EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2018150

133/2018 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako Lankidetza-hitzarmena, «Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua» deituriko proiektua abian jartzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800133
Xedapenaren data: 2018-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201804085
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako Lankidetza-hitzarmena, «Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua» deituriko proiektua abian jartzeko testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 27a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 27KO 133/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREKIN «EUSKADIKO ARKITEKTURA GARAIKIDEAREN INSTITUTUA» DEITURIKO PROIEKTUA ABIAN JARTZEKO
Vitoria-Gasteizen, 2018ko ekainaren 15ean.
BILDU DIRA:
Alde Batetik, Ignacio Maria Arriola López jn., Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburua.
Bestetik, Denis Itxaso González jn., Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Diputatua.
AGERTU DIRA:
Lehena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu gisa, eta horren ordezkari gisa, egintza honetarako baimendua Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 15ean hartutako erabakiaz.
Eta bigarrena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Diputatu gisa, egintza honetarako baimendua Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2017ko abenduaren 17an hartutako erabakiaz.
Parte hartzaileek elkarri aitortzen diote Lankidetza Hitzarmen hau sinatzeko nahikoa eta beharrezkoa den lege gaitasuna, eta horretarako ondokoa
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskal Herriko Autonomia Estatutuak 10.31 artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa xedatzen du lurralde eta itsasbazterraren antolamendu, hirigintza eta etxebizitzaren arloan.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarenak diren eskumenak eta funtzioak hartzen ditu bere gain arkitektura, eraikitze, birgaitze, iraunkortasun, eraginkortasun energetiko eta eraikitze kalitatearen arloan, zehazki arkitekturaren hedapen, sustapen eta ikerketa, eraikitze, eraikuntzak birgaitze, iraunkortasun, eraginkortasun energetiko eta kalitate alderdiei dagokienez, administrazio publikoetako beste sail eta organoekin lankidetzan, baita beste erakunde eta elkarte profesionalekin ere, hala publikoekin nola pribatuekin.
Bigarrena.– Arkitekturaren arloan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren helburuetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako arkitektura zabaltzea da, bereziki nazioarteko esparruan, hots, garaikidea den arkitektura bat, ondarearen nortasun kultural, historiko eta artistikoa berrikuntzarekin eta modernitatearekin konbinatzen dakiena.
Hori lankidetza eraginkorrak bakarrik berma dezake, administrazioaren beste sail eta organoekin, profesionalekin eta erakunde eta elkarte publikoekin eta pribatuekin gauzatutako lankidetzak.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, adierazitako zabalkunde-eskuduntzen esparruan, ikerketa eta zabalkunde arloko hainbat jarduera sustatzen ditu, hala nola erakusketak, hitzaldiak eta Mugak izenburua duen Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala. Hala, Bienal horrek arkitektura gauzatzeko hainbat molde ezberdinen mugen gaia planteatzen du, eta bereziki arkitekturak gizarte mugak higiarazteko edo eraldatzeko duen ahalmena. Bienalaren helburua arkitekturaren inguruko formatu handiko topagune bat sortzea da, hala akademikoentzat edo profesionalentzat nola unibertsitate ikasleentzat eta, oro har, herritarrentzat.
Donostia da Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala kokatzeko aukeratutako hiria, orotariko jendearentzako hainbat ekitaldi biltzeko tradizio finkoa duelako, hala nola zinemaldia, jazzaldia, etab., eta mugen ideia eszenaratzeko agertoki bikaina delako; izan ere, kontzeptu hori hiriaren jatorri eta garapenetik ezin bereizizkoa da, gune urbano eta modernoa denez. Bienalaren lehen edizioa 2017ko urriaren 31tik 2018ko urtarrilaren 31ra bitartean egin da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Etxebizitza Sailburuordetzaren bidez eta bereziki Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzaren bidez, interesgarritzat jotzen du «Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutu» baten sorrera, lehen esandako arkitektura sustatu eta hedatzeko jarduerak era egonkorrean egokiro garatu ahal izateko, horien artean arkitekturaren bienalaren hurrengo edizioak antolatzea eta sustatzea.
Laugarrena.– Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari dagozkio ondare historiko-artistikoa, higiezina eta higigarria, alderdi eta diziplina guztietan, zaintzea, balioan jartzea, hedatzea eta ezagutaraztea helburu duten eginkizun guztiak.
Lurraldeak ageri duen arkitektura tradizio sakona aintzat harturik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren iritziz arkitektura hedatu eta sustatzeko bienal bat Gipuzkoan izatea kontuan hartu beharreko aukera da, eta erabilera horretarako duin izango den kokaleku bat eskaini du.
Santa Teresa Komentua eraikina, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari atxikia dago, 1991ko urtarrilaren 29ko Diputatuen Kontseiluaren erabakiz. Atxikipenaren ondoren, eraikina eraberritze, sendotze eta birgaitzeko egindako lanak 2004an amaitu ziren; horiek, era berean, hainbat aztarna arkeologiko berreskuratzea eta balioan jartzea ekarri zuten.
Bosgarrena.– Gorago adierazitako eskumenen arabera, bi administrazioak ados daude MUGAK, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bidez sustatuko den arkitektura hedatzeko lanetan aurrera jarraitzeko, baita proiektu hori garatzeko ere, Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutu bat abian jartzeari begira.
Eta, horrenbestez, bidez eta legez dituzten helburuen arabera, baterako proiektu bat abian jartzeko asmoa dute arkitekturaren eremuan zabalkunde kulturaleko jarduerak eta ekimenak sustatzearren. Horiek Donostiako Santa Teresa Komentua izango dute egoitza.
Horregatik guztiagatik, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, ondoko klausulen arabera
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Lankidetza hitzarmen honen xedea «Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua» Proiektua abian jartzea da. Institutuaren helburua arkitekturaren sustapena, hedapena eta zabalkundea izango da, eta horren 2018ko egitaraua Hitzarmen honen I. eranskinean laburbildurik ageri da.
Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.
1.– Hitzarmen hau gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromiso hauek hartzen ditu:
a) Mugak Donostiako Nazioarteko Arkitektura Bienalaren kariaz sortutako material guztia Proiektuarentzat eskuragarri jarriko du, baita Sailaren zabalkunde jardueraren ondorioz sortutako gainerako materialak ere.
b) Dagozkion kontratatazio prozedurak direla medio, bere gain hartuko ditu eraikin horretan Institutuaren Proiektuari xedatutako solairuak aurreikusiak diren jardueretara egokitzeko beharko diren gastuak.
Horrela, bada, baldin eta egokitze lanak eta eraikuntzan bestela egin beharrekoak ere jabea ez den beste entitateren batek gauzatu beharko balitu, aldez aurretik baimena eskatuko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari, eta horrek lanak hasi aurretik berariaz erabaki beharko du, eta lan horiek GFAren Arkitektura Zerbitzuak gainbegiratuko ditu.
c) Aplikagarri den araudiak aurreikusten dituen kontratatazio prozedurak direla medio, bere gain hartuko ditu Institutuaren jarduerek sortuko dituzten gastuak, hala nola erakusketak, hitzaldiak, argitalpenak, etab.
2.– Bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak konpromiso hauek hartzen ditu:
a) Santa Teresa Komentua eraikina jarriko du Proiektuarentzat erabilgarri.
b) Bere gain hartuko ditu eraikinaren jabetzari dagozkion berezko gastuak.
c) Bere gain hartuko ditu eraikinaren inguratzailea eta instalazio orokorrak mantentzeko gastuak, baita segurtasun elementu pasiboei dagozkienak ere (kamerak, alarmak...).
d) Bere gain hartuko ditu kontsumoei dagozkien gastuak (energia elektrikoa, ura, eta komunikazio finkoak, hala telefoniakoak nola internetekoak), ohiko garbiketari dagozkionak (erakusketa aldaketak sartu gabe) eta zaintza edo segurtasunari dagozkionak (geletako zaintzaileak sartu gabe).
e) Eraikina erabiliko duten pertsonen segurtasunaz arduratuko da, eta neurri prebentiboen eta erabiltzeko baldintzen berri emango du, baita larrialdi egoeretatik gordetzeko eta horietan jarduteko arauak jakinaraziko ere.
3.– Bi administrazio sinatzaileek konpromiso hauek hartzen dituzte:
a) Batera lan egitea «Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua» Proiektua definitu, antolatu eta abian jartzeko.
Hartarako, bi Administrazio Publikoek kontuan hartuko dituzte ondoko bi lan hauetako orientabideak: «Euskadin arkitektura garaikidearen sustapenerako zentro bat sortzeko aldez aurreko azterketa», 2010eko azarokoa, eta «Arkitektura bidegarritasun txostena: espazio behar eta erabileren ikerketa arkitekturaren sustapenerako programa bat Donostiako Santa Teresa komentuan txertatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundi eta Eusko Gobernuaren arteko hitzarmen bat adoste aldera», 2017ko irailekoa, bi-biak II. eranskin gisa hitzarmen honekin doazenak.
b) Arkitektura alorreko ikerketa jarduerak sustatzea.
c) Arkitektura zabaltzeko jarduerak gauzatzea.
d) Argitalpen egitarau komuna garatzea.
e) Arkitekturaren zabalkundeari begira, lankidetza hitzarmenak diseinatzea kanpoko eragileekin (EHUko Arkitektura Eskola, Elkargo Profesionalak, Klusterrak edo Kultura Elkarteak, Artxibo pribatuak, etab.).
Hirugarrena.– Finantzazioa.
Hitzarmen honen esparruan, 2018 urtean garatu beharreko jardueretarako hasieran aurreikusitako aurrekontua 450.000 eurokoa da guztira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Proiektua finantzatzen laguntzeko 250.000 euroko ekarpena aurreikusi du, Hitzarmen honen III. eranskinean ageri den banaketaren arabera.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak aurreikusitako zenbatekoa, 200.000 euro, ekarriko dio Proiektuari, goian aipatutako III. eranskinean ageri den banaketaren arabera.
Zenbateko horiek gainditzen badira, alderdi bakoitzak bere gain hartuko du gainkostua, bakoitzari dagozkion gastu kontzeptuen arabera, aurreko klausulan ezarritakoa aintzat harturik. Hori dena, Hitzarmen honen Bostgarren klausulan aurreikusten den Bitariko Jarraipen Batzordeari dagozkion zereginen kalterik gabe.
Aurreko guztia, edonola ere, 2018ko ekitaldian kreditu egokia eta nahikoa egoteak baldintzatuko du.
Datozen ekitaldietan, Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, Administrazio sinatzaileek urtero egingo diren aurrekontu proiektuetan beren eginbeharrak betetzeko adina kreditu ezartzeko konpromisoa hartzen dute. Geroagoko ekitaldietarako bakoitzak egin beharreko ekarpenei dagokienez, edonola ere, dagozkien aurrekontuetan kreditu egokia eta nahikoa egoteak baldintzatuko ditu.
Laugarrena.– Irudi instituzionala.
Hitzarmen honen bidez gauzatuko diren edozein jarduera zehatzetan administrazio sinatzaileen lankidetza jakinarazi beharko da, bakoitzaren logotipo ofizialak kontuan hartuz eta alderdi horietako bakoitzaren irudi korporatibo eta instituzionalari buruzko barne araudiak ezarritakoari jarraituz.
Hitzarmen hau dela bide egingo diren jendaurreko aurkezpen ekitaldi guztietan Administrazio sinatzaileen ordezkari bana egongo da.
Bosgarrena.– Bitariko jarraipen batzordea.
Hitzarmen honetan parte hartzen duten Administrazio Publikoek beharrezkotzat jotzen dute Hitzarmenaren Jarraipenerako Bitariko Batzordea eratzea, administrazio bakoitzaren hiruna ordezkarik osatua.
Batzordeak egiteko hauek izango ditu: hitzartutako aurreikuspenak eta konpromisoak, ekonomikoa barne, betetzen diren begiratzea. Halaber bere eginkizunen artean, hitzartutakoak zorrotz bete daitezen neurriak proposatzea, gerta litezkeen gatazkak edota interferentziak konpontzea eta, oro har, etorkizunean sor litezkeen gorabehera guztiez arduratzea.
Edonola ere, Bitariko Jarraipen Batzorde honek Institutuaren ildo nagusi orientagarriak finkatuko ditu eta urtero amaitu den urteko kudeaketa txostena gauzatuko du, baita hastera doan urteko jarduera programa ere.
Hitzarmenaren Jarraipenerako Bitariko Batzordea ondoko hauek osatuko dute:
Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak:
– Etxebizitza sailburuordea.
– Etxebizitza eta Arkitektura zuzendaria.
– Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzako zerbitzuburua.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariak:
– Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatua.
– Kultura zuzendari nagusia.
– Kultura Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuburu bat.
Batzorde horretako Idazkaritza eginkizunak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusiari dagozkio.
Bilera bakoitzean agertutako Batzordeko kideek gehiengo osoz hartuko dituzte erabakiak, eta horiek aktan jasoko dira. Idazkaritza lanak bere gain hartu dituen batzordekidea arduratuko da aktak idatzi, gorde eta zaintzeaz.
Hitzarmen honetan jasotako jardueren jarraipen instituzional egokia bermatzeko, Bitariko Jarraipen Batzorde honek sei hilabetean behin egingo du ohiko bilera, gutxienez, edo sinatzaileetako edozeinek hala eskatuko duenean.
Hitzarmen honetan aipatu ez diren kontuei dagokienez, Bitariko Jarraipen Batzordearen funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoko Araudiarenak bere Atariko Tituluko II. kapituluko 3. atalean xedatutakoaren araberakoa izango da.
Seigarrena.– Beste entitate batzuk proiektuarekin bat egitea.
Alderdi sinatzaileek beste lankide batzuek «Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua» Proiektuarekin bat egin dezaten formulak aztertzeko konpromisoa hartzen dute.
Oro har, arkitekturarekin lotutako jarduera garatzen duten elkarte, fundazio edo eragileek, hala izaera publikokoek nola pribatukoek, sinatzaileekin elkarlanean jardun dezakete, baldin eta bi alderdiek horien ekarpena interesgarritzat jotzen badute eta, aurreko paragrafoan aurreikusi denez, aztertu beharreko atxikipen formulak aurretiaz onarturik badaude.
Entitate laguntzaileek erakusketak, jardunaldiak edo solasaldiak proposa ditzakete, «Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua» Proiektuaren filosofia eta xedearekin bat etorriz gero.
Proposamenak, hala badagokio, Hitzarmen honen aurreko klausulan adierazitako Bitariko Jarraipen Batzordearen esparruan bideratu eta onartuko dira.
Zazpigarrena.– Izaera Juridikoa eta Jurisdikzio Eskuduna.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoko Araudiarenak xedatutakoaren arabera arautuko da eta kontratu publikoen indarrean dagoen legediaren aplikazio eremutik kanpo geratuko da, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egin zen Espainiako ordenamendu juridikora) 6. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hitzarmenari buruz sor litezkeen interpretazio eta betetze arazoak bosgarren klausulan aurreikusitako Bitariko Jarraipen Batzordeak konponduko ditu.
Agiri hau sinatzen duten alderdiak elkarlanean arituko dira une oro on-uste eta eraginkortasun printzipioen arabera, hitzartutakoaren gauzatze egokia bermatzearren.
Era berean, bi alderdiak hitzarmen hau gauzatzerakoan sor litekeen edozein desadostasun adiskidetasunez konpontzen ahaleginduko dira. Bestela, administrazioarekiko auzien eremuko organo jurisdikzionalek dute auziak ebazteko eskumena.
Zortzigarrena.– Berrikustea eta aldatzea.
Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi ahal izango da alderdietako batek hala eskatuta eta, hala badagokio, aldatu egingo da sinatzaileen aho batezko erabakiaren bidez, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.
Bederatzigarrena.– Indarraldia eta iraungitzea.
Hitzarmen hau sinatzen denetik izango du eragina eta lau urteko indarraldia izango du, eta lau urteko beste aldi baterako luza daiteke alderdiek aho batez eta idatziz hala erabakitzen badute, hitzarmena iraungi aurretik dagokion gehigarria sinatuz.
Bitariko Jarraipen Batzordeak urte bakoitzari dagozkion jarduera egitarauak proposatuko ditu eta, Administrazio sinatzaile bakoitzeko organo eskudunek onartu ondoren, Hitzarmenari erantsiko zaizkio bidezko gehigarria sinatuz.
Hamargarrena.– Hitzarmena suntsitzeko arrazoiak.
Agiri honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea hitzarmena suntsitzeko arrazoia izango da, eta alderdiak lehengo egoera juridikora itzuliko dira; suntsitzearen erantzulea eragindako kalte eta galera guztien kalte-ordaina emateko behartuta egongo da, hala beste alderdiari nola fede oneko hirugarrenei.
Gainera, Hitzarmen hau suntsitzeko arrazoiak izango dira:
a) elkarren arteko adostasuna.
b) xedea betetzeko gertatutako ezintasuna.
c) alderdietako baten salaketa, berariaz eta ezin gezurtatuzko eran egina.
d) Hitzarmenaren beraren klausulek eta indarrean dagoen legeriak ezarritako gainerako guztiak.
Suntsitzeko erabakia berariazko salaketaren bidez jakinarazi behar zaio beste alderdiari Hitzarmena amaitu aurretik, amaitze horrek eragina izatea nahi den eguna baino hiru hilabete lehenago.
Elkarren arteko adostasunez eta hitzarmenaren indarrean dagoen bitartean, edozein unetan, Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutuari forma juridiko berezia ematea erabaki ahal izango dute, Fundazio edo antzeko beste figura bat sortuz; hala balitz, horren kokalekua eta egoitza Santa Teresa Komentuan mantentzea aukeratuz gero, eraikinaren erabilera entitate berriari lagatzeko egokitasunaz eta Hitzarmen hau suntsitzeaz erabaki beharko dute.
Hitzarmen hau, edozein arrazoi dela eta, behar baino lehenago suntsitzeak ez du eraginik izango egiten arituko diren jardueretan, eta horiek gauzatzen jarraituko dute programatu zirenean aurreikusitako egunean amaitu arte.
Eta adostasunaren eta on-ustearen agergarri, hitzarmen hau sinatzen dute, lau aletan eta idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
HITZARMENAREN I. ERANSKINA
«EUSKADIKO ARKITEKTURA GARAIKIDEAREN INSTITUTUA» PROIEKTUAREN 2018KO EKITALDIRAKO JARDUERA PROGRAMAREN ZIRRIBORROA
«Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua» Proiektuak 2018 urtearen hasieran ekingo dio bere ibilbideari, Mugak Bienalaren lehenengo edizioa amaitu ondoren.
2018 urtea martxan jartzeko ekitaldia izango da, okupazio progresiboarena eta aldi baterako erakusketak zein iraunkorrak definitzekoa. Hemen azalduko den programa orientazio gisakoa da soil-soilik, eta geroago berriro definitu eta zabaldu ahal izango da Hitzarmen honen Jarraipenerako Bitariko Batzordeak hartutako erabakiaren bidez.
– Institutuaren sorreraren berri ematea.
– Mugak Arkitektura Bienalaren balantzea eta Mugak 2019, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren II. Ediziorako prestalanak.
– Housing The Basque Country Babestutako Etxebizitza Euskadin Gernikako Estatututik gaur arte erakusketa bilduma iraunkor gisa egokitzea, Bilbon apirilaren 30etik 2018ko ekainaren 30era Bizkaia Aretoan zabalik egon ondoren. Erakusketako komisarioak: Luis Suarez & Asier Santas arkitektoak.
– Aldi baterako erakusketak.
– Hitzaldiak, mahai inguruak, tailerrak eta bisitaldiak.
– Entitate parte hartzaileen instalazioa, zerbitzuak eta Institutua mailaz maila abian jartzea.
HITZARMENAREN II. ERANSKINA
EUSKADIKO ARKITEKTURA GARAIKIDEAREN INSTITUTUA ABIAN JARTZEARI BURUZKO AZTERKETA
1.– «Euskadin arkitektura garaikidearen sustapenerako zentro bat sortzeko aldez aurreko azterketa», 2010eko azarokoa.
2.– «Arkitektura bidegarritasun txostena: espazio behar eta erabileren ikerketa arkitekturaren sustapenerako programa bat Donostiako Santa Teresa komentuan txertatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundi eta Eusko Gobernuaren arteko hitzarmen bat adoste aldera», 2017ko irailekoa.
HITZARMENAREN III. ERANSKINA
«EUSKADIKO ARKITEKTURA GARAIKIDEAREN INSTITUTUA» PROIEKTUARI DAGOZKION 2018KO EKITALDIRAKO JARDUKETEN FINANTZAZIOA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILAK BERE GAIN HARTUTAKO GASTUAK
Proiektua abian jartzeak hainbat jarduketa eskatzen ditu, horietako batzuk instalazioak egokitzearekin lotuak (1 taula) eta arkitektura sustatu eta hedatzeko xedearekin lotuak besteak (2 taula).
1 TAULA:
2 TAULA:
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIKO KULTURA, GAZTERIA, TURISMO ETA KIROL DEPARTAMENTUAK BERE GAIN HARTUTAKO GASTUAK