EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2018144

AGINDUA, 2018ko uztailaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, kooperatiba edo fundazio diren itunpeko sareko ikastetxeetan inbertsioak finantzatzeko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena (Hezkoop-2018).

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-07-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201803855
Maila: Agindua
Irakaskuntza-kooperatibak partaidetza sozialerako tresna dira, eta ikastetxeen titular diren erakunde horietako alderdi espezifikoa eta bereizgarria markatzen dute; berezko izaera dela-eta irabazi asmorik ez dute, eta Euskadiko kooperatibei buruzko 1993ko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen arabera arautzen dira.
Ildo horretatik, 2014ko uztailaren 9an Eusko Jaurlaritzaren, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren artean asmo- eta lankidetza-hitzarmena sinatu zen eta, haren bitartez, «Kooperatiba Mugimenduaren sustapenerako dauden finantza-tresnak bultzatzeko» konpromisoa hartu zuten, besteak beste.
Era berean, 1994ko ekainaren 17ko 12/1994 Legeari jarraiki Fundazioaren figura juridikoaren mendean eratutako ikastetxeek interes orokorrari erantzuten diote.
Kasu batean nahiz bestean, deialdi honetako xedearen harira, ikastetxeok azkentzen direnean, likidazio-eragiketen emaitzak Administrazioari itzultzeko eskatzen zaie. Alderdi hori ziurtatuta dago kooperatiben kasuan indarrean duten araudia dela medio, eta, fundazioen kasuan, estatutu arautzaileetan jasotzeko beharra dela-eta.
Horrenbestez, aipatzekoa da ikastetxeen titular diren kooperatiba eta fundazioak finantza-ahalegin handia egiten ari direla eraikinak eta instalazioak azken urteetan aldaketa nabarmenak izan dituen legediaren eskakizunetara egokitzeko.
Errealitate horretaz jabetuta, Sail honek, indarrean den legediak ematen dizkion eskumenez baliatuta, ikastetxeek duten karga finantzarioa arintzen lagundu nahi du eta, aldi berean, hezkuntza-jarduera Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Hezkuntza Bereziko mailetako ikasleei eskainitako irakaskuntzaren kalitatea hobetzea ekarriko duen ingurunean garatzea bultzatu nahi du. Hori horrela, ezaugarri horietako azken deialdia 2015ekoa bada ere, Sail honek deialdiarekin aurrera jarraitu nahi du.
Honako arau hauek aplikatuko dira: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (diru-laguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen du); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenaren VI. Tituluan xedatutakoa eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenak.
Horrenbestez,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea itunpeko ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatiba edo -fundazioek sinatutako maileguen finantziaziorako laguntzen deialdia egitea da, hezkuntza-erabilerako higiezinak erostera bideratutako inbertsioak egiteko edo indarrean dagoen legediak eskatutako baldintzetara egokitzeko eraikuntza, zabaltze, ordezte eta egokitze lanak egiteko.
2.– Diru-laguntzen xede izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ikastetxeetan egindako inbertsioetarako sinatutako maileguak.
2. artikulua.– Onuradunak.
1.– Eskaera aurkezteko egunean, maila hauetakoren bat ematen duten itundutako ikastetxeek eskatu ahal izango dute: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia.
2.– Era berean, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeek ere eskaera egin ahal izango dute, baldin eta bazkide nagusien artean aurreko atalean zerrendatutako ikasketa mailaren bat eskaini eta itunduta duen zentro kooperatiboren bat badute.
3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Diru-laguntza eskuratzeko, eskatzaileek baldintza hauek bete eta mantendu beharko dituzte:
1.– Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Hezkuntza Bereziko mailetan itundutako ikastetxeetarako beharrezkoa izango da titularrek baldintza hauetakoren bat betetzea:
a) Irakaskuntza-kooperatiba gisa eratuta egotea.
b) Fundazio gisa eratuta egotea eta, horrez gain, estatutuetan finkatuta edukitzea honako baldintza: azkenduz gero likidazio-eragiketen ondoriozko ondasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrera bideratzea.
2.– Era berean, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeak, baldin eta bazkide nagusien artean aurreko atalean zerrendatutako baldintzak beteko dituen Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasketa mailaren bat eskaini eta itunduta duen zentro kooperatiboren bat badute.
3.– Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexu-bereizkeriagatiko debekurik ere, 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, seigarren xedapen gehigarrian, xedatutakoaren arabera.
4.– Indarrean dagoen legeriak ezarritako zerga-obligazioen eta Gizarte Segurantzaren ordainetan egunean dagoela egiaztatu beharko da.
5.– Diru Laguntzei buruzko, azaroaren 17ko, 38/2003 Lege Orokorraren, 13. eta 14. Artikuluetako betebeharrak bete beharko dituzte.
4. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak egiaztatzea.
1.– Organo kudeatzaileak automatikoki, eta beharrezkoa den guztietan, egiaztatuko diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, haien oniritzia jaso beharrik gabe, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (diru-laguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen du) 24. artikuluan onartutakoak aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan xedatutakoaren arabera eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak bete dituela egiaztatzeko baimena berariaz ukatuz gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
Era berean, ezinbesteko baldintza izango da onuradun izateko zein emandako diru-laguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko; beraz, egiaztatu egingo da bete egiten direla bai emateko orduan bai ordaintzeko orduan.
2.– Eskarietan, laguntza eskatzen duten erakundeek aukera izango dute beren-beregi adierazteko baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo agiri guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.5 eta 50.6 artikuluek ezarritako moduan –1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onarturikoa–, eskaeran jasotako erantzukizunpeko deklarazioaren bitartez, betebehar hauek egiaztatuko dira:
a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
b) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.
c) Eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla eta laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazten du eskatzaileak.
d) Era berean, indarrean dagoen legediak eskatutako baldintzetara egokitzeko lanek eta eraikuntza berriko, zabaltzeko eta ordezteko lanek legedia betetzen dutela adierazten du eskatzaileak.
e) Edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren eraginpean ez egotea amaieran. Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.
5. artikulua.– Diru-hornidura.
1.– Laguntza-programa honen finantzaketara bideratutako hornidura orokorra 12.800.000,00 euro da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailen kontura finantzatuko da.
2.– Zenbateko hori gehitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta eta aurrekontuan baliagarri dagoen diruaren arabera, betiere haiek ebatzi aurretik, diru-laguntzen lege orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa jarraituz. Inguruabar hori argitara emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bitartez.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen maileguak.
1.– Agindu honen ondorioetarako diruz lagundu daitezke 2. artikuluan zehaztutako ikastetxeetako titularrek finantza-erakundeekin sinatutako maileguak, deialdi honetan finkatutako baldintzetan, 50.000 euro edo gehiagoko zenbatekoarekin eta inbertsioa amaitzeko epea 2015eko urtarrilaren 1a eta 2018ko abuztuaren 31 artekoa denean.
2.– Diruz lagundu daitezkeen maileguekin finantzatutako inbertsioek baldintza hauetakoren bat bete beharko dute:
a) Indarrean dagoen legedian xedatutako baldintzak beteta behin-behinekotasuneko egoerak desagerrarazten lagunduko duten inbertsioak izatea (behin-behineko egoeratzat hartuko dira alokairuko lokalak, aurrefabrikatutako ikasgelak, etxebizitzetako behe-solairuak eta eskolatzeko egoki jotzen ez diren eremuak).
b) Indarrean diren lege-baldintzak beteta, eremuak zabaltzen dituzten ikastetxeetako inbertsioak izatea, ikastetxeak eskolatzen duen unitate kopururako gaitasuna nahikoa ez izateagatik.
3.– Nolanahi ere, deialdi honetatik kanpo geratuko dira inbertsio hauek:
a) 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen amaitutakoak, baita 2015eko martxoaren 18ko Aginduaren babesean finantziazioa lortu zutenak ere (EHAA 58. zk., 2015-03-26koa).
b) Benetako inbertsioak itzultzea beste izaerarik ez duten obrak, indarrean dagoen hezkuntza-itunen araudian aurrez ikusitakoari jarraiki.
7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
Erakundeek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoaren 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez arautzen da.
Egoitza elektronikoan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/hezkoop/y22-izapide/eu
Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz:
https://euskadi.eus/nirekudeaketak
8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Deialdi honetaz baliatzeko eskaerak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2018ko irailaren 10ean bukatuko da.
2.– Eskaerak baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko dira euskadi.eus helbideko egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ diru_laguntza/2018/hezkoop/y22-izapide/eu
Diru-laguntza eskatutako inbertsio edo obra bakoitzeko eskaera bana aurkeztu beharko da. Hainbat inbertsioetarako mailegu bera aurkezten den kasuetan, eskaeran adierazi beharko da.
3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
4.– Egikaritze-proiektuak, planoak eta dokumentazio grafikoa CD formatuan aurkeztuko dira Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean, 16.4 artikuluan edo aurreikusitako moduetatik edozeinetan xedatutakoa aplikatuko da eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean.
9. artikulua.– Derrigorrezko agiriak.
Eskaerari, oro har, behar bezala betetako I. eranskineko txantiloiaz gain dokumentazio hau atxikiko zaio:
1.– Eraikuntza berriko, zabaltzeko, ordezteko eta egokitzeko lanak egitea xede duten eskaeretarako:
a) Onartutako egikaritze-proiektua eskatzen duten lanak egitea xede duten eskaeretarako:
a.1.– Onartutako egikaritze-proiektua (formatu digitalean) eraberritze-lanen edo hedapenen aurreko eta ondorengo planoak barne, argi eta garbi adierazita kasu guztietan eremu bakoitzaren xedea eta azalera erabilgarria.
a.2.– Egindako inbertsioa justifikatzen duten fakturak.
a.3.– Onartutako obren amaierako ziurtagiria.
a.4.– Onartutako obren amaierako dokumentazioa.
a.5.– Inbertsioak finantzatzeko kreditu-erakundeek emandako maileguak egiaztatzen dituen dokumentazioa, horien baldintzak eta eskaera egindako egunean duten egoera jasota.
b) Onartutako proiekturik eskatzen ez duten lanak egitea xede duten eskaeretarako:
b.1.– Egindako jardueraren planoak eta azalerak jasotzen dituen azalpen-txostena, teknikari aditu batek egindakoa.
b.2.– Teknikari adituak egindako aurrekontu eta guztiko txostena.
b.3.– Egindako inbertsioa justifikatzen duten fakturak eta obra ikastetxeak berak kudeatu duenean gremioak eta hornitzaileak banan-banan kontratatuta, horien zerrenda hornituko da bakoitzaren zenbatekoarekin.
b.4.– Obra-onarpenaren akta edo erakunde titularraren akordioa, obren amaiera ontzat ematen duena, obra ikastetxeak berak kudeatu duenean.
b.5.– Jatorrizko txostenarekiko aldaketarik izan den ala ez zehazten duen azalpen-txostena eta obraren kitapena. Aldaketarik izan bada, horiek zehaztu eta benetan egindako neurketak eta jatorrizko aurrekontua eta benetan egikaritutakoa alderatzen dituen taula jaso.
b.6.– Inbertsioak finantzatzeko kreditu-erakundeek emandako maileguak egiaztatzen dituen dokumentazioa, horien baldintzak eta eskaera egindako egunean duten egoera jasota.
c) Horrez gain, ikastetxeko titularra higiezinaren titularra ez bada:
c.1.– Alokairu- edo lagapen-kontratua.
c.2.– Obrak egiteko jabearen baimena.
2.– Higiezinak erostea xede duten eskaeretarako:
a) Salerosketaren eskritura, higiezinaren deskribapena eta balioa jasotzen dituena.
b) Planoak eta dokumentazio grafikoa: higiezinaren kokapen-planoak, oinplanoak, sekzioak eta altxaerak 1/100 edo 1/200 eskalan (formatu digitalean).
c) Inbertsioak finantzatzeko kreditu-erakundeek emandako maileguak egiaztatzen dituen dokumentazioa, horien baldintzak eta eskaera egindako egunean duten egoera jasota.
10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeatze-lanak egitea Azpiegitura, Baliabide eta Teknologiaren Zuzendaritzari dagokio.
11. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzak aurkeztutako eskaeran akats edo zehaztasun-ezak antzemanez gero, erakunde eskatzaileari jakinarazi eta 10 egun naturaleko epea emango dio horiek zuzentzeko; eta ohartaraziko dio, bestela, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aldez aurretik dagokion ebazpena eman ondoren. Ebazpen hori aipatutako de la Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean, 21 artikuluan aurreikusitako moduan xedatutakoa aplikatuko da eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean.
12. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Eskabideak aztertu eta sailkatuko dituen balorazio-batzordea kide hauek osatuko dute:
a) Azpiegitura, Baliabide eta Teknologiaren zuzendaria. Lehendakari moduan jardungo du.
b) Ikastetxe eta Plangintza zuzendaria, edo berak izendatutakoa.
c) Plangintza eta Antolaketa zuzendaria, edo berak izendatutakoa.
d) Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari gisa jardungo duena, hitza izango du, baina botorik ez.
Balorazio-batzorde horrek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari bidaliko dio proposamena, eta bertan ikastetxeak eta bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa jasoko dira, Agindu honetan aurrez ikusitako esleipen eta zenbaketarako irizpideei jarraiki.
13. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.
Agindu honetan aurrez ikusitako baldintza guztiak beteta, laguntza bertan ezarritako epean eta moduan eskatzen duten ikastetxeei esleituko zaie.
Baldin eta 14. eta 15. artikuluetan ezarritako irizpideei jarraiki kalkulatuta aurkeztutako eskaeren guztizkoari erantzuteko 5. artikuluko 1. atalean adierazitako zuzkidura ez bada aski, orduan, zuzkidura hori eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da, hasieran haietako bakoitzarentzat kalkulatu ziren kopuruen arabera, baina osorik ordaintzeko behar den guztizko zenbatekoari zegokiokeen proportzio berean.
14. artikulua.– Diruz lagun daitekeen zenbatekoa.
Diruz lagundu ahal izango da irizpide hauek aplikatzearen ondoriozko inbertsioaren zenbatekoa:
1.– Indarrean dagoen legediak eskatutako baldintzetara egokitzeko lanek eta eraikuntza berriko, zabaltzeko eta ordezteko lanen kasuan, diruz lagun daitekeen zenbatekoa hauen artean txikiena izango da:
a) Aurkeztutako obraren kitapena.
b) Modulu ekonomikoak aplikatzearen ondoriozko kopurua.
Modulu ekonomikoak, obra motaren arabera:
Eraikinak:
– Eremu itxien egokitzapena: 494 €/m2.
– Eremu erdi itxien egokitzapena: 864 €/m2.
– Zabaltzea: 1.234 €/m2.
– Zabaltzea, solairuartearen eraikuntza eremu itxietan: 740 €/m2.
Kirol-eremuak, gimnasioak eta aldagelak:
– Eremu itxien egokitzapena: 370 €/m2.
– Eremu erdi itxien egokitzapena: 514 €/m2.
– Zabaltzea: 638 €/m2.
– Jokalekuak: 124 €/m2.
Gehieneko azalera-muga gisa ezarriko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskola-unitateen arabera ikastetxeetarako beharren programetan taula gisa jarrita duena.
2.– Higiezinak erostera bideratutako inbertsioen kasuan, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa hauen artean txikiena izango da:
– Gutxieneko baldintza gisa ezarritako eremuei dagokion zatiaren erosketako balioa, 2010eko otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren arabera.
– Aurreko 1. ataleko modulu ekonomikoak aplikatzearen erresultantea.
15. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
Diru-laguntzaren zenbatekoa amortizazioaren eta 8 urterako eta kuota finkoko maileguaren interesaren % 50ekoa izango da gehienez ere, printzipala diruz lagundu daitekeen zenbatekoa izanik, 14. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta eta urteko % 4ko interesarekin.
Inbertsioak finantzatzeko erakunde eskatzaileak eskatutako maileguaren saldo bizia diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren % 50 baino txikiagoa denean, 14. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta, diru-laguntzaren zenbatekoa amortizazioa eta saldo bizi horren interesa izango da.
Agindu honen ondorioetarako maileguaren saldo bizitzat hartuko da Agindua argitaratzean maileguak duen egoera.
Nolanahi ere den, gehienez maileguaren 8 urteko iraupenean benetan egindako eta justifikatutako kostuak lagunduko dira gehienez, diru-laguntzak ezingo du urtean Agindu honen xede diren inbertsioak finantzatzeko ikastetxeetako erakunde titularrek kreditu-erakundeekin sinatuta dituzten maileguek sortutako kuotaren zenbatekoa gainditu, eta eragina izateari utziko dio mailegu horiek guztiz amortizatzen direnean.
Aipatutako epean mailegua aldez aurretik baliogabetzeak, gelditzen den saldoa baino zenbateko handiago eta baldintza berak dituen beste batekin ordezkatzen ez denean, betiere, diru-laguntza jasotzeko eskubidearen galera ekarriko du baliogabetze-egunetik aurrera, eta Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen Ebazpen bidez kitatuko da, Agindu honetako 20. artikuluan xedatutakoari jarraiki.
Hainbat eskaeratarako mailegu bera aurkezten denean, maileguaren saldoak aurreko artikuluaren arabera ezarritako diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren batukariaren berdina izan beharko du gutxienez, bestela, zenbatekoa inbertsio bakoitzerako hainbanatu egingo da.
16. artikulua.– Bateragarritasunak.
Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste edozein administrazio publikotik jaso daitezkeenekin, baldin eta, guztiek batera, Agindu honetan jasotako diruz lagun daitekeen zenbatekotik gora jotzen ez badute. Handiagoa izatekotan, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio Agindu honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoari. Era berean, bateragarriak dira hezkuntza-ituneko eskola-unitateak mantentzeko modulu ekonomikoaren berrezarpen eta inbertsioetako partida jasotzearekin.
17. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio-batzordeak hala proposatuta, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak laguntzak emateko prozedura amaituko duen ebazpena emango du, egindako eskaera guztiei buruzko iritzia azalduz, deialdia EHAAn argitaratu eta sei hilabeteko epean. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean emango da argitara ebazpen hau, eta hurrengo egunetik hasita izango ditu jakinarazpen-ondorioak. www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian ere argitaratuko da, informazio gisa.
2.– Adierazitako epearen barruan aipatutako ebazpen jakinarazten ez bada, gaitzetsitzat jo beharko dira eskariak, hala agintzen baitu Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean, 25 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean,’; hori horrela izanik ere, lege horren arabera, administrazioak berariazko ebazpena eman beharko du.
3.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen emakida eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta honen erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik bideratzen ari diren itzulera- edo zigor-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean geratuko da.
4.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, bitarteko elektronikoz, «Nire kudeaketak» atalaren bidez. Horretarako epea hilabete da, Administrazio elektronikorako plataforma teknologikoan (Platea) jakinarazitako ebazpena argitaratzen denetik hasita.
18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzaren onuradun diren ikastetxek honako betebeharrak bete beharko dituzte beti:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Hori horrela, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoaren -Platea- bidez deialdiko ebazpenaren jakinarazpena egin eta hamabost eguneko epean, dagokion erakundeak Nire kudeaketak (https://euskadi.eus/nirekudeaketak) bitarteko elektronikoen bidez berariaz uko egiten ez badu, ebazpena onartu dela ondorioztatuko da.
2.– Laguntza ekonomikoa zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako.
3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kontura emandako laguntza ekonomikoen gainekoa, eman beharko diete.
4.– Hezkuntza Sailari obra deskribatzen duen kartela jartzeko erraztasunak ematea.
5.– Eskaeraren berri ematea eta, kasuan kasu, obrak egiteko laguntzak eskuratu izana.
6.– Eska daitekeen betebehar oro, azaroaren 1997ko 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 paragrafoan aurrez ikusitakoarekin eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak, 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
19. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.
Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa zatikako ordainketa bidez ordainduko zaie onuradunei hiruhilekoa amaitutakoan, behin onuradunek dagokion hiruhilekoan dagoeneko amaitutako kantitateak kreditu-erakundeei ordaindu dizkietela egiaztatzen dutenean. Ordainketa horiek ez dute dagokion aldian sortutako kuotaren zenbatekoa gaindituko. Frogagiriak Nire kudeaketak bitartekoaren bidez izapidetuko dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
20. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke.
Ondorio horietarako, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak kitatzeko ebazpen bat emango du, eta bertan diru-laguntzen zenbatekoa doituko da.
21. artikulua.– Ez-betetzeak.
Finantziazioa emateko baldintzaren bat ez dela bete egiaztatzen bada, jasotako diru-kopuruak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dira, arau bi hauen arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea –1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako testu bategina– eta 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretua eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak, 17. artikulua (EHAA, 26. zk., 1992-02-07koa).
22. artikulua.– Datuen babesa.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren arabera (abenduaren 13koa, 15/1999) eta otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera (Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa), deialdiak izapidetzean jasotzen diren datu pertsonalak fitxategi batzuetan sartuko dira (parte-hartzaileek berek horien tratamendua eta argitalpena baimenduta). Diru-laguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdietan parte hartzen duten pertsonei horien garapenaren berri ematea izango da fitxategien helburua. Era berean, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra ere aplikatuko da. Fitxategi honen arduraduna Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritza izango da. Datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Zuzendaritza horretara joz gero, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan aurrez ikusi ez diren prozedurazko alderdi guztietan, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 17a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.