EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2018139

103/2018 DEKRETUA, uztailaren 10ekoa, enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako 2018. urterako finantza-laguntzaren programa garatzen duena.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800103
Xedapenaren data: 2018-07-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201803723
Maila: Dekretua
2008. urtean hasitako krisi ekonomiko sakonak berekin ekarri zuen nabarmen murriztea Euskal Autonomia Erkidegoko eragile ekonomikoek lor zitzaketen finantzaketa-bideak. Hala ere, azken hirurtekoan, asko normalizatu dira finantzaketa-iturri desberdinak lortzeko aukerak, eta, aldi berean, adierazle ekonomikoek ere hobera egin dute. Joera horrek iraungo duela aurreikus daitekeen arren, komenigarri iritzi zaio euskal enpresek laguntza-programa izaten jarraitzeari, zirkulatzailea finantzatzen laguntzeko, 2009az geroztik gauzatu diren programen bide beretik.
Programaren azken hartzaileei dagokienez, hau da, enpresa txiki eta ertainen, banakako enpresaburuen eta profesionalen taldeari dagokionez, jarduketa honek hauek hartzen ditu kontuan: talde horrek enpresa-sarean duen garrantzia, ekoizpen-jarduera osoan duen eragina eta handizkako finantzaketa-merkatuetara edo kreditu-entitateen lerro tradizionaletara iristeko duen gaitasun erlatibo txikiagoa.
Finantza-laguntza emateko programarako gehieneko zuzkidura 600 milioi eurokoa izango da (formalizatu beharreko maileguetan), eta lehen aipatutako eragile ekonomikoen taldearen likidezia-beharrei eta zirkulatzaile-finantzaketari aurre egitea izango du xede.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantza-laguntza emateko programa hau bideratzeko eman beharreko laguntzak honako oinarri hau izango du: bere babesean hitzartzen diren finantzaketa-eragiketen birfidantzamendu partziala. Horretarako lege-oinarria Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen 9. artikulua da.
Helburu horrekin, arau honek programan sartzeko baldintzak arautzen ditu, bai eta enpresa eta pertsona onuradunak, baliabideen erabilgarritasuna eta maileguetarako baldintzak ere. Horrez gain, barruan jasotzen du finantzaketa-eskabideak elkar bermatzeko sozietateetan eta finantza-erakunde laguntzaileetan izapidetzeko prozedura.
Azkenik, Finantzen Euskal Institutuak, esleituta dauzkan egitekoak baliatuta, mailegu-eragiketak emateko aukera ere badago aurreikusita.
Horiek horrela, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko uztailaren 10ean egindako bilkuran eztabaidatu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantzaketa-lerroa eratzea, hura eskuratzeko baldintzak eta prozedura arautuz. Lerro horren helburua izango da banku-finantzaketa lortzeko aukera ematea, aipatutako eragile ekonomikoen taldearen likidezia-beharrei erantzuteko eta kapital zirkulatzailea finantzatzeko.
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenak izapidetzen dituzten finantza-erakunde laguntzaileen bidez, finantza-lerroa eratuko du enpresa txiki eta ertainen, banakako enpresaburuen eta profesional autonomoen alde.
Dekretu honek ezarritakoaren ondorioz formalizatzen diren finantzaketa-eragiketa guztiek elkar bermatzeko sozietate laguntzaileen abala izan beharko dute, kasuko hitzarmena zeinekin adostu duten kontuan hartuta. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak fidantzamendu-sistema bat ezarriko du sozietate horiek abalatutako finantzaketa-eragiketetarako.
2. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunak.
1.– Dekretu honetan jasotako bermeak eta finantzaketa-lerroak honako hauek eskuratu ahal izango dituzte:
a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten edo bertan kokatuta dauden enpresa txiki eta ertainek (ETEek); hau da, baldintza hauek betetzen dituztenek:
– Jarduera ekonomikoren bat egitea.
– 250 langile baino gutxiago izatea.
– Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
– Adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin ez edukitzea % 25eko edo hortik gorako partaidetza, zuzenean zein zeharka.
Aurretiaz adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioan (EEAO, L124, 2003ko maiatzaren 20koa) enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz ezarritakoa edo gomendio hori ordeztu edo aldatzeko xedapenak hartuko dira kontuan.
b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten edo bertan kokatuta dauden banakako enpresaburu eta profesional autonomoek; hau da, hurrengo baldintza hauek betetzen dituztenek:
– Alta emanda egotea Gizarte Segurantzako norberaren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian.
– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotutako jarduera ekonomiko edo profesionaletatik datozen etekinak lortzea.
2.– Enpresa eta pertsona onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 39. artikuluko 2. eta 4. zenbakietan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko a), c), d), f) eta h) letretan aurreikusten diren egoeretan ez egotea ziurtatu beharra izan ezik.
Hori dela-eta, bermeei eta finantzaketa-lerroari heldu ahal izateko, enpresa eta pertsona onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan eta, horrez gain, ez dute bete gabe izan behar Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek bermatutako betebeharrik. Gainera, enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte: kaudimengabezia kolektiboko prozeduraren batean ez egotea eta hartzekodunek eskatuta kaudimengabezia kolektiboko prozeduraren baten pean egoteko betekizunak ez betetzea konkurtso-arauen arabera. Azkenik, ezin izango dira dekretu honetan adierazitako bermeen eta finantzaketa-lerroaren deialdietara aurkeztu sexu-bereizkeria egiteagatik zigor administratiboa edo penala jaso duten pertsona fisikoak edo juridikoak, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean.
3.– Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jaso ahal izango dute finantzaketa. Hala ere, 15. artikuluaren 1. zenbakian xedatutakoa baztertu gabe, onuradun izatetik salbuetsita daude erakunde eta sozietate publikoak, jarduera ekonomikorik ez duten irabazi-asmorik gabeko erakundeak, finantza-entitateak (EJZren epigrafeak: 81, 82, 831 eta 832) eta higiezin-jarduerei lotutakoak (EJZren epigrafeak: 833, 834 eta 861.1).
3. artikulua.– Finantzatzeko moduko egoerak.
1.– Finantza-eragiketek, finantzatzeko modukoak izateko, xede hau izan behar dute: kapital zirkulatzailea finantzatzeko beharrak eta likidezia-beharrak estaltzea. Eskatzaileak eskuragarri duen finantzaketaren hazkunde garbia ekarri beharko du finantzaketak, eta, beraz, ezin izango da erabili bizirik dauden mailegu edo kredituak amortizatzeko.
2.– Finantzaketa-beharrak aztertu ondoren, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek, dekretu honetako III. kapituluan ezarritako prozedurari jarraituz, bermearen helburu den finantza-eragiketaren zenbatekoa eta epea zehaztuko dituzte, ahal den neurrian eskatzaileek galdegiten dituztenetara egokituta.
II. KAPITULUA
FINANTZAKETA-ERAGIKETAK
4. artikulua.– Finantza-erakunde laguntzaileekin hitzarmenak egitea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta finantza-erakunde laguntzaileek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte, enpresa eta pertsona onuradunen aldeko finantzaketa-eragiketak formalizatzeko.
5. artikulua.– Abal-eragiketen ezaugarriak.
1.– Elkar bermatzeko sozietateek emandako finantza-abalek enpresa eta pertsona onuradunen diruzko arriskuak bermatuko dituzte, zuzenean edo zeharka, finantza-erakunde laguntzaileen aurrean; dekretu honetako 1. artikuluan zehaztutako beharrizanak estaltzeko diren finantzaketa-eragiketetatik eratorritako arriskuak, hain zuzen.
2.– Honako hauek izango dira abalen kostua eta baldintzak:
– Azterketa-komisioa: maileguaren printzipalaren % 0,10; behin bakarrik, abala eskatzean.
– Formalizazio-komisioa: formalizatutako abalaren % 0,20, behin bakarrik.
– Abal-komisioa: % 0,75 urteko.
% 90 izango da Europako INNOVFIN programaren barruan dauden eragiketetarako.
Aurretiaz aplikatuko da, urtarrilaren 1ean, abalatutako mailegu bakoitzak urte bakoitzean egun horretan duen saldoa oinarritzat hartuta. Formalizatu den urtean eta behin betiko muga-eguneko urtean, batez besteko saldoari aplikatuko zaio urtea amaitu arte edo muga-egunera arte benetan igaro den egun kopuruaren araberako proportzioan.
– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.
6. artikulua.– Finantzaketa-eragiketen ezaugarriak.
1.– Hauek izango dira finantzaketa-eragiketen ezaugarriak:
Baliabidea: mailegu amortizagarria.
Gehieneko interes-tasak: Euriborra sei hilabetera, gehi gehieneko diferentziala, maileguaren epearen arabera.
Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da Reuterren Euribor= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, hori desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori sei hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketaren dataren edo berrikuspen-dataren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko.
Dena den, elkar bermatzeko sozietate baten bermea duen Kreditu Institutu Ofizialeko lerro batetik datozen funtsak erabiltzen baditu finantza-erakundeak, finantza-erakundeek finantzaketa-tasa finkoari edo aldakorrari aplikatu beharreko gehieneko marjina, KOIk hamabostaldi bakoitzean eskaintzen duena, % 0,75ekoa izango da, eta hura mailegua ordaintzeko funtsak erabiltzen diren egunean argitaratuko du erakunde horrek.
Mailegu-eragiketen epea eta Euribor aplikagarriaren gaineko diferentziala:
Maileguetan, printzipala amortizatzeko aukerako urtebeteko gabealdia jaso ahal izango da.
Likidazio-aldizkakotasuna: hiru hilean behin egingo da interes- eta amortizazio-kuoten likidazioa. Mailegua tasa aldakorrarekin formalizatuz gero, sei hilean behin berrikusiko da interes-tasa.
Komisioak: maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango. Mailegu-hartzaileak aurretiaz kitatu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.
2.– Hauek izango dira maileguen zenbatekoak:
a) 50.000 euro eta 650.000 euro artean, enpresa txiki eta ertainentzat.
b) 5.000 euro eta 100.000 euro artean, banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.
c) Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduan (EBAO, L 352/9, 2013-12-24koa) jasotako nekazaritza-sektorean diharduten eskatzaileei erregelamendu horren 4.6 artikuluan ezarritako muga aplikatuko zaie.
Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan (EBAO, L 190/45, 2014-06-28koa) jasotako arrantza- eta akuikultura-sektorean diharduten eskatzaileei aipatutako erregelamenduaren 4.6 artikuluan ezarritako muga aplikatuko zaie.
d) Dekretu honen bidez emandako maileguak aurreko ekitaldietan finantza-laguntzako dekretuen eta hitzarmenen bitartez xede bererako emandakoekin bilduko dira, halako eran non batzuen eta besteen batuketak ez duen gaindituko 750.000 euroko baterako muga enpresa txiki edo ertain bakoitzaren kasuan eta 120.000 eurokoa banakako enpresaburu edo profesional autonomo bakoitzaren kasuan, betiere maileguen onuradun diren enpresek edo pertsonek egunean badute aurreko ekitaldietako programen bitartez lortutako maileguen amortizazio- eta interes-kuoten ordainketa.
3.– Enpresa edo pertsona onuradunak eman zaion maileguaren zenbateko osoa izango du erabilgarri. Finantza-erakundeak ezin izango ditu saldoak atxiki edo pignoratu, ezta emandako maileguaren onuradunak eskura dezakeen zenbatekoa murrizteko antzeko figurarik aplikatu ere.
III. KAPITULUA
PROZEDURA
7. artikulua.– Deialdia.
1.– Dekretu honek araututako finantzaketa-lerroak eskuratzeko, deialdia egingo da, eta deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz.
Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren agindu baten bitartez egingo da deialdia, eta bertan zehaztuko dira erabilgarri dauden baliabideen guztizko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta lekua eta gainerako prozedura-alderdiak. Era berean, finantza-erakunde laguntzaileen zerrenda ere zehaztuko da.
2.– Deialdian, edo deialdi guztien artean, gutxienez 30 milioi euroko zenbatekoa bermatuko da, eta eskari nahikoa egonez gero, 90 milioi eurora handitu ahal izango da zenbateko hori, dekretu honetako I. kapituluan zehaztutako banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.
Hala ere, Ogasun eta Ekonomia Sailak zenbatekoak berresleitu ahal izango ditu, dekretu honetan azaltzen diren kolektiboetakoren batean finantzaketa-eskaria nahikoa ez den kasuetan.
8. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskabidea, eranskineko F1P inprimakian jasotako ereduaren arabera.
b) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen fotokopia.
c) Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2P inprimakia). Ikuskaritza-bisitan egiaztatu ahal izango dira eta honako hauek dira, hain zuzen:
– 2017ko ekitaldiko abenduaren 31n langile-taldean zegoen langile-kopurua, hilabete horretako TC1aren arabera.
– Fakturazio-zifra 2017ko ekitaldiko abenduaren 31n.
– Urteko balantze orokorraren zifra 2017ko ekitaldiko abenduaren 31n.
– ETEa ez den enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin ez edukitzea enpresaren kapitalean % 25eko edo hortik gorako partaidetza, zuzenean zein zeharka.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.
e) Foru-aldundiaren ziurtagiria, enpresak alta emanda duen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.
f) Azken hiru ekitaldietako (2014tik 2017ra) urteko kontuak.
g) Pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen deskripzio-memoria. Enpresak egin behar du (eranskineko F3 inprimakia).
2.– Banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskabidea, eranskineko F1A inprimakian jasotako ereduaren araberakoa.
b) Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2A inprimakia).
c) Foru-aldundiaren ziurtagiria, profesionalak alta emanda duen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.
e) Eskatzailearen ondasunen aitorpena.
f) 2017. urteko diru-sarrera eta gastuen betearazpena eta uneko urteko aurreikuspena.
g) Pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen deskripzio-memoria.
3.– Eskatzaileari indarrean dagoen zigor-araubidea ezarriko zaio, bai administratiboa bai penala, baldin eta aitorpen horietan emandako daturen bat faltsutzen badu.
4.– Edonola ere, Ogasun eta Ekonomia Sailak eta elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek aurkeztu den eskabidea ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duten informazio osagarria eskatu ahal izango diote enpresa eskatzaileari.
9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileen bulegoetan aurkeztu beharko dira eskabideak, bai eta aurreko artikuluan aipatutako gainerako agiri guztiak ere.
Bermatuta dago eskatzaileek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dutela eskabidea eta horri lotutako gainerako agiriak aurkezteko, bai eta eskabideari lotutako prozedura eta izapideetan ere, indarren dagoen hizkuntza-araudiaren arabera.
2.– Interesdunek www.euskadi.eus atarian edo Zuzenean arreta-zerbitzuaren bitartez (012 telefono-zenbakia) eskuratu ahal izango dute informazio gehiago, bai eta eskaera-orriak ere.
10. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta abala baimentzeko agiria formalizatzea.
1.– Programan laguntzaile diren elkar bermatzeko sozietateen ardura izango da aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea, abala eman aurretik.
2.– Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo 8. artikuluan zerrendatutako agiri guztiak ez badira aurkeztu, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek errekerimendua egingo diote enpresa edo pertsona eskatzaile interesdunari, huts hori zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean; era berean, agindutakoa bete ezean eskaera bertan behera utzi duela ondorioztatuko dela ohartaraziko zaio.
3.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek autonomia izango dute jaso dituzten abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, abal-jardueran eskuarki erabiltzen dituzten azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko dituzte.
4.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek, eskabidea aztertu ostean, balorazioa aldekoa bada, Ogasun eta Ekonomia Sailari bidaliko diote espedientearen dokumentazioa, hark aintzat har dezan. Horren ondoren, sozietate laguntzaile horiek «abala baimentzeko agiria» emango dute eta F4 inprimakian azaldutako informazioa zehaztuko dute bertan.
5.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek aldi berean jakinaraziko diete «abala baimentzeko agiria» enpresa edo pertsona onuradunari, finantza-erakunde laguntzaileari eta Ogasun eta Ekonomia Sailari.
Elkar bermatzeko sozietateak finantzaketa-eragiketa ukatzen badu, hartutako erabakia jakinarazi beharko dio, idatziz, eskatzaileari; eta, jakinarazpen horretan, ukatze-arrazoiak azaldu beharko ditu.
6.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek formalizatutako zein ukatutako abal-eragiketak jakinaraziko dizkiote Ogasun eta Ekonomia Sailari, hark eskatzen dien aldizkakotasunarekin, hark ezarritako betekizunak betez eta hark eskatzen dizkien ereduak erabiliz.
11. artikulua.– Mailegu-eragiketak formalizatzea.
1.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek bermatzen duten mailegu-eragiketarako «abala baimentzeko agiria» onartu eta dagokion finantza-erakundeari bidali ostean, enpresa edo pertsona eskatzaileak lankidetza-hitzarmena sinatu duten finantza-erakundeetariko batekin formalizatuko du eragiketa hori.
2.– Finantza-erakundeek formalizatutako mailegu-eragiketak jakinaraziko dizkiote Ogasun eta Ekonomia Sailari, lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasunarekin, bertan ezarritako betekizunak betez eta bertan eskatzen diren ereduak erabiliz.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileei utzitako birfidantzamendua bertan behera geratuko da «abala baimentzeko agiria» jasotzen den egunetik gehienez hiru hileko epean formalizatzen ez diren eragiketetarako.
12. artikulua.– Finantzaketa-lerroa agortzea.
1.– Dekretu honetako diru-laguntzak emateari utziko zaio, deialdian adierazitako aldian dekretuaren bidez banatutako finantzaketa-eragiketak 600 milioi euroko gehieneko nominal formalizatura iristen direnean. Edonola ere, uneko edozein eskabide ezesteko arrazoi nahikoa izan daiteke aldez aurretik gehieneko nominal horretara iritsi izana.
2.– Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko du aurreko hori Ogasun eta Ekonomia Sailak, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
13. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunen erreklamazioak.
Ogasun eta Ekonomia Sailak jasoko ditu finantza-laguntza emateko programa honetako erakunde eta pertsona eskatzaileek egindako erreklamazioak, eta kasuan kasuko elkar bermatzeko sozietateari edo finantza-erakunde laguntzaileari entzun ostean bideratuko ditu. Aurkeztutako erreklamazioak Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordearen ebazpen bidez ebatziko dira.
14. artikulua.– Egiaztatzea eta gainbegiratzea.
1.– Finantza-laguntzako programa honetako enpresa eta pertsona onuradunek eta erakunde laguntzaileek Ogasun eta Ekonomia Sailaren egiaztapen-, ikerketa- eta azterketa-jarduketak onartu beharko dituzte.
2.– Jarduketa horien ondorioz egiaztatzen bada pertsona edo enpresa onuradunen batek ez duela betetzen baldintzaren bat, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileei eta finantza-erakunde laguntzaileari jakinaraziko zaie, emandako finantzaketa ezezta dezaten; horren ondorioz, pertsona edo enpresa onuradunak uko egin beharko dio eragiketari, eta, horretarako, aurretiaz amortizatu beharko du. Bestalde, egiaztatzen bada erakunde laguntzaileren batek ez duela bete bere gain hartutako betebeharren bat, harekin sinatutako hitzarmena azkendu egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak beste lege- eta administrazio-jarduketa batzuk abiaraztea baztertu gabe.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere gain hartutako birfidantzamendu-betebeharren ondorioz, egindako pagamenduen ordaina jaso behar badu, erakunde onuradun bati egozteko moduko ez-betetzeen ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak, prozedura egokia bideratu eta erakunde onuradunari entzun ondoren, enpresa zordunaren zorraren zenbatekoa eta hura ordaintzeko modu eta epea zehaztuko ditu.
15. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
1.– Eragiketek estatuko «minimis» laguntzak erregulatzeko arauek ezarritakoa beteko dute; honako hauetan bildutakoa, hain zuzen ere: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013-12-24); Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/9, 2013-12-24), eta Batzordearen 20014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak arrantza-sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 190/45, 2014-06-28).
Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, organismo edo entitate publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada handiagoa kategorien araberako salbuespenen erregelamenduan edo Batzordeak hartutako erabakiren batean inguruabar zehatzetarako ezarritako zenbatekoa baino.
2.– Arau honen bidez onuradun diren pertsona edo enpresek, beste diru-laguntza edo laguntzaren bat jasotzen badute helburu bererako, beti jakinarazi beharko diote Ogasun eta Ekonomia Sailari; halaber, zerga-ekitaldi honetan zein aurreko bi ekitaldietatik aurrera gaur egun arte jasotzen dituzten minimis laguntzak ere jakinarazi beharko dizkiote.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Finantzen Euskal Institutuak, aginduta dituen zereginak betez, dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako finantzaketa-beharrak estaltzeko maileguak eman ahal izango ditu.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Arau honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten finantza-abaleko eragiketak, hain zuzen ere elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek 2018ko urtarrilaren batetik arau hau indarrean jarri arte formalizatzen dituztenak, atxiki daitezke lehenengo artikuluaren azken paragrafoan ezarritakoaren arabera egituratzen den fidantzamendu-sistemara, betiere EAEko Administrazioak espresuki onartzen baditu eragiketa horiek.
Aurreko paragrafoan araututakoa betetzen duten eragiketen multzoa Ogasun eta Ekonomia Sailak onartzeko, dekretu honen 10. artikuluaren 4. eta 5. zenbakietan ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Onarpena sorta bakarrean emango da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ogasun eta Ekonomiako sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko uztailaren 10ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.