EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2018143

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Berangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa DC-1 komunitate-sistema orokorrerako.

Xedapenaren data: 2018-07-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201803836
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko urtarrilaren 18an, Berangoko Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Berangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra DC-1 komunitate-sistema orokorrerako (aurrerantzean, plana) aldatzeari dagokion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerari hauek atxiki zitzaizkion: planaren zirriborroa, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan xedatutako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, ingurumen-dokumentuan, agiri hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuz, 2018ko martxoaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehatzago egiteko kontsulta egin zitzaien Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (Eusko Jaurlaritzakoak), Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziari, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzari, Ekologistak Martxan Bizkaiari, Lanius Ornitologia Elkarteari eta Ugatza Ornitologia Elkarteari.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Uraren Euskal Agentziaren txostena jaso da (espedientean daude horien emaitzak).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, aintzat hartuta, betiere, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago arautua, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eskumena duen organoa baita, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena), ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Berangoko Udalaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorra DC-1 komunitate-sistema orokorrerako aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehaztutako baldintzetan:
A) Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.
Planaren xede-esparrua Berangoko udal-mugartean dago, udalerriaren erdigunean. Hiri-lurzoruko DC-1 hezkuntza-sistema orokorrari eragiten dio.
Planaren xedea da ahalbidetzea ekipamenduaren hiri-eraikigarritasuna areagotzea, ikastetxea handitzeko eta ikasgela gehiagoren eskaerari erantzun ahal izateko. Proposamenaren ardatzean dago DC-1 hezkuntza-ekipamenduaren hirigintza-parametroak aldatzea, haren antolamendu xehatua barnean hartuta.
Eskola-ekipamenduaren esparrua, guztira, 11.958 m
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak proiektuetarako eta bestelako jardueretarako markoa ezartzen duen neurria: proposatutako planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan eta programa batzuei: ingurumenaren ikuspegitik, aldaketak ez du aintzat hartzeko moduko eraginik plan edo programa batean ere.
c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, lurzorua eraginkortasunez okupatzea; ondorioz, garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpenen arabera, egokia dela jotzen da.
d) Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2) Ondorioen eta kalteak paira ditzakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, ez da aurreikusten planak ondorio adierazgarriak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta ondorengo atalean ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira.
3) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztu behar da ez dela aurreikusten Berangoko Udalaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean DC-1 komunitate-sistema orokorrerako egindako aldaketa horrek eragin garrantzitsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Berangoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, onartzen ez bada Berangoko Udalaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa DC-1 komunitate-sistema orokor-eremurako. Hala bada, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 6a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.