EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2018144

ERABAKIA, 2018ko uztailaren 12koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Lankide Akademikoen Arautegia aldatzekoa.

Xedapenaren data: 2018-07-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201803848
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/01/17an argitaratutako 2011/11/17ko AKORDIOA [201200232]

Lankide Akademikoen Arautegia 2012ko urtarrilaren 17an sartu zen indarrean, unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu ondoren. Gero, 2016ko ekainean lehen aldaketa bat egin zitzaion, modu zehatzagoan arautzeko ohorezko lankideen figura. Orain beste aldaketa bat egin behar zaio, Medikuntzako Graduko «praktiketarako lankideen» figura espezifikoki eta aparte arautzeko.
Praktiketarako lankide hauek Osakidetzako langileak dira, irakaskuntza praktiko klinikoan kolaboratu ohi dutenak, UPV/EHUren eta Osakidetzaren arteko hitzarmenaren bidez (UPV/EHUren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren arteko Hitzarmena, 2008ko azaroaren 24koa, Osasun Instalazioak Unibertsitate Ikerketa eta Irakaskuntzan Erabiltzekoa).
Hitzarmenean esaten da irakaskuntza praktiko klinikoan kolaboratu ohi duten eta UPV/EHUrekin kontraturik ez duten Osakidetzako langileek eskubidea izango dutela praktiketarako lankidetzat aitortuak izateko (venia docendi-arekin).
Hori dela eta, komeni da prozedura espezifiko eta sinplifikatu bat ezartzea praktiketarako lankide hauek izendatzeko, batez ere erakunde bien arteko hitzarmenaren arabera Batzorde Mistoari dagokiolako lankide kliniko izango diren Osakidetzako profesionalak izendatzea. Ideia da unibertsitatearen egitekoa mugatzea proposamena gainbegiratzera, irakaskuntza honen ardura duten sailen bidez eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen beraren bitartez. Proposatzen da, beraz, lankideon berezitasuna aitortzea hirugarren xedapen gehigarri batean, eta haren bidez haien izendapena eta geroko aitorpena egiteko prozedura sinplifikatzea, honelaxe hain zuzen ere: izendapenek sailen eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen onespena dutenean, ez da beharrezkoa izango Gobernu Kontseiluak onartzea.
Adierazitakoagatik, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamenduari Buruzko Arautegiaren II. kapitulua betez (2009ko maiatzaren 26ko EHAA), eta Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordearen onespenarekin, idazkari nagusiak proposatuta, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Lankide Akademikoen Arautegiari hirugarren xedapen gehigarri bat eranstea, Osakidetzako profesionalek Medikuntzako Graduan egiten duten kolaborazio praktikoa modu espezifiko eta sinplifikatuan arautzeko. Hauxe da xedapena:
«Hirugarrena.– 1.– UPV/EHUk eta Osakidetzak 2008ko azaroaren 24an unibertsitate irakaskuntzan eta ikerketan osasun instalazioak erabiltzeko sinatutako hitzarmenari jarraituz, irakaskuntza praktiko klinikoan kolaboratu ohi duten eta UPV/EHUrekin kontraturik ez duten Osakidetzako langileek eskubidea izango dute praktiketarako lankidetzat aitortuak izateko (venia docendi-arekin). Hitzarmeneko Batzorde Mistoak proposatuko ditu Medikuntzako Graduko praktika klinikoetarako lankide akademiko hauek.
2.– Haien izendapena tramitazio sinplifikatu honen bidez egingo da:
– UPV/EHUren eta Osakidetzaren arteko hitzarmenari jarraituz, ikasturtea hasi aurretik osasuneko profesionalen zerrenda bat proposatuko da praktika klinikoak emateko. Irakaskuntzaren ardura duten sailek onespena eman beharko diote proposamenari eta, horrekin batera, txosten labur batean azaldu beharko dituzte lankideak izango dituen zeregin zehatzak eta lankidetzaren iraupena, eta adierazi beharko dute hautagaiak badituela lankidetzarako behar den titulazioa eta esperientzia.
– Txostenok Medikuntza eta Erizaintza Fakultatera bidaliko dira, eta fakultateak, haiek aztertu eta gero, onespena emango die eta tramiteak egingo ditu errektoreak edo hark izendatutako ordezkariak lankide akademikoak izenda ditzan. Txostenen bat aurkakoa bada edo ikastegiak onespena ematen ez badio proposamenari, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeari edo gai honetan eskumena daukan errektoreordeari helaraziko zaio espedientea, eta, Graduko Batzordeak txostena egin eta gero, Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio proposamena.
– Lankidetza behin amaituta, lankide izandakoek ziurtagiria eskatu ahal izango diote Medikuntza eta Erizaintza Fakultateari, eta fakultateak dokumentuok tramitatuko ditu errektoreak edo hark izendatutako ordezkariak sina ditzan.»
Bigarrena.– Agintzea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.
Hirugarrena.– Arautegiaren aldaketa argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Leioa, 2018ko uztailaren 12a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.