EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2018136

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 17koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, musika, arte eszenikoak, ikusentzunezkoak eta liburugintza sustatzen diharduten pertsona fisiko eta pertsona juridiko pribatuek, euskararen eremu geografikotik kanpo, 2018. urtean antolatutako merkatu, azoka, edo gertaera profesionaletan parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Xedapenaren data: 2018-06-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201803681
Maila: Ebazpena
Etxepare Euskal Institutua / Instituto Vasco Etxepare / Etxepare Basque Institute (EEI aurrerantzean) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) letrak ondoko helburua xedatzen du aipatutako EEIrentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak EEIren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.
Hori dela eta, EEIren jarduera arloekin bat etorriz, interesgarritzat jo da euskararen eremu geografikotik kanpo ikusentzunezkoen, musikaren eta arte eszenikoen inguruan antolatzen diren merkatu izaerako azoka eta jaialdietan parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da musikaren, arte eszenikoen, ikusentzunezkoen eta liburuaren sektoreetako profesionalei, 2018. urtean eta euskararen eremu geografikotik kanpo, merkatu, azoka, edo gertaera profesionaletan parte hartzeko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.
2. artikulua.– Deialdiko modalitateak.
II. kapitulua.– Musika.
III. kapitulua.– Arte eszenikoak.
IV. kapitulua.– Ikus-entzunezkoak.
V. kapitulua.– Liburua.
3. artikulua.– Diru-baliabideak eta laguntza-mugak.
1.– Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra laurogeita hamar mila (90.000) eurokoa izango da, eta modalitate bakoitzari dagokion zenbatekoa honakoa izango da:
a) Ikus-entzunezkoetarako berrogeita bost mila (45.000) euro.
b) Musikarako hamabost mila (15.000) euro.
c) Arte eszenikoetarako hamabost mila (15.000) euro.
d) Liburuaren sektorerako hamabost mila (15.000) euro.
2.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako gastuek lotura zuzena izan beharko dute azokaren batean parte hartzearekin. Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, diru-laguntzaren onuradunak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.
a) Onartuko diren gastuak:
Talde edo enpresaren ordezkariaren joan-etorriak, ostatua, dietak, stand-aren alokairua eta azoketan akreditatzeko edo instalatzeko gastuak.
b) Laguntzen zenbatekoak:
– Ostatu eta otorduetarako gehienezko gastuak, eskatzaileko eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamabost (75) euro ostaturako eta berrogeita bi (42) euroko dietarako. Espainiatik at, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogeita hiru (63) euro dietarako.
– Norberaren automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bost (0,25) euro km-ko gehi autopista eta parkinga. Kilometro kopurua kalkulatzeko, diru-laguntza eskatzailearen egoitza, sozietate egoitza edo establezimendua hartuko da abiapuntutzat.
– Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autopistako gastuak eta parkinga.
– Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, maila arrunteko txartela soilik onartuko da.
c) Hori guztia, azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorrak, 31. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.
3.– Gehienezko diru-laguntzak azoka bakoitzarekiko:
a) Arte eszeniko, musika eta liburu modalitateetan:
– 5.000 km-tik harago egitekoak diren azokak: mila (1.000) euro.
– 1.201 km-tik 5.000 km artean egitekoak diren azokak: zortziehun (800) euro.
– Gehienez ere 1.200 km-tara egitekoak diren azokak: bostehun (500) euro.
b) Ikus-entzunezkoen modalitatea:
– Gehienezko diru-laguntza honakoa izango da azokako: mila (1.000) euro.
Eskatzaile batek azoka guztietarako jasotako diru-laguntzen batura ez da inoiz bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.
4.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek edo entitate pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
5.– Aurrekontu-zuzkidura eskaera guztietarako iritsiko ez balitz, hainbanaketa bidez esleituko litzateke bakoitzari legokiokeena.
6.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako, ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, modalitate baterako diru-laguntzen zenbatekoa handitu ahal izango da beste modalitatearen soberakinaren bitartez, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Horretarako, EEIko zuzendariak ebazpena emango du. Kasu horretan, eskaera kopuruaren eta dagoen diru-kantitatearen arteko desoreka handiena duen modalitateak izango du lehentasuna.
4. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.
Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsona fisiko edo bertan egoitza soziala duen pertsona juridiko pribatua izatea. Merkatuan ikusgai edo salgai jarritako obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, errolda edo egoitza soziala euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.
Ondokoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa.
b) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, egingo den jarduerari dagokion epigrafean.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatea.
d) Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion zigor penalik edo administratiborik ez izatea.
e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dion legezko debekurik ez izatea, berariaz aipatuta sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapenak.
f) Erakunde-mota hauetakoren bat ez izatea: nagusiki kapital publikoa duten erakunde pribatuak, fundazioak edota dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteak.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo diru-laguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da diru-laguntza eman eta, hala dagokionean, ordaindu.
h) Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11 eta 13.2 artikuluetan eta horrren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
5. artikulua.– Eskatzaileen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, eskatutako agiriak Administrazio batek egindakoak direnean, haien kontsulta eta ateratzea interesdunen aldetik baimendutzat edukiko da, prozeduran ez badute berariazko kontrakotasunik adierazten. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.
Eskatzaileak Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoan errolda edo egoitza soziala duten eskatzaileek Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, baita eskatutako beste edozein agiri ere.
2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.
– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
Halaber, eskatzaileak honakoak adieraziko ditu eskabidean: dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.
3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
6. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.
Etxepare Euskal Institutuaren Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.
EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartua egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazioeskaerei erantzutera.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epe eta modua.
1.– Epeak:
Modalitate guztietan, irailaren 14ra arteko epea izango da eskabideak aurkezteko, EHAAn ebazpen hau argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Modua:
2.1.– Pertsona fisikoek eskaerak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre: eskabidea helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak Plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 2.3 atalean adierazitako helbidean.
Eskaera egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero -presentziala edo elektronikoa-, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.
2.2.– Pertsona juridikoek eskaerak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 2.3 atalean adierazitako helbide elektronikoan. Salbuespenez, Iparraldeko Euskal Herri Elkargoko pertsona juridikoak aurrez aurre ere aurkeztu ahalko dituzte.
2.3.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/nazioarteko_azokak/y22-izapide/eu
Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke:
https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
2.4.– Eskatzaileek euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak zein atxikitako agiriak Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a letran eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
2.5.– Identifikazio elektronikorako, onartutakoa den eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat eduki beharko du eskatzaileak.
2.6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
2.7.– Azoka guztietarako eskabide bakar bat aurkeztuko du eskatzaile bakoitzak.
8. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela, aurretiazko ebazpen bidez.
9. artikulua.– Ebazpena.
1.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura konkurtso gabeko konkurrentzia izango da eta EEIko Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio emango den kopurua ateratzea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.
Esleipen-ebazpena eskaerak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera emango da gehienez.
2.– Esleipen-ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz.
3.– Ebazteko epea inolako jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaera ez onartutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz.
10. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onuradunak berariaz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.
2.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2018. urtean burutzea.
3.– Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.
4.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, EEIren babesa jaso dutela berariaz eta argi adieraztea katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, Nolanahi ere, diru-laguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.
5.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri edo «nirekudeaketak» helbidearen bitartez –izapide elektronikoaren kasuan–. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
7.– Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 14. Artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
11. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.
Esleitutako diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, jarduera amaitu eta behar bezala justifikatu ondoren.
12. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
Ebazpen honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek jarraian zerrendatzen diren agiriak 2018ko abenduaren 31 aurretik aurkeztu beharko dituzte. Salbuespenez, abenduan egindako jardueren kasuan, 2019ko urtarrilaren 31 arteko epea izango dute agiriok aurkezteko.
1.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte helbide honetan: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak Plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 zenbakian aurreikusitako organoen aurrean.
– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak gunean.
2.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, goian adierazitako helbide elektronikoan. Salbuespenez, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoek, justifikazioak, aurrez aurre ere aurkeztu ahalko dituzte.
3.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, hurrengo helbidean:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/nazioarteko_azokak/y22-izapide/eu
4.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.
b) Diruz lagundutako gastuen egiaztagirien zerrenda ordenatua (fakturen kopiak, ticketak... ). Fakturek eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudi fiskalaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetatan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa ere adieraziz.
c) Diruz lagundutako stand-aren alokairua, joan-etorriak, ostatua, autopista, parkinga eta akreditatzeko eta instalatzeko gastuak jatorrizko fakturen kopien bidez justifikatuko dira. EEIk jatorrizkoak eskatzeko eskubidea izango du.
d) Dietak justifikatzeko, aski izango da dagokion formularioan jasotzen den taula bete eta sinatzearekin.
e) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak dagokion zuriketa formularioan kilometraje taula bete eta sinatzearekin. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten den herritik eskatzailearen egoitzara, sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan etorriko distantzia.
f) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren aleak, hala badagokio, EEIren logoaren bidez laguntza jaso dela adierazita.
g) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztuko da.
h) Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
13. artikulua.– Likidazio ebazpena.
Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada, gainfinantzaketa izan bada edo, dena delako zioarengatik, diru-laguntzaren kopurua gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, proportzionaltasun printzipioaren baitan, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.
14. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako laguntza ez itzultzea horretarako emandako epean.
4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatuko dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.
5.– Halaber, aplikagarria izango da azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorrak 37 eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudiak izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
II. KAPITULUA
MUSIKA
15. artikulua.– Diru-baliabideak eta mugak.
1.– Modalitate honetarako gehienezko zenbatekoa hamabost mila (15.000) eurokoa izango da.
2.– Eskatzaileak eskabide bakarra aurkeztuko du, nahi beste azokatara joateko, baina azoka guztietarako jasotako diru-laguntzen batura ez da inoiz bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.
3.– Azoka bakoitzerako gehienez emango den diru-laguntza 3.3 zenbakian ezarritakoa izango da.
III. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOAK (ANTZERKIA – DANTZA)
16. artikulua.– Diru-baliabideak eta mugak.
1.– Modalitate honetarako gehienezko zenbatekoa hamabost mila (15.000) eurokoa izango da.
2.– Eskatzaileak eskaera bakarra aurkeztuko du, nahi beste azoketara joateko, baina azoka guztietarako jasotako diru-laguntzen batura ez da inoiz bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.
3.– Azoka bakoitzerako gehienez emango den diru-laguntza 3.3 artikuluan ezarritakoa izango da.
4.– Deialdi honetan ez dira emanaldiak lagunduko.
IV. KAPITULUA
IKUS-ENTZUNEZKOAK
17. artikulua.– Onuradunen berariazko betebeharrak.
1.– Ekoizpen- eta banaketa-enpresa edo pertsona fisiko zein juridiko pribatu independente izatea. Alegia, ekimena izan eta ikus-entzunezko obra burutzeko erantzukizuna hartzea. Gainera, enpresaren partaidetzaren zatirik handiena ez izatea, zuzenean nahiz zeharka, telebistako zerbitzuak kudeatzen dituen erakunde batek.
18. artikulua.– Diru-baliabideak eta esleipena.
1.– Modalitate honetarako gehienezko zenbatekoa berrogeita bost mila (45.000) eurokoa izango da.
2.– Eskatzaileak eskaera bakarra aurkeztuko du, nahi beste azokatara joateko, baina azoka guztietarako jasotako diru-laguntzen batura ez da inoiz bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.
3.– Azoka bakoitzerako gehienez emango den diru-laguntza 3.3 zenbakian ezarritakoa izango da.
4.– Diru-laguntzak ondorengo zinemaldi eta azoketan parte hartzera bideratutakoak izango dira:
a) FIAPF federazioak (Film-ekoizleen Nazioarteko Federazioak) «A» moduan sailkatutako nazioarteko zinemaldiak: Berlin (Alemania), Kairo (Egipto), Cannes (Frantzia), Karlovy Vary (Txekiar errepublika), Locarno (Suitza), Mosku (Errusia), Mar de Plata (Argentina), Xangai (Txina), Tokio (Japonia), Venezia (Italia), Montreal (Kanada).
b) Gainerakoak: NATPE (AEB), AFM (AEB), MIPTV (Frantzia), MIFA (Frantzia), Sunny Side of the Doc (Frantzia), Sheffield Doc/Fest (Erresuma Batua) MIPCOM (Frantzia), MIFED (Italia), IDFA (Herbehereak), Cinema Jove Nazioarteko Zinemaldia (Espainia), ClermontFerrand-eko Film Laburren Nazioarteko Zinemaldia (Frantzia), Siggraph-eko 3D animazioko Nazioarteko Zinemaldia (AEB), Cartoon Forum (Frantzia), Cartoon Movie (Frantzia), Guadalajarako Zine Iberoamerikarraren zinemaldia (Mexiko).
Zerrenda honetatik kanpo egon daitezkeen zinemaldi eta azoketarako eskaerak ere kontuan hartu ahal izango dira. Zinemaldien kasuan, ez dira onartuko sektoreko profesionalei zuzendutako azokarik gabekoak. Ondorio horretarako, zera hartuko da azoka profesionaltzat: enpresen artean merkataritza harremanak sustatzen dituen gune edo ekitaldi berezitua.
V. KAPITULUA
LIBURUA
19. artikulua.– Diru-baliabideak eta mugak.
1.– Modalitate honetarako gehienezko zenbatekoa hamabost mila (15.000) eurokoa izango da.
2.– Eskatzaileak eskabide bakarra aurkeztuko du, nahi beste azokatara joateko, baina azoka guztietarako jasotako diru-laguntzen batura ez da inoiz bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.
3.– Azoka bakoitzerako gehienez emango den diru-laguntza 3.3 zenbakian ezarritakoa izango da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan araututako diru laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Diru laguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko diru laguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.
Diru laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako diru laguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, beti ere jasotako diru laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko helburuarekin.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeko buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoaren babesean, deialdi honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datu pertsonalak, fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiak «Laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren 2011ko martxoaren 31ko Ebazpenaren bidez araututa dago eta fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak Plaza, 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2018ko ekainaren 17a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
IRENE LARRAZA AIZPURUA.