EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2018147

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena; horren bidez, Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen da.

Xedapenaren data: 2018-07-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201803943
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko maiatzaren 10ean, Donostiako Udalak «Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketari» buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskabidea bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren Aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2018ko maiatzaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egokitzat jotako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horietan oinarrituta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezaten. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritzari eta Kultura Zuzendaritzari. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion prozeduraren hasieraren berri.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun guztiek egokitzat jotako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena eta M.E.L. jaunaren idazkia jaso dira (espedientean dago horren emaitza).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Horrenbestez, lege horrek ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. «Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketa» kasu horietako bat da.
Aztertuta geratu dira Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako Udalak sustatutako Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketari (hemendik aurrera, Plan Bereziaren Aldaketa) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatuko dudala, jarraian jasotzen diren baldintzetan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Beste plan batzuekiko harremanak.
Aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz, indarreko Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezia (hemendik aurrera, Plan Berezia) 2014ko otsailaren 27an onartu zuen behin betiko Donostiako Udalak; Donostiako Hirigintza Ondare Eraikiaren Katalogoan (hemendik aurrera, Katalogoa) txertatu beharreko multzoen, eraikinen eta elementuen zerrenda zehaztea da Plan Bereziaren helburua, multzo, eraikin eta elementu horiek tratatzeko eta babesteko araubidea ezartzeaz gain. Katalogoan sartuko diren elementuek babesa justifikatzeko kultura-balioak eduki beharko dituzte. Elementu bat Katalogoan txertatzeak aurreikusita dauden sei kategorietako batean sailkatzea dakar berekin.
Plan Bereziko zehaztapenek ez dute aldez aurretik juzgatzen katalogatutako elementuei edo elementu horiekin loturiko lurzoruari aplikatu beharreko hirigintza-erregimena; alabaina, eragina dute katalogatutako elementuei buruzko esku-hartzeak egiteko lizentziak emateko prozesuan.
Planteaturiko jarduketaren helburua: planteatutako Plan Bereziaren Aldaketaren helburua da 2014an onetsitako Plan Berezian sartuta zeuden baina Plan Berezian txertatu ez ziren 48 elementuez eta unitateez osatutako multzoa baloratzea. Horretaz gain, «CE.02 Portua» eta «CE.03 Alde Zaharra» hirigintza-esparruetako elementuak ere txertatzen dira.
Plan Bereziaren Aldaketak ez du inolako eraginik katalogaziorako irizpideetan edo arau-xedapenetan, ezta indarreko Plan Berezian zehaztutako ordenantza orokorretan ere. 48 elementu horiek txertatzeak esan nahi du aurreikusitako sei kategorietako batean sailkatuko dela elementu haietako bakoitza eta, horrenbestez, dagokien kategoriari buruzko ordenantza berezien eraginpean egongo direla.
Planteatutako aldaketaren helburuak:
– Donostiako Katalogoan txertatu beharreko multzo, eraikin eta elementuen zerrenda zehaztea.
– Multzo, eraikin eta elementu horiek tratatzeko eta babesteko araubidea ezartzea.
– Eraikin katalogatuetako zati eta/edo solairu babestu gabeetan zein katalogatu gabeko «a.21. Antzinako zabalguneko bizitegia» tipologiako eraikinetan esku hartzeko baldintza estetikoak eta abarrak zehaztea.
Eraginak: Plan Bereziaren Aldaketaren garapenaren ondorioz gauzatuko diren jarduketak, funtsean, Katalogoan txertatzeko proposatutako zenbait elementuren mantentze- edo birgaitze-lanekin lotuta daude. Horregatik, aurreikusitako ingurumen-eraginak lotuta daude mantentze- eta birgaitze-lanen fasean gerta litezkeenekin (partikulak atmosferara igortzea; soinuak eta bibrazioak; biztanleei eragozpenak sortzea; ustekabeko isurketak; lurzorua hartzea, eta abar).
Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eraginetako bat hau izango litzateke: Katalogoan txertatutako elementuetarako bisitaldiek gora egingo dute, eta horrek garrantzi berezia izango du natura-elementu interesgarriak dituzten tokietako elementuetan; bestalde, Katalogoak baztertu egiten du halako elementuetan eragin negatibo esanguratsurik gertatzeko arriskua, eta zenbait neurri proposatzen ditu hori horrela izango dela bermatzeko.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen beste proiektu batzuetarako markoa: aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Plan Bereziaren Aldaketak ez du biltzen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik beharko luketen proiektuak garatzeko zehaztapenik. Idatzitako Planak inolaz ere ezingo ditu irizpide edo baldintzatzaileak eduki, besteak beste, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa beharko luketen proiektuen kokapen, ezaugarri, dimentsio edo funtzionamenduaren inguruan, eta ezingo du ezarri modu espezifiko eta identifikagarrian nola eman behar diren ingurumen-ebaluazioko araudian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuen baimenak.
b) Plana zer neurritan den bateragarria beste plan eta programa batzuekin: ez da hauteman bateraezintasunik hierarkiako goragoko plangintzarekin. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketa izapidetzeko lanak indarrean den Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra sortzeko eta izapidetzeko prozesuaren aldi berean eta/edo osagarri gisa egin ziren. Gainera, nola Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan hala Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialean aipatzen da ezinbestean babestu behar dela ondare arkitektonikoa, lurralde- eta hirigintza-plangintzako baliabideen bitartez.
c) Plana egokia da ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: Plan Bereziaren Aldaketan bildutako proposamenek ez dute galarazten garapen jasangarria sustatzeko irizpideak osatzea. Hirigintza-dokumentuan zenbait jomuga eta jarduketa txertatu dira, hala nola erabilera arduratsuaren aldeko konpromisoa izango duen hiriaren eredu baterantz aurrera egitea, ingurune osasungarria bermatzea, eta nola biodibertsitatea hala hiriko zerbitzuak babestea, gordetzea eta partekatzea, besteak beste.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Alderdi hori desberdina da Katalogoan txertatzeko proposaturiko elementuaren kokapenaren arabera; zehazki, hirian bertan kokatutako elementuek ingurumen-arazo jakin batzuk dituzte, eta kanpoaldean daudenek, berriz, beste batzuk. Baina, oro har eta espedientean ekarritako informazioa aztertuta, aurreikus daitezkeen ingurumen-efektuak bereziki lotuta daude Plan Bereziaren Aldaketaren ondorioz Katalogoan txertatuko diren elementuen mantentze- edo birgaitze-lanen fasean eragingo liratekeen ingurumen-efektuekin. Halaber, beste ingurune-efektu batzuk ere sortuko dira beharbada, katalogatutako zenbait elementutarako bisitaldiek gora egingo dutelako; horrek garrantzi berezia izango luke hirigunetik kanpoko gunetan kokatutako zenbait elementutan, zehazki, natura-elementu interesgarriak dituzten tokietako elementuetan.
e) Plan Bereziaren Aldaketa egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legedia (erkidegokoa eta estatukoa) txertatzeko.
2) Gerta litezkeen efektuen eta efektu horiek jasateko arriskuan egongo litzatekeen gunearen ezaugarriak.
Gerta litezkeen efektuen eta efektu horiek jasateko arriskuan egongo litzatekeen gunearen ezaugarriei dagokienez, Plan Bereziaren zehaztapenak eta ebazpen honetako aurreko ataletan deskribatutakoa kontuan izanik, ez da aurreikusten ingurumen-efektu adierazgarririk izango denik Plana gauzatzearen ondorioz.
3) Neurri babesle eta zuzentzaileak: neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean jasotakoarekin bat etorriz. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:
– Ahalegina egin beharko da bermatzeko Donostiako Katalogoan bildutako elementuen mantentze- eta birgaitze-proiektuak gauzatzean langileek jardunbide egokien eskuliburua erabiltzen dutela.
– Hirigintza-dokumentuan bildutako elementuen inguruan egin beharreko mantentze- eta birgaitze-lanetarako proiektuetan, ohartarazi egin beharko da lan horiek hartutako lekua ez dela izango beharrezkoa baino handiagoa, nola lana bera egiteko behar den espazioa hala materialak gordetzeko, instalazio lagungarrietarako eta abarretarako behar dena kontuan izanik. Halaber, lanak hartutako lekuak behar bezala hesituta egon behar duela ere adierazi beharko da.
– Dagoen landaredia babestea: ahal dela, jarduketa-guneetan dauden berdeguneak bere horretan utziko dira.
Ezinbestekoaz haraindiko efekturik ez da eragingo leku horietako landaredian. Natura-intereseko elementuak dituzten lekuetan muturreraino eramango dira neurriak: zuinkatzeak egitea, hesiak instalatzea, balio handieneko zuhaitzak markatzea, etab.
Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Lurren eta soberakinen kudeaketa: katalogatutako elementuen mantentze- eta birgaitze-lanetan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.
Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotako zirkunstantzietako bat agertuz gero, lurzoruaren kalitateari buruzko deklarazioa, arau honetan aurreikusitakoa, izapidetu beharko da. Horrez gainera, kutsadura-zantzurik detektatuz gero, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Urak babestea: aurreikusitako jarduketek dirauten bitartean, azaleko uretara ahalik eta solido gutxien arrastatzeko neurri guztiak hartuko dira, eta beharrezkoa izanez gero, dekantagailuak, sedimentu-tranpak edota iragazkiak baliatuko dira, besteak beste.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Lehentasun hori kontuan izanik, katalogatutako eraikinen mantentze- eta birgaitze-proiektuetan aintzat hartu beharko dira, ahal dela, eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.
– Energia. Iturri ez-berriztagarrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
– Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
– Garbiketa: Plan Bereziaren Aldaketan txertatutako elementuen inguruan egin beharreko mantentze- eta birgaitze-proiektuetan jasota geratuko da ezinbestean egin beharko dela sakoneko garbiketa, baita mantentze- eta birgaitze-lan horiek ongi errematatu behar direla ere, aldi baterako lan horien eraginpeko tokiak kontuan izanda.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean xedatuta dagoenari jarraituz, mantentze- eta birgaitze-lan horietan aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada, lanak berehala geldiarazi beharko dira eta, ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari emango zaio horren berri, hark erabaki dezan nola jokatu behar den kasu bakoitzean.
Bigarrena.– Plan Bereziaren Aldaketak ingurumen-efektu kaltegarri esanguratsurik izango ez duela zehaztea, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, eta horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egingo.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari eta M.E.L. jaunari jakinaraztea, interesduna den aldetik.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, «Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren Aldaketa» onartzen ez bada. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 11.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.