EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2018141

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 5ekoa, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordetzari eskuordetzen baitzaio Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen mendeko administrazio-zentroak energia elektrikoz hornitzeko kontratazioa.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren data: 2018-07-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201803792
Maila: Ebazpena
Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordetzari dagokio kontratazioa egitea kudeaketa bateratuaren arloan eta kudeaketa bateratuko deklaratutako higiezinen arloan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazio Araubidea onartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 15. eta 17. artikuluetan eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 19.d) artikuluan.
Bestalde, aipatutako 116/2016 Dekretuaren 20. artikuluan ezartzen denez, kontratazio zentralizatukotzat deklaratu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren erakundeek orokorrean eta ezaugarri nagusi bertsuekin kontratatzen dituzten hornidura, obra eta zerbitzuak.
Badira urte batzuk modu zentralizatuan kontratatzen dela energia elektrikoaren hornidura Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordetzaren eskumeneko kudeaketa bateratuko eraikinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko gainerako sailei eta haren erakunde autonomo eta sozietate publikoei atxikitako eraikinetan eta, sektore publikokoak izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren parte ez diren beste zenbait erakunderi atxikitakoetan. Hartara, zerbitzuak hobeto kudeatzeaz gainera, gastu publikoa arrazionalizatu egiten da.
Egun, kontuan hartuta aurrerago dekretu bat onartuko dela xedatzeko modu zentralizatuan erostea energia elektrikoaren horniduraren kontratazioa, kontratazioa modu zentralizatuan egiteko bide egokiena kontratazioa eskuordetzan ematea da, eta hala dago ezarrita Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluan. Honela dio artikulu horrek:
«1.– Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta bata bestearen mendekoak ez izan,...».
Horregatik, Euskal Estatistika Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 25eko 12/2000 Dekretuaren 4.2.g) artikuluko eskumenak Erakundeko zuzendari nagusiari esleitzen dizkion eskumenak baliatuz –eskumen horien artean dago sailaren kontratazio-organoa izatea–, honako hau
EBAZTEN DUT:
I.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordearen esku uztea I. eranskinean adierazten diren eraikinak goi- eta behe-tentsioko energia elektrikoz hornitzeko kontratazioaren eskumena 2019rako. Eskuordetze hori luzatu egingo da harik eta I. eranskinean aipatzen diren eraikinak goi- eta behe- tentsioko energia elektrikoz hornitzeko erosketa zentralizatuko prozeduraren ondoriozko kontratua indarrean jarri arte, zeina gauzatuko baita erosketa zentralizatua deklaratzeko aurrerago onartuko den dekretuaren bidez.
II.– Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean aurreikusitako arlo hauetara zabalduko da eskuordetzea, betiere kontratuari aplikatzekoak badira:
– Kontratua prestatzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua, 1. atala).
– Kontratua esleitzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua, 2. atala).
– Administrazioren prerrogatibak: aldatzea, azkentzea, lagatzea eta azpikontratatzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua, 3. atala).
– Kontratua formalizatzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua).
Eta, bereziki, II. liburuko II. tituluko IV. kapituluan, hornidura-kontratuari buruz aurreikusitakoa.
III.– Organo eskuordetzailearen esku jarraituko dute kontratazio-organoari dagozkion gainerako eskumenek, eta, bereziki, egindako zerbitzuen betetzeari onespena emateko eta haien ordainketa agintzeko eskumenek.
IV.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eskuordetze hau, eta argitara eman eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 5a.
EUSTATeko zuzendaria,
JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.
I. ERANSKINA
ERAIKIN HAUEK HARTUKO DITU BARNEAN ENERGIA ELEKTRIKOAREN ESKUMENAREN ESKUORDETZEAK
Euskal Estatistika Erakundea (Eustat),
Okendo kalea 16, 3. solairua, Donostia