EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2018147

1/2018 FORU DEKRETU-ARAUA, ekainaren 19koa, sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga, eta Zergen Foru Arau Orokorra aldatzen dituena, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean abenduaren 28ko 10/2017 Legeak sartu dituen aldaketak haien barruan txertatzeko.

Organo emailea: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Xedapenaren zenbakia: 201800001
Xedapenaren data: 2018-06-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201803929
Maila: Foru Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2005/07/01ean argitaratutako 2005/03/08ko 200500002 FORU ARAUA aldatzen du
  • 2014/02/19an argitaratutako 2014/01/17ko 201400002 FORU ARAUA aldatzen du
  • 2015/02/04an argitaratutako 2014/12/10reko 201400016 FORU ARAUA aldatzen du

Abenduaren 28ko 10/2017 Legearen bidez onartu zen aldatzea Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bitartez onartua.
Aldaketa horrek araudi autonomoko zerga itundu batzuetan du eragina, eta tributu horien eskumen normatibo eta ordainarazleak zehazteko arauak ukitzen ditu. Zehazki, ukitutako tributuak dira sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga, eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Baita du eragina Zergen Foru Arau Orokorraren edukietan.
Sartutako aldaketak figura tributario horien funtsezko araudian txertatzeko, beharrezkoa da zerga horiek erregulatzen dituzten foru arauak aldatzea.
Hortaz, aldatu behar dira urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena, abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergarena, urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Araua, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergarena, eta martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra.
Sozietateen gaineko zergari dagokionez, aldaketen artean nabarmentzekoa da 7 milioi eurotik 10 milioi eurora aldatzen dela Ekonomia Ituneko 14., 15. eta 19. artikuluetan eragiketa bolumenari dagokionez ezartzen den muga zerga ordainarazi eta egiaztatzeko garaian zer araudi den aplikagarria erabakitzeko. Horrez gain, egoitza fiskala lurralde erkidean duten subjektu pasiboen kasuan, ezartzen da haiek ikuskatzeko eskumena Foru Ogasunarena izango dela eta foru araudia aplikatuko zaiela aurreko ekitaldian 10 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean eta ekitaldi horretako eragiketa guztien ehuneko 75 edo gehiago Euskadin egin dutenean. Erregela hori beste portzentaje batekin aplikatzen zaie talde bateratuen araubide berezira bilduta dauden entitateei, zeinak Foru Ogasunak ikuskatuko baititu eta foru araudiaren pean egongo baitira, bakar-bakarrik, baldin eta aurreko ekitaldiko eragiketa guztiak Euskadin egin badituzte.
Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari dagokionez, aplikatzen diren aldaketak sozietateen gaineko zergan sartutakoen parekoak dira, eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarrek lortutako errentei eragiten diete.
Horrez aparte, aldatu beharra dago Ekonomia Itunaren 22.Lau artikuluko b) letrako kasuetan establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrei zerga ordainarazi eta itzultzeko eskumenari dagokionez aplikagarria den erregela. Izan ere, orain eskumen hori ez da zehazten likidazioa ez-egoiliarraren ordezkaritzan aurkezten duen pertsonaren zerga helbideari begiratuta; ordezkari hori ikuskatzeko eskumena zer administraziok duen begiratzen da. Orobat, berariazko konexio puntu bat arautzen da establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrei loteria eta apustu jakin batzuen sarien gaineko karga berezia ordainarazteko.
Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari dagokionez, bertan sartu behar diren aldaketak beharrezkoak gertatzen dira Ekonomia Itunak hiru kasu hauetan ere ematen diolako Foru Aldundiari zerga ordainarazteko eskumena: atzerrian bizi diren zergadunek eskualdaketak egiten dituztenean, baldin eta eskualdatutako ondasunen eta eskubideen baliorik gehiena Gipuzkoan kokatutakoei badagokie, lurralde espainiarrean egoiliar ez diren kausatzaileen oinordetzak daudenean, baldin eta oinordekoa Gipuzkoan bizi bada, eta Gipuzkoako egoiliarrei atzerrian kokatutako higiezinak dohaintzan ematen zaizkienean. Orobat, aldatu beharra dago orain arte aplikatutako erregela, zeinak ezartzen baitzuen Foru Aldundiak lurralde erkideko araudia aplikatuko duela baldin eta kausatzaileak edo dohaintza-hartzaileak egoitza Euskadin eskuratu duenetik zerga ordaindu beharra sortu arte 5 urte baino gutxiago pasa badira. Erregela berriaren arabera, araudi hori aplikatuko da baldin eta, zergaren sortzapena gertatu aurreko bost urteen barruan, kausatzaileak edo dohaintza-hartzaileak egun gehiago pasa baditu lurralde erkidean, datatik datara kontatuak.
Azkenik, Ekonomia Itunean sartutako aldaketek Zergen Foru Arau Orokorrean duten eraginarekin lotuta, hainbat alderdi egokitu behar dira, hala nola ordainarazteko eta ikuskatzeko eskumenen koordinazioa eskumen horiek aplikatzea administrazio bati baino gehiagori dagokionean, konexio puntuak pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen identifikazio fiskaleko zenbakia ematean eta errebokatzean, edo delitutik eratorritako isuna eta erantzukizun zibila ordainarazteko eskumena.
Foru arau horietan egin behar diren aldaketak 10/2017 Legea indarrean jartzean sortutako ondorio berdinekin sartu behar direnez Gipuzkoako ordenamendu juridikoan, beharrezkoa da aldaketa horiek lehenbailehen onartzea.
Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du presazko arrazoiak daudenean Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen berezi horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.
Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.
Horiek horrela, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Sozietateen gaineko zerga aldatzea.
2017ko abenduaren 30etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:
Bat.– 2. artikulua honela geratzen da idatzita:
«2. artikulua.–Aplikazio eremu subjektiboa.
1.– Zerga egoitza Gipuzkoan duten zergadunei aplikatuko zaie foru arau honetan xedatutakoa.
Hala ere, zergadunak aurreko paragrafoan xedatutakotik kanpo geratuko dira bi egoera hauetan sartuta badaude:
– Aurreko ekitaldian 10 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean.
– Ekitaldi horretan egindako eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago lurralde erkidean egin dutenean, edo Euskadin egindako eragiketa guztiak beste bi lurralde historikoetako batean edo bietan egin dituztenean.
2.– Zerga egoitza Araban edo Bizkaian duten zergadunei ere foru arau honetan xedatutakoa aplikatu zaie, baldin eta ondoko baldintza hauek betetzen badira:
– Aurreko ekitaldian 10 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean.
– Ekitaldi horretan, eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago lurralde erkidean egin ez dutenean.
– Ekitaldi horretan, Euskadin egindako eragiketa guztiak Gipuzkoan egin direnean, edo Gipuzkoan eta zerga-egoitzarik ez duen beste lurralde historiko batean eginak izanik, eragiketa bolumenaren proportziorik handiena Gipuzkoari dagokionean.
3.– Orobat, zerga egoitza lurralde erkidean duten zergadunei ere foru arau honetan xedatutakoa aplikatu zaie, hiru baldintza hauek betetzen dituztenean:
– Aurreko ekitaldian 10 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean.
– Eragiketa bolumenaren ehuneko 75 edo gehiago Euskadin egin dutenean, salbu eta zergadunak talde fiskal baten parte badira, zeren eta, horrelakoetan, foru araudia aplikagarria izango baita baldin eta ekitaldi horretan eragiketa guzti-guztiak Euskadin egin badira.
– Gipuzkoan egindako eragiketa bolumena beste lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino handiagoa denean.
4.– Foru arau honetan xedatutakoa interes ekonomikoko taldeei eta aldi baterako enpresa elkarteei ere aplikatuko zaie, haiek osatzen dituzten guztiak edozein lurralde historikotako foru araudiari lotuta badaude eta haien zerga egoitza Gipuzkoan kokatuta badago, edo, lurralde erkidean kokatuta egonik, Gipuzkoan egindako eragiketa bolumena beste lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino handiagoa bada.
Hala ere, aurreko paragrafoan aipatutako interes ekonomikoko taldeek edo aldi baterako enpresa elkarteek Araban edo Bizkaian badute zerga egoitza, eta hori hala izanik ere, lurralde historiko horretan ez badute egiten eragiketa bolumena kalkulatzeko zenbatu behar den eragiketarik, foru arau honetan xedatutakoa aplikatu beharko dute Gipuzkoan egindako eragiketa bolumena beste lurralde historiko horretan egindakoa baino handiagoa denean.
Entitate horiek bazkideei egotzi behar diete lurralde batean zein bestean egindako eragiketetan dagokien zatia, eta bazkideek kontuan hartu behar dute zati hori euren eragiketen proportzioa zehazteko.
5.– Foru arau honetan talde fiskaletarako araututako zerga araubidea aplikagarria izango da baldin eta entitate nagusiari, aurreko 1etik 3ra bitarteko apartatuetan xedatutakoarekin bat etorriz, foru arau hau aplika badakioke, eta menpeko entitate guztiei edozein lurralde historikotako sozietate zergaren araudia aplikagarri bazaie.
Talde fiskalak eratuta badaude foru arau honen 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran, foru arau honetan ezarritako zerga araubidea aplikagarria izango zaie baldin eta aurreko ekitaldian eragiketa bolumen gehien izan duen entitateari foru arau honetan xedatutakoa aplika badakioke, eta taldeko gainerako entitateei edozein lurralde historikotako sozietate zergaren araudia aplikagarri bazaie.
Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, lurralde erkideko araubideari lotuta dauden entitateak talde fiskaletik kanpo daudela joko da.»
Bi.– 3. artikulua honela geratzen da idatzita:
«3. artikulua.– Zergaren ordainarazpena.
1.– Zerga ordainaraztea Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio:
a) Berari bakarrik, zergadunaren zerga egoitza Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean eta aurreko ekitaldian izan duen eragiketa bolumena 10 milioi eurotik gorakoa ez denean.
b) Ekitaldian zehar Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren proportzioan, baldin eta aurreko ekitaldiko eragiketa bolumena 10 milioi eurotik gorakoa izan bada.
2.– Talde fiskalek, kasu guztietan, Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren arabera ordainduko diote zerga Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Ondorio horietarako, Gipuzkoan egindako eragiketa bolumena kalkulatzeko, batu edo metatuko dira talde fiskaleko entitate bakoitzak Gipuzkoan egindako eragiketak, taldeen artean bidezko ezabatzeak egin aurretik.».
Hiru.– 132. artikulua honela geratzen da idatzita:
«132. artikulua.– Zergaren ikuskapena.
1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak kasu hauetan egingo du zergaren ikuskapena:
a) Zergadunaren zerga egoitza Gipuzkoan dagoenean, salbu eta zergadunak aurreko ekitaldian 10 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan duenean eta ekitaldi horretan egindako eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago lurralde erkidean egin duenean edo, bestela, Euskadin egindako eragiketa guztiak beste bi lurralde historikoetako batean edo bietan egin direnean.
b) Zergadunaren zerga egoitza Araban edo Bizkaian dagoenean, baldin eta aurreko ekitaldiko eragiketa bolumena 10 milioi eurotik gorakoa izan bada, ekitaldi horretan ez badu egin lurralde erkidean bere eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago, eta ekitaldi horretan Euskadin egin dituen eragiketa guztiak Gipuzkoan egin badira, edo, Araban eta zerga egoitzarik ez duen beste lurralde historiko batean egin baditu, eragiketa bolumenaren proportziorik handiena Gipuzkoari badagokio.
c) Zergadunaren zerga egoitza lurralde erkidean badago, aurreko ekitaldiko eragiketa bolumena 10 milioi eurotik gorakoa izan bada, ekitaldi horretan bere eragiketa guztien 100eko 75 edo gehiago Euskadin egin baditu eta, gainera, ekitaldi horretan Gipuzkoan egindako eragiketei beste bi lurralde historikoetan egindakoei baino proportzio handiagoa badagokie. Salbuespena izango da zergadunak talde fiskal bateko parte direnean, zeren eta, horrelakoetan, ikuskatzeko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango da bakar-bakarrik, baldin eta aurreko ekitaldiko eragiketa guztiak Euskadin egin badira, eta, ekitaldi horretan Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren proportzioa handiagoa bada beste lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino.
2.– Ikuskapen jarduketak egiteko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudiari jarraituko zaio, gainerako administrazioekin elkarlanean aritzea eragotzi gabe.
Ikuskapen jarduketen ondorioz zorren bat ordaindu edo kopururen bat itzuli behar dela agertzen bada, eta zor edo kopuru hori hainbat administraziori badagokie, kobrantza edo ordainketa Gipuzkoako Administrazioak egingo du, eta, gero, administrazioek konpentsazioak egingo dituzte euren artean, hala badagokio. Organo ikuskatzaileek euren jardunaren emaitzen berri emango diete ukitutako gainerako administrazioei.
3.– Ikuskapen jarduketak Gipuzkoako Foru Aldundia ez den beste administrazio batek eginez gero, egindakotzat joko dira Gipuzkoako Foru Aldundiari egiaztapen eta ikerketa arloan dagozkion ahalmenak eragotzi gabe. Ahalmen horiek baliatuta Aldundiak egiten dituen jarduketek ezingo dute ondorio ekonomikorik izan zergadunengan, administrazio eskudunetako organoen jarduketetatik ondorioztatutako behin betiko likidazioei dagokienez.
Zehazki, ikuskatzeko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena ez denean, Aldundiak zilegi izango du eragiketa bolumenaren kalkuluan eragin dezaketen eragiketa guztiak egiaztatzea, non egin diren kontuan hartu gabe, egindako guztia administrazio eskudunari jakinarazteko ez beste ezertarako.
4.– Administrazio eskudunak egiaztapenetan finkatutako proportzioek likidatutako betebeharrei dagokienez sortuko dituzte ondorioak zergadunarentzat, baina horrek ez du eragotziko egiaztapen horien ondoren bi administrazioen artean behin betiko beste batzuk onartzea.
5.– Foru arau honen VI. tituluko VI. kapituluan xedatutakoaren arabera tributatzen duten talde fiskalen zerga ikuskatzea Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio entitate nagusia ikuskatzeko eskumena ere Aldundiarena denean aurreko 1. apartatuan jasotakoarekin bat etorriz.
Talde fiskalak eratuta badaude foru arau honen 85.1 artikuluko bigarren paragrafoan ezarritako eran, talde fiskala ikuskatzeko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango da baldin eta aurreko ekitaldian eragiketa bolumen gehien izan duen entitatea ikuskatzeko eskumena ere Gipuzkoako Foru Aldundiari badagokio aurreko 1. apartatuan jasotakoarekin bat etorriz.»
2. artikulua.– Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga aldatzea.
Aldaketa hauek sartzen dira Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauan:
Bat.– 2017ko abenduaren 30etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, honela geratzen dira idatzita 2. artikuluaren 1. apartatuko b) eta d) bitarteko letrak:
«b) Lurralde espainiarrean egoitzarik ez duten pertsona fisikoei edo entitateei, errentak Gipuzkoan helbideratutako establezimendu iraunkorraren bidez lortzen dituztenean, salbu eta haiengan bi zirkunstantzia hauek betetzen badira:
– Aurreko ekitaldian 10 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean.
– Ekitaldi horretan egindako eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago lurralde erkidean egin dutenean, edo Euskadin egindako eragiketa guztiak beste bi lurralde historikoetako batean edo bietan egin dituztenean.
c) Lurralde espainiarrean egoitzarik ez duten pertsona fisikoei edo entitateei, errentak Araban edo Bizkaian helbideratutako establezimendu iraunkorraren bidez lortzen dituztenean, betiere hiru baldintza hauek betetzen badira:
– Aurreko ekitaldian 10 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean.
– Ekitaldi horretan, eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago lurralde erkidean egin ez dutenean.
– Ekitaldi horretan, Euskadin egindako eragiketa guztiak Gipuzkoan egin direnean, edo Gipuzkoan eta zerga-egoitzarik ez duen beste lurralde historiko batean eginak izanik, eragiketa bolumenaren proportziorik handiena Gipuzkoari dagokionean.
d) Lurralde espainiarrean egoitzarik ez duten pertsona fisikoei eta entitateei, errentak lurralde erkidean helbideratutako establezimendu iraunkorraren bidez lortzen dituztenean, betiere hiru baldintza hauek betetzen badira:
– Aurreko ekitaldian 10 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean.
– Eragiketa bolumenaren ehuneko 75 edo gehiago Euskadin egin dutenean, salbu eta zergadunak talde fiskal baten parte badira, zeren eta, orduan, foru araudia aplikagarria izango baita, soil-soilik, baldin eta ekitaldi horretan eragiketa guzti-guztiak Euskadin egin badira.
– Gipuzkoan egindako eragiketa bolumena beste lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino handiagoa denean.»
Bi.– 2. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:
«2.– Zergadunak, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren araudian ezarritako baldintzak betetzeagatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan tributatzea hautatzen badu, hautazko araubidea aplikatzeko lurralde historiko honetako araudia hartuko da kontuan, baldin eta Euskadin lortutako errenta Espainian lortutako errenta osoaren zatirik handiena bada, eta, Euskadin lortutako horretatik, Gipuzkoan lortutakoak beste lurralde historikoetako bakoitzean lortutakoa gainditzen badu.
Zergadunak itzulketarako eskubidea badu, Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo dio itzulketa, errentak Espainiako lurraldearen barruan non lortu diren kontuan hartu gabe.»
Hiru.– 2017ko abenduaren 30etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, honela geratzen da idatzita 2. artikuluaren 3. apartatuko b) letra:
«b) Lurralde espainiarrean egoitzarik ez duten pertsona fisiko edo entitateek establezimendu iraunkorraren bitartez lortutako errentak badira:
a’) Ordainarazpena Aldundiari bakarrik dagokio zergadunaren zerga helbidea Gipuzkoan dagoenean eta aurreko ekitaldiko eragiketa bolumena 10 milioi eurotik gorakoa izan ez denean.
b’) Ordainarazpena Aldundiari bakarrik dagokio zergadunak Gipuzkoan bakarrik jarduten duenean eta aurreko ekitaldiko eragiketa bolumena 10 milioi eurotik gorakoa izan denean, zerga egoitza edonon dagoela ere.
c’) Ekitaldiaren barruan Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren proportzioan, zergadunak Gipuzkoan ez ezik beste lurralde batean ere jarduten duenean, lurralde erkidea izan edo foru lurraldea izan, eta aurreko ekitaldiko eragiketa bolumen osoa 10 milioi eurotik gorakoa izan denean, zerga helbidea edonon dagoela ere.»
Lau.– 13. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:
«4.– Aurreko 2. apartatuko f) eta g) letretan, h) letraren a’) letran eta k) letraren a’) eta c’) letretan jasotako kasuetan, bai eta 3. apartatuan aipatutako kasuan ere, entitate pribatuek edo establezimendu iraunkorrek ordaindutako errenten honako kopuru hauek hartuko dira Gipuzkoan lortu edo produzitutakotzat:
a) Entitate edo establezimendu iraunkor horiek Gipuzkoan bakarrik tributatzen badute, ordaintzen dituzten errenta guztiak.
b) Entitate edo establezimendu iraunkor horiek aldi berean Gipuzkoako Zerga Administrazioan eta beste zerga administrazio batzuetan tributatzen badute, Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren proportzioan ordaintzen diren errenten zatia.
Hala ere, letra honetan jasotako kasuetan, Gipuzkoako Zerga Administrazioak eskumena izango du etekin guztiak ordainarazteko, bai eta ez-egoiliarrei bidezko itzulketak egiteko ere, baldin eta likidazioa ez-egoiliarraren izenean aurkezten duten pertsonak, entitateak edo establezimendu iraunkorrak ikuskatzeko eskumena Gipuzkoako Zerga Administrazioari badagokio. Horrek ez du kentzen beste administrazioei behar den konpentsazioa egitea entitate ordaintzaileak haien lurraldeetan egindako eragiketa bolumenari dagokion zatiarengatik.»
Bost.– 40. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1.– Zerga honen zergadunak, Europar Batasuneko estatu kide batean egoitza duen pertsona fisikoa izanik, frogatzen badu bere ohiko helbide edo bizilekua Europar Batasuneko estatu kide batean finkatua duela, Gipuzkoan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadun gisa tributatzea hautatu ahal izango du, baldin eta jarraian aipatzen diren errentak ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan zergapetu badira zergaldiaren barruan, eta gainera, zirkunstantzia hauek betetzen badira:
a) Ekitaldian, Espainian, lanaren eta jarduera ekonomikoen etekinengatik gutxienez bere errenta osoaren 100eko 75 lortzea.
b) Ekitaldian, Euskadin lortutako errenta Espainian lortutako errenta osoaren zatirik handiena izatea.
c) Ekitaldian, Gipuzkoako Lurralde Historikoan lortutako errenta beste bi lurralde historikoetako bakoitzean lortutakoa baino handiagoa izatea.
Aurreko a) eta b) letretan jasotakoaren ondorioetarako, errentak beren zenbateko garbien arabera kalifikatu eta konputatuko dira, azaroaren 28ko 35/2006 Legeak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari eta Sozietateen, Ez-egoiliarren Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Legeen aldaketa partzialari buruzkoak, jasotakoari jarraituz.
Aurreko c) letran xedatutakoaren ondorioetarako, errentak beren zenbateko garbien arabera kalifikatu eta konputatuko dira, urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, jasotakoari jarraituz.»
Sei.– Seigarren xedapen gehigarriaren 1. eta 2. apartatuak honela geratzen dira idatzita:
«1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak hemezortzigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuko a) letran aipatzen dituen sariei, establezimendu iraunkorrik gabeko zergadunek lortutakoak badira, karga berezi bat ezarriko zaie zerga honetan, foru arauan xedatutako eran eta jarraian ezartzen diren berezitasunak kontuan hartuta, baldin eta saritutako apustuaren edo loteriako dezimo, zatiki edo kupoiaren salmenta puntua Gipuzkoan badago.
2.– Xedapen gehigarri honetan aurreikusten diren sariei atxikipena edo konturako sarrera aplikatuko zaie, foru arau honen 31. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Halaber, atxikipena edo konturako sarrera egiteko obligazioa egongo da, saria, zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen batean xedatutakoagatik, salbuetsita dagoenean.
Atxikipena Gipuzkoako Foru Aldundiari ordainduko zaio saritutako apustuaren edo loteriako dezimo, zatiki edo kupoiaren salmenta puntua Gipuzkoan dagoenean.
Atxikipena edo konturako sarrera 100eko 20 izango da. Atxikipenaren edo konturako sarreraren oinarria karga bereziaren zerga oinarriaren zenbatekoa izango da.»
3. artikulua.– Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga aldatzea.
Aldaketak sartzen dira Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauaren 2. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan, eta honela geratzen dira idatzita:
«1.– Foru arau honetan xedatutakoa betebehar pertsonalarengatik aplikatuko da, zergadunak Espainian duenean ohiko bizilekua, honako kasuotan:
a) «Mortis causa» eskurapenetan, sortzapenaren egunean kausatzailearen ohiko bizilekua Gipuzkoan dagoenean.
b) Bizitza aseguruen onuradunek aseguratuaren heriotzarengatik kopuruak jasotzen dituztenean, sortzapenaren egunean aseguratuaren ohiko bizilekua Gipuzkoan dagoenean.
c) Ondasun higiezinen eta haien gaineko eskubideen dohaintzetan, ondasun horiek Gipuzkoan daudenean. Ondasun higiezinak atzerrian badaude, sortzapenaren egunean dohaintza-hartzailearen ohiko bizilekua Gipuzkoan dagoenean.
Ondorio horietarako, ondasun higiezinen dohaintzatzat hartuko dira urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Balore Merkatuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, 314. aipatzen dituen baloreen doako eskualdaketak.
d) Gainerako ondasun eta eskubideen dohaintzetan, baldin eta sortzapenaren egunean dohaintza-hartzailearen ohiko bizilekua Gipuzkoan badago.
Aurreko a) eta b) letretan aurreikusitako kasuetan, kausatzailearen bizilekua atzerrian badago, foru arau honetan xedatutakoa aplikatuko da zergadunaren bizilekua Gipuzkoan dagoenean.
Aurreko a), b) eta d) letretan ezarritakoa gorabehera, kausatzaileak, aseguratuak edo dohaintza-hartzaileak denboraldiko egun gehiago pasa baditu lurralde erkidean aurreko 5 urteen barruan, zergaren sortzapen egunetik kontatuta, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren lurralde erkideko arauak aplikatuko dira. Arau hori ez zaie aplikatuko Euskadiko Autonomia Estatutuaren 7.2. artikuluaren arabera euskal herritartasunaren izaera politikoa gorde dutenei.
Estatu espainiarrak eta Euskal Administrazio Publikoak atzerrian dituzten ordezkari eta funtzionarioak betebehar pertsonalarengatik egongo dira zerga honi lotuta, apartatu honetan jasotako kasuetan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren arauetan subjektu pasibo horientzat ezarrita dauden zirkunstantzia eta baldintza berberen arabera.
2.– Foru arau honetan xedatutakoa betebehar errealarengatik aplikatuko da, zergadunak atzerrian duenean bizilekua, honako kasuotan:
a) Edozein motatako ondasun eta eskubideen eskurapenetan, baldin eta, Euskadin kokatutako ondasun eta eskubideen balioa lurralde erkidean kokatutakoena baino handiagoa izanik, Gipuzkoan kokatutakoen balioa beste bi lurralde historikoetako edozeinetan kokatutakoena baino handiagoa bada.
Ondorio horietarako, ondasunak eta eskubideak lurralde jakin batean daudela joko da, lurralde horretan kokatuta daudenean, bertan erabil daitezkeenean edo han gauzatu behar direnean.
b) Bizitza aseguruen kontratuetatik eratorritako kopuruak jasoz gero, kontratua Gipuzkoan egoiliartutako aseguru-etxeekin egin denean, edo kontratua Gipuzkoan izenpetu denean bertan jarduten duten atzerriko entitateekin.»
4. artikulua.– Zergen Foru Arau Orokorra aldatzea.
Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean:
Bat.– III. tituluko II. kapituluari beste sekzio bat gehitzen zaio, 8.a, honela dioena:
«8.– sekzioa: Administrazioen arteko koordinazioa.
112 bis artikulua. Ordainarazteko eta ikuskatzeko eskumenen koordinazioa.
Bat.– Ikuskatzeko eskumena hainbat administraziori dagokienean, ordainarazpenak edo ikuskapenak egiteko eskumenak koordinatu beharko dira honako kasuotan:
a) Pertsona edo entitate lotuen artean egindako eragiketak erregularizatzen direnean.
b) Eragiketak zergadunak deklaratu ez dituen eran kalifikatzen direnean, baldin eta horrek berekin badakar jasanarazpenaren mekanismoa ezarria duten zeharkako zergetan jasan edo jasanarazitako kuotak aldatzea.
Bi.– Aurreko apartatuan aipatutako kasuetan, Zerga Administrazioak, zergadunarentzako ebazpen proposamena egin baino lehen edo dagokion ikuskapen akta formalizatu aurretik, beharrezkotzat jotzen duen erregularizazioaren egitatezko elementu eta zuzenbidezko oinarriak jakinarazi beharko dizkie ukitutako beste administrazioei.
Ukitutako beste administrazioek bi hilabeteko epean ez badute oharrik egiten ebazpen proposamenaren inguruan, proposamena onartutzat joko da, eta administrazio horiek guztiak lotetsita geratuko dira zergadunen aurrean, proposamenaren irizpideak aplikatu beharko dizkietelako.
Oharrik badago, eta koordinatu behar diren ordainarazpen eta ikuskapen eskumenak lurralde erkideko Administrazioarenak eta foru administrazio batenak edo batzuenak badira, Ekonomia Ituneko 47.ter.Hiru artikuluan jasotako prozedurari jarraituko zaio, eta, hala badagokio, artikulu horren lau apartatuan aurreikusitako ondorioak sortuko dira.»
Bi.– Paragrafo berri bat gehitzen zaio 248. artikuluaren 1. apartatuari, honela dioena:
«Apartatu honetan aipatzen diren likidazioak egiteko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango da zergapekoa ikuskatzeko eskumena Aldundi horri dagokionean Ekonomia Itunean eta zerga bakoitzaren araudian jasotakoari jarraituz. Likidazio horiek administrazio eskudun guztientzat sortuko dituzte ondorioak, bakoitzari aplikatu beharreko tributazio proportzioa ere barne, eta likidazio guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiak kobratuko ditu, administrazioen artean bidezkoak diren konpentsazioak egitea eragotzi gabe.»
Hiru.– Laugarren xedapen gehigarriaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1.– Pertsona fisiko edo juridiko guztiek eta foru arau honen 35. artikuluko 3. apartatuan aipatzen diren nortasunik gabeko entitateek identifikazio fiskaleko zenbaki bat izango dute zerga izaera edo eragina duten harremanetarako.
Pertsona juridikoek eta nortasunik gabeko entitateek zerga egoitza Gipuzkoako Lurralde Historikoan dutenean, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu beharko diote identifikazio fiskaleko zenbakia ematea.
Establezimendu iraunkorrik ez duten entitate ez-egoiliarrek Gipuzkoan egin behar badituzte tributu izaera edo eragina duten egintzak edo eragiketak, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu beharko diote eman diezaiela identifikazio fiskaleko zenbakia, salbu eta beste zerga administrazio batek aurrez identifikazio fiskaleko zenbaki bat eman badie.
Identifikazio fiskaleko zenbaki hori Foru Aldundiak emango du, ofizioz edo interesdunak eskatuta.
Identifikazio fiskaleko zenbakia errebokatzeko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango da egoitza fiskala Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean, salbu eta egiaztapenak eta ikerketak egiteko eskumena beste administrazioren bati esleituta badago, horrelakoetan, eskumena azken horrena izango baita.
Establezimendu iraunkorrik ez duten entitate ez-egoiliarren kasuan, identifikazio fiskaleko zenbakia esleitu zuen administrazioarena izango da hura errebokatzeko eskumena.
Erregelamendu bidez arautuko da identifikazio fiskaleko zenbakia esleitu eta errebokatzeko prozedura, baita hura nola osatu eta zerga izaera edo eragina duten harremanetan nola erabili behar den ere.»
Lau.– Zazpigarren xedapen gehigarriari beste apartatu bat gehitzen zaio, 5.a, eduki hau duena:
«5.– Xedapen gehigarri honetan aipatzen diren kopuruak ordainarazteko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango da zergapekoa ikuskatzeko eskumena Aldundi horri dagokionean Ekonomia Itunean eta zerga bakoitzaren araudian jasotakoari jarraituz. Ordainarazpen horrek administrazio eskudun guztientzat sortuko ditu ondorioak, bakoitzari aplikatu beharreko tributazio proportzioa ere barne, eta kopuru guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiak kobratuko ditu, administrazioen artean bidezkoak diren konpentsazioak egitea eragotzi gabe.»
AZKEN XEDAPENA
Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta 2017ko abenduaren 30etik aurrera izango ditu ondorioak, bere xedapenetan espresuki aurreikusitako ondorioak eragotzi gabe.
Dena den, 4. artikuluko lehen apartatuan sartutako aldaketa 2017ko abenduaren 30etik aurrera hasitako zergaldien erregularizazioei bakarrik aplikatuko zaie.
Donostia, 2018ko ekainaren 19a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.