EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018129

AGINDUA, 2018ko ekainaren 25ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena. Honen bidez, erabakitzen da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integratzea Ignacio Aldekoa Kultur Etxea eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari atxikitako museoetako eta zerbitzuetako liburutegiak.

Xedapenaren data: 2018-06-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201803502
Maila: Agindua
Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legeak 6. artikuluan ezartzen duenari jarraituz, kulturaren alorreko eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio Euskadiko liburutegi-sistemak ematen dituen liburutegi-zerbitzuen plangintza garatzea. Eskumen horrek barnean hartzen ditu Autonomia Erkidegoaren eskumeneko titulartasun publikoko liburutegi guztiak, bai eta titulartasun pribatukoak, foru-aldundienak eta Estatuarenak ere baldin eta borondatez sartzen badira Euskadiko Liburutegi Sistemara edo Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarera.
Aipatutako legeak 13.4 artikuluan ezartzen duenez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen helburu garrantzitsuenak dira herritarrei aukera ematea sareko kultura- eta informazio-erregistroetara sartzeko eta ahalik eta aukera zabalena eskaintzea erabilera publiko orokorreko liburutegi-zerbitzuetako kanpoko informazio eta kultur edukietara sartzeko. Lege horrek, halaber, 13.2.b) artikuluan ezartzen du Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integra daitezkeela erabilera publiko orokorreko liburutegiak, dagozkien hitzarmenen bidez.
Bestalde, jarraibideak eta errutinak ezarri behar dira integrazio horren prozesu teknikoa gauzatzeko, hau da, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integra daitezen Ignacio Aldekoa liburutegiko eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari atxikitako museoetako eta zerbitzuetako liburutegietako katalogoak eta erabiltzaileak. Behin hori eginda, Euskadiko Liburutegiei buruzko 19. artikuluan ezarritakoari jarraituz, «13. artikuluko 2. paragrafoko b) apartatuan aipatzen diren liburutegiak Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen saileko buruaren agindu baten bitartez sartuko dira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean, betiere lege honetan eta berau garatzeko arauetan finkatutako eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren. Sailburuaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da».
Bada, behin egiaztatuta aipatutako liburutegiek betetzen dituztela Euskadiko Liburutegiei buruzko Legearen 14. artikuluko betekizunak, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartzeko ezarritakoak, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Agindua ematea Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integra daitezen Ignacio Aldekoa Kultur Etxea eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari atxikitako museoetako eta zerbitzuetako liburutegiak, oinarri hartuta Euskadiko Liburutegiei buruzko Legearen 14. eta 19. artikuluetan ezarritakoa.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 25a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.