EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2018138

118/2018 EBAZPENA, uztailaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, familia eta komunitateko medikuntzako ikasgela bat sortzeko eta haren jardunerako Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzeko xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201800118
Xedapenaren data: 2018-07-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201803714
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen-marko hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea familia eta komunitateko medikuntzako ikasgela bat sortzeko eta haren jardunerako Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena. Eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 6a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 6KO 118/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, FAMILIA ETA KOMUNITATEKO MEDIKUNTZAKO IKASGELA BAT SORTZEKO ETA HAREN JARDUNERAKO
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 4a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Jon Darpon Sierra jauna, Eusko Jaurlaritzaren Osasuneko sailburua, 2018ko uztailaren 3ko Gobernu Kontseiluaren akordioak aitortzen dion eskumenetan oinarrituta baitihardu.
Eta bestetik, Nekane Balluerka Lasa andrea, Euskal Herriko Unibertsitateko (aurrerantzean, EHU) errektorea, hala ezarri baitu Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpenak, gobernu-taldearen egitura eta funtzionamendu-arloak zehazteko eta eskumenak eskuordetzeko denak.
ADIERAZTEN DUTE:
1.– Osasuneko sailburuaren 2018ko otsailaren 15eko Aginduak Euskal Herriko Unibertsitateari laguntza izenduna onartu zion Familia eta Komunitateko Medikuntzarako Ikasgela bat sortzeko eta garatzeko. Laguntza horrek behar du, aurrera eraman ahal izateko, erakunde biek sinatutako lankidetza hitzarmena.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Osasun Sailaren esku utzi ditu, besteak beste, osasun-plangintzari dagozkion funtzioak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legean ezarritakoarekin bat etorrita. Zehazki, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren bitartez, funtzio edo eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:
a) Osasun-plangintza eta -zonakatzea egitea, beharren mapa –azpiegitura sanitarioak barne– landu eta etengabe eguneratuz.
b) Euskadiko osasun-sistemaren lanbide-plangintza egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko oraingo zein etorkizuneko osasun-sistemak beharko dituen lanbide guztien baliagarritasun egokia lortzeko helburuarekin.
c) Osasunaren arloko irakaskuntza eta prestakuntza zuzendu, planifikatu, koordinatu eta kudeatzea.
3.– EHUk funtzio hauek ditu:
a) Kalitatezko goi-mailako hezkuntza eskaintzea, ikasleen prestakuntza integralari laguntzeko eta haien lanbide-prestakuntza ziurtatzeko, lan-munduan txertatzeko aukera izan dezaten.
b) Jakintza sortzea, kritikatzea eta transmititzea, eta ezagutza eta gizarte-garapenaren aurrerapena bultzatzea, oinarrizko ikerketa aplikatuaren bidez eta emaitzak gizarteari transferituz.
c) Profesionalen etengabeko prestakuntza, eta maila handiagoko irakaskuntza eskatzen duten beste kolektibo sozial batzuen prestakuntza iraunkorra edo bizitza osoan zeharrekoa.
d) Erakunde eta entitate publiko eta pribatuekin harremanak eta akordioak ezartzea, tituludunen prestakuntza hobetzeko, eta, ondorioz, tituludunak merkaturatzen errazteko.
Autonomia-araubidean ari da EHU, eta horrek auto-antolamendurako gaitasuna bermatzen dio, bai eta ikasketarako eta ikerketarako askatasun akademikoa ere. EHUk bere esku du berariazko egiturak sortzea hauei euskarri emateko: irakaskuntza, ikaskuntza, ikerketa eta unibertsitate-proiekzioari, bai eta irakaskuntzaren, ikasketaren eta ikerketaren plangintza estrategikoari ere.
Bestalde, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea irakaskuntza-zentro bat da, arduratzat duena prozesu akademiko eta administratibo hauek antolatu eta kudeatzea: Medikuntza, Odontologia, Fisioterapia eta Erizaintza gradu-tituluak eta, hala badagokio, gradu-ondokoak lortzekoa, bai eta eremu biosanitarioko beste irakaskuntza-eskaintza batzuk ere. Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen asmoa da bikaintasuneko zentro lehiakorra izatea Europako Goi Irakaskuntzako Eremuan, nazioarteko aitorpenarekin, ikasleen beharrizanak eta gure gizartearen eskariak uztartzeko gai prestakuntzaren eremuan eta zientzia-alor biomedikoan. Horretarako, fakultate honek titulazio biomedikoak eskaini nahi ditu, ingurune sozio-sanitariora egokitu, tituludunen zenbateko egokia bermatu eta gaitasunak eskuratzea sustatuko dutenak, curriculum-edukiak ongi koordinatuta, hezkuntza-metodologia egokiak baliatuta eta ebaluazio-sistema koherentea bultzatuta. Azkenik, fakultateak hauek sustatzen ditu: kalitatezko ikerketa, zientzia-produktibitatea, taldeen arteko elkarlana, doktoreen prestakuntza eta ezagutzak transferitzea gure herriko gizarteari eta bilbe edo sare produktiboari.
4.– Bai Osasun Sailak bai Euskal Herriko Unibertsitateak EHUn Familia eta Komunitateko Medikuntzarako Ikasgela bat sortzeko interesa dute, prestakuntzako, dokumentazioko eta ikerketa laguntzeko sistema integratu modura, eta xede horrekin honako helburu hauek ezarri dituzte:
a) EHUko Medikuntza Graduko ikasketetan Familia eta Komunitateko Medikuntza sendotzea Lehen mailako arretaren prestakuntza-eremu gisa, jakitun izanik ikasketa-plana aldatzea zaila dela eta tituludunaren irteera-profilera egokitu beharra dagoela. Horretarako:
1) Medikuntzako graduaren egungo ikasketa-plana berrikusi eta aztertuko da, eduki eta jarduera batzuk sartze aldera irakastorduetan, Familia eta Komunitateko Medikuntzako berariazko gaitasun edo konpetentzietako prestakuntza hobetzeko.
2) Familia eta Komunitateko Medikuntzako titulazioa duten irakasleen beharra norainokoa den aztertuko da, ikasketa-planean proposatutako aldaketei egokitutako prestakuntza eman ahal izan dadin.
b) Gradu-ikasketetan jarduera osagarriak egin daitezen sustatzea, Familia eta Komunitateko Medikuntzarekin lotuta, Lehen mailako arretaren eremuan.
c) Familia eta Komunitateko Medikuntzako espezialistek eta espezialitateko egoiliarrek doktorego-tesiak egin ditzaten sustatzea, eta haien garapena laguntzen bidez erraztea (bekak, eta abar).
d) Prestakuntza-egonaldiak egin ditzaten sustatzea.
e) Topaketak, bilerak, biltzarrak, jardunaldiak eta halakoak egin daitezen sustatzea, Familia eta Komunitateko Medikuntza garatu dadin lortzea helburu hartuta.
f) Ikasle, egoiliar, profesional, komunitate, elkarte zientifiko eta abarrentzat Familia eta Komunitateko Medikuntzarekin lotutako prestakuntza-jarduerak egin daitezen sustatzea.
g) EHUren eta Familia eta Komunitateko Medikuntzaren alorreko espezialisten arteko elkarlana sustatzea prestakuntza-jardueretan (ikastaroak, tailerrak, irakaskuntza-programak, eta abar).
5.– Horrenbestez, elkarren intereseko alderdietan lankidetzan aritzea erabaki dute, honako hauei jarraikiz
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Akordioaren xedea eta lankidetza-esparrua.
Hitzarmen honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan ezarritako izendun diru-laguntza bat zertzea; hain zuzen ere, irakaskuntzan, ikerketan eta ikerkuntzaren emaitzen eraldaketan jardutekoa hauekin lotutako gai espezifikoetan: osasunaren lehen mailako arreta, arreta komunitarioa, osasun publikoa edota lehen mailako arretaren eremuko beste alor interesgarri batzuk. Eta, ondorioz, era berean, Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgela bat diseinatu eta abiaraztea EHUn.
Bigarrena.– Alderdien betebeharrak.
Lankidetza honen esparruan,
A.– Osasun Sailari egokituko zaio:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan ezarritako izendun diru-laguntza gauzatzea, lehenengo klausulan aipatzen baita, EHUri diru-laguntza emanda, 60.000 euro gehienez ere, hitzarmen honetan aurreikusitako helburuak lortzeko jarduerak gara daitezen. Kudeaketa Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren bitartez egingo da, horretarako onartuko den sailburu-aginduak xedatutakoa aplikatuta.
b) Hitzarmen honetako jarraipen-batzordean parte hartzea.
c) Osasun Sailaren ordezkariak izendatzea Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgelaren talde bultzatzailerako.
B.– Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU) egokituko zaio:
a) Barneko administrazio-izapidetzea egitea Unibertsitateak onarpena eman diezaion EHUko Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgelari.
b) Hitzarmen honetako jarraipen-batzordean parte hartzea:
c) Ordezkariak izendatzea Ikasgela bultzatzeko talderako.
d) Behar diren lokalak uztea talde bultzatzaileak proposatutako jarduerak egin daitezen, jarraipen-batzordeak onartuak.
Hirugarrena.– Jarraipen Batzordea.
1.– Jarraipen-batzorde bat eratuko da lankidetza-hitzarmen honetan hitzartutako helburuen jarraipena egiteko. Osasun Saileko eta EHUko ordezkariak egongo dira bertan, eta funtzio hauek edukiko dituzte:
a) Euskal Herriko Unibertsitateari proposatzea Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgelaz arduratuko den pertsona, bai eta unibertsitate horren onarpena jasotzea ere.
b) Hitzarmen honen helburuak lortze aldera talde bultzatzaileak proposatutako jarduera-plana onartzea. Jarraipen batzordeak onartzen dituen jarduera zehatzek, inolako hitzarmen edo akordioaren sinadura behar izanez gero, dagozkien araudiari jarraituz egin beharko dira.
c) Egutegi bat ezartzea, hitzarmenaren jarraipena adierazitakoaren arabera egiteko beharrezkoak diren bileretarako.
d) Hitzarmen honen interpretaziotik eta aplikaziotik auzirik sortuz gero, ebazpena ematea.
2.– Jarraipen Batzordeak kide hauek izango ditu:
a) Osasun Sailetik: Eusko Jaurlaritzaren Osasuneko sailburua eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria.
b) EHUtik, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko gradu-koordinaziorako dekanordea.
3.– Era berean, proposatu da hitzarmena sinatu duten aldeei eskumena ematea batzordekideak izenda ditzaten, egokitzat jotzen denean. Betebehar bakarra izango da beste aldeari batzordearen eraketan eginiko aldaketen berri ematea; kasu horietan, ez da beharrezkoa izango beste hitzarmen bat sinatzea.
Laugarrena.– Talde bultzatzailea.
Talde bultzatzaile bat eratzea erabaki da, hitzarmenaren helburua lortzeko behar diren jarduerak proposatu eta kudeatu ditzan. 8 kide izango ditu, 4 EHUk proposatuta eta beste lau Osasun Sailak. Hona talde bultzatzailearen funtzioak:
a) Hitzarmen honetan aurreikusitako helburuak lortzeko jardueren plana proposatzea.
b) Jarraipen-batzordeak onartutako jarduerak kudeatzea.
c) EHUko Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgelaren jardueren memoria prestatzea.
d) Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari aurkeztea beharrezkoa den dokumentazioa, talde bultzatzaileak proposatu eta jarraipen-batzordeak onartutako jarduerak direla eta egindako gastuak justifikatze aldera.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren iraupena.
Hitzarmen honek ondorioak izango ditu sinatzen den egunetik aurrera, eta sinatzen denetik 2018ko abenduaren 31.era egongo da indarrean, non eta aldeetakoren batek hiru hilabete lehenago ohartarazita salaketarik egiten ez duen. Salaketarik gertatuz gero, errespetatu egin beharko da abian diren jarduketen indarraldia.
Indarraldi hori amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, beti ere horretarako finantziazioa ziurtatuta badago, edo hura azkentzea.
Seigarrena.– Aplika daitekeen araudia.
Hitzarmen honek administrazio arteko hitzarmenaren izaera du, eta hauek ditu arau: hitzarmenaren klausulak, aplikagarri zaizkion arau bereziak, eta, zehazki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen IV. kapituluak ezarritakoa
Zazpigarrena.– Aldaketa-araubidea.
Alderdien erabateko adostasuna beharko da hitzarmen honetan edozein aldaketa egiteko.
Eta ados daudela adierazteko, bi aldeek hitzarmen honen bi ale sinatzen dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.
EHU-ko errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.