EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018148

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Hondarribiko udal-mugarteko Irungo Txingudi ikastolan Jaitzubia errekaren uholdeei aurre egiteko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egiten den.

Xedapenaren data: 2018-07-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201803982
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/04/23an argitaratutako 2018/04/16ko IRAGARPENA [201802178]

AURREKARIAK
2018ko otsailaren 16an, Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Hondarribiko udal-mugarteko Irungo Txingudi ikastolan Jaitzubia errekaren uholdeei aurre egiteko proiektuari buruzko eskabidea osatu zuen, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozedura hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 45. artikuluarekin bat etorriz. Proiektuak adierazitako prozedura jarraitu behar du aipatutako arauaren 7.2.b artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2018ko martxoaren 23an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.
Hala bada, honako erakunde eta elkarte hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (guztiak Eusko Jaurlaritzaren zuzendaritzak dira); Kulturako Zuzendaritza Nagusia, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia, Mendien eta Naturguneen Zuzendaritza Nagusia (guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren zuzendaritzak dira); Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Kostaldearen eta Itsasoaren Jasangarritasuneko Zuzendaritza Nagusia, Hondarribiko Udala, Ekologistak Martxan-Gipuzkoa elkartea, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Parkeen Lagunak «Haritzalde» Elkarte Naturalista, Ugatza Ornitologia Elkartea, Lanius Ornitologia Elkartea, Arkamurka Natur Taldea eta Eguzkizaleak elkartea.
Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso dira: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren erakundeak; eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendien eta Naturguneen Zuzendaritza Nagusia. Kontsulten emaitza espedientean jasota dago. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998) 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua jarraituko dute arau horren I. eranskinean edo II. eranskinean jasota ez dauden proiektuek, baldin eta modu nabarmenean, zuzenean edo zeharka, eragin badiezazkiekete Natura 2000 Sareko Babesguneei. Horrenbestez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura jarraitu behar du; prozedura horren bidez zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko efektu adierazgarririk duen, eta ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura jarraitu behar duen.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion ala ez.
Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Hondarribiko udal-mugarteko Irungo Txingudi ikastolan Jaitzubia errekaren uholdeei aurre egiteko proiekturako, ondoren azaldutakoari jarraikiz:
A) Proiektuaren xedea da Irungo Txingudi ikastolaren aldea inguru horretan sarritan gertatzen diren uholdeetatik babesteko behar diren lanak definitzea eta baloratzea.
B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere.
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren xedea da Irungo Txingudi ikastolaren aldea inguru horretan sarritan gertatzen diren uholdeetatik babesteko behar diren lanak definitzea eta baloratzea.
Honako hauek dira inpaktuak ekar ditzaketen proiektuaren jardueren ezaugarriak:
– Mendianborda zubiaren ordez hormigoizko taula zuzenaz eta estribu zuzenez osatutako beste bat egitea. Estribuen arteko tarteak zubiaren inguruko ertzetako ezponda naturalaren jarraitutasuna ahalbidetu behar du. Zubi berriak, gaitasun hidraulikoa hobetzeaz gain, taula bat izango du, eta ibilgailuetarako galtzada zein oinezko eta txirrindularientzako espaloia egin ahal izango dira, hortaz.
Lehenik eta behin, oraingo zubia eraitsiko da, eta hondakinak zabortegira eramango dira.
Ondoren, zubi berriaren zimenduak egiteko, errekaren urak ibaiertz baterantz edo besterantz desbideratu beharko dira, lanak non egiten ari diren aintzat hartuta, eta zutoin-oholak erabiliko dira horretarako (lanak lehorrean egingo dira). Eskuineko ertzean, nahiko azalean geldituko da estribuaren zimendua, eta lursaila metro bat baino gutxiagoko sakoneran hormigoi ziklopeoz hobetzea estimatuko da. Ezkerreko ertzean, eginiko zundaketak kontuan harturik, lursailaren hobekuntza 4 metrora arteko sakoneran ere egin beharko dela aurreikusten da.
Lursailaren hobekuntza estribuen zimenduak egiteko aurreikusitako kotaraino iritsi arte gauzatuta, estribuak eraikiko dira. Masa-hormigoizkoak izatea proiektatu da.
Estribuen arteko zubiaren argia 16 metrokoa izango da, eta zabalera, 8,80 metrokoa.
– Ikastolaren eta kirol-eremuaren arteko pasabideak ordeztea; estribuak bereiziko dira eta 35 cm-ko taulak ezarriko dira 100 urteko errepikatze-denborari dagokion uholde-mailaren gainetik.
Gaur egungo pasabideak kentzeko, lehenik eta behin, bermatuta dauden estribuak eraitsiko dira; gainera, egungo euskarriak zuzendu beharko dira (harri-lubetaz egingo da), eta horrek, era berean, habeen euskarrietako zimendu-lursaila hobetzeko ere balio izango du. Euskarri berriak ur-laminaren eraginpeko eremuetatik kanpoko lurretan egingo dira, eta ez dira, hortaz, errekaren urak desbideratu beharko. Euskarriak hormigoi armatuzkoak izatea proiektatu da.
Pasabide berrietara sartzeko, eta oraingoak baino gorago daudela kontuan harturik, aurreikusi da sarbidea, eraikinetatik, arrapala eta eskailera bidez egitea; zolatutako zoruaren gainean egongo dira horiek, nolanahi ere, eta ez da belar-sastrakarik kendu beharko. Bi aldeetan kirol-eremutik egingo dira lanak; GI-636tik zuzeneko sarbidea du horrek.
– Eskuineko ertzean, babeserako mendixka artifizial bat egitea, 1,50 metrokoa gutxi gorabehera, ikastolako eraikinen eremua 100 urteko errepikatze-denborako uholdetik babesteko.
Mendixka artifizial hori 184,34 metro luze izango da, eta 30 cm garai gutxienez; 1,50 metro izatera ere iritsi ahal izango da. Hormigoi-blokezko hormatxoa egitea proiektatu da, gailurrean inposta aurrefabrikatua duela. Hormigoi armatuzko 20 cm lodiko lauza jarraitu baten gainean zimendatuko da.
– Hustubide-hodi bat egitea. Ikastolara Bidasoko Ospitaleko biribilgunetik sartzeko bihurgunearen azpian 1.200 mm-ko hodi bat ezarriko da (23,8 metro luze) egun dauden hodiak ordezteko; hodiok erreka nagusiaren adar txiki bat biltzen dute gaur egun, baina ez dira aski horretarako. Lanok egiteko zanga bat irekiko da ikastolara ematen duen errepidearen azpian.
Proiektuaren ondorioz 1.755,33 m
Lanok egiteko 6 hilabete aurreikusi dira, gehienez ere.
2.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektua GI-636 errepidearen paraleloan doan Jaitzubia errekaren zati batean garatzen da, Hondarribiko udal-mugartean. Jaitzubia errekaren zati hori Txingudi ikastolaren eta haren kirol-instalazioen ondoan dago, eta Mendianborda zubiaren inguruan amaitzen da.
Proiektuaren eremua pixka bat sartzen da, Mendianborda zubia handitzeari dagokionez, ES0000243 «Txingudi» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan, eta zati bat ES 2120018 «Txingudi- Bidasoa» Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) Babes Eremu Periferikoaren barruan dago. Halaber, obrek muga egiten dute Txingudi hezegunearekin (Ramsarko 1971ko otsailaren 2ko hitzarmenaren Nazioarteko Garrantziko Hezeguneen zerrendan jasota). I. pasabidea zein Mendianborda zubia itsas-lehorreko jabari publikoan daude.
Esku hartu beharreko zatian, errekaren bidearen % 35 inguru harri-lubetaz bideratuta dago egun. Gainera, ibaiertzek antropizazio handia dute (ezpondak berriz sekzionatuta, betegarri artifizialak, hodiratutako elkarguneak...).
Landaretzari dagokionez, ikastolaren ingurunean haltzadi degradatu bat dago; ez ditu haltzadi kantauriarrak ezaugarri dituen zuhaixka-belarrak. Platano ugari ere badaude, ezkerraldea ia osorik hartzen dutenak. GI-636 azpiko pasabidearen eta Mendianborda zubiaren arteko zatian ez dago ia zuhaitz-estraturik, eta hainbat zuhaixka- eta belar-espezie daude; batzuk inbaditzaileak dira. Azkenik, Mendianborda zubi inguruko ertzetan lezkak eta sasiak daude, eta zuhaixka inbaditzaileren bat ere bai,
Faunari dagokionez, Jaitzubiako ibarra garrantzi handiko eremua da faunarentzat, askotariko habitatak barne hartzen dituelako. Ingurumen Dokumentua aintzat hartuta, segurua da Jaitzubiako ibarrean Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoko 8 hegazti gutxienez daudela, eta bertan habia egiten dutela (kaltebera bat –txirritxo txikia–; 3 bitxi eta interes bereziko 4). Halaber, Jaitzubiako erreka arrain hiruarantzaren (
Proiektutako jardueren eta proiektuaren eraginpeko eremuaren ezaugarriak ikusita,
Bigarrena.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako zein dagokion baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak alde batera utzi gabe, kontuan izan beharko dira baldintza hauek.
Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentuak prebentzio- eta zuzenketa-neurriak zein neurri osagarriak biltzen ditu proiektuak sor ditzakeen baliozko inpaktuei dagokienez. Aipatutako inpaktuak mugatu, gutxitu edo txikiagotzeko dira neurri horiek, eta obra-fasean nagusiki garatu beharreko gomendioak eta jarduerak dira. Besteak beste, honelako neurriak jasotzen dira: proiektuaren eraginpeko eremua kontrolatzeko neurriak, landare-lurra behar bezala kudeatzekoak, fauna eta flora babestekoak, eta espezie aloktono inbaditzaileak hedatzea kontrolatzeko neurriak. Gainera, hiriko ingurunea eta airearen kalitatea babesteko neurriak ere badaude, baita hondakin-sorrerarekin lotutakoak ere.
Nolanahi ere, neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Uraren Euskal Agentziak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.
Ondoko atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:
1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.
Arau hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua, Gipuzkoa Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, bertako baso-espezie zenbaiten araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua, eta, hala badagokio, Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendien kudeaketaren arloan eskumena duten organoek ezarritakoa alde batera utzi gabe, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:
1.1.– Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makina eta ibilgailuen zirkulazioa. Ustekabeko kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta leheneratze-neurriak hartuko dira. Aurrez, txostena egingo du atal honetako 10. zenbakiak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.
1.2.– Oro har, bertako landaretza kentzea saihestuko da (haltzak, sahatsak eta lizarrak). Horretarako, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta
1.3.– Faunak izan dezakeen eragina, bereziki honako hauei dagokie: abifauna, apo lasterkaria (
1.4.– Ur-ibilguaren eta haren erriberen igarobide ekologikoaren funtzioari eusteko, estribuen eta ur-laminaren artean, lehorrean, tarte bat libre gelditzen dela bermatu behar dute, horretan zehar fauna igarotzea eten ez dadin. Horretarako, egokiena izango litzateke zubiaren azpian lursail naturaleko erreka-ertzak gelditzea, baita itsasgoran ere; eta zubiaren azpiko erreka-ertz librea harri-lubetazkoa bada, bermatu beharko da ertzen arteko elkargunea, lursail naturalean eta harri-lubetan, modu suabe batez dela, fauna igarotzeko oztopo izan ez dadin.
1.5.– Obren eraginpeko eremuetan espezie exotiko inbaditzaileak agertzen badira, baita berme-aldian ere (obra amaitu ondorengo 2 urteetan), Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazteko protokolo bat jasoko da, kasuan-kasuan egokienak diren ekintzak ezar daitezen.
2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Organo eskudunak kasuan-kasuan uraren edo kostaldeen arloan ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan.
2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Obraren balizko afekzioaren denboran, Jaitzubia errekaren uren jarraipen analitikoa egin beharko da jarduera-eremutik ibaian gora eta behera.
2.2.– Lanak ibilgutik kanpo egiteko eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta eraikiko dira, eta, haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko kimikoen araberakoak direla bermatzeko. Beharrezkoa bada, hormak eta zimenduak kokatzeko hondeatu beharreko eremuak ponpatzeagatik sortzen diren efluenteak tratatzeko, berriz, dekantazio-putzuak edo orrizko dekantazio-tangak izango dira, eta pH-a zuzentzeko sistema bat izango dute.
2.3.– Ibaian isuri barreiatuak izango direla aurreikusten den eremuetan, ura iragazteko gailuz eratutako hesiak instalatuko dira (ingurumen-dokumentuak xedatzen dituenak).
2.4.– Ibilgu barruko lanak egiteko, kontuan hartuko da aurkeztutako dokumentazioa, berezko ibilgua ahalik eta gutxien okupatzeko eta ura ahalik eta gutxien uhertzeko okupazioa dela eta. Hondeatze-lanak egin bitartean uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak ibilguaren zati lehorrean edo berariaz diseinatutako instalazioetan utziko dira aldi baterako, helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.
2.5.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera (instalazio lagungarrien eremuak) isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.
2.6.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko ustekabeko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.
2.7.– Hormigoi-esnea inola ere ezingo da isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak atal honetako 10. zenbakian ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.
3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.
Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legean (ekainaren 25eko 4/2015) ezarritakoa bete beharko da.
4.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-emisioak murrizteko neurriak.
4.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material zatikatua isur daitezkeenetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko dira.
4.2.– Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean. Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea. Atal honetako 11. zenbakian zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.
4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta zatikirik ez barreiatzeko.
5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
5.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketa, eraispen, zamalan eta garraio lanetan, baita erabilitako makinariaren mantentze lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, erabilitako ekipoen zaraten kontrolean ere.
5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
5.3.– Soinu-isurien fokuek Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezartzen dituen muga-balioak bete beharko dituzte.
6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
6.1.– Sortutako hondakinak Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea haiek balorizatzea.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
6.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira. Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak Dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu. Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Atal honetako 11. zenbakian aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.
6.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
6.4.– Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko hondeatutako lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.
6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
6.6.– Sortutako olio erabilia 679/2006 Errege Dekretuak, ekainaren 2koak, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenak ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
6.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko. Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.
7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
7.1.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako prebentzio-neurriak garatuko dira, eta, hala badagokio, organo eskudunak ezartzen dituenak.
7.2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean (uztailaren 3ko 7/1990) ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.
8.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak leheneratzeko neurriak.
8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira, eta ingurunea leheneratzeko lanek honakoak hartuko dituzte barnean: urbanizatu gabeko lekuetan, lurra alde geomorfologiko eta edafikotik leheneratzea eta landare-estalki bati euts diezaioketen eremuak landareztatzea; eta, hiriguneetan, lorategiko elementuak berriro jartzea.
8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak leheneratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.
8.3.– Ibaiertzak leheneratzeko, proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentuei jarraituko zaie, eta, ibilguaren ertzak leheneratzeko prozesuaren barruan, baldin eta aukeratzen den konponbideak bide ematen badu, landaredia (zuhaixkak zein zuhaitzak) egokiro hazteko moduan finkatuko da, beharrezkoa da eta ibaiaren funtzio ekologikoari eusteko.
8.4.– Leheneratze edafikoko lanak egiten diren bitartean, landare aloktonoak ugaltzea galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.
8.5.– Obra amaitu ondoko bi urteetan, leheneratzea bermatzeko, hala behar bada, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.
9.– Garbiketa eta obra bukatzea.
Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, atal honetako 6. zenbakian xedatzen dena aplikatuko da.
10.– Ingurumen-aholkularitza.
Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-dokumentuko zehaztapenen arabera. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.
11.– Lan-programa diseinatzea.
Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondoko gaiei buruz, gutxienez. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu –aurrez, txosten bat egingo du aurreko atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak–. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:
– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.
– Lanen ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuei buruzko xehetasunak.
– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honakoak errespetatuta: otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuak, eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duenak, 5.1. artikuluan xedatzen duena; eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko denak, 7. artikuluan xedatzen duena.
Hirugarrena.– Organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako ingurumena zaintzeko programa alde batera utzi gabe, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:
Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.
1.– Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak gainbegira dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.
2.– Lanek okupatzen dituzten mugen kontrola.
Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa hartuko.
3.– Zarataren kontrola.
Lanek eragina duten eremuan, kutsadura akustikoa kontrolatuko da. Era berean, obrak egiteko faseak eta jarduera motak tipifikatzea ahalbidetuko da, soinu-isurien arabera. Sustatzaileak proposamen zehatz bat egingo du aipatutako gaiei buruz.
4.– Leheneratzearen arrakastaren kontrola.
Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen leheneratzeak izan duen arrakasta-mailari.
5.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.
Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-dokumentuan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.
6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak.
Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta leheneratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.
Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
Laugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz bigarren puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen Hondarribiko udal-mugarteko Irungo Txingudi ikastolan Jaitzubia errekaren uholdeei aurre egiteko proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta jarraitzea.
Bosgarrena.– Uraren Euskal Agentziari eta Hondarribiko Udalari ebazpen honen berri ematea.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, aipatutako proiektua baimenduko ez balitz. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 11.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.