EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2018149

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko maiatzaren 24ko bilkuran hartua, «Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoa, 2016» fiskalizazio txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-05-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201804030
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko maiatzaren 24an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
«Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoa, 2016» txostena behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 24a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
Laburdurak
BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.
BBUP: Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoa.
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
HUA: Hondakin Uren Araztegi.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
PFEZ: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta 2017rako Lan Programan erabakitakoari jarraikiz, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren (BBUP) 2016ko ekitaldien Kontu Orokorraren fiskalizazioa mamitu du.
HKEEk gauzatutako BBUPren aurreko fiskalizazio lana 2012ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.
Fiskalizazioak honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: Honako atal hauetan: aurrekontua, langileria, obren kontratazioa, hornidura eta zerbitzuak eta zuzenbide publikoko sarrerei buruzko arautegia.
– Kontularitzakoak: BBUPren kontuak eta BBUPren partaidetza gehiengoa duten sozietate publikoen Kontuak –Udal Sareak, S.A. eta Bilboko Urak, S.A.– ezargarri zaizkien kontularitzako printzipioen arabera gauzatu diren aztertzen da. Hiru entitateen kontuak kanpoko enpresa batek auditatu ditu, nahiz Bilboko Urak, S.A.ren txostena jaulkitzeko dagoen.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren efikaziari eta efizientziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi ere, azaleratutako hutsak «Kudeaketaren alderdiak eta Gomendioak» idazpuruan xehetasunez jaso ditugu.
– BBUPren finantza egoeraren analisia.
BBUP 1967ko martxoaren 17an sortu zuten Bilbo Handia Udalbatza Administratiboaren eta data horretan partaide ziren udalen artean. Berezko nortasun eta gaitasun juridikoa du, martxoaren 30eko 3/1995 Foru Arauan –Bizkaiko Udalaz gaindiko Erakundeak arautzen dituena– eta apirilaren 2ko 7/1985 Legean –Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena- xedatutakoaren arabera. BBUPren Batzar Nagusiak 2014ko azaroaren 5ean estatutuak aldatu zituen eta horren ondorioz BBUP Bizkaiko Foru Aldundira atxikita geratu da.
BBUPren jarduera nagusia partaide diren udalerrien lurralde esparruan uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuak ematea da, hiri uraren zikloaren integrazio, zerbitzuaren kalitatearen homogeneotasun eta tarifen uniformetasun printzipioetan oinarritutakoa. 2016ko abenduaren 31n partzuergora bildutako udalen kopurua 80 udalerrikoa da, Bizkaiko Lurralde Historikoari dagozkionak eta atal honen amaieran zerrendatu ditugunak.
2000ko maiatzaren 9an eratu zen Udal Sareak, S.A. sozietatea eta bere egitekoa lotua dago uraren azpiegiturako obra publikoen kudeaketarekin eta uraren zerbitzu publikoari dagozkion zerbitzuekin, hornidura eta saneamendua bi atalak besarkatzen dituela, bai sare nagusian, bai bigarren mailakoan, bere izenean, BBUPren –akziodun bakar dena– kontura eta haren aginduz.
2000ko uztailaren 28an Bilboko Urak, S.A. sozietatea eratu zen BBUPk kanpoan zuen jarduera kudeatzeko; BBUPk kapital sozialean % 51ko partaidetza du.
Partzuergoan bildutako udalerrien zerrenda
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeek zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan erakusten dute 2016ko aurrekontu-ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
Iritziaren atalean eraginik ez badu ere, ondotik adieraziko ditugun alderdiak azpimarratu nahi ditugu, BBUPren eta Bilboko Urak, S.A.ren memorietan barne hartuak daudenak:
– Honekin baterako 2016ko ekitaldiko urteko kontuak dira BBUPk Foru Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra baliatuta prestatu dituen lehenengoak, BFAren 2016ko urriaren 18ko Foru Dekretu bidez onartutakoa. Honenbestez, kontu horiek urteko kontu hasierakotzat jo dira eta hori dela eta, ez da aurreko ekitaldiarekiko konparazio zifrarik ematen.
– 2017ko joan den azaroaren 10ean egindako Bilboko Urak, S.A.ko bazkideen Aparteko Batzar Nagusi Unibertsalak erabaki du, 2015 eta 2016ko ekitaldietako kontuak onartu ondoren, sozietatea desegitea, likidazio-aldia abiaraziaz, administratzaileak kargugabetuaz eta kitatzailea izendatuaz.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua eta Kontabilitatea.
Konpromiso kredituak.
– Inbertsio errealen aurrekontuan konprometituriko kredituek kapituluaren aurrekontu mugatzailea gainditzen dute, ez baitira dagozkion kreditua aldatzeko espedienteak izapidetzen; alabaina, konpromiso kredituen aurrekontuko egikaritzaren erregistroa egiten da kreditu erabilgarritzat hartuz konpromiso kredituen geroko ekitaldi bakoitzerako araudian finkatutako muga.
– Konpromiso kredituen aurrekontuak ez du diru-kontsignaziorik jasotzen Sestaoko udalarekin 6,6 milioi euroren zenbatekoan izenpetutako hitzarmenerako, batzar nagusiak onartu duena. Etorkizuneko ekitaldietan eragina duen zenbatekoa 5,7 milioi eurorena da eta orobat, ez da konpromiso kreditu horren berri ematen 2016ko abenduaren 31ko konpromiso kredituen egoeran.
– Batzar nagusiak 2016ko apirilaren 12an 2016-2018 aldirako 2 milioi euroren zenbatekoan gehitzea onartu zuen «Udal Sareak, S.A.k kudeatutako udalerriak hornitzeko bigarren mailako sarea birjartzeko planen egikaritza sustatzeko laguntzen plana»; kreditu gehitze hori, baina, ez da konpromiso kredituen egoeran barne hartu.
III.2.– Langileria-gastuak.
Kapitulu honetan ondotik adierazitako alderdiak azpimarratu ditugu:
– BBUPk aldi baterako laneko enpresa batekin kontratatu ditu 2014ko ekitaldiaz geroztik, modu jarraituan, pertsonal administratiboaren lanarekin lotutako zerbitzu batzuk; zerbitzuok ematen bi pertsona aritu dira, beti berak, eta ez da lan-poltsetara jo premia horiei erantzuteko.
– 2016ko abenduaren 27ko Zuzendaritza Batzordeak hitzarmen kolektiboaren aurreikuspenei jarraikiz onartu zuen 323.925 euroren funts ekonomiko baten ordainketa, langileei helburuen betetze-mailaren arabera ordaintzeko. Ordainketa egiteko justifikazioak erreferentzia egiten dio hasiera batean aurreikusitako kudeaketarako helburuei eusteari, helburu horiek zeintzuk diren eta nola bete diren zehaztu gabe; gainerako balorazioak dira, besteak beste, zerbitzuak areagotzeari, fakturazioko ehunekoak hobetzeari eta langileen inplikazioari buruzko irizpen globalak eta generikoak.
– Idazkaritza, kontu-hartzailetza eta diruzaintzako egitekoak lan kontratupeko langileek egiten dituzte; ordea, postu horiei esleitutako egitekoak funtzionarioek bete behar lituzkete.
III.3.– Ondasun eta zerbitzuen kontratazioa.
Kontratazio espedienteak.
BBUPk 2013tik 2016ra bitarteko aldian esleitutako kontratazio espedienteetarik 19 aztertu ditugu, guztira 137,5 milioi euroren zenbatekoan; hona hemen azpimarragarriena:
– Guztira 69,3 milioi euroren zenbatekoan aztertu eta esleitutako 9 obra espedienteetarik bakarrean ere ez da kontratazio araudiak finkatzen duen proiektua gainbegiratzeko txostena egin (1etik 9ra bitarteko espedienteak).
– Guztira 116,1 milioi euroren zenbatekoarekin esleitutako hamabost kontratazio espedienteren administrazio-klausula berezien agiriek esleipen irizpidetzat «proposatutako hobekuntza objektiboak» jasotzen dituzte, zein elementuren gainean eta zein baldintzetan balioztatuko diren hobekuntza horiek zehaztu gabe (1etik 6ra, 8 eta 15etik 19ra bitarteko espedienteak).
– Aztertutako hamabost kontratazio espedientetan, guztira 116 milioi euroren zenbatekoan esleitutakoetan, hilabetetik gorako atzeraldiak azaleratu dira proposamenak irekitzen direnetik esleipena egiteko finkatutako bi hilabeteen aldean (1etik 6ra, 8tik 10era, 12tik 14ra eta 16tik 18ra bitarteko espedienteak). Espediente hauetatik zazpitan atzerapena 3 hilabetetik gorakoa da.
Administrazioko kontrataziorik gabeko gastua.
Ekonomia Zerbitzuetarako Zuzendaritzak BBUPren Zuzendaritza Batzordeari jakinarazi zion 2016ko ekitaldiko hainbat gastu zeudela kontratazioan akatsak izan dituztenak, eta Zuzendaritza Batzordeak onartu dituenak. Hauek azterturik, honako alderdi hauek azpimarratu behar ditugu:
– BBUPren instalazioetan zaintza eta segurtasun pribatuko zerbitzua kontratatzen jarraitu da 2014ko urriaren 31n kontratua amaitu zitzaion esleipendunarekin, 2016ko uztailaren 15era arte, guztira 1,7 milioi euroren zenbatekoan, BEZa kenduta. Egoera hau gertatzen da zerbitzu honi dagokionez izapidetu diren bi lizitazio prozesuen esleipenetan atzerapenak izan direlako Kontratazio Alorreko Errekurtsoetarako Foru Auzitegi Administratiboan bi errekurtso aurkeztu ostean, zeinaren ondorioz lehenengoan esleipena baliogabetu den eta bigarrenean esleipen txostena zuzendu arazi den. Lizitazioaren prestalanak zorrotz bete behar direla uste dugu, esleipena garaiz egiteko, hartara, gastua kontratazio araudia betez egindako esleipenaren babesean kontratatu ahal izango da.
– Laginketa eta laginak laborategira eramateko zerbitzuaren kontratua iraungi aurretik desegin arren, zerbitzua ematen jarraitu zen espediente berria esleitu bitartera arte; 2015eko abendutik 2016ko ekainera arte egindako gastua guztira 119.000 eurorena izan da, BEZa kenduta.
– Hamabi jarduerari dagozkion zenbait hornidura eta zerbitzu, guztira 535.961 euroren zenbatekoan kontrataturikoak, BEZa kenduta, errepikariak dira ekitaldi guztietan eta honenbestez, planifikagarriak eta lizitazio prozedura batean jaso daitezkeenak. Jarduera hauetarik bostetan, gerora dagozkion lizitazioak bideratu dira.
III.4.– Kapital transferentziek eragindako gastuak.
Sestaoko Udalari 12 urtetan zehar guztira 6,6 milioi euroren zenbatekoan egin beharreko ekarpenak, BBUPren batzar nagusiak onartutakoak, ez dira zenbatekoaren arabera xehatu helburu dituzten jarduera ezberdinetarako. Esan beharra dago hitzarmenak aurreikusten duela helburuetako bat izango dela edateko ura banatzeko sisteman obrak egitea, tokiko bigarren mailako jarduera planean txertatzetik eratorritakoak; gainerako erabilerak udalaren ohiko jarduerari dagozkio, besteak beste, udalaren hiri sarean eta udal ekipamenduetan hobekuntzak egitea.
III.5.– Udal Sareak, S.A.
Ondasun erosketa eta zerbitzuak.
– 2013an guztira 2,6 milioi euroan esleitutako bi zerbitzu-kontraturen administrazio-klausula berezien agiriek adierazten dute, kontratua luzatuko balitz, aldeen arteko adostasunez prezioak berrikusi ahal izango direla; ez da, baina, berrikusketarik egin 2016ko ekitaldian. Uste dugu pleguek berrikusketarako indizeak finkatu behar dituztela ezargarria den araudiaren arabera eta ezingo direla gero adosteko utzi.
IV.– Finantza analisia.
Hona hemen BBUPren Aurrekontu Kontuetatik eratorri diren finantza magnitude nagusiak:
2017ko ekainaren 27ko Batzar Nagusian, 2016ko ekitaldiko BBUPren Kontu Orokorra onartzen duenean, 2017-2020 aldirako inbertsio programa aurkeztu zen, 182 milioi euroren zenbatekoan. Inbertsio hauek finantzatzen dira zati batean BFArekin izenpetutako Hitzarmen bitartez, zeinak aurreikusten dituen guztira 90 milioi euroren urtekoak 2017-2020 aldirako; BBPUk urteko hauetatik 15,8 milioi euroren zenbatekoa erregistratu du 2016ko aurrekontuan eta honenbestez, etorkizuneko aurrekontuetan 74,2 milioi euro geldituko lirateke erregistratzeko. BBUPren Diruzaintza Geldikinak urteko eragiketa arrunten emaitzarekin batera, aurreikusitako gainerako inbertsioak finantzatzeko bide ematen du.
Aurrekontuaren egonkortasuna.
BBUP apirilaren 27ko 272012 Lege Organikoaren 2.2 artikuluaren aplikazio eremuaren baitan dago, Aurrekontuaren Egonkortasun eta Finantzaren Iraunkortasunari buruzkoan. 2011ko urriaren 1az geroztik, Estatuko Administrazioaren Artekaritza Nagusiak (IGAE) BBUP Sozietate ez Finantzario modura du sailkatua, merkatura zuzendua Kontuen Europako Sistemak (SEC) ezarritako irizpideei jarraikiz; 2013ko martxoaren 1etik aurrera Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak BBUP BFAra atxiki zuen.
2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, 5/2013 Foru Dekretu Arauemailean jasotako xedapen gehigarri baten bitartez, aurrekontuaren foru arau orokorraren testu bategina onesten duena, foru sektore publikoari atxikitako partzuergoei ezargarria zaien araubidea arautzen da, BFAk kontrolatutako erakunde izaera dutenak, eta BBPU ere besarkatzen duena. Honi dagokionez, aurrekontuaren egonkortasun eta finantzaren iraunkortasunaren erregimena BFAk zehazten duen hura izango da; honenbestez, formalizatuko diren epe luzeko zorduntze eragiketek aldez aurretik BFAren baimena jaso beharko dute, Ogasun eta Finantzen Sailak zehazten dituen baldintzekin.
BBPUren egonkortasun helburua finantza oreka izatea da eta hori bete da, 2016ko abenduaren 31n galera eta irabazien kontuak erakutsi duen emaitza positiboa aintzat hartuta.
V.– Urteko kontuak.
V.1.– Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren urteko kontuak.
V.1.1.– Aurrekontuko kontuak.
V.1.2.– Ondare kontuak.
V.2.– Udal Sareak, S.A.ren urteko kontuak.
V.3.– Bilboko Urak, S.A.ren urteko kontuak.
BILBAO-BIZKAIA UR PARTZUERGOAREN 2016KO FISKALIZAZIO EMAITZEN AURREAN HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAK AURKEZTUTAKO ALEGAZIOAK
A) Txostenaren ondorioei buruzko alegazioak.
1. ALEGAZIOA
III.– Kudeaketa prozedurei eta barne kontrol sistemei buruzko oharrak.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
Konpromiso kredituak.
– Inbertsio errealen aurrekontuan konprometitutako kredituek gainditu egiten dute kapituluaren aurrekontu mugatzailea, ez direlako izapidetu kredituak aldatzeko kasuan kasuko espedienteak; hala, konpromiso kredituen aurrekontu betearazpenaren erregistroa egitean ekitaldi bakoitzerako araudian konpromiso kredituetarako ezarritako muga hartzen da kreditu eskuragarri gisa.
Alegazioak
– Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko (BBUP) konpromiso kredituen egoera onartzeko erakunde eskuduna Batzar Orokorra da. Aipatutako organoa BBUPeko 80 udalerrietako kideek osatuta dagoenez, batzar horren ohiko deialdiak urtean bi aldiz egiten dira.
Gauzak horrela, ezinezkoa da konpromiso kredituen egoera eguneratuta mantentzea eta inbertsio programen bilakaera bizia bateratzea. Hala ere, horrek ez du eragozten ekitaldian zehar hartzen diren konpromiso kredituak kontrolatzean proiektu bakoitzaren onarpena erabiltzea.
Horren haritik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenean ageri den moduan, onartutako konpromiso kredituaren urteko bakoitzaren zenbatekoak ez du gainditu finantzaketa propioak zein besteen finantzaketak legez ezarritako muga; hortaz, ez da aurrekontu edo finantza arriskurik egon.
– Hala ere, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren gomendioei jarraiki, 2018ko apirileko Inbertsioen Plana onartzean jaso egin da 2018 konpromiso kredituen egoera berri eguneratua.
Horren haritik, 2018tik aurrera konpromiso kredituen egoerak urtero hiru unetan onartuko dira:
● Aurrekontuak onartzerakoan.
● Urteko kontuak likidatzerakoan.
● Inbertsioen Plana onartzerakoan.
– Sinatutako hitzarmenei dagokienez, dagoeneko jasota daude 2018ko aurrekontuaren espedienteko konpromiso kredituen egoeran eta 2017ko likidazioan.
2. ALEGAZIOA
III.– Kudeaketa prozedurei eta barne kontrol sistemei buruzko oharrak.
III.2.– Langileen gastuak.
– BBUPek 2014ko ekitalditik aldi baterako laneko enpresa batekin modu jarraituan kontratatu ditu langile administrarien lanei lotutako zerbitzuen prestazioak; zerbitzu horiok bi langilek eman dituzte modu erregularrean, eta aipatutako beharrizanak estaltzeko ez dira erabili existitzen diren lan poltsak.
Alegazioak
Lan merkatua zaharberritzeko presako neurriei buruzko irailaren 17ko 35/2010 Legeak, 17. artikuluaren bitartez, zenbait aldaketa ekarri zituen Aldi baterako laneko enpresak arautzen dituen ekainaren 1eko 14/1994 Legeari dagokionez; besteak beste, laugarren xedapen gehigarria aipatu behar da, eta, bertan ezarri zenez, «2011ko apirilaren 1etik aurrera aldi baterako laneko enpresek langileak lagatzeko kontratuak egiteko une honetan indarrean dauden muga edo debeku guztiak ezabatuko dira, Sektore publikoko kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoa barne, lege honetan ezarritako salbuespen bakarrarekin: (...)».
Bidenabar, Administrazio Publikoetarako salbuespen zehatz bakar gisa (legean bertan orokorrean aurreikusitakoez gain) laugarren xedapen gehigarrian xedatu zenez, langileak lagatzeko kontratuak soilik sinatu ahalko dira lege mailako arau baten bitartez funtzionario publikoentzat erreserbatutako lanak egiteko.
Lege aldaketa honek erantzuna eman zion Aldi baterako laneko enpresen bitartez lan egiteari buruzko Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2008ko azaroaren 19ko 2008/104/EE Zuzentaraua ekartzeko beharrizanari, LANEren Enplegu agentzia pribatuei buruzko 1997ko 181. Hitzarmenarekin bat etorriz.
Beraz, 2011ko apirilaren 1etik aurrera indargabetu egin ziren lehenago sektore publikoko kontratuen legedian ezarritako mugak, hain zuzen ere, administrazio publikoek aldi baterako laneko enpresekin langileak lagatzeko kontratuak sinatzeko mugak, eta, zehazki, 30/2007 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoak; soilik lehen aipatutako salbuespenari eutsi zaio, legez funtzionario publikoei erreserbatutako lanak egiteko kontratazioari dagokiona.
Azaldutakoa ikusita, ondorioztatu da Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenak aipatutako kontratazioak indarrean dagoen legediak aurreikusitako esparruaren barruan egin direla; izan ere, langileak lagatzeko kontratuak kasu guztietan bideratu ziren jendaurrean arreta emateko lan kontratudun langileen lanak premiaz egiteko, hain zuzen ere legearen erreserbaren eraginik ez zeukaten kasuetan.
Bestalde, Partzuergoak langileak berehala hartzeko beharrizana justifikatuta egon denean baino ez du jo langileak lagatzeko salbuespen izaerako kontratuetara, kontratuaren iraupena laburra edo oso laburra izatea aurreikusi denean, eta, betiere, egiaztatu ondoren Partzuergoko lan poltsetan ez zegoela pertsona kualifikaturik eskuragarri bete beharreko funtzioak bete ahal izateko kontratatzeko.
Horri dagokionez esan behar da jendaurreko zuzeneko arreta SIGA erabiliz (Bazkideak Kudeatzeko Sistema Integratua) emateko funtzioak zirela; sistema oso zehatza denez, hilabeteko inguruko prestakuntza jaso behar da maila oinarrizkoeneko funtzioak modu autonomoan egin ahal izateko, eta bi hilabete inguruko prestakuntza, berriz, lan konplexuagoak egin ahal izateko. Hala, ez litzateke bat ere eraginkorra izango beharrezko prestakuntza ez daukaten langileak postu horietarako kontratatzea, langile horiek ezingo lituzketelako lanpostuko lanik oinarrizkoenak egin aldi horietan.
Horren haritik, lan poltsetako langileak zuzenean kontratatzea lehenestea izan da aplikatutako irizpidea; hala, aurreikuspenen arabera denbora tarte laburrerako langileak berehala hartu behar izan direnean, lehenik eta behin lan poltsara jo da, bertan aldez aurretik kontratatzearen ondorioz oinarrizko prestakuntza daukaten eta eskuragarri dauden langileak izan diren kasuetan. Hala ere, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenean aipatutako kasuan, horri buruz emandako txosten guztietan ere ageri den moduan, lan poltsetan ez zegoen aipatutako baldintzak betetzen zuen langilerik eskuragarri.
Kontratazioaren iraupena luzea izango zela aurreikusitako kasuetan, berriz (bitartekotasuna amatasun lizentzia tarteko, bitartekotasuna hutsik dauden plazak bete arte, errelebu kontratuak, etab.), lan poltsaren bitartez langileak kontratatzera jo da, hautagaiak egon direnean, eta beharrezko prestakuntza eman zaie (langile esperientziadunek gidatutakoa) jendaurreko arreta lanak modu autonomoan egiteko trebakuntza izan zezaten eta, horrenbestez, onartuz langile horiek ez zirela lanerako prest egongo harik eta prestakuntza osatu arte.
Beste alde batetik, martxoaren 9an Sektore publikoko kontratuen 9/2017 Legea indarrean sartzearen ondorioz, ulertu da ez zaiola zerbitzu horiek kontratatzeari eutsi behar, harik eta 308.2 artikuluan ezarritako aurreikuspenaren irismena argitzen den arte, dirudienez langileak lagatzeko zerbitzuak aldi baterako laneko enpresekin kontratatzea mugatzen baitu; horren eraginez, Partzuergoaren administrarien lan poltsa handitu egin da, eta SIGA prestakuntza prozesuak abiarazi dira, horiei esker tresna hori erabiltzeko trebatutako langileak izango baitira sor daitezkeen ordezkapen beharrizanei berehala erantzun ahal izateko.
3. ALEGAZIOA
III.– Kudeaketa prozedurei eta barne kontrol sistemei buruzko oharrak.
III.2.– Langileen gastuak.
– Zuzendaritza Batzarrak, 2016ko abenduaren 27ko bileran, hitzarmen kolektiboko aurreikuspenekin bat etorriz, 323.925 euroko funts ekonomikoa ordaintzea erabaki zuen, langileei helburuak betetzearen arabera ordaintzeko. Ordaintzeko justifikazioan hasieran aurreikusitako kudeaketa helburuei eustea aipatu da, zein ziren edo nola lortu diren zehaztu gabe; gainerako balorazioak, besteak beste, ohar global eta orokorrak dira, zerbitzuak handitzeari, fakturazio ehunekoak hobetzeari eta langileen inplikazioari buruzkoak.
Alegazioak
2016ko helburuen ordainsaria Partzuergoko Hitzarmen Kolektiboko 37. artikuluan dago araututa, eta bat dator 2016ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko urriaren 29ko 48/2015 Legearen 19. artikuluko zazpigarren atal in fine delakoan ezarritakoarekin.
Partzuergoko kudeaketa helburu kolektiboak ekitaldi horretan bete izana egiaztatu ondoren onartu zen.
Hala, Zuzendaritza Batzordearen 2016ko abenduaren 27ko Erabakiaren zioen azalpenean jasotako hainbat arrazoiren bitartez aipatutako helburuak betetzat jo ziren, eta arrazoi horiek labur-labur bildu badira ere, ez dira orokorrak berariazko zenbait mugarri zehatz aipatzerakoan, adibidez:
«Teleirakurketa ekipamenduak areagotzea; Galindoko HUAn obrak egitea, esaterako bisitarien pabiloia, edo putzu septikoen harrera obrak; bidenabar, Mungiako ekaitz andeleko obrak egin dira, Berriatua-Ondarroa saneamendua; Undurragako presako bypass obrekin jarraitu da, Boluetako ponpatzea, saneamendu azpiegiturak Enkarterrin -Sopuerta eta Turtzioz-, Turtzioz eta Sopuertako araztegiak, hornidura azpiegiturak Enkarterrin, Butroe erdialdearen saneamendukoak, saneamendu obrak Aulestin edo Gorlizko hustubideko baheketak, besteak beste.
Bidenabar, irakurketa indizea lortuz egindako fakturazio ehunekoak nabarmen hobetu dira, bai irrati irakurketa sistema daukaten udalerrietan, bai sistema hori ez daukaten udalerrietan.»
Horren haritik, gogoratu behar da Zuzendaritza Batzordearen Erabakiak nabarmentzen duela ordainsariak lotura daukala helburuak betetzearekin, berariaz adierazi zenez «ordainsari bakar izaera izango du, ez da finkagarria izango eta ezingo da soldata tauletan ezarritako ordainketa kontzeptuekin bateratu; azken horiek aldaezinak dira».
4. ALEGAZIOA
III.– Kudeaketa prozedurei eta barne kontrol sistemei buruzko oharrak.
III.2.– Langileen gastuak.
– Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintza funtzioak lan kontratudun langileek garatzen dituzte, baina postuei emandako funtzioak tarteko, funtzionarioek garatu beharko lituzkete.
Alegazioak
Partzuergoen lege araubidearen funtsezko elementuei eusten dieten aginduak honako hauek dira: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 118. artikulua eta hurrengoak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legearen 104. eta hurrengo artikuluak, eta Toki Araubideari buruzko arloan indarrean dauden legezko xedapenen Testu Bategineko 110. artikulua, besteak beste; bada, agindu horiek ezarri zuten partzuergoetako estatutuek zehaztuko dutela partzuergoen xedeak eta araubide organiko, funtzional eta finantzarioaren ezaugarriak; horrenbestez, helburu zehatz eta definituei erantzuteko eratutako erakundeak direla aintzat hartuz, eta beste erakunde batzuen eskumen komuna ere badirela gogoratuz (nolanahi ere, erakunde horietako bat administrazio publiko bat izan behar da), legegileak antolaketa malgutu du, eta partzuergoko estatutuen esku utzi du partzuergoak ongi funtzionatzeko beharrizanetarako modurik egokiena aukeratzea, betiere legea betez. Ildo beretik, Bizkaiko udalaz gaindiko esparruko erakundeak arautzen dituen martxoaren 30eko 3/1995 Foru Arauaren 30. artikuluan malgutasun irizpidea aurreikusi zen partzuergoen araubide organikoari dagokionez, eta horiek eratzea estatutuei dagokie, oinarrizko arauari, alegia. Horrez gain, gehitu behar da foru arau horrek mankomunitateen idazkaritza funtzioen inguruko arauak ere finkatu zituela (93.3 eta 4 artikuluak); funtzio hori eta estaldura, berriz, ez zuen arautu partzuergoen kasuan; hala, partzuergoek bertako langileen araubidea eratzeko askatasuna dute, eta estatutuak onartzeko unean baliatu beharko dute askatasun hori.
Ikuspuntu horretatik, Partzuergoko Estatutuen 40. artikuluan ezarri zenez, «Partzuergoko langile-zerrenda osatzen duten langile guztiek izango duten jaurbidea lan legepekoa izango da. Aldi bakoitzean indarrean izango den zuzenbide pribatuzko arauteriaren bidez arautuko da jaurbide hori.» Aukera hori bat dator Partzuergo honen tradizio luzearekin, partzuergoa bera eratu zenetik bertako langileek lan arloko zuzenbideak araututako harremana izan baitute partzuergoarekin, eta gaur egun berariaz jasota dago Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 121. artikuluan, bertan xedatu baita, partzuergoetako langileen araubideari dagokionez, bertako langileek lan kontratudunak edo funtzionarioak izan ahalko direla. Partzuergoak, bada, atxikitako administrazio publikoaren aurrekontu, kontabilitate, kontrol ekonomiko-finantzario eta ondare kontrolaren araubidearen mende daude, eta aurreikuspen hori Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Foru Arauaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren baliokidea da, azken horrek finkatu baitzuen foru sektore publikoak kontrolatutako partzuergoetarako aipatutako araubidea, eta Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoa Bizkaiko Foru Aldundira atxiki ondoren onartu zen.
5. ALEGAZIOA
III.– Kudeaketa prozedurei eta barne kontrol sistemei buruzko oharrak.
III.3.– Ondasun eta zerbitzuen kontratazioa.
Kontratazio espedienteak.
Honako alderdi hauek nabarmendu behar dira 2013ko ekitalditik 2016ko ekitaldira arte BBUPek esleitutako hemeretzi kontratazio espediente, 137,5 milioi eurotan zenbatetsitakoak, berrikustearen ondorioz:
– Guztira 69,3 milioi eurotan zenbatetsitako bederatzi obra espediente esleitu eta aztertuen artean batek ere ez dauka proiektua berrikusteko txostena, kontratazio araudiak ezartzen duena (1-9 espedienteak).
– Guztira 116,1 milioi eurotan zenbatetsitako hamabost kontratazio espediente esleituen administrazio klausula berezien pleguetan «proposatutako hobekuntza objektiboak» esleipen irizpide gisa jaso da, baina ez da zehaztu hobekuntza horiek zein elementutan eta zein baldintzatan aztertuko diren (1-6 eta 8-15 espedienteak, eta 19. espedientea).
– Guztira 116 milioi eurotan zenbatetsitako hamabost kontratazio espediente esleituetan, aztertu ondoren antzeman da hilabete baino gehiagoko atzerapenak izan direla proposamenak zabaltzen direnetik esleitu arte ezarritako bi hilabeteko epean (1-6, 8-10, 12-14 eta 16-18 espedienteak). Zazpi espedientetan hiru hilabete baino gehiagoko atzerapenak sortu dira.
Alegazioak
Partzuergoak ez dauka proiektuak berrikusteko bulegorik.
Baldintzen pleguetan hobekuntzak baloratzean kontratuen administrazio auzitegi, kontsulta batzorde eta auzitegi arruntek emandako doktrinak izan dira abiapuntu. Printzipioz, kontratazio arloko araudiak ez zuenez horren inguruko ezer ezarri hobekuntzak edo aldaerak aztertzeari zegokionez, pleguetan jaso ohi dira, izaera orokorrarekin. Ondoren, eta duela gutxiko lizitazioetan, hobekuntzen irizpidea gehitzea mugatu egin da, edo aurreikusi denean irizpideak objektibo bihurrarazi dira, horiek baloratzeko modua eta baita kostu ekonomikoa ere.
Aipatutako SPKLTBko 161.4 artikuluan adierazitako epeak eskubidea ematen die lizitatzaileei proposamenak bertan behera uzteko. Atzerapena ez da baliaezintasuna dakarren irregulartasun bat, eta eskaintzak bertan behera uzteko aukera ematen du. Ez du baliaezintasuna eragiten. Hainbat kontsulta batzordek txosten ugari eman dituzte, eta doktrina finko eta berretsia da.
Atzerapenak sortu dira, oro har, lizitazioaren xede diren elementuen balorazio teknikoa egitea bereziki konplexua delako, aurkeztutako eskaintza kopurua areagotu egin delako eta administrazio izapide ugari eta konplexuak egin behar direlako eta horrek ia ezinezko egiten du aipatutako epea betetzea.
6. ALEGAZIOA
III.– Kudeaketa prozedurei eta barne kontrol sistemei buruzko oharrak.
III.5.– Udal Sareak, S.A.
Ondasunak eta zerbitzuak kontratatzea.
– Guztira 2,6 milioi eurotan zenbatetsitako bi zerbitzu kontratuen administrazio klausula berezien pleguetan adierazi denez (2013an esleituak), luzapena aplikatuz gero prezioak berrikusteko aukera egongo da bi aldeak ados egonez gero, eta berrikuspen hori ez da 2016ko ekitaldian gauzatu. Gure ustez, pleguetan berrikuspen indizeak finkatu behar dira araudi aplikagarriarekin bat etorriz, eta ezin da ondoren hitzartu.
Alegazioak
Atal honetan adierazi behar da Udal Sareak S.A. erakundeak zorrotz bete duela legedi aplikagarriak ezarritakoa, prezioak ez baitira berrikusi ez 2016ko ekitaldiko espedienteetan, ez ondorengoetan.