EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2018137

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 6koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, erakundeentzako eta enpresentzako deialdia zabaltzen duena, praktikak egingo dituzten ikasleak har ditzaten, LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) Ikastaroa»ren esparruan (Bilbao, 2017-2018).

Xedapenaren data: 2018-07-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201803693
Maila: Ebazpena
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP), 2017an, ikastaro honetarako deia egin zuen: «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) ikastaroa» (2017-2018), IVAPen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak antolatutakoa. Ikastaroa, zeina 700 ordukoa baita, deialdi bakar baten barruan egin ahal izango da oso-osorik edo, bestela, modulu teorikoak independenteki egin ahal izango dira, eta, horretarako, matrikulatutako deialdiri dagokion ikastaroaren baldintza guztiak bete behar dira. Modulukako egitura horren bidez, bertaratuek egokitu egin ahal izango dute ikastaroaren erritmoa beren jardun profesional eta/edo pertsonalera, aukera ematen baitzaie prestakuntza etenik gabe edo moduluka egin dezaten.
Ikastaro horren egituraren arabera, azken 8 urteetan hirigintza-alorrean 48 praktika-ordu baino gutxiago egin dituzten ikasleek 300 orduko praktikaldia egin dezakete, erakundeetan eta/edo enpresetan. Praktikaldi hori ez da derrigorrezkoa, LHIEEren «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) ikastaroa»ri dagokion Hirigintzako diploma lortzeko.
Ikastaroan zehar jasotako ikaskuntza teoriko-praktikoa osatzeko xedea dauka praktikaldi horrek; beraz, gaikuntza eta trebetasun praktikoak eskuratzeko aukera ematen zaie praktika horiek egiten dituzten pertsonei, ikastaroaren edukien eremuan, erakundeetako eta enpresetako lan profesionaletan lagunduz.
Hirigintzaren eta lurralde- eta hiri-ikasketen eremuan, are nabarmenagoa da prestakuntza praktikoaren beharra, eremu konplexua izateaz gain, guztiz zeharkako gaia baita enpresa askoren jardueran, eta, zalantzarik gabe, administrazio publikoen jardueran.
Praktikaldian dauden pertsonak hartuz erakunde eta/edo enpresa hauek erakusten duten lankidetzak gizarte-balio handia ematen die haien ekimenari; horrela, guztien ahalegina batuz, kalitatea eta prestakuntza praktikoa emango diete hirigintzako etorkizuneko profesionalei.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Irekitzat deklaratzea erakundeek eta enpresek ikasleak praktiketan hartzeko deialdia, IVAPen LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) Ikastaroa»ren esparruan (2017-2018).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz. Hilabeteko epea izango da horretarako, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari edo Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari jar dakioke. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, errekurtsoa ezetsitzat hartu ahal izango da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.
AZKEN XEDAPENETAko BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 6a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
I. ERANSKINA
ERAKUNDEEK ETA ENPRESEK «HIRIGINTZA ETA LURRALDE IKASKETAK XLIII. (43) IKASTAROA» EGITEN DUTEN IKASLEAK PRAKTIKETAN HARTZEKO DEIALDIA ZABALTZEN DUEN EBAZPENARENA. IKASTARO HORI LHIEE LURRALDE ETA HIRI IKASKETETARAKO EUSKAL ESKOLAK ANTOLATU DU, 2017-2018 IKASTURTERAKO
OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Deialdi honen helburua da, batetik, erakundeentzako eta enpresentzako deialdia zabaltzea, praktikak egingo dituzten ikasleak har ditzaten, LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak 2017-2018 ikasturterako antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) Ikastaroa»ren esparruan (Bilbao, 2017-2018), eta, bestetik, praktika horien ezaugarrien berri eta praktika horien esparruaren berri ematea erakundeei eta enpresei, praktikaldiak formalizatzeko eta garatzeko oinarriak ezartzearekin batera.
Bigarrena.– Lanbide-praktiken ezaugarriak.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren Ebazpenaren bidez araututa dago praktikaldi hori. Ebazpen horren bidez, erakunde edo enpresetako diruz lagundutako praktikak erregulatu eta haietan parte hartzeko deia egiten zaie Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII (43) Ikastaroa» (Bilbo, 2017-2018) egiten duten ikasleei.
Lanbide-praktika horiek ez dira nahitaezkoak, borondatezkoak baizik, eta ezaugarri hauek dituzte:
a) LHIEE Lurralde eta Herri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) Ikastaroa»ren ikasleei zuzenduta daude (700 orduko ikastaroa). Parte hartzeko, ikasleek baldintza hauek bete behar dituzte: sei eskola-moduluak gainditu izana, eskola-modulu horietako banakako eta taldeko lanak egin izana, eta horiei guztiei dagozkien azterketak gainditu izana.
b) Ikasleek, praktikak eskatu eta egin ahal izateko, lanbide-esperientziarik gabekoak izan behar dute, edo, gehienez ere, hirigintza-arloko 48 hilabete baino gutxiagoko praktika izan behar dute azken 8 urteetan.
c) Praktikaldia 300 ordukoa da, eta urteko azken hiruhilekoan egingo da. LHIEEk eta praktikak egingo diren erakundeak/enpresak zehaztuko dute hasteko eguna, eta 2018ko abenduaren 31 baino lehen amaituko da. Halaber, erakundearen/enpresaren lan-ordutegiaren araberakoa izango da praktikaldia, betiere, erakundearen/enpresaren lan-ordutegiak ikasleari ahalbidetzen badio praktikaldi osoa egitea gutxienez lau orduko eta gehienez sei orduko derrigorrezko lanaldi batekin.
d) Praktiken xedea da ikastaroan eskuratutako ezagutzak eta trebetasunak abian jartzea, praktiken enpresa edo erakunde hartzaileko lanak egiten lagunduz.
e) Praktikek IVAPen diru-laguntza jasotzen dute. 2018ko ekitaldian, 22.000 euro erabiliko dira, gehienez. Zenbateko horretatik, praktikaldian dauden pertsonen Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko zenbatekoa deskontatuko da. Deialdi honetan esleitutako laguntza guztiak zenbateko berekoak izango dira. Kopuru zehatza arestian adierazitako zenbatekoa laguntza esleitu zaien ikastaroko ikasleen kopuruaren artean hainbanatuta kalkulatuko da, baina laguntza bakoitza ez da sekula 2.111,11 eurotik gorakoa izango.
f) Praktikaldian dauden ikasleak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartuko dira, IVAPen kargura, prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonei buruz Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak eta betebeharrak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuak araututako moduan eta baldintzetan, eta Gizarte Segurantzako sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko.
g) Praktiketako pertsona hartu duen erakundeko/enpresako pertsona bat izango da praktiketako tutorea.
h) Honako hauen arabera hartuko dira praktiketako ikasleak: praktikak egin nahi dituzten ikasleen kopurua, ikasle horiek harrera-enpresen eta -erakundeen zehaztapenak betetzea (espezialitate profesionalari eta praktikak egiteko hizkuntzari dagokienez) eta praktikak egingo dituzten pertsonek destino posibleen artean egiten duten aukeraketa.
Hirugarrena.– Kontratu-obligaziorik ez, praktikak egiten diren enpresaren edo erakundearen eta praktikak egiten dituen pertsonaren artean.
Enpresak edo erakundeak praktikak egiteko pertsona bat onartzeak –edo praktikaldian dagoen pertsonak erakundean/enpresan egiten duen egonaldiak eta jarduerak– ez dakar inolako kontratu-loturarik Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta diru-laguntzaren jasotzailearen artean, ez eta praktikaldia egiteko enpresaren eta/edo erakundearen eta diru-laguntzaren jasotzailearen artean ere.
Laugarrena.– Enpresa/erakunde hartzailearen egitekoak eta obligazioak.
a) Praktikak egiten dituenari aukera ematea praktikak egiten diren unitateko eremu profesionalean eta bere espezialitate profesionalaren eremuan laguntzeko.
b) Praktiken tutoretza-lanak egingo dituen pertsona izendatzea. Horrek gidatu eta gainbegiratuko du praktiken garapena. Horretarako, tutoreak txosten bat egingo du, eta, bertan, praktiketan hartutako pertsonak egin duen lana, erakutsi duen prestakuntza-maila eta lan horren gaineko balorazioa adieraziko ditu. Gero, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolara bidaliko du txostena, hamar eguneko epean, praktikaldia amaitzen denetik hasita.
c) IVAPi jakinaraztea praktikaldia betetzeari dagokionez sor daitezkeen gorabeherak –uko egitea, ezintasuna eta antzekoak–.
Bosgarrena.– Praktiketako pertsona bat hartzea eskatzen duten erakundeen/enpresen betekizunak:
a) Hirigintzaren, lurralde-plangintzaren eta ingurumenaren eremuko unitate espezifikoa eta horri atxikitako langileak edukitzea.
b) Praktikak egiten dituenaren tutore-lanak egiteko pertsonaren bat edukitzea praktikaldian, pertsona horrek enpresan betetzen duen espezialitate profesionala eta praktiketako ikaslearen espezialitate profesionala kontuan hartuta.
c) Praktiketako pertsona bat hartzeko eskabidea aurkeztea, hurrengo oinarrian adierazten den moduan eta epean.
Seigarrena.– Prozeduraren tramitazio elektronikoa.
Entitate interesdunek izapidetze elektronikoaren bitartez aurkeztu behar dituzte eskabideak, kontsultak eta tramite guztiak Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuari, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraikiz.
Eskaera honako helbide elektroniko honetan izango da: http://www.ivap.euskadi.eus/2018-praktikaldiak-erakundeetan/r61-vedplus/eu
Zazpigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Aurkezteko modua.
Pertsonak praktiketan hartzeko eskaerak seigarren oinarrian zehaztutako helbide elektronikoan aurkeztuko dira.
Eskaeran datu hauek jasotzen dira:
a) Erakunde edo enpresa eskatzailearen identifikazioa eta zein unitaterako eskatzen den praktiketako ikaslea.
b) Eskatzen den ikaslearen espezialitatea, arlo hauen artean: juridikoa, arkitektura, ingurumena.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, entitateak hirigintzaren, lurralde-plangintzaren eta ingurumenaren eremuko unitate espezifikoa eta horri atxikitako langileak dituela adieraziz.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, entitateak, praktikaldian, praktikak egiten dituenaren tutore-lanak egiteko pertsonaren bat duela adieraziz, pertsona horrek enpresan betetzen duen espezialitate profesionala eta praktiketako ikaslearen espezialitate profesionala kontuan hartuta.
e) Praktikak egingo diren unitatean lanerako zer hizkuntza erabiltzen den: euskara, gaztelania edo euskara eta gaztelania.
2.– Eskabideak aurkezteko baldintzak.
Eskabideak aurkezteko epea amaitzean erabilgarri dauden ziurtagiri elektronikoak onartuko dira. Ziurtagiri horiek Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/ kontsulta daiteke, «Izapideak/Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak» atalean.
Hori dela-eta, erakunde eskatzaileek «erakundearen ziurtagiri elektronikoarekin» identifikatu beharko dute beren burua, eta, beraz, ez da ordezkaritza-botere nahikoa edukitzea egiaztatu beharko.
Izapidea ordezkari baten bidez egiten bada, «ordezkaritza-agiria» aurkeztu beharko du horrek.
Pertsona fisikoaren ziurtagiri batekin identifikatuz gero eta «ordezkarien erregistro elektronikoan» alta eman gabe egonez gero:
1.– Erakundea legez ordezkatzeko, notarioaren bidez egiaztatutako sinadura jasotzen duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua aurkeztu beharko du (PDF formatuan).
2.– Borondatezko ordezkaritzarako, «legezko ordezkaritza boluntarioa esleitzeko inprimaki normalizatua» aurkeztu beharko du.
Erakunde publiko baten izenean jarduteko, «eskuduntzak eskuordetzeko inprimaki normalizatua» aurkeztu beharko du, edo eskaera aurkezteko eta prozedurak eskatzen dituen kudeaketak egiteko baimena duela egiaztatzen duen bestelako edozein dokumentu. Bietan, eskaerari erantsi beharko zaizkio inprimakiak.
3.– Aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.– Eskabideak zuzentzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, aurkeztu beharreko eskabideak eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, eskatzaileak 10 egun balioduneko epea izango du akats hori zuzendu edo eskatutako dokumentuak aurkezteko. Horrela ezin ezean, eskabidean atzera egin duela joko da, Administrazioak ebazpen espresua eman eta jakinarazi ondoren.
5.– Gainerako izapideak.
Espedienteetara sartzeko eta horien izapidetzea eta jarraipena egiteko, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/ egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera sartu behar da.
Zortzigarrena.– Praktikak egitea eskatu duten pertsonei eta erakunde/enpresa eskatzaileei praktikak esleitzeko prozedura.
Unitateren batean praktikak eskaini dituzten enpresen/erakundeen zerrenda jakinaraziko zaie praktika horiek eskatu dituzten ikasleei, baita erakundeei/enpresei ere.
Ikasleek, Hirigintza Ikastaroko 6 moduluetako bakoitzean lortutako balorazioak batuta lortutako puntuazioaren hurrenkeran, praktikak egiteko enpresa/erakundea hautatuko dute, betiere titulazioari eta hizkuntza-unitateari buruzko erakunde/enpresa eskatzailearen baldintzak betetzen badituzte. Hautaketa horretan oinarrituta, praktikaldiko ikasleak eta balizko ordezkotzak jasoko dituzten erakundeak/enpresak zein diren zehazten duen ebazpena emango du IVAPeko zuzendariak.
Diruz lagundutako praktikak esleitzeko edota deialdia hutsik uzteko ebazpena egun berean eman eta argitaratuko da deialdiaren Interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta, jarraian, praktiketako pertsonak eskatu zituzten enpresei eta erakundeei jakinaraziko zaie.
Bederatzigarrena.– Praktikak egiteko erakundea edo enpresa onartzea.
Praktiketarako destino gisa esleitua izan den erakundeak edo enpresak jakinarazi egin beharko du onartu egiten duela praktikak egingo dituen pertsona, eta onarpen horren berri emango duen idazki bat aurkeztu behar du, telematikoki, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/ egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean, jakinarazpena jaso eta 3 eguneko epean.
Onarpen hori formalizatzeko modua eskaintzen da atal horretan, prozedura errazte eta arintze aldera. Hala ere, enpresek eta erakundeek bestelako idazki bat aurkeztu ahalko dute aipatu atalean, konfigurazio juridikoaren arabera bete behar dituzten arauei jarraikiz, praktikak onartzen dituztela eta destino horretan esleitu duten pertsona zehatza onartzen dutela adieraziz.
Hamargarrena.– Administrazio-isiltasuna.
Deialdi honen ebazpenaren indarraldia hasten denetik sei hilabete igarota, erakundeei eta/edo enpresei praktiketako pertsonak esleitzeko ebazpenik argitaratu ez bada deialdiaren Interneteko helbidean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, ezetsitzat jo ahal izango da eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamaikagarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Prozesu honetan bildutako datu pertsonalak «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza- eta perfekzionamendu-ikastaroak» izeneko fitxategi automatizatuan biltegiratuko dira, eta prozesu hau kudeatzeko baino ez dira erabiliko.
Fitxategi horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza izango da. Haren aurrean baliatu ahal izango dira datuei lotutako eskubideak, hala nola irispideari, zuzenketari eta ezerezteari buruzkoak, tratamendua mugatzeari edo hari aurka egiteari buruzkoak, eta datuak transferitzeari buruzkoa. Erreklamazioa aurkeztu ahal izango da Datuak Babesteko Euskal Agentzian.
Ez da aurreikusten datuen lagapenik.
Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua datu pertsonalen babesari eta titulartasun publikoko datu pertsonalen fitxategiei buruzko legeriako aurreikuspenetara egokituko da: 2016/679 Erregelamendua (EB), datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzeari buruzkoa (datuen babesari buruzko erregelamendu orokorra); 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa (Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa), eta garapeneko araudia.