EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018131

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 22koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez ebazten baita ekintza humanitarioetarako estrategia markoen finantzaketa-lerroen laguntzetarako deialdia, 2018rako garapenerako lankidetzaren kargura.

Xedapenaren data: 2018-06-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201803556
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/04/11n argitaratutako 2018/03/28ko EBAZPENA [201801889]

Otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuak garapenerako lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak arautzen ditu, eta bi jardun-tipologia bereizten ditu. Batetik, larrialdietarako laguntzen proiektuak, hondamendiek eragindako pertsonen biziraupena bermatzeko eta sufrimendua arintzeko oinarrizko ondasun eta zerbitzuen premiazko hornidurara bideratzen direnak; eta, bestetik, ekintza humanitarioko proiektuak, adiera zabalagoan, jarduerek premia hain handia ez dutenean eta garapenerako, giza eskubideetarako eta bakea eraikitzeko oinarriak sustatu nahi dituztenean.
Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiaren 2018ko martxoaren 28ko Ebazpenaren bidez (apirilaren 11ko EHAA, 69. zk.), 2018rako garapenerako lankidetzaren kargura, ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko deialdia egin zen.
Deialdiaren ebazpenaren 5. artikuluak ezarritakoaren arabera laguntzak emateko egin den proposamena ikusita, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuak laguntza-eskaerak baloratu eta eskaera horien azterketa teknikoa egin eta gero, eta 2018ko ekainaren 21eko batzarrean Artezkaritza Kontseiluari horren berri eman ostean,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiaren 2018ko martxoaren 28ko Ebazpenaren bidez iragarritako laguntzak esleitzea ebazpenaren I. eranskinean ageri diren erakundeei, eranskinean aipatutako zenbatekoan eta eran.
Bigarrena.– II. eranskinean ageri diren erakundeei diru-laguntzen eskaerak ezestea, eranskinean bertan ematen diren arrazoiengatik.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.
Laugarrena.– Ebazpen honetan ez da bukatzen administrazio-bidea, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Gora jotzeko errekurtsoa jarri denetik hiru hilabeteko epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat joko da, eta administrazioarekiko auzien bidea libre geratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 22a.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.