EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2018136

AGINDUA, 2018ko uztailaren 4koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez urtarrilaren 26ko 30/2010 Dekretua egokitzen baita eta jakitera ematen zenbateko diru-laguntzak emango zaizkien guztira fruta- eta barazki-ekoizleen elkarteei 2018rako.

Xedapenaren data: 2018-07-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201803674
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2010/03/29an argitaratutako 2010/01/26ko 201000030 DEKRETUA

Fruta- eta barazki-ekoizleen elkarteentzako laguntzak Merkatu Antolakunde Bateratutik datoz Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruan sartuta dagoen fruta eta barazkien sektorean. Egun, bi laguntza mota daude: onartutako ekoizle-elkarteentzako Europako Erkidegoaren laguntzak eta erakunde horientzako estatuaren laguntza osagarriak.
Sektore honetan, Merkatu Antolakunde Bateratuaren araudi erkidea aldatu ostean, Euskal Autonomia Erkidegoan argitara eman zen urtarrilaren 26ko 30/2010 Dekretua, zeinaren bidez arautu baitzen nola garatu eta aplikatu Europako Erkidegoak fruten eta barazkien arloa arautzeko sortuak dituen erregelamenduak eta erregelamendu horietatik datorren laguntza-sistema. Dekretu horrek indargabetu eta ordeztu egin ditu laguntza horien lehenagoko arauak: urriaren 14ko 228/1997 Dekretua eta martxoaren 21eko 56/2000 Dekretua.
Eskabideak aurkezteko epeak araudi erkidean eta urtarrilaren 26ko 30/2010 Dekretuan modu mugagabean definituta badaude ere -beranduen jota eskabideetako erreferentzia-urtearen hurrengo urteko otsailaren 15erako-, dekretu horren 25.4 artikuluan ezarrita dago urtero emango dela ezagutzera, agindu bidez, zenbateko diru-laguntzak emango zaizkien orotara fruta- eta barazki-ekoizleen elkarteei.
Halaber, urtarrilaren 26ko 30/2010 Dekretuak ahalmena ematen dio nekazaritzaren eta arrantzaren alorrean eskumena duen sailburuari behar beste agindu emateko, dekretu hau aplikatzeko behar diren xedapen gehigarriak ezartzeko, eta Europako Erkidegoko erregelamenduetan edo, kasuan kasu, oinarrizko araudi estatalean egiten diren aldaketetara egokitzeko aldaketak egiteko. Dekretu horretan aipatutako erregelamenduak ordeztu direnez, komeni da zenbait erreferentzia egitea.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Egokitzapena.
Urtarrilaren 26ko 30/2010 Dekretuaren 22. artikuluaren 1. apartatuaren a) eta b) letretan hauek daude aipatuta: Kontseiluaren 2007ko urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamendua eta Kontseiluaren 2000ko abenduaren 21eko 1580/2007 Erregelamendua, eta ulertu behar da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren 34. eta 35. artikuluei egindako aipamenak direla, haren bidez antolatzen baitira nekazaritzako produktuen merkatu-antolakunde bateratua eta baliogabetzen baitira erregelamendu hauek: 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE).
Bigarrena.– Laguntzen zenbatekoa, guztira.
Urtarrilaren 26ko 30/2010 Dekretuaren bidez arautu zen nola garatu eta aplikatu Euskal Autonomia Erkidegoan Europako Erkidegoak fruten eta barazkien arloa arautzeko sortuak dituen erregelamenduak eta erregelamendu horietatik datorren laguntza-sistema; 2018ko ekitaldirako dekretu horren 22. artikuluaren 1. apartatuaren a) eta b) letretan aurreikusitako diru-laguntzak ezin izango dira hauek baino handiagoak izan:
– 193.192,65 euro FEAGA Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren kargurako laguntzari dagokionez.
– 163.926,00 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako laguntzari dagokionez.
Hirugarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laugarrena.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 4a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.