EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2018145

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko eta balorizatzeko instalazioaren proiektua egiteko ingurumen-inpaktuaren txostena; proiektu hori hondakinak kudeatzeko Lapatx zentroan –Azpeitia (Gipuzkoa)– egingo da, eta Urola Erdiko Lapatx Zabortegia, S.A. sozietateak sustatu du.

Xedapenaren data: 2018-07-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201803883
Maila: Ebazpena
EGITATEZKO AURREKARIAK
2011ko maiatzaren 5eko ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Urola Erdiko Lapatx Zabortegia, S.A. sozietateari, hondakin ez arriskutsuen hondakindegiaren proiekturako, Azpeitiko udal-mugartean.
2017ko ekainaren 27an, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Urola Erdiko Lapatx Zabortegia, S.A. sozietateak egindako eskaera bat jaso zen, honekin lotuta: eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko eta balorizatzeko instalazioaren proiektua, hondakinak kudeatzeko Lapatx zentrorako (hondakin ez arriskutsuen hondakindegia), Azpeitian. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.a artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, 2017ko abuztuaren 14an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar ote zaion zehazte aldera, interesekoa izan daitekeen informazioa biltzeko.
Ildo horretan, hauei egin zaie kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza) eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, hirurak ere Eusko Jaurlaritzakoak; URA Uraren Euskal Agentziari, Eusko Jaurlaritzaren IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari, Azpeitiko Udalari, eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari.
Kontsulten izapidea amaituta, erantzunak jaso dira Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako Zuzendaritzatik eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzatik (biak Eusko Jaurlaritzakoak), Azpeitiko Udaletik, Uratik eta Ihobetik; horien emaitza espedientean dago. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da oinarriak ezartzea, ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko. Horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a artikulua aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei. Ebazpen honek aztergai duen jarduera aipatutako legearen II. eranskineko 9. taldean jasota dago. Hortaz, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean den legedia aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua aplikatu behar zaio hondakinak kudeatzeko Lapatx zentroan (Azpeitian) egin beharreko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko eta balorizatzeko instalazioaren proiektuari, zeina Urola Erdiko Lapatx Zabortegia, S.A. sozietateak sustatu baitu. Prozedura horren bidez zehaztuko da proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak dituen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arrunta aplikatu behar zaion.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.
Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea honako proiektu honen gainean: hondakinak kudeatzeko Lapatx zentroan (Azpeitian) egin beharreko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko eta balorizatzeko instalazioaren proiektua, zeina Urola Erdiko Lapatx Zabortegia, S.A. sozietateak sustatu baitu. Hau da txostenaren edukia:
A) Proiektuaren xedea da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko eta balorizatzeko instalazioa jartzea lehengo isurketa-biltegi bateko eremu zigilatuan, hauen artean dagoen espazioan: konposta egiteko instalazioa, eta hondakin ez arriskutsuen Lapatx hondakindegiko –Azpeitia (Gipuzkoa)– hondakinen biltegiratze kontrolatua egiteko egokitutako biltegia.
B) Hondakin ez arriskutsuak balorizatzeko planta instalatzeak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:
1) Proiektuaren ezaugarriak:
Egin nahi den proiektua honetan datza: eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatu eta balorizatzeko instalazio mugikorra jartzea gaur egungo Lapatx hondakindegiko instalazioen barruan.
Tratatzeko eta balorizatzeko lerroa lehengo isurketa-biltegi bateko eremu zigilatu batean kokatuko da, konposta egiteko instalazioaren eta hondakinen biltegiratze kontrolatua egiteko egokitutako biltegiaren artean dagoen espazioan.
Aurrez ikusitakoaren arabera, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko gaitasuna urteko 18.500 t ingurukoa izango da. Obra handietatik, obra txikietatik, eraispenetatik eta antzeko beste batzuetatik datozen hondakinak jasoko ditu eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatu eta balorizatzeko lerroak.
– LER 17 01 01 kodeko hormigoia (10 t/urtean gehienez).
– LER 17 01 02 kodeko adreiluak (10 t/urtean gehienez).
– Hormigoizko teilak, adreiluak, teilak eta material zeramikoak, substantzia arriskutsurik ez dutenak, LER 17 01 07 kodekoak (10 t/urtean gehienez).
– LER 17 02 01 kodeko zura (330 t/urtean gehienez).
– LER 17 02 03 kodeko plastikoa (100 t/urtean gehienez).
– LER 17 04 07 kodeko metal nahasiak (170 t/urtean gehienez).
– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakin nahasiak, LER 17 09 04 kodekoak (1.000 t/urtean gehienez).
Jarduera hori egiteko, pabiloi bat eraikiko da, dagoen estalpearen luzapen gisa, eta, hor, dagoeneko banatuta duden hondakinen zati bat balorizatu eta pilatu egingo da, baimendutako kudeatzailera eraman arte. Hondakindegian dauden beste instalazio batzuk ere erabiliko dira; esaterako: baskula, gurpilak garbitzekoa, instalazioak drainatzeko sareko urak hartzen dituen lixibiatuen baltsa, urak kolektorera bideratzen dituen araztegia eta kontrol-etxola.
– Instalazioak; hondakinak balorizatzeko instalazioaren prozesua.
Hondakinak kudeatzeko zentroak honako hauek ditu: hondakin ez arriskutsuen biltegi kontrolatu bat, hondakinen biltegi alternatibo bat (garbigunea) eta konposta egiteko instalazio bat.
Egin nahi den jarduera berrirako, hondakinak pilatzeko 4 eremu desberdin egongo dira, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinaren izaeraren arabera: bat, hormigoi garbiarentzat; beste bat, zeramiko garbiarentzat; beste bat, misto garbiarentzat; eta, beste bat, material balorizagarriekin nahastutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinentzat. Azken horrek beste kokaleku bat izango du, nahasteak ekiditeko.
Gainera, sarbideak kontrolatzeko sistema, pisatzeko eremua eta baskula aprobetxatzen dira kudeatu beharreko karga zehazteko, bai eta dagozkion ikuskapenak ere, horiek onartzeko irizpideak zehazteko, indarrean dagoen araudiaren arabera. Halaber, tratamendu-eremura sartzeko, gaur egun dagoen bidea erabiltzen da, trafiko astuna jasotzeko prestatuta baitago.
– Hondakinen tratamendua: hormigoi garbiko, zeramiko garbiko eta mistoko hondakinak birringailu batetik pasatzen dira, eta, gero, bahe batetik.
Balorizagarriekin nahastutako eraikuntzako hondakinak bahe batetik pasatzen dira, eta, hor, xeheak bereizten dira; horien frakzio ez balorizagarriak zuzenean doaz hondakindegira. Gainerakoak bereizketa-kabina batetik (hondakinak bereizteko instalazioa) igarotzen dira –iman bidez, haizagailu bidez eta/edo eskuz eginiko bereizketa bidez–, betiere hondakin-motaren arabera. Ondoren, birrindu egiten da hortik lortzen den material ez balorizagarria.
Produktu hauek lortzen dira: hormigoizko agregakin birziklatua eta nahasteko agregakin birziklatua.
Aurrez ikusitakoaren arabera, prestatze-, bereizte-, tratatze- eta balorizatze-lanetatik datorren errefusak sortutako hondakin ez arriskutsuen kopurua (LER 19 12 eta 19 12 12 kodeak) urteko 500 t baino txikiagoa izango da. Horiek kudeatzaile baimendu bati entregatuko zaizkio (horien balorizazioa bideragarria bada teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenari dagokionez), edo hondakindegian bertan bilduko dira, azken konformaziorako, behin betiko zigilatzeko. Betiere, sortutako hondakinak inerteak edo ez arriskutsuak izango dira.
– Obrak.
Dagoen plataforma egokitzeko obrak dira instalazioa jartzeko aurrez ikusita dauden obra bakarrak: maldak doitzea, jariatze-urak bideratzeko xeheak eta hidrokarburoak banatzeko gune baterantz.
– Isuriak.
Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren sarera isurtzeko baimena dauka instalazioak.
2) Proiektuaren kokapena:
Hondakin ez arriskutsuen Lapatx hondakindegia, non kokatuko baita eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko eta balorizatzeko instalazioa, Azpeitiko udal-mugartean dago, Gipuzkoan.
Hondakindegia kokatuta dagoen sektorea Errezil ibaiaren ezkerraldean dago, 250 metro inguruko distantziara.
Jarduera jarri nahi den tokiaren inguru hurbilean ez dago lurzoru naturalik, hondakinez okupatuta baitago; beraz, ez da okupatuko lurzoru naturalik.
Hondakinak kudeatzeko zentroaren inguruko landaredia honako hauek osatzen dute: baso-sailak eta harizti azidofiloak eta harizti/baso misto atlantikoa. Instalazio berriaren eremuan ez dago landarerik.
Partzela inbentariatuta dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo kutsa zezaketen jarduerak izan dituen lurzoru gisa, 20018-00109 Gipuzkoa kodearekin.
Ingurumenari dagokionez, kudeaketa-zentroaren inguru hurbilean ez da nabarmentzen bestelako elementu garrantzitsurik.
3) Proiektuak izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak, batetik, obra-fasearen eta, bestetik, ustiapen-fasearen ondorioz sortuko dira. Hauek dira nabarmentzekoak:
– Obra-fasea.
Gainazalak egokitzeko egin behar diren lur-mugimenduak. Aurreko ataletan aipatu den bezala, partzela inbentariatuta dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo kutsa zezaketen jarduerak izan dituen lurzoru gisa. Fase honetan ere, hondakin gehiago sortuko dira, hauen ondorioz: obrak, atmosferara hautsa eta partikulak igortzea, zarata, ustekabeko isuriak izateko arriskua, etab.
– Ustiapen-fasea.
Hondakin ez arriskutsuak balorizatzeko jarduerak zenbait inpaktu-mota sortuko ditu. Alde batetik, makinak erabiltzeak eragindako inpaktua (kamioien joan-etorria, zamalanak, atzerako hondeamakina, xehatzeko instalazio mugikorra); horren ondorioz, airearen kalitatea okerragotu egingo da isuri barreiatuak direla-eta, eta zaratak ere eragozpenak eragingo ditu. Eragin horiek dagoeneko badaude, hondakindegiaren jarduera dela-eta; halere, balorizatzeko instalazioa martxan hasten denean, areagotu egingo dira. Beste alde batetik, handitu egingo da lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua, hauek direla-eta: makinak mantentzeko eta erregaiz hornitzeko jarduerak, lurzoruaren iragazgaiztea hondatzea, ustekabeko isuriak, etab. Halaber, hondakin-kopurua handitu egingo da, eta, horien izaeraren arabera, partzelatik kanpo eramango dira, edo hondakindegian bilduko.
– Instalazioak desegiteko fasea.
Landare-estalkirik eza, elkarreraginak landare, animalia eta paisaiarekin.
Bigarrena.– Proiektua egikaritzeko, indarreko ingurumen-baimen integratuan jasotako babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriez gain, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan adierazitako proposamenak alde batera utzi gabe, eta jarduera egiteko baimenetan zehaztutako bestelako neurriak beteta, baldintza hauek kontuan hartu beharko dira:
– Airea babesteko neurriak:
• Uda-garaietan edo prezipitaziorik ez dagoenean, kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.
• Aspertsore-sistema bat erabiltzen bada materiala eta iraganbideak bustitzeko, egiaztatuko da alde kritikoenak ureztatzeko punturik egokienean kokatuta daudela eta jarduerak eskatutako behar besteko maiztasunarekin lan egingo dutela. Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, hala dagokionean, egoera onean manten dadin. Ildo horri jarraikiz, legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.
• Ureztatzearen eraginkortasuna areagotzeko, gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da.
• Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
• Materialak biltegiratzea: babestuen dauden tokietan bilduko dira, haizeak hondakinak herrestan eraman ez ditzan; bilketen altuera ere kontrolatuko da, eta, behar izanez gero, ihinztatzeko, lainoztatzeko eta langartzeko sistemak erabiliko dira. Aire zabaleko biltegien kasuan, behar izanez gero, haize-babes artifizial edo naturalak erabiliko dira, haizearen abiadura eta turbulentzia murrizteko; babes hori haizearen norabidearekiko zut jarriko da, biltegiratutako materiala babesteko.
• Materialak kanpoaldean metatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.
• Bestetik, olanekin edo hauts-emisioa saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira materiala garraiatuko duten kamioiak.
• Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, partikulak atmosferan esekitzea minimizatzeko.
• Plantaren instalazioak aldi-aldian berrikusi beharko dira, egoera onean egon daitezen.
• Ez da hondarrik erreko, ezta beste inolako materialik ere.
– Lurzorua eta urak babesteko neurriak.
• Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea. Lege honetan xedatutakoa aintzat hartuta, eta lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat jasan duen lurzoruan egingo denez, hondeatutako materialak karakterizatu egin behar dira kudeatu eta/edo berrerabili baino lehen.
• Balorizatu beharreko materialak deskargatu eta biltegiratzea, bai kanpokoa bai barnekoa, behar bezala iragazgaiztutako azalera batean egingo da, eta urak jasotzeko sistema bat jarriko zaio.
• Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira haien tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalita biltegiratuko dira, zolata iragazgaitz baten gainean eta ihesak edo lixibiatu likidoak biltzeko sistemarekin. Gainera, gutxienez hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta hondarren frakzioa.
• Bestalde, plantan horretarako egokituko den gunean egingo dira mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.
• Instalazioak olioak eta koipeak bereizteko sistema bat eta laginak hartzeko kutxatila bat izan beharko ditu. Gainera, xeheak dekantatzeko kutxatila bat izango da olio- eta koipe-bereizgailutik ibaian gora, mantentze-jarduerak errazteko eta hidrokarburoen bereizgailua jalkinez ez betetzeko. Laburbilduz: instalaziora iristen diren jariatze-urak, olio- eta koipe-bereizgailutik eta dekantazio-kutxatilatik igaro ostean, azaleko uren sarera eramango dira, eta, hortik, ibaira isuriko.
• Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen instalazioan tratatutako hondakinek jariatze-urak kutsa baditzakete, ur horiek hondakin-urtzat hartuko dira, eta dagoen arazte-sistemara eraman beharko dira, tratatzeko.
• Eraikitze-fasean, ahal den eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera, eta bermatu beharko da ez dela eraginik izango uren kalitatean, dekantazio-sistema egokien bitartez.
• Ustekabeko isuriek (makinek olioa galtzea, soberan dagoen hormigoia isurtzea, ibilguetara partikula gehiago isurtzea...) azaleko urak kutsatzea ekidin beharko da.
• Isurketa baimentzeko ezarritako mugak eta kontrolak alde batera utzi gabe, aurretratamendurako sistemaren ohiko kontrolak egingo dira (hidrokarburoak bereizteko), eta funtzionamendu egokia duela bermatzeko beharrezkoak diren mantentze-lanak egingo dira. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia eta hidrokarburoak kentzea eta gero kudeatzaile baimenduari bidaltzea.
• Jabari publiko hidraulikoan edo haren zortasun- edo polizia-eremuan eragina izan dezaketen jarduerak egiteko, arroaren erakundearen baimena eduki beharko da. Adierazi behar da jarduera jariatze txiki baten polizia-eremuan egingo dela.
– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:
• Kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezko neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikieneko teknologiak baliatu behar dira, direnik eta teknika onenak, hau da, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen duten teknologiak, eta kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta. Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita dauden kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak beteko dira, betiere.
• Jardueran erabiltzen diren makina eta ekipamenduen soinu-emisioen mailek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute, eta, batez ere, Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Horri dagokionez, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.
– Hondakinak kudeatzeko neurriak:
• Jardueran sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.
• Sortutako hondakinak uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio-mota batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik.
• Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira, hondakinak ez nahasteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira, behintzat.
• Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko, instalazio horietarako diren baldintza teknikoak bete beharko dira.
• Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira botatzeko diren olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, hondakin horiek barnean eduki dituzten ontziak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.
• Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
• Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.
Hirugarrena.– Adieraztea ez dela aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik izango denik, betiere lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan hartuta ebazpen honen aurreko puntuan ezarri diren eta sustatzaileak ingurumen-organoan aurkeztutako dokumentazioan planteatu dituen neurri babesle eta zuzentzaileek ingurumenarekiko eragin kaltegarriak murrizten dituztela. Hortaz, ez da beharrezko jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea proiektu honen gainean: Lapatxeko –Azpeitia (Gipuzkoa)– hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko zentroan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko eta balorizatzeko instalazioa jartzeko proiektua.
Laugarrena.– Ebazpen honen berri ematea Urola Erdiko Lapatx Zabortegia, S.A. sozietateari eta Azpeitiko Udalari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean baimenik ematen ez bazaio aipatutako proiektuari. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.