EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2018133

115/2018 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Kolonbiako Hezkuntza Nazionalaren Ministerioarekin sinatutako asmo gutuna, helburu duena lankidetza-esparru bat ezartzea, esperientzia esanguratsuak, adituak eta ezagutza trukatzeko herritartasunerako hezkuntzari, bakeari eta elkarbizitzari buruz, testuingurutzat hartuta «Gatazka amaitzeko eta bake egonkor eta iraunkorra eraikitzeko behin betiko akordioa».

Xedapenaren zenbakia: 201800115
Xedapenaren data: 2018-06-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201803596
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako nazioarteko akordioa sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Kolonbiako Hezkuntza Nazionala Ministerioarekin sinatutako asmo gutuna, helburu duena lankidetza-esparru bat ezartzea, esperientzia esanguratsuak, adituak eta ezagutza trukatzeko herritartasunerako hezkuntzari, bakeari eta elkarbizitzari buruz, testuingurutzat hartuta «Gatazka amaitzeko eta bake egonkor eta iraunkorra eraikitzeko behin betiko akordioa». Ebazpen honen eranskinean jasota dago akordioa.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 26a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 26KO 115/2018 EBAZPENARENA
HEZKUNTZA NAZIONALAREN MINISTERIOAREN ETA EUSKADIREN ARTEKO ASMO GUTUNA
Hezkuntza nazionalaren ministerioak (MEN), Yaneth Giha Tovar-ek ordezkatuta (adinduna, Bogotan bizi dena, 52.419.469 zenbakiko herritar-zeduladuna), Hezkuntza Nazionaleko ministro den aldetik (2016ko azaroaren 15eko 1841 zenbakiko Dekretu bidez izendatu zen), karguaren jabe izanik eta gaian indarrean dauden arauekin bat etorriz Gutun hau sinatzeko beharrezko eskumenak izanik, eta Euskadik, Cristina Uriarte andreak ordezkatuta, Hezkuntza sailburua den aldetik (azaroaren 26ko 31/2016 Dekretuaren bidez izendatu zen), eta Juan Antonio Fernández jaunak ordezkatuta, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia den aldetik (2017ko apirilaren 11ko 86 zenbakiko Dekretuaren bidez izendatu zen), biak karguaren jabe izanik eta gaian indarrean dauden arauekin bat etorriz Gutun hau sinatzeko beharrezko eskumenak izanik, elkarrekin lan-bideak aztertzeko konpromisoa eta interesa adierazi dute. Asmo horrekin, honako akordio hau hartu dute:
AKORDIOA
LEHENENGOA
HELBURUA
Asmo gutun honen helburua da lankidetza-esparrua ezartzea MENen eta Euskadiren artean (aurrerantzean, parte hartzaileak), herritarrentzako hezkuntzaren, bakearen eta bizikidetzaren gaien inguruko esperientzia esanguratsuak, adituak eta ezagutza trukatzeko, «Gatazka amaitzeko eta bake egonkorra eta iraunkorra eraikitzeko amaierako akordioa»ren testuinguruan.
Asmo gutun hau ez-arauzko Nazioarteko Akordioa da, eta ez du estatuentzat nazioarteko planoan obligazio juridikorik eragiten.
Parte hartzaileek adostu dute Asmo Gutun hau sinatzeak ez dakarrela gastua banatzea, eta azaldutako helburua betetzeko elkarrekin garatzea adosten dituzten proiektu bereziak zehazteko akordio edo hitzarmen bereziak sinatuko direla; horietan zioen aldean Asmo Gutun hau dagoela aipatu ahalko da, aurrekari gisa.
BIGARRENA
PARTE HARTZAILEEN KONPROMISOAK
Parte hartzaileek Hezkuntza Ministerio Nazionalaren Gatazka ondoko Hezkuntza Planaren inguruan elkarrekin jarduerak egitea aztertuko dute. Zehazki, parte hartzaileek honako gai hauen inguruan konpromisoak zehatz ditzaten lan egingo da:
Herrialde bakoitzarentzat herritartasunerako esanguratsuak diren hezkuntzari, bakeari eta bizikidetzari buruzko esperientziak trukatzea.
Herritartasunerako hezkuntzako, bakeko eta bizikidetzako prestatzaileak trukatzea.
Bi herrialdeetan herritarrentzako eta bizikidetzarako balioetan oinarritutako prestakuntzaren inguruko topaketak egitea.
Hizkuntzako hezkuntza-eredu malguen ezagutza garatzea.
Ezagutzako estrategiak eta estrategia osagarriak garatzea jasangarritasunerako hezkuntzaren eremuan.
Laguntzarako, asistentzia teknikorako eta giza eskubideen, bizikidetzaren eta lankidetzaren inguruko hezkuntza-esparruan esperientzia esanguratsuak trukatzeko jarduerak garatzea.
Giza eskubideen, bizikidetzaren eta lankidetzaren inguruko hezkuntza-esparruan bakea eraikitzeko aliantzak finantzatzeko nazioarteko funtsetara elkarrekiko proiektuak formulatzen parte hartzea.
HIRUGARRENA
ZABALKUNDEA ETA ERAKUNDEAREN PRESENTZIA
Parte hartzaileek konpromisoa hartzen dute beste alderdiaren logotipoa, izena eta kontsiderazioa sartzeko, erakunde laguntzailea den aldetik, asmo gutun hau sustatzeko eta zabaltzeko erabiltzen dituzten komunikabideetan (eskuzko programa, weba, prentsako edo beste komunikabide batzuetako publizitatea, prentsa-oharra, prentsaurrekoak, dokumentazioa etab.), bai eta erakunde bakoitzaren urteko memorian ere. Nolanahi ere, beste alderdiak adierazitako kanpo-irudirako jarraibideak edo logotipoa bermatuko dira. Inprimatutako material guztian eta asmo gutun honen ondoriozko jardueretako parte hartzaileek egiten duten zabalkundean, bi erakundeen lankidetza ageri beharko da, eta berariaz agertu behar dira beren logotipoak, leku nabarmenean eta ikusteko moduko leku batean, eta aurretik parte hartzaileek onarpena eman beharko dute horretarako.
LAUGARRENA
JAKINARAZPENAK
Parte hartzaileek asmo gutunaren inguruan egiten duten edozein jakinarazpen idatziz egingo da, honako pertsona eta helbide hauetara baino ez:
Euskadi
Norentzat: Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia.
Helbidea: Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egoitza. Nafarroa Kalea, 2, 01007 Vitoria-Gasteiz, Araba
Telefonoa: 945 01 80 62; Marina Goikoetxea Balenziaga, m.goikoetxea@euskadi.eus;
Kolonbiako Hezkuntza Ministerio Nazionala
Norentzat: Lankidetzarako eta Nazioarteko Gaietarako Bulegoko burua
Helbidea: Calle 43 No. 57-14, Bogotá, D.C. – Quinto Piso
Telefonoa: (57) 1 2222800 luz. 1309/1301
Asmo gutuna aplikatu bitartean harremanetarako informazioan aldaketarik egonez gero, hura idatziz jakinarazi beharko zaio beste aldeari, eta hura jakinarazpen hori jaso arte eraginkorra dela ulertuko da.
BOSGARRENA
APLIKAZIOA
Asmo gutun hau aplikatu egingo da sinatzen denetik aurrera, eta bi urtez izango ditu ondorioak.
Aurreikusitako epea amaituta, luzatu ahalko da, parte hartzaileek berariaz adostuta:
Parte hartzaileetako edozeinek utzi ahalko du asmo gutun hau, jakinarazpen idatziaren bidez; jakinarazpen hori hasierako epemugaren eguna edo luzapenaren eguna baino gutxienez 30 egun lehenago aurkeztu beharko da.
Hura amaitzean, edozein kausagatik, (Akordio, hitzarmen edo bestelako) berezirik egonez gero, asmo gutun honen ondorioz sortu dena, lankidetzak jarduera zehatza amaitu arte jarraituko du.
SEIGARRENA
ALDAKETAK
Asmo gutun honen baldintzak idatziz eta parte hartzaileek elkarrekin adostuta aldatu ahalko dira.
ZAZPIGARRENA
INDARRALDIA
Asmo gutun hau helburua betetzen delako eta parte hartzaileetako edozeinek dokumentu honetan jaso diren obligazioak osorik edo zati batean ez betetzeagatik iraungiko da.
Dokumentu honen baldintzekin ados daudela eta horiek onartzen dituztela adierazteko, 2018ko apirilaren 25ean sinatu dira balio bereko bi ale.
Kolonbiako Hezkuntza Ministerio Nazionalaren izenean,
Ministroa,
YANETH GIHA TOVAR.
Euskadiren izenean,
Hezkuntza sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia,
JUAN ANTONIO FERNÁNDEZ.