767) legezko ordezkaria den aldetik, eskabide bat aurkeztu zuen haren prozedura espezifikoak baliozkotu zitezen eta «Ebaluazio Teknikoa egiteko Erakunde Gaitu» gisa aitortu zedin, hala xedatuta baitago Suteen Kontrako Babes Instalazioen Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 22ko 513/2017 Errege Dekretuaren 3. artikuluan (Tecnalia Research&Innovation-en helbidea: Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea, Mikeletegi Pasealekua 2, Donostia).
Bigarrena.– Erantzukizunpeko adierazpenean, honako alderdi hauek adierazten dira:
Zein den eskatutako gaikuntzaren titularra.
Zein den legezko ordezkaria.
Zergatik aurkezten den erantzukizunpeko adierazpena.
Adierazten du betetzen duela 513/2017 Errege Dekretuaren 3. artikulua.
Azpiegiturari eta kalitateari buruzko baldintzak betetzen ditu eta hala aitortu zaio erakundeari.
Entsegu-laborategi gisa baldintzak betetzen ditu, eta aitorpenak eman dizkiote, ziurtapen-erakundeek eta organismo jakinaraziek, nazioartean edo nazio-mailan.
Aitorpenak jaso ditu, ebaluazio-agiriak eta egokitasun-ebaluazio teknikoak emateko Europako erakunde gisa.
Aitorpenak jaso ditu, suteen aurka babesteko ikerketarekin eta azterlanekin lotutako erakunde gisa.
Baditu langile propioak, eta eskatutako jarduerari atxikita dihardute.
Baditu suaren kontrako erresistentzia-laborategiak, suarekiko erreakzio-laborategiak, suteak hedatzearen aurkakoak eta material eta osagaiekin entseguak egitekoak.
Lehen aldiz aurkezten du halako adierazpen bat Euskal Autonomia Erkidegoan (erkidego eskuduna baita laborategien kokapena dela eta).
Klausula hauek ditu eskatutako jarduerarako: bateragarritasuna, konfidentzialtasuna, inpartzialtasuna eta independentzia.
Hauxe du harremanetarako telefonoa: 902 706 000.
Hauxe du e-maila: Lab_services@tecnalia.com
Hauxe webgunea: www.tecnalia.com
Baditu fitxategiak, ebaluazio bakoitzeko agiriak artxibatu eta zaintzeko.
Adierazten du bere jardueretan bete egingo dituela Industriari buruzko 12/1992 Legea, EAEko Industriari buruzko 8/2004 Legea, 2200/1995 Errege Dekretua eta 513/2017 Errege Dekretua.
Badu erantzukizun zibileko poliza bat, 6.000.000 eurokoa, urtero eguneratu daitekeena. 513/2017 Errege Dekretuko ebaluazio teknikoak egiteko erakunde gaitu gisa egin beharreko jarduketak estaltzen ditu poliza horrek.
Baditu prozedura espezifikoak, egokitasun-ebaluazio teknikoak egiteko.
Konpromisoa hartzen du lankidetzan aritzeko arloko agintari eskudunekin.
Konpromisoa hartzen du kontuan hartzeko arloko agintari eskudunen jarraibideak.
Adierazpenean aldaketarik eginez gero, haren berri emango zaio Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari, 15 eguneko epean.
Hirugarrena.– Honako agiri hauek aurkeztu eta eransten dira:
– Kalitate Ziurtagiriak.
– Laborategi gisa jasotako aitorpenak.
– Jasotako aitorpenak, ebaluazio-agiriak eta egokitasun-ebaluazio teknikoak emateko Europako erakunde gisa.
– Nazioarteko aitorpenak, suteen aurkako babesaren arloan jasotakoak.
– Ebaluazio-erakunde gisa emandako agirien zerrenda.
– Jardueran diharduten langileen curriculum vitaea.
– Erantzukizun zibileko poliza.
– Prozedura espezifikoak, Suteen Kontrako Babes Instalazioen Erregelamenduaren esparrukoak.
– Sukalde industrialetan suteak itzaltzeko sistemei buruzko erregelamendu berezia.
Laugarrena.– Agiri horiek betetzen dituzte 513/2017 Errege Dekretuaren 3. artikuluko irizpideak eta Suteen Kontrako Babes Instalazioen Erregelamendua aplikatzeko gida teknikoaren D eranskina.
Espediente hau ebazteko, beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza eskuduna da ebazpen hau emateko, hala xedatuta baitago Eusko Jaurlaritzaren apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 13. artikuluan eta 3.e artikuluan, zeinak ezartzen baitu zer baldintza bete behar dituzten maiatzaren 22ko 513/2017 Errege Dekretuan ezarritako Ebaluazio Teknikoa egiteko Erakunde Gaituek (513/2017 Errege Dekretua, Suteen Kontrako Babes Instalazioen Erregelamendua onartzen duena).
Bigarrena.– Zuzendaritza honetako eskumena da, halaber, ebaluazio teknikoak egiteko erakunde gaituen prozedura espezifikoak baliozkotzea eta erakundeok aitortzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta badaude.
Aurrekariak eta zuzenbideko oinarriak aztertuta, eta aplikatu behar den erregelamendu espezifikoan xedatutakoaren babesean, hau
EBAZTEN DUT:
Tecnalia Research&Innovation (IFK: G48975767) aitortzea «Ebaluazio Teknikoa egiteko Erakunde Gaitu» gisa, hala xedatuta baitago Suteen Kontrako Babes Instalazioen Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 22ko 513/2017 Errege Dekretuaren 3. artikuluan eta Suteen Kontrako Babes Instalazioen Erregelamendua aplikatzeko gida teknikoaren D eranskinean.
Baliozkotzea aurkeztutako prozedura espezifikoak eta, bereziki, sukalde industrialetan suteak automatikoki itzaltzeko sistemak.
513/2017 Errege Dekretuaren 5.4 artikuluarekin bat etorriz, Tecnalia Research&Innovationek Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioari helaraziko dio aldeko egokitasun-ebaluazio teknikoa jaso duten produktuen zerrenda. Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari ere aurkeztu beharko dio agiri horien kopia bat.
Tecnalia Research&Innovationek egokitasun-ebaluazio teknikoa ukatzen duenean, 513/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz aurkeztu behar dira erreklamazioak.
Tecnalia Research&Innovation erakunde gaituak egindako jarduerak ikuskatzeko, esku hartzeko eta kontrolatzeko eskumena Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari ere. Gainera, ikuskapenak egin ahal izango dira, aitorpena ematea ahalbidetu zuten baldintzak betetzen jarraitzen duela egiaztatzeko.
Halaber, 513/2017 Errege Dekretuarekin bat etorriz, produktuak kontrolatzeko egiaztapenak egin ahal izango dira, merkatua ikuskatuz, egiaztatzeko egokitasun-ebaluazio teknikoa igaro duten produktuek betetzen dituztela Sutearen Kontrako Babes Erregelamenduaren baldintzak.
Ebazpen hau eman eta gero aldaketari baldin badago egokitasun-ebaluazio teknikoa egiteko erakunde gaituaren aitorpena eskuratzeko aurkeztutako dokumentuetan, horren berri eman beharko zaio Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 6a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.