EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2018144

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 18koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, 2017ko ekitaldian Nazio Batuen erakundearen sistemako nazioarteko erakundeentzat eta erakunde horiei loturiko pertsona juridikoentzat emandako laguntzak luzatzeko eskabideak ebazten dituena; erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko dira aipatutako laguntzak.

Xedapenaren data: 2018-07-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201803858
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/09/18an argitaratutako 2017/09/13ko EBAZPENA [201704502]

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren 2017ko irailaren 13ko Ebazpenaren bitartez (irailaren 18ko EHAA, 178. zk.), Nazio Batuen erakundearen sistemako nazioarteko erakundeentzat eta erakunde horiei loturiko pertsona juridikoentzat 2017rako laguntzak eman ziren, erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko.
Otsailaren 13ko 22/2007 Dekretua ren 2.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, beka lortu duten lankide boluntarioek urtebetez luzatu ahalko dute egonaldia beka eman zaien urtean lan egin duten bulegoan. Dekretu horren bidez arautu ziren Nazio Batuen sistemako nazioarteko erakundeei eta horiei atxikitako pertsona juridikoei esleitzen zaizkien laguntzak, herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko.
Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiaren 2017ko ekainaren 1eko Ebazpenaren 2.2 artikuluak ezartzen du 240.000 euro bideratuko direla laguntza-luzapenetarako. Ebazpen horren bidez egin zen diru-laguntza horiek emateko deialdia.
Aipatu otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuko 2.3 eta 8.4 artikuluek, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta erregulatzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legeko 11.2 artikuluari dagokionez (uztailaren 10eko EHAA, 131. zk.), eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Antolaketa eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuko 11.1 artikuluak diotenari jarraituz (apirilaren 9ko EHAA, 65. zk.), eta aurkeztutako eskabideak aztertu ostean, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren 2017ko irailaren 13ko Ebazpenaren bitartez 2017ko ekitaldirako emandako laguntzak luzatzeko eskabideak baiestea; laguntza horiek Nazio Batuen sistemako nazioarteko erakundeentzako eta horiei atxikitako pertsona juridikoentzako dira, nazioarteko erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten borondatezko lankideei bekak emateko. Ebazpen honetako eranskinean jasotako erakundeei ematen zaizkie baietsitako laguntza-luzapen horiek, bertan zehazten diren zehaztapen eta zenbatekoekin.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Gora jotzeko errekurtsoa jartzen denetik hiru hilabeteko epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat joko da, eta administrazioarekiko auzien bidea libre geratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 18a.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.