EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018148

124/2018 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Estatistika Organo Berezia sortu eta bere funtzionamendu eta antolamendua ezartzen dituena.

Xedapenaren zenbakia: 201800124
Xedapenaren data: 2018-07-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201803974
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1983/12/17an argitaratutako 1983/12/06ko AGINDUA [198302371]

Estatistika ofiziala ezinbesteko osagaia da gizarte demokratiko baten informazio-sisteman, eta Gobernuari, eragile ekonomikoei eta herritarrei erabakiak hartzeko funtsezkoak diren datu objektiboak eta inpartzialak ematen dizkio; horrez gain, emaitzak oinarri hartuta osatzen diren serie kronologikoen jarraitutasuna eta haien hedapena ere bermatzen du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legearen (apirilaren 23ko 4/1986 Legea) 26. artikuluak xedatzen duenez, baldin eta Jaurlaritzako sailek lehendik eratuta badute berariazko organo estatistikoa, EAEko estatistikari dagokion jarduera aipatu legean ezarritako moduan garatuko dute, ondorioz EAEko antolaera estatistikoaren partaide bihurtuz. Era berean, lege beraren 27. artikuluaren arabera, berariazko estatistika-organoak euren berezko araudiaren arabera arautuko dira.
Jaurlaritzako Sailen Organo Estatistikoak arautzen dituen Dekretuak (ekainaren 22ko 180/1993 Dekretua) lege horretan jasotako aurreikuspenak garatzen ditu, hala sailetako organo estatistikoak sortzeari eta antolatzeari nola horren jardunari dagokienez. Haren lehenengo xedapen gehigarriak ezartzen du, orobat, Jaurlaritzako sailek euren estatistikak eta jarduerak norberarenak bailiran burutu ahal izateko Estatistikaren EAEko Planean edo Urteko Programa Estatistikoetan, nahitaezkoa izango dela horiek estatistikarako organo berezia izatea.
Apirilaren 11ko 81/2017 Dekretuaren (Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) bigarren xedapen iragankorrak xedatutakoaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzeko dekretua onartu arte, indarrean jarraituko du Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen duen urriaren 3ko 189/2006 Dekretuak.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren jardueren arloko sektoreei dagokienez, estatistiken eremuan sortutako premiek aholkatzen dute sail horren barruko antolaketa-egitura bat sortzea, desagertu diren eta haien eginkizunak bere gain hartu dituen sailen organoak ordezteko, zeinaren funtzionamendua estatistikari buruzko legeriak arautu, babestu eta mugatuko dituen, batez ere sekretu estatistikoari dagokionez.
Horiek horrela, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak proposatuta, Euskal Estatistika Batzordeari aurretiazko kontsulta egin, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko uztailaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen bitartez, batetik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren estatistikarako organo berezia sortzen da, eta, bestetik, organo horren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen dira, Sailetako Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen Dekretuaren (ekainaren 22ko 180/1993 Dekretua) preskripzioekin bat etorriz.
2. artikulua.– Mendekotasuna.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko estatistikarako organo berezia pertsona bakarreko organoa da, eta Saileko zerbitzu zuzendariaren mende dago zuzenean.
3. artikulua.– Eskumenak.
1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren estatistikarako organo berezia, bere eskumenei dagokienez, I motako legez eratzen da. Eta horren ondorioz, 180/1993 Dekretuak era horretako estatistikarako organo bereziei esleitzen dizkien eskumenak eta ahalmenak izango ditu, eta bereziki honako hauek:
a) Euskal Estatistika Planaren Proiektuaren oinarri izango den Sailaren estatistika-plana egitea.
b) Euskal Estatistika Erakundearekin lankidetzan jardutea, Euskal Estatistika Plana eta Urteko Estatistika Programak egitean.
c) Urteko Estatistika Programetan dauden estatistikak edo haien fase batzuk egitea, bertan zehazten den eran.
d) Estatistika propioak lantzea, Estatistikaren Euskal Planean edo Urteko Estatistika Programetan txertatu gabekoak, 4/1986 Legeko 8.1 artikuluan ezarritako eran.
e) Artikulu honetako c) eta d) letretan jasotako eginkizun estatistikoak direla eta, beste erakunde batzuekiko harremanak, betiere 4/1986 Legearen 29. artikuluko c) eta d) letretan ezarritako guztia betez.
f) Bere eskumeneko estatistikak gauzatzeko informazioa lortzea, 4/1986 Legeko 9-16 bitarteko artikuluetan xedatutako eran.
g) Artikulu honetako d) letran adierazitako estatistiken emaitzak eta Urteko Programa Estatistikoetan zehaztutakoak argitaratu eta zabaltzea, edukiaren berri Euskal Estatistika Erakundeari jakinarazi ondoren.
h) Bere arloko fitxategi-direktorio estatistikoak landu eta eguneratzen parte hartzea 4/1986 Legearen 29.i) artikuluan xedatutakoaren arabera.
i) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak interesgarritzat jotzen dituen proiektuak burutzea, batez ere sektorearen eta azpisektoreen arloetako analisiak, azterlanak eta zerbitzuak, betiere 180/1993 Dekretuko 7.2 artikuluan ezarritako markoaren barruan.
2.– Turismoa, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren estatistikarako organo bereziak honako arlo hauetan baliatuko ditu bere eskumenak: aipatu sailaren estatistika-beharretan, eta, Euskal Estatistika Erakundea aparte delarik, sail horri atxikita dauden erakunde instituzionalen beharretan, nahiz eta estatistika horiek estatistika-datuetan edo administrazio-datuetan oinarriturik prestatu behar izango dituen.
3.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren estatistikarako organo bereziak errespetatu egin beharko ditu eskumen hauek: estatistiken eraginpeko gaiei dagokienez, sail horretako organo eta instantziei legez esleitutakoak. Organo eta instantzia horiek organo hark eskatutako informazioa eman beharko diote, baldin eta beharrezko badu informazio hori bere eskumenak baliatzeko.
4. artikulua.– Funtzionamendua.
1.– 180/1993 Dekretuko 4. artikuluan aurreikusitako Estatistikarako Organo Berezien Erregistroan inskribatu ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikari dagokionez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren estatistikarako organo bereziak gauzatu egingo du bere jarduera, estatistikari buruzko legeria errespetatuta, hain justu ere, beste erakunde eta organo batzuekin izango dituen harremanetan, barnean direla aipatu sailari atxikitako eta sailari dagozkionekin izandakoak ere.
2.– Bere jarduera garatzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren estatistikarako organo bereziak genero-ikuspegia modu eraginkorrean integratuko dela bermatuko du, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 16. artikuluan xedatzen den moduan.
5. artikulua.– Administrazio-errekurtsoak.
1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eskumena izango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren estatistikarako organo bereziaren egintzen aurka jarritako errekurtsoak aztertu eta ebazteko.
2.– Errekurtso horiek ebazteko, Euskal Estatistika Erakundearen nahitaezko txostena izan beharko da lehenbizi.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Dekretu hau indarrean jarritakoan indargabetu egingo da urriaren 3ko 189/2006 Dekretua (Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Estatistika Organo Berezia sortu eta bere funtzionamendu eta antolamendua ezartzen dituena) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren jarduera-arloetan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari ahalmena ematen zaio, dekretu honetan ezarritakoa bete eta garatzeko, beharrezko xedapenak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko uztailaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.