EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2018132

97/2018 DEKRETUA, uztailaren 3koa, zeinaren bidez baimentzen baita Singapore Basque Trade and Investment izeneko sozietate publikoa sortzea eta Euskadiko Nazioartekotze Agentzia / Basque Trade and Investment, SAk bertan parte hartzea.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800097
Xedapenaren data: 2018-07-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201803567
Maila: Dekretua
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 19. artikuluak dioenez, merkataritzako sozietateak sozietate publiko izango dira, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten erakundeek haien kapitaletan duten partaidetza nagusi bada, erakunde horiek zuzenbide publikokoak nahiz pribatukoak izan. Partaidetza hori gehiengoa den ala ez erabakitzerakoan, kontuan hartuko dira aipatutako erakunde guztien partaidetzak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 20.1 artikuluak honako hau ezartzen du: sozietate publikoaren izaera duela, zein kasutan sor daitezkeen merkataritzako den sozietate publiko bat. Xedapen horren 3. atalean ezartzen denez, Jaurlaritzaren dekretu bat beharko da, sozietate publikoak sortu edo desagertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak edo haren erakundeek sozietate horietako partaide nagusi bilakatzeko edo izaera hori galtzeko.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluan ezartzen denez, sozietate publikoak merkataritza-legeen arabera eratuko dira, sortzeaz batera fundatutako sozietate anonimo gisa, ahal dela, eta unean-unean sozietate-mota bakoitzerako indarrean dagoen araubide juridikoa aplikatuko zaie.
2015eko abenduaren 16an, Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAren Administrazio Kontseiluak honako erabaki hau hartu zuen: Estatu Batuetan eta Singapurren, Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAren mendeko merkataritzako sozietateak eratzea; eta Zuzendaritza Nagusiari ahalmenak ematen zaizkio, bai behar diren izapideak egiteko, bai aipatu helbururako behar diren agiria publikoak zein pribatuak sinatzeko; gainera, goragoko paragrafoetan adierazitakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluari horretarako baimena eskatzen zaio.
2017ko abenduaren 20an, Euskadiko Nazioartekotze Agentzia / Basque Trade and Investment, SAren Administrazio Kontseiluak erabaki zuen Javier Zarraonandia Zuloaga, Alexander Arriola Lizarriturri, Ainhoa Ondarzabal Izaguirre, Miren Madinabeitia, Ander Zozaya eta Oskar Alberdi Sola jaun-andreei eskumenak ematea, haietako edozeinek egin ditzan egin beharreko izapideak, eta behar diren agiri publikoak nahiz pribatuak sina ditzan, Euskadiko Nazioartekotze Agentzia / Basque Trade and Investment, SAren sozietate filial bat Singapurren sortu eta abian jartzeko.
Sozietateak helburu sozial hau izango du: azterlanak gauzatzea eta enpresa-interesa duten alorretan zerbitzu-aholkularitza eskaintzea.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko uztailaren 3an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematen da sozietate publiko bat sortzeko: «Singapore Basque Trade and Investment» izena izango du, eta bazkide bakarra Euskadiko Nazioartekotze Agentzia / Basque Trade and Investment, SA izango da.
2. artikulua.– Singapore Basque Trade and Investment sozietate publikoak helburu sozial hau izango du: «Azterlanak gauzatzea eta enpresa-interesa duten alorretan zerbitzu-aholkularitza eskaintzea».
Euskadiko Nazioartekotze Agentzia / Basque Trade and Investment, SA sozietate publikoak Singapore Basque Trade and Investment sozietate publikoaren kapital sozialari egindako kapital-ekarpenera mugatutako ardura izango du, azken haren zor eta galerengatik.
3. artikulua.– Singapore Basque Trade and Investment sozietate publikoaren egoitza soziala Singapurren egongo da.
4. artikulua.– Singapore Basque Trade and Investment sozietate publikoaren kapital soziala dolarretan ezarriko da, Singapurren, eta ezin izango da zazpi mila euro baino handiagoa izan (7.000,00), diru-kopurua euroetara ekarrita; Euskadiko Nazioartekotze Agentzia / Basque Trade and Investment SAk sinatuko du oso-osorik.
5. artikulua.– Araubide aplikagarria: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren arloko arau publikoek eta merkataritza-sozietateei buruz Singapurren duten zuzenbide pribatuak arautuko dute Singapore Basque Trade and Investment sozietate publikoa.
6. artikulua.– Baimena ematen zaio Euskadiko Nazioartekotze Agentzia / Basque Trade and Investment SAri Singapore Basque Trade and Investment sozietate publikoa eratzeko beharrezkoak diren agiri publikoak edo pribatuak harpidetu ditzan haren legezko ordezkariaren bidez edo horretarako izendatutako pertsonaren edo pertsonen bidez. Baimena ematen zaio, halaber, sozietatearen estatutu sozialak ezartzeko, administrazio-organoak izendatzeko, beharrezkoak diren ahalmenak emateko, kapital sozialari egin beharreko ekarpena finkatzeko, akzioak izenpetzeko eta dekretu honetan xedatutakoa gauzatzeko egoki diren gainerako erabakiak hartzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko uztailaren 3an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.