EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2018140

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa 03 Mitxelene hirigintza-eremurako.

Xedapenaren data: 2018-07-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201803761
Maila: Ebazpena
EGITATEZKO AURREKARIAK
Donostiako Udalak, 2018ko otsailaren 5ean, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari, honako plan honi dagokionez: Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala 03 Mitxelene hirigintza-eremurako (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko martxoaren 20an kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki irizten dieten oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezkotzat jotzen bada, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Iritzi horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari –biak Eusko Jaurlaritzarenak–, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari. Era berean, Donostiako Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egoki jotzen dituen ingurumen-arloko oharrak egin zitzan.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen txostenak jaso dira: Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzarena eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena –biak Eusko Jaurlaritzakoak– (espedientean dago horren emaitza).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da oinarriak ezartzea, ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko. Horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, aintzat hartuta, betiere, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago 03 Mitxelene hirigintza-eremuan Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra puntualki aldatzea; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa aztertu da, bai eta 03 Mitxelene hirigintza-eremuan Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra puntualki aldatzeari buruzko ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak ere, eta egiaztatu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta bat datorrela indarreko araudian ezarritako alderdiekin. Horrenbestez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak adierazten baitu ingurumen-arloko alderdiak egoki integratu direla Planaren proposamenean, eta aipatzen baitu zein izan daitezkeen Plana aplikatzearen ondoriozko inpaktu adierazgarriak eta zein diren sartu behar diren azken oharrak, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea, 03 Mitxelene hirigintza-eremuan Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra puntualki aldatzeari buruz. Hona txostenaren edukia:
A) Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.
03 Mitxelene hirigintza-eremuan Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra puntualki aldatzearen helburua da lursaila eta eraikina egokitzea emango zaizkien erabilera zabalagoetara. Izan ere, erantzuna eman nahi zaie Zurriola Ikastolak (Ikastola Zurriola_LH) «g.00.2» lursailean dituen premiei, hor betetzen duen hezkuntza-funtzioa dela eta. Horretarako, lursaila eta eraikina egokituko dira erabilera zabalagoetara. Hori dela eta, lursailaren alde eraikigarria handituko da.
Hortaz, ikastolaren dotazio-premiei erantzuna emateko, eta eraikina eta lursailaren gainerako zatia hezkuntza-jarduerara egokitzeko, beharrezkotzat jotzen da instalazioak partez aldatzea: eraikin berri bat egingo da horretarako (egungoa eraistea proiektatu da, berria eraikitzeko), eta han, ikastolak Lehen Hezkuntzako ziklo osoaren programa emateko behar dituen espazioak bilduko dira, bai eta kanpoko jolas-eremu estali gabeko bat eta estalitako beste bat ere. Eraikin berriaren fatxadak Atarizar kalera emango du: 18,00 m luze izango da eraikin hori, eta atzera eramandako gorputzak 25,00 m luze, denak ere puntu beretik neurtuak (+11,50 kotatik).
Hori guztia kontuan hartuta, agindua ematen da lursaila 4.018 m²(t) handitzeko sestra gainetik, eta egun baimenduta dagoen sestra azpiko eraikigarritasunari eusten zaio. Oinplanoaren okupazioa antzekoa da, eraikin nagusiaren eta bigarren mailakoaren altuera igota ere.
Hirigintza-eremua Donostiako udal-mugartearen erdialdearen ekialdean dago, Atarizar kaleko 18 zenbakian, eta Villa Sacramento deritzon eraikina biltzen du. Mugakide ditu: iparraldean, Atarizar kalea; hegoaldean, ADIF trenbidea; ekialdean, Quavitae zahar-egoitzaren lursaila, eta, mendebaldean, Berritzegunearen lursaila. Eraikina dagoen lursaila horizontal samarra da, baina, iparraldeko mugan, lursailaren sarbidean, desnibela dauka, zeinak puntu gorenean 1,20m-ko altuera baitauka bideko kotaren gainetik. Arrapala eta eskailera bidez konponduta dago, egun, lursailaren sarbidearen eta barrualdearen arteko kota alde hori.
Iparraldetik sartzen da oinez lursailera, Atarizar kaletik.
Lursailaren azalera 2.152m2-koa da, Udalaren plano topografikoaren arabera, eta, 2.134 m2-koa, berariaz egindako plano topografikoaren arabera.
Babes Akustiko Bereziko Eremu (aurrerantzean BABE) deklaratuta dago eremua, 2013ko uztailean onartutako Donostiako udalerriko soinu-ingurua hobetzeko planean (2013-2018). Horrez gain, definituta geratu da eremuaren zonako plan akustikoa – BABE «Urumea».
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuak eta bestelako jarduerak egiteko esparrua: planak areagotzen du «g.00.2» (Ikastola Zurriola_LH) lursailaren eraikigarritasuna, egungo eraikin bat eraitsita eta beste bat eraikita lursaila eta eraikina egokitzeko izango dituzten erabilera zabalagoetara. Aurkeztutako agiriak ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zer neurritan eragiten duen planak beste plan edo programa batzuetan: planak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Plana egokia den edo ez, bereziki garapen jasangarria sustatzeko egindako ingurumen-kontsiderazioak integratzeko: planaren xedea da, besteak beste, lurzorua eraginkortasunez okupatzea, egun dagoen eraikin bat eraitsita eta berri bat eraikita; hartara, eraikigarritasuna handituko da egungo hiri-sarean. Hori dela eta, plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko.
d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, zoru-okupazioa, ustegabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako kontaminazio atmosferikoa eta abar. Zaratari dagokionez, zenbait neurri hartu badira ere, kalitate akustikoarekin loturiko helburuak gaindi litezke eraikin berriaren fatxadaren zenbait puntutan.
Nolanahi ere, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean, betetzen bada indarrean dagoen araudia segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez besteak beste.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2.– Nolako ingurumen-efektuak sor daitezkeen eta zer ezaugarri dituen eragina jasan lezakeen eremuak:
Planaren xede den eremua hiri-lurzoru erabat eraldatua da; lurzoru horrek ez dauka espaziorik, ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoenik (Natura 2000 Sarea, esaterako), eta ez dauka natura-balioagatik esanguratsu den elementurik; ez ezta ondare historikoaren katalogoan bildutako kultura-elementu nabarmenik ere. Atal honetan, azpimarratu beharra dago eremua Urumeako Babes Akustiko Bereziko Eremuan dagoela. Planteatutako jarduketak aztertuta, adierazi behar da ez direla betetzen araudian ezarrita dauden kalitate akustikoko helburuak, Zurriola Ikastolaren kanpoaldean aplikatu behar direnak. Are gehiago, egiaztatu da ezen, ekonomiaren eta teknikaren ikuspegitik bideragarriak diren neurri zuzentzaileak hartuta ere, zenbait fatxada-hargailuk gainditzen dituztela fatxadako zarata-mailak kanpo-inguruneko kalitate akustikoaren helburuen gainetik. Betiere, ziurtatu beharra dago kalitate akustikorako helburuak betetzen direla proiektatutako eraikinen barnean.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak aplikatzerakoan, bete beharko dira egungo araudia, ingurumen-txosten estrategikoa egiteko ebazpen honetan ezartzen diren arauak, bai eta, aurrekoak betetzea ezertan eragotzi gabe, ingurumen-agiri estrategikoa eta plana bera ere. Aplikatu behar diren neurrien artean, nabarmentzekoak dira proiektua exekutatzearen ondoriozkoak; neurri horiek, gainera, lotuta egon beharko dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus ebazpen honen I. eranskina, non zerrendatzen baitira zenbait neurri babesle eta zuzentzaile, planetik eratorritako proiektuko obrak exekutatzeko bete behar direnak).
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrietatik datorren energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Zaratari dagokionez, egiaztatu da ezen, ekonomiaren eta teknikaren ikuspegitik bideragarriak diren neurri zuzentzaileak hartuta ere, oraindik badaudela zenbait fatxada-hargailu, fatxadako soinu-mailak gainditzen dituztenak kanpo-inguruneko kalitate akustikoaren helburuen gainetik. Hortaz, isolamendurako azterlan espezifiko bat garatu beharko da eraikitze-proiektuan, eta, han, zehaztu nolako isolamendua behar den bai EKTan (BR-HR) ezarritako isolamenduak betetzeko, bai barnealdeko kalitate akustikoaren helburuak uneoro betetzeko.
Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten 03 Mitxelene hirigintza-eremuan Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra puntualki aldatzeak ingurumen-eragin esanguratsurik eragingo duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.
Hirugarrena.– Donostiako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala 03 Mitxelene hirigintza-eremurako onartzen ez bada. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 4a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).
– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).
– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.