EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2018141

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 3koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako (Gipuzkoa) «MZ.04. Illunbe» hirigintza-eremuko «b.20.1» eta «b.20.2» lurzatiekin eta lurzation espazio mugakideekin lotutako Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2018-07-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201803791
Maila: Ebazpena
EGITATEZKO AURREKARIAK
Donostiako Udalak, 2018ko otsailaren 8an, ingurumen-organoari eskatu zion «MZ.04. Illunbe» hirigintza eremuko «b.20.1» eta «b.20.2» lurzatiekin eta lurzation espazio mugakideekin lotutako Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko (aurrerantzean, Plan Berezia). Eskaerarekin batera, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa aurkeztu ziren, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukiarekin. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2018ko apirilaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak abian jarri zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea, eta egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Uraren Euskal Agentzia eta Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, guztiak ere Eusko Jaurlaritzaren mendekoak; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia; Gipuzkoako Ekologistak Martxan, Ugatza Ornitologia Elkartea, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Eguzki eta Arkamurka Natur Taldea. Uraren Euskal Agentziak, bere aldetik, Kantauriko Konfederazio Hidrografikora bideratu zuen kontsulta. Era berean, 2018ko apirilaren 3an, Donostiako Udalari prozeduraren hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren, Uraren Euskal Agentziaren eta Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren txostenak jaso dira, guztiak ere Eusko Jaurlaritzaren mendekoak, baita Kantauriko Konfederazio Hidrografikoarena ere, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Horrenbestez, lege horrek ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
«MZ.04. Illunbe» hirigintza eremuko «b.20.1» eta «b.20.2» lurzatiekin eta lurzation espazio mugakideekin lotutako Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean Plan Berezia), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da. Bertan ezartzen da zer plan eta programari egin behar dien ingurumen organoak ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Agiri teknikoak eta Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako agiri estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo horrexek baitu eskumena, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuari jarraikiz) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Plan Bereziaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plan Berezia aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, bai eta sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako Udalak sustatutako «MZ.04. Illunbe» hirigintza-eremuko «b.20.1» eta «b.20.2» lurzatiekin eta lurzation espazio mugakideekin lotutako Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehaztutako baldintzetan:
A) Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.
Plan Bereziaren xedea da Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (aurrerantzean HAPO) «MZ.04 Illunbe» hiri-lurzoruko eremuko indarreko antolamendu xehatua aldatzea. Eremuak 76.283 metro koadroko azalera du eta Anoetako ibarbidean kokatuta dago. Zehazki, eremuko «b.20.1» eta «b.20.2» lurzatien eta lurzation espazio mugakideen antolamendu xehatua aldatzea proposatzen da. Aipatu bi lurzatiok urbanizatuta daude egun. Horietako bat, «b.20.1» lurzatia, eraikita dago uneotan, eta, hala, egun bertan dagoen eraikinaren eraberritze integrala eta handitzea planteatzen da hirugarren sektoreko erabilerak hartzeko, funtsean merkataritza-arlokoak. Aldiz, «b.20.2» lurzatia eraiki gabe dago uneotan, eta, bertan, oin berriko obrako eraikin bat egitea planteatzen da, hori ere hirugarren sektoreko erabilerara bideratuta (merkataritza eta ostalaritza).
Plan Bereziaren arabera, zonaldean aurreikusitako jarduketek eta erabilerek eskatzen dute «b.20.2» hegoaldeko lurzatitik «b.20.1» iparraldeko lurzatira eraikigarritasun jakin bat lekualdatzea, baita «b.20.1» lurzatiko eraikigarritasun altuera areagotzea ere.
Edozein kasutan, Plan Berezian jasotako eremua osatzen duten lurzatien hirigintza-eraikigarritasun osoa ez da aldatzen, egun indarrean den 2010eko Donostiako hiri-antolamenduko plan orokorrean aurreikusitako bera izanik.
Jarduketa hau Illunbeko ingurunea berroneratzeko egitasmoaren barnean kokatzen da; bertan, adierazitako instalazioez gain, Donostiako zezen plaza ere kokatzen da. Berroneratze egitasmo horrek zonalde guztiaren irisgarritasuna hobetzea ere badakar, hau da, bertara iristeko hainbat bide berri eraikitzea. Sarbide horiek dagozkien proiektuetan jaso dira, guztiak ere Donostiako Udalak onartutakoak beharrezko izapideak egin ostean, tartean, ingurumen-ebaluazioa (Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2017ko maiatzaren 25eko Ebazpena, Larrain SL eta Loiola Gestión Inmobiliaria SL enpresek Illunbeko sarbide berriak eraikitzeko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen duena). Plan Bereziak sarbide horiek jasotzen baditu ere, ez dago bere determinazioen artean.
Planak, gainera, Anoetako oinezko loturaren hobekuntza aurreikusten du, egungo pasagunea handituz eta eremu horren eta Illunberen arteko desnibela gainditzeko bitarteko mekanikoak jarrita (igogailua, eskailera...). Era berean, HAPOan aurreikusitako ibilgailuentzako eta bizikletentzako aparkalekuen estandarrak azpitik egokitzea proposatzen da.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Plan Bereziak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Planak egun urbanizatuta dagoen hirigintza-lurzoruari eragiten dio. «MZ.04. Illunbe» hirigintza eremuko «b.20.1» eta «b.20.2» lurzatietan aurreikusitako hirigintzako garapenaren etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko asmoz, beharrezkotzat jotzen da premisa ekonomikoak optimizatzea, betiere Donostiako Udalak berak adierazitako baldintzak errespetatuz. Hori dela eta, egun indarrean den Donostiako HAPOan lurzationtzat ezarritako hirigintza-kalifikazioa eta eraikigarritasun totala aldatu gabe, lurzation hirigintza-antolamenduan egokitzapen batzuk egitea komenigarritzat jotzen da. Adierazi ditugun eremuaren ezaugarriak kontuan izanik, ez da detektatu Plan Bereziak ingurumen-arloko eragin nabarmenik izango duenik beste plan edo programa batzuetan.
c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Adierazi den bezala, Plan Bereziak eremuaren antolamendu xehatua aldatzen du bideragarritasun tekniko, ekonomiko, urbanistiko eta komertziala hobetzeko asmoz, betiere sektorearen garapena ahalbidetzea xede. Ildo horretan, beharrezkotzat jotzen da garapen jasangarria sustatutako duten ingurumen-arloko kontsiderazioak ere aintzat hartzea, bereziki eraikuntza jasangarriagoa bultzatzeko baliabideen erabilerari, hondakinen kudeaketari, paisaiaren integrazioari eta oinezkoen irisgarritasun-baldintzen hobekuntzari eta sustapenari lotuta. Horri dagokionez:
– Plan Bereziak kontuan izan beharko ditu bultzatzen dituen eraikuntza-egitasmoetan eraikuntza jasangarriko gidetako gomendioak, helburu hauekin: proposatutako eraikinetan energia aurreztea, energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta energiaren efizientzia areagotzea.
– Merkataritzako zonaldera iristeko mugikortasun jasangarria bultzatu beharko da, garraio pribatua erabili ordez garraiobide jasangarrien erabilera sustatuz.
– Plan Bereziak aintzat hartu beharko du urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek paisaia-integrazioko azterketa dokumentazio gehigarri modura jasotzeko aukera, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak. Ez da hauteman Planaren ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, eragindako eremuan aurrera eraman beharreko esku-hartze eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari, urei eta kutsatutako lurzoruen kudeaketari dagokienez. Horretarako, honako hau hartu beharko da aintzat:
– Plan Bereziak antolatutako eremuan Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan eta berau eguneratzen duen 2017ko abenduaren 21eko Aginduan jasotako lurzati bat dago (20069-00758 kodea), garai batean zabortegi izandakoa. Planak kokaleku horri eragin diezaioketen lur-mugimenduak aurreikusten ditu, eta, horrenbestez, bertan edozein esku-hartze abian jarri aurretik, lurzoruaren kalitate-adierazpenaren prozedura jarri beharko da abian Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. eta 31. artikuluen arabera. Horretarako, esploraziozko ikerketari dagokion txostena igorri beharko da ingurumen organora, eta, horrela badagokio, baita ikerketa xehatua ere. Txostena Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duen urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du; erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egin behar dituzten ikerketen edukia eta norainokoa ere zehazten ditu Dekretuak.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko legeria -Europakoa nahiz Espainiakoa- txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Eraginpeko eremuaren ingurumen-balioa eta kalteberatasuna txikiak dira. Esku-hartzearen eremua lurzoru urbanizatua da. Ez dago natura-espazio nabarmenik eraginpeko eremuaren inguruan, ez ezta eralda daitekeen ingurumen-balio handiko eremurik ere; hortaz, ez dago Plana garatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arriskurik.
Plana garatzearen ondoriozko eraginak zonaldean aurreikusitako eraberritze-, eraikuntza- eta urbanizazio-lanekin lotuta daude, lur-mugimenduak eta eraikuntzako hondakinak sortzea ekarriko baitute, baita baliabideak kontsumitzea eta giza habitataren kalitatea okertzea ere, ibilgailuen eta makinen joan-etorriagatik eta eraberritze-, eraikuntza- eta urbanizazio-lanek eragindako lur-mugimenduek sortutako eragozpenengatik (zaratak, hautsa, bibrazioak...).
Bai eremuaren egungo egoera –dagoeneko urbanizatuta dago–, bai Plan Bereziaren ondoriozko jarduketen ezaugarriak kontuak izanik, jarraian zehaztuko diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da aurreikusten Plan Bereziak proposatutako jarduketek ingurumenaren gaineko ondorio garrantzitsurik izaterik. Obrak egin bitartean herritarrek jasango dituzten eraginak (makinek sortutako zaratak eta emisio atmosferikoak) denbora tarte zehatz batera mugatuko dira, eta, gainera, ez dira garrantzitsuak izango kontuan izanez gero jarduketon ezaugarriak eta kokalekuak, etxebizitzetatik eta bizitegi nukleoetatik behar besteko distantziara dauden bideak baitaude horietara iristeko.
Funtzionamendu-faseari dagokionez, eremua jende gehiagok bisitatuko duela aurreikustekoa da, horrek eragin ditzakeen ondorioekin. Hala ere, kontuan izanik bai eremua non dagoen –Donostiako hiri-bilbearen parte da–, bai eremuaren egungo hirugarren sektoreko erabilera Plan Bereziak ezarri nahi duen bera dela, bai instalazioen eta etxebizitzen eta bizitegi-nukleoen arteko distantzia, ez da espero giza habitataren kalitatearen gaineko ondorio esanguratsurik. Ildo horretan, nabarmendu behar da Plan Bereziaren helburuetako bat dagoeneko hirugarren sektoreko erabilerara bideratutako hirigune baten berroneratzea dela, ekitaldiak eta ezarri nahi diren bezalako erabilerak hartzeko gaitasuna duen gune bat hain zuzen ere.
Planteatutako jarduketak ikusita eta aintzat hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutako neurriak eta ingurumen-txosten estrategiko honetan planteatzen direnak, ez da aurreikusten Plan Bereziak ingurumen-inpaktu negatibo nabarmenik sortuko duenik.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoarekin bat. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.
– Lur eta soberakinen kudeaketa: Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:
Obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean aurreikusitakoa beteko da.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon behar dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Urak babestea: Urbanizazio-, eraispen- eta eraikuntza-proiektuek lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.
– Fauna eta landare multzo autoktonoentzako habitatak babestea:
Jarduketa zonaldea balizatu egingo da eta eremuaren inguruko basoek inolako eraginik jasatea saihestuko da. Era berean, aurreikusitako jarduketek eragingo ez dituzten zuhaitzak markatu eta babestu egingo dira.
– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen.
– Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.
Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta energia kontsumoa murriztea.
Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ez dela aurreikusten, honako ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzekin bat, «MZ.04. Illunbe» hirigintza-eremuko «b.20.1» eta «b.20.2» lurzatiekin eta lurzation espazio mugakideekin lotutako Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumen arloko ondorio kaltegarri garrantzitsurik izatea, eta, horrenbestez, ez dela beharrezkoa ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Donostiako Udalari.
Laugarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Plana onartuko ez balitz. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 3a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.