EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018129

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiarena. Horren bidez, langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko diru-laguntzen deialdia argitaratzen da, 2018-2020 urteetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

Xedapenaren data: 2018-06-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201803499
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/06/07an argitaratutako 2016/05/31ko 201600082 DEKRETUA

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2018ko ekainaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko diru-laguntzen deialdia onartu du, 2018-2020 urteetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Azaldutakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Langabeei zuzendutako 2018-2020 urteetarako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko diru-laguntzen deialdia argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu du, 2018ko ekainaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, eta Ebazpen honen eranskin gisara jaso da.
Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 27a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
LANGILE LANGABEEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA FINANTZATZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ESPARRUAN
Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak, 2. artikuluan ezartzen du Enplegurako Lanbide Heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat dela, enpresen artean eta langileen artean (langabeak nahiz lanean ari direnak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.
Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan (horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dira, horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dira), Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari egozten zaizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntza arloarekin koordinatuta, azken hori baita lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta zuzentarauak egitearen arduraduna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, azken horren erantzukizunei dagokienean.
Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait funtzioren artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horiek barne hartzen dute dagozkion diru-laguntza deialdiak onartu eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuetan, 3.b) artikuluan. Enplegurako prestakuntzaren barruan, pertsona langabeei zuzendutako prestakuntza dago.
Enplegurako lanbide-heziketa enplegu-zerbitzu publikoek beren zerbitzuen barruan langileei eskaintzen dieten tresnetako bat da, erabakigarria inondik ere, haiei lan-merkatuan sartzen laguntzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko. Testuinguru horretan, Erabaki honen bitartez finantzabidea eman zaien prestakuntza-ekintza hauekin, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeek prestakuntza-eskaintza zabala izango dute eskuragarri, haien enplegagarritasuna modu eraginkorrean hobetuko duena; gainera, langileek egindako prestakuntza egiaztagarria izan dadila bultzatuko dute, eta eskuratutako gaitasunak Gaitasunen Erregistroan jasoko dira.
Aurreko urteetako deialdiekin alderatuta, deialdi honetan zenbait berritasun sartu dira, prestakuntza-ekintzen kudeaketa eta programazioa errazteko, batetik, eta eskaintza langabeen kolektibo desberdinek dituzten premietara moldatzeko, bestetik. Horretarako, deialdia bi urtekoa da, prestakuntza-ekintzak eta horiei atxikitako lanez kanpoko praktikak 2020ko azarora arte egin ahal izateko. Nolanahi ere, prestakuntza-ekintzak eragindako aurrekontu-ekitaldietako bati edo besteari (2018 eta 2019) esleituko zaizkio modu espezifikoan, horrela langabeentzako prestakuntza eskaintza planifikatuta eta denboran orekatuta egongo dela ziurtatzeko. Lehentasunezko espezialitateak identifikatzeko ahaleginari eutsi zaio, langabeen enplegagarritasunean eragin handiagoa izateko asmoz. Era berean, ahaleginak egin dira deialdiaren kudeaketa ahal zen neurrian errazteko, bai eta prestakuntza-ekintzei lotutako lanez kanpoko praktikak ezarritako epemugen barruan gauzatzearen gaineko eskakizunak sendotzeko ere. Orobat, sinplifikatutako kostuen azterketa berregokitu da, eta diru-laguntzak zer baldintzatan esleitzen diren azaldu da, esleitzeko prozeduraren gardentasuna sustatze aldera.
Horren guztiaren ondorioz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak 2018ko ekainaren 27an egindako saioan onartu du langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko diru-laguntzen deialdia, 2018-2020 urteetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, baldintza hauen arabera:
1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Bi urteko deialdi honen xedea da 2018ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintza osatzen duten Prestakuntza Planak finantzatzeko diru-laguntzak arautzea, 2018 eta 2020 ekitaldien artean gauza daitezen, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.
2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren diru-baliabideak 66.000.000 euro dira; horietatik 16.500.000 euro 2018ko ordainketa-kredituari dagozkio, 33.000.000 euro 2019ko konpromiso-kredituari, eta 16.500.000 euro 2020ko konpromiso-kredituari.
Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hori eguneratzetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriarekin bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, hala bada, testuinguru hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman beharko da argitara EHAAn.
3.– Prestakuntza-planetara bideratutako aurrekontu-kreditua I. eranskinean azaldutako moduan banatuko da, irizpide hauen arabera zehaztutako diru-laguntzen ildoka (118 ildo):
– Prestakuntza emateko modalitatea: teleprestakuntza eta aurrez aurrekoa.
– Aurrez aurreko prestakuntza honetara bideratutako kreditua lurralde historikoka banatzen da eta, lurralde bakoitzaren barruan, prestakuntza motaren arabera: egiaztagarria eta ez egiaztagarria.
– Prestakuntza egiaztagarrira bideratutako kreditua lanbide-arloka banatzen da eta, horietako bakoitzaren barruan, kualifikazio-mailen arabera: 1.a, 2.a eta 3.a.
– Egiazta ezin daitekeen prestakuntza finantzatzera bideratutako kreditua prestakuntza kualifikatzailea finantzatzeko eta kualifikaziorik ematen ez duena finantzatzeko banatzen da; azken horren barruan, zati bat laneratzeko prestakuntza-ekintzetara bideratuko da, eta beste bat zeharkako eta funtsezko gaitasunetako prestakuntza-ekintzetara.
Diru-laguntzen ildoen araberako banaketa hori aldatu egin ahalko da aurrekontu-kreditua xahutzeko, 8. artikuluan aurreikusitako diru-laguntzak esleitzeko baldintzen arabera.
4.– Deialdi honen xede diren diru-laguntzak osorik edo hein batean kofinantzatu ahalko ditu Europako Gizarte Funtsak (EGIF) programa hauen esparruan:
a) 2014-2020 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Europako Gizarte Funtsaren Programa Operatiboan sartzen dira prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak, II. eranskineko A.1.b.2.2 atalean zerrendatutakoak.
b) Gazte Enplegurako 2014-2010 Programa Operatiboan sartzen dira, oro har, bereziki programa horren babesean hautagai izan daitezkeen gazteentzat diseinatu diren prestakuntza-ekintzak edo, banan-banan, haien laneratzeko ibilbidearen zati gisara prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten hautagai gazteentzat diseinatu direnak.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetan jasotako diru-laguntzen onuradun izan ahalko dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailaren mendekoak ez diren prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoak, betiere, deialdi hau argitaratu baino lehenago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako prestakuntza-entitateen erregistroan, prestakuntzako entitateen beste edozein erregistro autonomikotan edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan egiaztatuta edo izena emanda daudenak, diru-laguntza eskatzen den Prestakuntza Planetako prestakuntza-ekintzei dagozkien prestakuntza espezialitateak irakasteari dagokionez.
2.– Deialdi honetan araututako diru-laguntza jaso ahal izateko, diru-laguntza eskatzen den Prestakuntza Planak gauzatzeko behar adinako giza baliabideak eta baliabide materialak izan beharko dituzte prestakuntza-erakundeek, edo bestela, konpromisoa hartu behar dute diru-laguntza esleitu ondoren, hau da, prestakuntza-ekintza hasteko unean, horiek eskura izateko. Prestakuntza-ekintza gauzatzeko azpikontratatzea debekatuta dago. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.
Instalazio eta baliabide horiek entitatearenak edo hirugarren entitate pribatu edo publikoen titulartasunekoak izan ahalko dute, eta, eskolak aurrez aurreko modalitatean emateko, eskabidean (prestakuntza aurrez aurreko modalitatean ematekoan) aipatzen diren prestakuntza-ekintzak programatuta dauden lurralde historikoetan izan beharko dituzte eskura baliabide horiek. Teleprestakuntzaren modalitatean, berriz, prestakuntza-erakunde eskatzaileek zentro atxikiak izan beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, edo, bestela, diru-laguntza esleitu ondoren horiek eskura izateko konpromisoa jasotzen duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, aurrez aurreko saioak edo/eta aurrez aurreko azken ebaluazio-probak egiteko.
Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, eta adierazpen horretan zehaztu beharko da zer instalazio dituen edo izango dituen entitateak prestakuntza-ekintza bakoitza egiteko, bai eta instalazio horiek zer eskualde eta lurraldetan kokatuta dauden ere.
Eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarentzat eskuragarri izan beharko ditu beti adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla erakusten duten dokumentuak.
3.– Entitate bat ezingo da onuradun izan honako egoeraren batean egonez gero:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du betebehar horiek egunean dituela, bai diru-laguntza eman aurretik, bai ordainketak egiteko unean, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, 50.3 artikuluan.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.
c) Eskatzaileak zigor edo administrazio zehapenen bat izatea, diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe uzten duenik, eta aurreko horretarako ezgaitzen duen lege debekuren bat izatea, aurrez izandakoak barne.
– Sexu-bazterkeriagatik zigorren bat jaso izana, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, edo martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoak, ezarritakoaren arabera.
– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onarturiko Lan-arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginak 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezartzen badu.
d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan aurreikusten diren gainerako egoeraren batean egotea.
3. artikulua.– Prestakuntza Plan eta Jarduketa diruz lagungarriak.
1.– Prestakuntza Plana deritzo prestakuntza-ekintzen multzoari, horietan parte hartzen duten langabeek beren enplegagarritasuna hobetzeko dituzten kualifikazio-premiei erantzuna emateko pentsatuta dagoenari.
2.– Diruz lagungarriak izango dira II. eranskineko A.1.b.2 atalean jasotako espezialitateei buruzko prestakuntza-ekintzak barne hartzen dituztenak, hau da, Lanbidek bere webgunean argitaratutako «2018-2020 aldirako Enplegurako prestakuntza-beharren diagnostikoa» izeneko txostenean programagarritzat jotako espezialitateei dagozkionak.
3.– Prestakuntza-ekintza programagarriak honela sailkatzen dira:
a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalera atxikitako ekintzak, Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratzera bideratutakoak, zeinak ibilbide osoen arabera programa daitezkeen, espezialitatearen ordu guztiak horretara bideratzen direnean, edo prestakuntza-moduluen arabera. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailetakoak izan daitezke.
b) Prestakuntza ez egiaztagarria: prestakuntza-espezialitateen katalogoan izanik, lortutako gaitasunak egiaztatzeko modurik ez duten prestakuntza-ekintzak dira. Bi motatakoak izan daitezke:
b.1.– Kualifikatzaileak ez direnak; beste multzo hauetan banatzen dira:
b.1.1.– Gizarteratzeko eta laneratzeko gaitasunak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzak, baztertuta geratzeko arrisku larrian dauden kolektiboei zuzentzen zaizkienak. Ekintza horien xedea izango da zeharkako gaitasunen eta funtsezko gaitasunen multzo bat eskuratzea, lanera bideratutako proiektu integraletan oinarritzen den metodologia aktibo bat baliatuz. Ekintza horiek lanean eta gizartean baztertuta geratzeko arrisku larrian dauden kolektiboei zuzenduko zaizkie, ekintza horiei esker oinarrizko jarrerak, gaitasunak eta ezaguerak eskura ditzaten beste prestakuntza-prozesu batzuk hasteko edo lan-munduarekin lehen harreman bat izateko. Deialdi honen ondorioetarako, ekintza horiek 0 mailako prestakuntza-ekintzak izango dira, ez egiaztagarriak.
Atal honetan (b.1.1) aipatzen diren irakaspenak irabazi asmorik gabeko prestakuntza-erakundeek emango dituzte, baldin eta haien xede sozialen edo sortze-helburuen artean sartzen bada gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonak laneratzea. Horretarako, irabazi asmorik gabeko entitatetzat joko dira haien eratze-eskrituran edo estatutuetan aurreikusten dutenak ekitaldi bakoitzean sor daitezkeen mozkinak edo soberakinak entitatearen xedearekin bat datorren helburu sozialekin aplikatu beharko direla, edo gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden pertsonen egitura produktiboak hobetzera edo handitzera edo pertsona horiek gizarteratu eta laneratzera bideratuko direla.
b.1.2.– Goragoko mailako beste ekintza batzuetan parte hartzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko modua ematen duten funtsezko gaitasunak eta zeharkako gaitasunak lortzeko prestakuntza-ekintzak. Halakotzat joko dira:
– Zeharkakoak: horien helburua da zeharkako izaerako ezaguera-arloekin lotutako gaitasunak lortzea, hala nola, hizkuntzak, osasuna eta laneko arriskuak, ingurumena, kalitatea, ekimena, ofimatika eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (edo arrakala digitala murrizten lagun dezaketen bestelakoak) edota enplegu eskatzaileentzat garrantzitsua izan daitekeen beste edozein. Prestakuntza ekintza hauek ez egiaztagarrien artean sailkatuko dira.
– Gako gaitasunak: prestakuntza-ekintza ez egiaztagarrien mota honek xede argi bat du, hau da, izaera instrumentaleko ezaguerak eskuratzea, profesionaltasun-ziurtagiri bat eskuratzeko adinako titulu akademikorik edo prestakuntza-eskakizunik ez duten pertsonei profesionaltasun-ziurtagiri bat (edo horien barruko moduluak) probetxuz ikasteko bidea emango dietenak. Ekintza hauek bi motatakoak izan daitezke: 2. kualifikazio-mailako prestakuntza egiaztagarrira jotzekoak, edo 3. kualifikazio-mailako prestakuntza egiaztagarrira jotzekoak.
b.2.– Prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak: prestakuntza-ekintza hauek ez daude Kualifikazio Profesionalen Katalogo Nazionalera atxikita. Ekintza horien asmoa da produkzio-sistemaren kualifikazio-premiei erantzutea edo horiei aurrea hartzea. Sektorerik berritzaileen garapenera bideratutakoak edota enplegu aukera gehien dituztenak dira, edota edo erregulazio espezifikoak dituzten ekoizpen-sektoreei lotutako premiak dituztenak (agiri profesionalak).
4.– Prestakuntza emateko modalitateak.
Prestakuntza-ekintzak modalitate hauetako batean eman behar dira: aurrez aurrekoa edo teleprestakuntza. II. eranskinean jasotako programazioan zehazten da prestakuntza-ekintza bakoitza zer modalitatetan eman behar den.
Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dietenean, edozein motatako baliabide didaktikoak erabilita.
Teleprestakuntza deritzo ikaskuntza-plataforma birtual baten bidez egiten denari; plataforma horri esker, ikasleak, tutoreak eta baliabideak toki desberdinetan egonik ere, elkarrekin harremanetan ahalko dira, eta ziurtatuko du edukiak kudea daitezkeela, parte-hartzaileek ikaskuntza sistematizatua izango dutela, horiei etengabeko jarraipena egingo zaiela, denbora errealean, eta prozesu guztia ebaluatu egingo dela. Prestakuntza gauzatzeko, modalitate horretarako egokiak diren metodologiak baliatuko dira, tutoreen laguntzarekin osatuta, eta irisgarritasunaren eta diseinu unibertsalaren (pertsona guztientzako diseinuaren) ezaugarriak bete beharko ditu. 80 partaideko tutore bat izango da, gutxienez.
4.1.–Teleprestakuntza modalitatean profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratzen ez diren prestakuntza-ekintzak emateko eskakizunak:
a) Behar bezala arrazoituko da ekintzarako proposatutako teleprestakuntzako ordu kopurua.
b) Teleprestakuntzarako, ikaskuntza sistematizatua dakarten euskarri didaktikoak erabili behar dira, eta, nahitaez, tutorearen laguntzarekin osatuko da.
c) Prestakuntza-plataformen gutxieneko ezaugarriak. Prestakuntza gauzatzeko onuradunek erabiltzen duten teleprestakuntza-plataformak honako baldintza hauek bildu beharko ditu:
1.– Prestakuntza-proiektu bat eduki behar du, ikasteko metodologia, jarraipena eta ebaluazioa zehaztuta.
2.– Lineako eskuliburu bat eduki behar du ikaslearentzat, plataformaren eta ikaslearen beraren oinarrizko eragiketen funtzionamenduari buruzkoa, lineako prestakuntzaren jarraipena egiteko. Eskuliburua deskargatu eta off-line kontsultatu ahalko da.
3.– «Online» edo lineako ikaskuntza-programa bat eduki behar du, ikasleentzako prestakuntza kudeatzeko eta bermatzeko ahalmen nahikoarekin; gainera, honako baldintza hauek bete beharko ditu:
– Arau tekniko aplikagarrian adierazitako fidagarritasun-, segurtasun-, irisgarritasun- eta elkarreragingarritasun-mailak biltzea.
– Erabiltzaile posible guztiei aldi berean sartzea ahalbidetu behar die, ikastaldiaren etapa guztietan berdin atxikiko den plataformaren banda-zabalera ahalbidetuta.
4.– Plataforma erabiltzeko lizentzia egokiak eduki behar ditu.
5.– Ez du inolako publizitaterik eduki behar. Logotipoa eta fabrikatzailearen copyrighta ez dira publizitatetzat hartuko.
6.– Edukiak editatu ahalko dira.
7.– Egunero 24 orduz erabilgarri izatea.
4.2.– Profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratzen diren prestakuntza-ekintzak teleprestakuntza modalitatean emateko, prestakuntza ematen duen entitateak modalitate horrentzat eskatutako baldintzak bete beharko ditu, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzekoak, 12.bis artikuluan eta Errege Dekretu hori garatzen duen urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduak xedatzen dutenaren arabera.
5.– Prestakuntza-planak egikaritu behar dira diru-laguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi ondorengo egunetik 2020ko azaroaren 16ra bitarteko epean (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua edo lanez kanpoko praktikak barne).
Gutxienez, prestakuntza-ekintzetako bati ekin beharko zaio 2018an eta, gehienez, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Planak ekintza egiztagarriak edukiz gero, lehenengo ekintza horrek egiaztagarria izan beharko du.
Asko jota, prestakuntza-planaren barruan dauden prestakuntza-ekintzen % 70 2019ko abenduaren 31 baino lehen hasi behar dira.
6.– Prestakuntza ekintzak onartzeko, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide-kopurua 20 izango da aurrez aurreko prestakuntzaren kasuan, eta gutxienekoa 10, modalitate bateko zein besteko prestakuntzan. Horrela, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 partaide baino gutxiagok izena eman badute.
Hala eta guztiz ere, egoera hauek onartuko dira:
a) Diru-laguntza jasoko dutenez gain beste 2 parte-hartzaile sartzea prestakuntza-ekintzetan, zentroak partaide-kopuru hori hartzeko egiaztapena edo inskripzioa badu, betiere. Partaide gehigarri horiek ez dute diru-laguntzarik jasoko.
b) Salbuespen gisara, eta Lanbidek baimena eman ondoren, gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan partaide-kopurua murriztu ahalko da, bai eta ekintzen kalitatea bermatzeko partaide-kopurua erabakigarria dela egiaztatzen den kasuetan ere.
7.– Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikorako soilik jaso ahalko da diru-laguntza. Ezingo dira diruz lagundu lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, ez eta enpresetan egiten diren lanez kanpoko praktikak ere, gainerako espezialitateetan.
4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.
Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahalko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo Gazte Bermerako Sistema Nazionalaren Fitxategian izena emanda duten langabeek. Beste Enplegu Zerbitzu Publiko autonomikoren batean izena emandako langabeek ere parte hartu ahalko dute.
Horretarako, langabetzat joko dira lanaldi partzialean diharduten langileak ere, baldin eta haien lanaldia antzeko lana duen langile baten lanaldi osoaren heren bat baino txikiagoa bada.
5. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Prestakuntza-planaren zenbateko osoa horren barruan dauden prestakuntza-ekintza bakoitzeko diru-laguntzen batura izango da.
2.– Prestakuntza-ekintzak parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostua kontuan hartuta finantzatuko dira, deialdi honetako II. eranskinean aurreikusitako modulu ekonomikoen arabera.
Modulu ekonomikoen zenbatekoa prestakuntza-ekintza emateko modalitatearen arabera (aurrez aurrekoa edo teleprestakuntza) bereizten da. Era berean, modulu ekonomiko bakoitza hirutan banatuta dago: bi modulu zuzeneko kostuei dagozkie (langileen kostuak, A modulua, eta funtzionamendu-kostuak, B modulua) eta hirugarrena (C) zeharkako kostuei. Azken hori zuzeneko kostuen baturari % 10 aplikatuz kalkulatzen da.
Aurrez aurreko modalitatean ematen diren prestakuntza-ekintzetan, langileen zuzeneko kostuei dagokien modulu ekonomikoa 15 partaidez biderkatuko da beti.
Teleprestakuntzako modalitatean ematen diren prestakuntza-ekintzetan, berriz, langileen kostu zuzenei dagokien modulu ekonomikoa 15 aldiz biderkatuko da 10 eta 20 ikasle arteko prestakuntza-ekintzetan, 25 aldiz 21 eta 30 ikasle arteko ekintzetan, eta 35 aldiz 30 parte-hartzailetik gorako ekintza bat programatuz gero.
Azkenean, aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ez dituzte inola ere gaindituko xedapen hauetan ezarritako zenbatekoak: martxoaren 7ko 718/2008 TAS Aginduan ezarritakoak –horren bidez garatu zen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua–, eta, profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-ekintzei dagokienez, urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduan ezarritakoak –horren bidez, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua garatzen da–. Horren ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluak gehitzearen emaitza aipatutako arauetan (edo deialdi hau argitaratzeko unean arau horiek ordezkatzen dituztenetan, hala badagokio) aurreikusitakoa baino altuagoa bada, horietan ezarritako gehienekoak aplikatuko dira.
3.– Ekintzak guztiz edo hein batean finantzatuko dira, gauzatu beharreko espezialitatearen modulu ekonomikoa guztiz estali arte beharrezkoa den zenbatekoarekin, baldin eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuek ere kofinantzatzen badituzte, eta finantzazio hori behar adina bermatuta badago.
4.– Prestakuntza-erakundeek Prestakuntza Plan bakar baterako diru-laguntza eskatu ahalko dute soilik, eta haren barruan sartuko dira programatu beharreko prestakuntza-ekintzak. Nolanahi ere, diru-laguntzei muga hauek aplikatuko zaizkie prestakuntza-erakunde bakoitzeko:
4.1.– Muga orokorra.
Erakunde onuradun batek 2.000.000 euro jasoko ditu gehienez Prestakuntza Plan bakoitzagatik, baldin eta ekintzak lurralde historiko bakar batean egiten baditu, eta 4.000.000 euro gehienez lurralde historiko batean baino gehiagotan jarduten bada.
Erakunde bat lurralde historiko batean baino gehiagotan jarduten dela ulertzeko, lurralde bakoitzean eman beharreko diru-laguntza guztizko diru-laguntzaren % 20 izan beharko da, gutxienez.
4.2.– Parte hartzen duen diru-laguntzen ildoen araberako muga.
Prestakuntza Plan bakoitzari aplikatuko zaizkio jarraian xedatutako diru-laguntzen mugak, erakunde eskatzaileak zenbat diru-laguntzen ildotan parte hartzen duen aintzat hartuta.
Ondorio horietarako soilik, aurrez aurreko prestakuntza egiaztagarriari dagozkion diru-laguntzen ildoak arlo eta lurralde bakoitzeko bana direla ulertuko da, mailen araberako zatiketa kontuan hartu gabe; horrela, bada, I. eranskinean jasotako diru-laguntzen 118 ildoak 46ra murrizten dira: teleprestakuntzako ildo 1 eta aurrez aurreko prestakuntzako 15 ildo (12 prestakuntza egiaztagarrikoak, bat arlo bakoitzeko, 1 egiaztagarria ez den prestakuntza kualifikatzailekoa, eta 2 egiaztagarria ez den eta kualifikaziorik ematen ez duen prestakuntzakoa) lurralde historiko bakoitzeko.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Deialdi honen esparruko diru-laguntzak jasotzeko eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariari bidaliko zaizkio eta elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F).
Aplikazio horretara sarbiderik ez duten erakundeek edo enpresek Lanbideren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus
2.– Prestakuntza Plana egiteko diru-laguntzaren eskabidean bereiz zehaztu beharko da zer prestakuntza-ekintza egingo diren.
3.– Laguntza-eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
3.1.– Oro har aurkeztu beharrekoak:
a) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntzaren xedea izango den prestakuntza plana gauzatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak deskribatzen dituena, edota diru-laguntza esleitu ondoren horiek izateko konpromisoa adierazten duena; era berean, erakundeak dituen edo edukiko dituen eta prestakuntza-ekintzak gauzatzeko erabiliko diren instalazioak zehaztu beharko dira.
b) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
c) Diru-laguntzaren xedea izango den Prestakuntza Plana, bereiz zehaztuta zer prestakuntza-ekintza egingo diren.
3.2.– Gainera, balorazio-irizpideak egiaztatzeko, hala dagokionean:
a) 9. artikuluko B.1 atalean xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, sintesi-adierazlea egiaztatzen duena, IV. eranskinean jasotako ereduaren arabera (LAN-F aplikaziotik ere atera daiteke).
a) 9. artikuluko B.2 atalean xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, enplegagarritasun-adierazlea egiaztatzen duena, V. eranskinean jasotako ereduaren arabera (LAN-F aplikaziotik ere atera daiteke).
c) 9. artikuluko B.3 eta B.4 ataletan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko: artikulu horretan aipatutako aitorpen edo egiaztapen ofizialen kopiak.
Ez dira horiek aurkeztu beharko baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako prestakuntza-enpresaren edo -erakundearen datuetan hala jasota badago; eskabidean horren berri eman beharko da, hala ere.
d) 9. artikuluko C.4.1 atalean xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, prestakuntza jaso duten pertsonen kopurua egiaztatzen duena, VI. eranskinean jasotako ereduaren arabera (LAN-F aplikaziotik ere atera daiteke).
d) 9. artikuluko C.4.2 atalean xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, prestakuntza jaso duten pertsonen kopurua egiaztatzen duena, VII. eranskinean jasotako ereduaren arabera (LAN-F aplikaziotik ere atera daiteke).
f) 9. artikuluko C.6 atalean xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko: gizarteratzearen eta laneratzearen arloko diru-laguntza eman duen administrazio publikoaren ziurtagiria, VIII. eranskinean jasotako ereduaren arabera (LAN-F aplikaziotik ere atera daiteke).
g) 9. artikuluko D.1 atalean xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:
– Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina), prestakuntza-erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako.
– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak).
– Deialdira aurkezten diren kooperatibek, aldiz, beste horiez gainera, sozietatearen kotizazio-kontuaren kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina) aurkeztu beharko dute, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta emandako langile bazkide guztiena, edo, azken horiek Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emanda badaude, ziurtagiri bat, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.
h) 9. artikuluko D.2, D.3 eta D.4 ataletan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:
– Prestakuntza-erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietako lan-bizitzaren txostenak, administratzaileei dagozkienak barne, halakorik bada; eta, kooperatiba-sozietateen kasuan, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena emandako langile bazkide guztiena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina).
–. Behar izanez gero, merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaile guztien lan-bizitzaren txostenak aurkeztu beharko dituzte (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak).
– Deialdira aurkezten diren kooperatiba-sozietateek, langile bazkideak autonomoen araubidean izena emanda badaude, ziurtagiri bat aurkeztuko dute, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.
Hala eta guztiz ere D.2, D.3 eta D.4 atalen 9. artikuluan zehaztutako ereduekin erlazionatutako kodeen kontratu-ereduekin kontratatutako lagunen gaineko informazioa eskatu ahal izango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, prestakuntza ematen duen entitateak eskabidean horretarako baimena ematen duenean. Dena dela, entitateak bertako administratzaile eta kooperatibako bazkideen dokumentazioa eman beharko du, baldin badaude.
i) Beharrezkoa bada, sozietateen talde batekoa izatea egiaztatzen duten agiriak, 9. artikuluan xedatzen denaren ondorioetarako.
4.– Diru-laguntzaren eskabidean, Prestakuntza Planaren barruan profesionaltasun-ziurtagiri bat osorik ematea sartzen bada, erakundeak baimena eman ahalko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari azkenean diru-laguntza jasotzen badu aipatutako erakunde autonomoak laguntza hori profesionaltasun-ziurtagiriaren barruko moduluei atxikitako prestakuntza-ekintzetan zatitzeko, horrela etengabeko ikaskuntza bultzatuz, eta, betiere, 13.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
5.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, erakunde interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko. Hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, hala xedatzen duen ebazpena egin ondoren.
6.– Diru-laguntzen eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasi eta 2018ko abuztuaren 3an bukatuko da.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.
2.– Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira Prestakuntza Planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak.
Prestakuntza Planeko ekintzak banan-banan baloratuko dira, eta norgehiagoka-prozesua egingo da I. eranskinean jasotako diru-laguntzen ildo bakoitzeko (118 ildo dira).
3.– Eskabideak aztertzeko eta horien balorazioa egiteko batzorde bat osatuko da, izaera teknikokoa. Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzako Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduradunak eta Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko hiru teknikarik osatuko dute batzorde hori.
4.– Eskabideek deialdian parte hartzeko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebaluazio-batzordeak 9. artikuluan aurreikusitako irizpideen araberako balorazioa egingo du eta behin-behineko ebazpen-proposamena prestatuko du, 8. artikuluan arautzen den laguntza zehazteko sistema baliatuz, eta behin-behineko proposamenean onartutzat zein baztertutzat jotako ekintzak aintzat hartuz, diru-laguntzen ildoen arabera multzokatuta.
Behin-behineko ebazpen hori Lanbideren webgunean (www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuz jakinaraziko da eta 5 laneguneko epea emango zaie erakunde interesdunei LAN-F aplikazioaren bidez alegazioak egiteko, edo beren eskabideei uko egiteko, behin-behinean prestakuntza-planean onartutako prestakuntza-ekintza guztiei edo horietako batzuei dagokienez.
Behin-behineko ebazpen-proposamen horrek ez die onuradun gisa proposatutako erakundeei inolako eskubiderik emango.
5.– Alegazioak aztertu ondoren, ebaluazio-batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.
6.– Behin betiko ebazpenean jasoko dira diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen zerrenda eta diru-laguntzen zenbatekoak, baloraziotik ateratako lehentasun-hurrenkeraren arabera eta diru-laguntzen ildoen arabera multzokatuta; baztertutako prestakuntza-ekintzak ere zerrendatuko dira, baita baztertu izanaren arrazoiak ere. Ebazpena Lanbideren webgunean argitaratuz (www.lanbide.euskadi.eus) emango zaie horren berri prestakuntza-erakunde interesdunei.
7.– Behin betiko ebazpenean, aurrekontu-krediturik ez dagoelako baztertu diren eskabideak diru-laguntzen ildoen arabera multzokatuta agertuko dira, balorazio-irizpideak aplikatzetik ateratako lehentasun-hurrenkeran ordenatuta; horrela, prestakuntza-erakunde onuradunetako batek diru-laguntzari uko egiten badio, laguntza erabakitzeko ezarritako irizpideen arabera dagokion hurrengo erakundeari emango zaio diru-laguntza, baldin eta horri erantzuteko adinako kreditua libratu bada eta, gertatzen den unean, deialdiaren baldintzak eta aurrekontua gauzatzeko arauak aintzat hartuz, hala egitea posible bada.
Inolaz ere ez zaio diru-laguntza lehentasun-hurrenkeran jarraitzen dion eskatzaile bati emango baldin eta eskuragarri dagoen kreditua nahikoa ez izateagatik eskabide horri aurre egitea ezinezkoa bada.
8.– Prozedura ebazteko eta behin betiko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera baztertutzat jo ahal izango da.
9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
10.– Diru-laguntzak emateko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenetan berariaz aipatu beharko da, hala badagokio, espresuki aipatuko da EGFren finantzazioa, EAEko 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan eta Gazteen Enpleguaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan.
11.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, argitara emango da deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta espresuki aipatuko da EGIFen finantzazioa, EAEko 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan edota Gazteen Enpleguaren 2014-2017 Programa Operatiboaren barruan.
8. artikulua.– Laguntza zehaztea.
1.– Eskaerak aurkezteko eta akatsak 6.5. artikuluan ezarritako eran zuzentzeko epea amaitutakoan, prestakuntza-planen barruko prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egingo da, 9. artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera, eskaerak eta aurkeztutako ekintzak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera antolatzeko.
2.– Ez dira finantzatuko balorazio orokorrean 30 puntu baino gutxiago jaso duten prestakuntza-ekintzak.
3.– Prestakuntza-planaren barruko prestakuntza-ekintza bakoitzeko (30 puntu edo gehiago lortu baldin badute) eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, II. eranskinean xedatutako modulu ekonomikoak aplikatuko dira.
4.– Jarraian balorazio-alditik ateratako lehentasun-hurrenkerari jarraituz emango dira diru-laguntzak, arau hauek aplikatuz:
4.1.– Aurrez-aurreko prestakuntza-ekintzak lortutako balorazio teknikoan oinarrituta ordenatuko dira, EAEko hiru lurraldeen araberako bereizketa eginez.
Teleprestakuntzako ekintzak, berriz, bereiz ordenatuko dira, eta EAE osorako multzo bakar bat osatuz.
4.2.– Lurralde bakoitzeko aurrez aurreko ekintzak berriro ordenatuko dira, prestakuntza motaren arabera: egiaztagarria eta ez egiaztagarria.
– Prestakuntza-ekintza egiaztagarriak berriro ordenatuko dira, lanbide-arloen eta kualifikazio-mailen (1., 2. edo 3. mailakoak) arabera.
– Prestakuntza-ekintza ez egiaztagarriak, berriz, kualifikatzaileen eta kualifikaziorik ematen ez dutenen artean banatuko dira.
– Kualifikaziorik ematen ez dutenak, berriz, beste multzo hauetan banatuko dira: gizarteratzeko eta laneratzeko ekintzak, zeharkako ekintzak eta funtsezko gaitasunekin lotutakoak.
5.– Hasiera batean, I. eranskinean adierazitako diru-laguntzen ildoetara bideratutako aurrekontua prestakuntza-ekintza bakoitzak balorazio teknikoan lortutako puntuazioaren hurrenkera errespetatuz banatuko da, xahutzen den arte.
6.– Diru-laguntzen ildoetako baten aurrekontua agortzen ez bada, soberakina honela banatuko da:
6.1.– Soberakina teleprestakuntzako ildoari edo egiaztagarria ez den prestakuntzako diru-laguntzen ildoren bati badagokio, hasiera batean finantzaketa jaso ez duten puntuazio handieneko prestakuntza-ekintza egiaztagarrietara bideratuko da, lurralde historikoa aintzat hartuta, baina zer lanbide-arlotakoak edo mailakoak diren begiratu gabe.
6.2.– Soberakina egiaztagarria den prestakuntzako ildoren bati badagokio, berriz, finantzaketa jaso ez duten lanbide-arlo berean dauden mailen artean begiratuta puntuazio handieneko prestakuntza-ekintzetara bideratuko da, lurralde historikoa aintzat hartuta. Hala eta guztiz ere soberakinik geldituz gero, aurrez finantzaketarik jaso ez duten puntuazio handieneko ekintza egiaztagarriei emango zaie diru-laguntza, lanbide-arloa eta maila kontuan hartu gabe.
6.3.– Prestakuntza-ekintza egiaztagarrien artean soberakinik gelditzen bada, lehentasun-hurrenkeraren arabera emango dira gelditzen dena, lurralde historikoari begiratu gabe.
7.– Berdinketa gertatuko balitz, 9. artikuluko B.2 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraituko balu, C.5 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketa hausteko azken irizpide gisa, B.1 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duena hartuko da aintzat.
8.– Prozesu osoan zehar, etengabe hartuko dira aintzat 5.4 artikuluan zehaztutako diru-laguntzaren mugak, bai orokorra eta bai diru-laguntzen ildoen araberakoak ere.
9.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ekintzei dagozkien zenbatekoen batura izango da Prestakuntza Planak jaso beharreko diru-laguntzaren azken zenbatekoa.
9. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.
Eskatutako prestakuntza-ekintzak balioesteko, jarraian zerrendatutako irizpideak hartuko dira aintzat, III. eranskinean zehazten direnak.
B, C eta D ataletan aurreikusitako balorazio-irizpideek entitate eskatzaileen prestakuntza-jarduera eta horien konpromiso soziala neurtzen dute, fidagarritasunari eta kudeaketaren, kalitatearen eta eraginaren arloetan dituzten emaitzei erreparatuz.
B, C eta D atal horietako irizpide guztiak prestakuntza-erakundearen mailan aintzat hartzen dira, hau da, IFK bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira. Eskatzailea sozietate-talde batekoa bada, taldeko erakundeen jarduera hartuko da kontuan, eta halakotzat joko da 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2. artikuluan enpresa bakarraren definizioarekin bat datorrena, edo Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan ezarritako sozietate-taldearen definizioarekin bat datorrena.
A.– Prestakuntza-ekintza prestakuntza-beharrentzako egokia izatea.
Irizpide honetan 20 puntu lortu ahalko dira gehienez.
Horren xedea da diru-laguntzen ildoen arabera (I. eranskina) bereiztea programa daitezkeen prestakuntza-ekintzengatik lor daitekeen puntuazioa, honako hauek aintzat hartuz:
a) Prestakuntza-ekintza egiaztagarrientzat, bereziki: 7 puntuazio-tarte ezartzen dira, gehienez 7 punturekin, lanbide-familiek ematen duten laneratzeko aukeraren arabera.
Lanbide-familia bakoitzaren barruan, 3 kualifikazio-maila bereizten dira, eta 3 tarte ezarri dira, gehienez 3 puntu izan ditzaketenak.
b) Prestakuntza-ekintza guztietarako: Lanbidek Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, 15. artikuluan, xedatutakoari jarraikiz eginiko Enplegurako prestakuntza-beharren diagnostikoan lortutako puntuak (diagnostikoa Lanbideren webgunean dago). 10 puntuazio-tarte ezarri dira xede horrekin, gehienez 10 puntu izan ditzaketenak.
Puntuazio hori programagarriak diren prestakuntza-espezialitateen taulan jasotzen da; taula hori II. eranskineko A.1 B.2 atalean aurki daiteke, «Balorazioa» zutabean.
B.– Prestakuntzak langabeei zuzendutako enplegurako lanbide-heziketari buruzko diru-laguntzen 2016ko ekitaldiko deialdian izandako kalitatearen eta eraginaren adierazleak. Gehieneko puntuazioa: 35 puntu.
Horren xedea da 2016ko ekitaldian enplegurako lanbide hezkuntzaren arloan eskumena zuten Administrazioek onartu dituzten deialdietan, langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ematean lortu zuten kalitatea balioestea, bai eta haien eragina ere, enplegagarritasunari eta laneratzeari dagokienez.
B.1.– Sintesi-adierazlea: gehienez 15 puntu.
Aurrez aipatutako deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-erakunde batek lanbide-familia bakoitzean lortutako asebetetze-tasen batez bestekoa, diru-laguntza eskatzen den espezialitate berberei dagokienean (II. eranskinean jasotzen dira).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiari dagokionez, adierazle hori bere datu-basetik ateratzen da, ofizioz. Ez dira aintzat hartuko kontratazio-konpromisoa duten prestakuntzako diru-laguntzen ildoei dagozkien emaitzak, ezta Proiektu Bereziei dagozkienak ere.
Beste administrazio publiko batzuen diru-laguntzen deialdiei dagokienez, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2 a) atalean aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
Prestakuntza-erakunde jakin batek Lanbideren deialdian parte hartu ez badu eta beste administrazio publikoen egiaztagiria aurkezten ez badu, 4 puntu emango zaizkio.
Adierazle hori lortu ezin izanaren kausa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egozten bazaio, berriz, dagokion lanbide-familiaren adierazleen batez bestekoa hartuko da sintesi-adierazle gisara.
B.2.– Enplegagarritasun-indizea: 25 puntu gehienez.
2016ko diru-laguntzen deialdietan emandako prestakuntza-ekintzek lortutako enplegagarritasun-indizearen batez bestekoa, diru-laguntza eskatzen den espezialitate berberei dagokienean (II. eranskinean jasotzen dira): 25 puntu gehienez.
Enplegagarritasun-indizea tasa hauez osatzen da:
Enplegagarritasun-indizea = (Prestakuntzako arrakasta-tasa x p1) + (Besteren konturako laneratzearen tasa x p2) + (Parte-hartze anitzeko tasa x p3).
Hona hemen kontzeptu horien azalpenak:
– Prestakuntza-ekintzaren arrakasta-tasa: prestakuntza emaitza positiboarekin amaitzen duten pertsonen kopurua, prestakuntza-ekintza hasi duten guztizko parte-hartzaile kopuruaren gainean.
– Besteren konturako laneratzearen tasa: prestakuntza-ekintza amaitu eta sei hilabeteren barruan besteren konturako kontratu bat lortu duten pertsonen kopurua.
– Parte-hartze anitzeko tasa: prestakuntza-ibilbide bat egiten duten pertsonen kopurua; hau da, ikastaroa amaitu ondorengo 12 hilabeteetan enplegurako lehen prestakuntza-jarduera bigarren batekin lotzen duten pertsonen kopurua.
– p1, p2 eta p3, espezialitatearen kualifikazio-mailaren arabera kalkulaturik, tasa bakoitzari emandako balioak dira.
Tasen haztapena espezialitate motaren eta horien kualifikazio-mailaren arabera ezartzen da. Horrela, laneratze-tasak pisu handiagoa du espezialitatearen kualifikazio-maila zenbat eta handiagoa izan, izan ere, laneko zereginak gauzatzeko eta, horrenbestez, lan-merkatuan sartzeko adinako gaitasunak ematen ditu. Gako gaitasunetako, zeharkako eta gizarteratu eta laneratzeko espezialitateen kasuan, pisu handiagoa du parte-hartze anitzeko tasak, prestakuntza kualifikatzailearen aurretiko prestakuntza gisara pentsatuta baitago, ibilbide luzeagoko prestakuntza-prozesu baten barruan, edo araututako/hasierako prestakuntzaren edo profesionaltasun-egiaztagirien prestakuntza osagarri gisara, zeharkako espezialitateen kasuan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiari dagokionez, adierazle hori bere datu-basetik ateratzen da, ofizioz. Ez dira aintzat hartuko kontratazio-konpromisoa duten prestakuntzako diru-laguntzen ildoei dagozkien emaitzak, ezta Proiektu Bereziei dagozkienak ere.
Beste administrazio publiko batzuen diru-laguntzen deialdiei dagokienez, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2 b) atalean aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
Prestakuntza-erakundeek ez bazuten 2016ko deialdiaren babesean eman orain diru-laguntza eskatzen duten prestakuntza-espezialitatea, edo dagokion egiaztagiria aurkezten ez badute, 11 puntu lortuko dituzte.
B.3.– Kalitatearekiko konpromisoa: 5 puntu gehienez.
Entitate eskatzaileei egindako kalitateari buruzko aitorpenak aintzat hartuko dira, balorazio-batzordea jardunean ari den unean indarrean badaude. Kudeaketaren kalitateari dagozkion aitorpenengatik 3 puntu lortu ahalko dira, gehienez; nolanahi ere, EFQM ereduaren, Euskaliten Kudeaketa Aurreratuko Sistemaren eta ISO arauaren aitorpen hauek soilik aintzat hartuko dira: EFQM +500 eta Urrezko A, EFQM +400 eta Zilarrezko A, EFQM +300 eta Brontzezko A, Urrezko Q, Zilarrezko Q, ISO 9001 eta Kudeaketa Aurreratuko Diploma.
Beste puntu bat erantsi ahalko zaio Ingurumenaren Kudeaketa Sistemen ISO 14001 egiaztagiria izateagatik, eta beste puntu bat Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Kudeaketa Sistemen ISO 45001 egiaztagiria izateagatik, edo OHSAS 18001, ISO 45001 lortzeko hiru urteko trantsizio-aldiaren barruan.
B.4.– Euskararekiko konpromisoa: 2 puntu gehienez.
Bikain eta Bai Euskarari ziurtagiria.
C.– Kudeaketako emaitzen adierazleak. Gehieneko puntuazioa: 30 puntu.
C.1.– 2017an diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen gauzatze-maila: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak langabeei zuzendutako prestakuntzara bideratuta 2017an egindako diru-laguntzen deialdian onartu zituen ekintzen artean, gauzatu direnen ehunekoa neurtzen du. 10 puntu (negatibo) gehienez.
C.2.– 2016an diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen gauzatze-maila: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak langabeei zuzendutako prestakuntzara bideratuta 2016an egindako diru-laguntzen deialdian onartu zituen ekintzen artean, bukatu eta likidatu direnen ehunekoa neurtzen du, jarduketa-ildo arrunta aintzat hartuta, hau da, ez dira aintzat hartutako kontratazio-konpromisoa duten eta Proiektu Berezietakoak diren prestakuntza-ekintzak. 10 puntu (negatibo) gehienez.
C.3.– 2016ko deialdian osorik emandako Profesionaltasun Ziurtagirietako Lantokiko Prestakuntza Praktikoaren Moduluak zer mailatan bete diren. 10 puntu (negatibo) gehienez.
Prestakuntza-erakundeek osorik eman duten Profesionaltasun Ziurtagiri bateko prestakuntza gainditzen duten ikasle langabeei dagokienez, prestakuntza-erakundeak lantokiko prestakuntza praktikoa egiteko modulua emateko duten obligazioa zer mailatan bete den neurtzen du, langabeei zuzendutako prestakuntzarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntzen 2016ko deialdian.
C.4.– Emandako prestakuntza egiaztatua. 15 puntu gehienez.
C.4.1.– Langabeei zuzendutako deialdietan prestatutako pertsonen kopurua: 10 puntu gehienez.
Langabeei zuzendutako prestakuntzarako diru-laguntzen deialdietan parte hartu pertsona-kopurua (prestakuntza egiten hasi direnak) hartuko da aintzat, 2015., 2016. eta 2017. urteetan enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumenak izan dituzten administrazioak onartutako deialdien barruan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiei dagokionez, adierazle hori bere datu-basetik ateratzen da, ofizioz.
Beste administrazio publiko batzuen deialdiei dagokienez, berriz, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2 d) atalean aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
C.4.2.– Enplegua dutenei zuzendutako deialdietan prestatutako pertsonen kopurua: 5 puntu gehienez.
Enplegua dutenei zuzendutako enplegurako lanbide-heziketarako diru-laguntzen 2015, 2016 eta 2017 urteetako deialdietan izandako partaide kopurua (prestakuntza bukatu duten guztiak) hartuko da aintzat, arlo horretako eskumena duten administrazioek onartuak badira, betiere.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiei dagokionez, adierazle hori bere datu-basetik ateratzen da, ofizioz.
Beste administrazio publiko batzuen deialdiei dagokienez, berriz, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2 e) atalean aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
C.5.– Lehen Aukera eta Hezibi programetan parte hartu duten pertsonen kopurua, eta Proiektu Berezietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntzen deialdian, Gazteen Enpleguaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan gazte langabeak prestatzeko eta kontratatzeko 2017ko deialdian; lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzetarako 2016ko ekitaldiko deialdiaren babesean diruz lagundutako kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzetan oinarrituta kontratatutako pertsona kopurua; eta 2017-2018 ikasturtean ikastetxe pribatuetan zein itunpekoetan Oinarrizko, Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketan matrikulatutako ikasleen kopurua. 15 puntu gehienez.
Atal honetan 6 irizpide daude eta bakoitzean 4 puntu lor daitezke, gehienez ere; hala ere, guztizko gehienezko puntuazioa 15 da.
C.5.1.– Lehen Aukera programan parte hartu duten pertsonen kopurua: 4 puntu, gehienez.
Deialdi honetan, erakunde bakoitzak 2014an, 2015ean, 2016an eta 2017an jasotako eta kudeatutako pertsonen kopuruak batuko dira.
C.5.2.– Profesionaltasun-ziurtagiriak eraldatu ondoren HEZIBI proiektuan parte hartu duten pertsonen kopurua: gehienez 4 puntu.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2013, 2014, 2015, 2016 eta 2017 ekitaldietako deialdietan profesionaltasun-ziurtagiri bati atxikitako prestakuntza-ekintza bat eraldatu ondoren HEZIBI proiektuan parte hartu duten ikasleak hartuko dira aintzat, xedapen honen arabera: 2012ko urriaren 3ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuena; honen bidez, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira.
C.5.3.– Diruz lagundutako proiektu berezietan parte hartu duten pertsonen kopurua, bai 2017ko deialdian, eta bai 2016ko ekitaldian lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzen deialdiaren babesean ere: gehienez 4 puntu.
C.5.4.– 2017ko ekitaldian, Gazteen Enpleguaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan gazteak prestatzeko eta kontratatzeko diru-laguntzen deialdian parte hartu zuten pertsonen kopurua: gehienez 4 puntu.
C.5.5.– Lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzetarako 2016ko ekitaldiko deialdiaren babesean diruz lagundutako kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzetan oinarrituta kontratatutako pertsona kopurua: gehienez 4 puntu.
C.5.6.– 2017-2018 ikasturtean ikastetxe pribatuetan zein itunpekoetan Oinarrizko, Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketan matrikulatutako ikasleen kopurua, Hezkuntza Sailarekin. 4 puntu gehienez.
C.6.– 2017. ekitaldian ebazpen bidez edo administrazio publikoekiko lankidetza-hitzarmenen bidez gizarteratzearen eta laneratzearen arloko diru-laguntzarik eman izana: 5 puntu.
Ez dira aintzat hartuko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak proiektu bereziak gauzatzeko emandako diru-laguntzak:
administrazio publiko baten ebazpena edo horrekiko lankidetza-hitzarmena hartuko da aintzat, baldin eta horren bidez prestakuntza-erakunde batek gizarteratzearen eta laneratzearen arloko proiektu baterako diru-laguntza jaso badu, artatzen dituen pertsonen kolektibo jakin batek dituen premiei erantzuteko asmoz.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2 f) atalean aipatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, salbu eta egoera hauetako batean ez badago (horrelakoetan datuak ofizioz lortuko baititu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak):
– 2017ko martxoaren 1eko Aginduaren (Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez 2017. urterako egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan aurreikusitako deialdia) II. kapituluan ezarritakoaren babesean emandako diru-laguntzak, hau da, pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin esku hartzeko diru-laguntzak.
– Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu bidez, 2017an Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren jarduketa-eremuan emandako diru-laguntza nominatiboak, pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin esku hartzeko jardueretarako.
D.– Prestakuntza-erakundeen Gizarte Erantzukizuna. 15 puntu gehienez.
Atal honetan lau irizpide daude eta bakoitzak gehienez 5 puntu jaso ditzake; ahal ere, guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioa 15 da.
D.1.– Lana sortzeko konpromisoa: gehienez 5 puntu.
2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra, enpresaren kotizazio-kontuetako kode guztietan altan dauden langileen batez bestekoa hartuko da aintzat.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2 g) atalean aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
D.2.– Lanaren kalitatearekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.
D.1 atalean zehaztutako batez besteko langileetatik, 2017ko abenduaren 31n lanaldi osoan eta mugagabeko kontratuarekin diharduten pertsonen ehunekoa hartuko da aintzat.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2 h) atalean aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
Puntuazioa formula hau aplikatuz kalkulatuko da:
Lan-kontratuaren kodea duten pertsona-kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + mugagabeko kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / plantillaren batez bestekoa (D.1).
D.3.– Genero-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.
2017ko plantillan, mugagabeko kontratuarekin lanaldi osoan dauden emakumeen ehunekoa hartuko da aintzat, baldintza beretan dauden gizonezkoen kopuruarekin alderatuta.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.h) atalean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu.
Puntuazioa formula hau aplikatuz kalkulatuko da:
Lan-kontratuaren kodea duten emakume-kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / lan-kontratuaren kodea duten gizonen-kopurua (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak).
D.4.– Desgaitasuna duten pertsonentzako aukera-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.
2017ko plantillan mugagabeko kontratuaren diharduten eta desgaitasunen bat duten pertsonen kopurua hartuko da aintzat.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.h) atalean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu.
Puntuazioa formula hau aplikatuz kalkulatuko da:
Lan-kontratuaren kodea duten pertsona-kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (130+139+230+239+330+339 + aldi baterako kontratua ez duten bazkide kooperatibistak + aitortutako desgaitasunen bat duten administratzaileak).
10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo du prestakuntza ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko aukeraketa, ikastaro bakoitzean parte hartzea eskatu duten hautagaien artean.
Hautagaiek honela parte har dezakete ikastaroan:
a) Ikastaroan parte hartzea eskatuz, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sareko bulegoren batean eskaera bat aurkeztuta , bai eskaera organismo autonomo honen webgunean beteta (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.
b) Enplegu-eskatzaile (eta DSBEren hartzaile) izanda, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko orientazio-zerbitzuek ikastaroa egiteko agindu baldin badio bere prestakuntza-ibilbidearen barruan.
c) Lanbidek enplegu-eskatzaileak deitu ditzake profesionaltasun-ziurtagiri bat osatzeko faltan dituzten prestakuntza-moduluez osatutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.
2.– Lanbide-prestakuntzako 2. eta 3. mailetarako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusiriko eskakizunak bete behar dituzte parte-hartzaileek. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte parte hartu nahi dutenek.
3.– Erakunde onuradunak berak erabakiko du nor izango diren ikastaroetan parte hartuko duten ikasleak, Lanbidek bidalitako hautagaien zerrendatik. Horretarako, ikastaroa emango duen erakundeak aukera izango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Prestakuntzaren Kudeaketako aplikazioaren bidez (LAN-F) izena emanda zein dauden ikusteko, eta hortik hautatuko ditu ikasleak, prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, nahiko tarte hartuta, eta ezinbesteko garantia guztiak errespetatuz.
Beharrezkoa duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaketa-proba bat ere egingo dute, egoitzan bertan, Lanbideko teknikariekin aurrez adostuta, ikasleek ekintza behar bezala aprobetxatuko dutela ziurtatzeko eta ikusteko kualifikazio-ekintzetako helburuak lortzekotan, aurretik izan behar duten jakintza ba ote duten. Proba hori LAN-F aplikazioan egongo da eskuragarri, dagokion atalean.
4.– Hautaproba hori egin eta gero, eta etengabeko prestakuntza bultzatze aldera, honela jokatuko da prestakuntza-ekintzetarako parte-hartzaileak hautatzeko:
a) Profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-ibilbideak:
1.– Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematen bada, 6.4 artikuluan ezarritako baldintzetan banandu gabe, egiaztatutako prestakuntza-modulurik ez duten pertsonek bakarrik parte hartu ahalko dute. Nolanahi, enplegu eta prestakuntzako bideak erraztu beharrez, eta langabeen nahiz lanean ari direnen garapen profesionala eta pertsonala landu beharrez, moduluren bat egiaztatuta daukatenei ere utzi egingo zaie prestakuntza-ekintzan parte hartzen (Lanbideko teknikariek aldez aurretik baimena ematen badute), baldin modulua zeharkakoa bada eta Profesionaltasun Agiriak bere prestakuntza-bidean aurrera egiten badu, arlo eta eremu berdinekoa delako.
2.– Modulutan banatutako profesionaltasun ziurtagiri bat programatzen den denean, 6.4 artikuluaren arabera, Lanbidek profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten prestakuntza-ekintzen multzoa zerbitzuen eskaintza bakar baten bidez iragarriko du, prestakuntza-bidea osatzen duten ekintzetako edozeinetan parte hartzeko hautagaien poltsa bat sortzeko. Prestakuntza-ekintzan izena emateko epea bukatzen denean, hautagai bakoitzaren prestakuntza-kontua kontsultatu ondoren taldeetan bilduko dira, ziurtagiria osatzen duten moduluei dagozkien prestakuntza-ekintzetan. Honela egingo da prestakuntza-ekintza bakoitzeko partaideen azken hautaketa:
– Profesionaltasun-ziurtagiriko lehen moduluari dagokion lehen prestakuntza-ekintzan, egiaztatutako modulurik ez duten pertsonak % 50 izango dira, gutxienez. Gainerakoak profesionaltasun-ziurtagiriaren moduluren bat egiaztatuta duten pertsonak izango dira, eta lehen prestakuntza-ekintza hori soilik falta zaienei emango zaie lehentasuna. Bi kategorietako batean hautagai nahikorik ez balego, adierazitako ehunekoa aldatu ahalko da, parte-hartzaileen ezaugarrien arabera, taldea osatu arte.
– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, dena delako ekintzaren aurreko modulua bukatu duten eta prestakuntza-ekintza hori egin nahi duten pertsonek izango dute lehentasuna. Horien ondoren, prestakuntza-ekintzako modulu hori soilik gelditzen zaien pertsonek izango dute lehentasuna, prestakuntza-ibilbidea bukatu eta, horrela, profesionaltasun-ziurtagiria lortu dezaten. Lehentasunen hurrenkeran, hirugarren tokian izango dira gainerako pertsonak, eskuratu dituzten egiaztatutako modulu-kopuruaren arabera ordenatuta, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzetik gertuen daudenei lehentasuna emanez.
3.– Prestakuntza-modulu solteak programatu badira, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna prestakuntza-ekintzan parte hartzeko, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Horien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiriko gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek.
4.– Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, lehentasuna izango dute emakumeek.
5.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, lehentasun-hurrenkera honetan:
a) Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberarekin, lan-merkatuan sartzeko arazo bereziak dituzten pertsonak, kualifikazio-maila txikia duten pertsonek lehentasuna izanik: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten pisuaren proportzioan (langabeen % 54 emakumeak dira); luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna duten pertsonak; langabezia-saria agortua duten eta berriz profesionalki gaitzeko PREPARA programan eta Enplegua Aktibatzeko Programan parte hartzeagatik diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun diren langabeak; eta terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.
b) Bigarrenik, gainerako langabeak, orokorrean.
c) Hirugarrenik, suspentsioko ERE baten eraginpean dauden langabetuak, prestakuntza-ekintzara joateko ordutegi-eskuragarritasuna badute.
6.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten beste pertsona batzuen eskaerak izanez gero.
7.– Hautaketa bukatu ondoren, entitate onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LAN-F kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbidek berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.
8.– Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-entitateek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.
Aurrez esandakoari eragin gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak balia ditzakete ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.
11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Ikasleek dohainik egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko baititu.
2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan edo haietara bidean sor daitezkeen arriskuen aurrean, Eusko Jaurlaritzak sinatutako aseguruak istripuak eta erantzukizun zibila estaliko baititu.
3.– Parte-hartzaileek ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzko agiria jasoko dituzte lehen eskola-egunean, baita horiek jaso izanaren egiaztagiria sinatu ere.
4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute eta haiei etekina atera beharko diete. Horretarako, entitate onuradunek eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak zein parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.
5.– Ikasleek ezingo dute ikastaro bat bertan behera utzi beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Hasitako prestakuntza-ekintza bukatu beharko dute, salbu eta lana aurkitzen ez badute, eta horren ondorioz ezin badute prestakuntza-ekintzan parte hartu eta behar adinako etekina atera, edota behar bezala justifikatutako familia-egoera larriren bat gertatzen ez bada.
12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.
1.– Ikasleak ekintzatik kanpo uzteko arrazoiak honako hauek izango dira:
a) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoan % 25etik gorako ez-bertaratzea biltzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon zein ez.
b) Ekintzatik etekinik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.
2.– Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:
Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela; hartarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behineko izaeraz baztertzea ikastarotik, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Errekurtso-bideak adieraziko dira ematen den ebazpenean.
Ikasleren baten ez-bertaratzeak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiagora iristen diren astean, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzari, ikaslea ekintzatik kanpo uzteko prozedura hasteko. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako ez-bertaratzea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotasuna izatea edo lan-jarduera hastea), pertsonak geratzen den modulua egiteko aukera aztertu ahal izango da.
Ikasleren batek utzi egiten baldin badio prestakuntza-ekintzara joateari eta ez-bertaratzeen % 25a gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbideri, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik izan gabe.
13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako gaitasunak egiaztatzea.
1.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunak deialdi honetan ezarritakoari men eginez gauzatu beharko ditu prestakuntza-ekintzak, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen ereduen arabera; horrela, erakunde autonomo horren prestakuntzako aplikazioa erabiliko dute (LAN-F) honako informazio hauek jakinarazteko: ekintzen hasiera (benetako hasiera-data baino 7 egun lehenago, gutxienez), gerora egindako edozein aldaketa (gertatzen den unean), prestakuntza-ekintzak bukatzea, bai eta ebaluazio-akten eta parte-hartzaileen bertaratze-kontrola, bukatu eta 7 egunen buruan. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez den bitartean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko harremanak egutegiko 7 egunen buruan gauzatu behar dira. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi alde aurretik Lanbidek ez badu LAN-F aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu.
2.– Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat emateko diru-laguntza ematen denean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ziurtagiri horren barruan dauden moduluen kopurua adina prestakuntza-ekintzatan zatitu ahalko du, baldin eta erakundeak horretarako baimena jaso badu diru-laguntzaren eskaeran, 6.4 artikuluan ezartzen den bezala. Prestakuntza-ekintzek lotuta egoten jarraituko dute, eta baldintza hauen arabera gauzatuko dira:
– Banaka irakatsiko eta justifikatuko dira moduluak.
– Profesionaltasun-ziurtagirian adierazitako ordenan irakatsi behar dira moduluak.
– Prestakuntza-ekintza bat hasten duten pertsona guztiei bermatu behar zaie modulu guztietan parte hartu ahal izatea, prestakuntza-ibilbidea osatzeko modua izan dezaten.
Bete gabeko plazak geratzen baldin badira, prestakuntza-moduluetan sartzeko baldintzak betetzen dituzten beste parte-hartzaile batzuk har ditzake prestakuntza-erakundeak, 9.5.a) 2. atalean araututako hautaketa-prozesuari jarraikiz.
– Erakundearen betebeharra izango da praktikak eskaintzea modulu bat edo batzuk ikasten dituzten pertsonei, baldin eta profesionaltasun-ziurtagiria amaitzen baldin badute modulu horiekin.
– Diru-laguntza ordaintzeko, prestakuntza-ekintza bakartzat jotzen jarraitzen da.
3.– Deialdi honen babeseko prestakuntza ematen duten hezitzaileek Lanbideren baimena izan beharko dute, eta indarreko legean ezarritako eskakizunen araberako hezitzaileen fitxategian sartuta egon beharko dute.
4.– Diru-laguntza jasotzean aurreikusitako kopuruaz gainera, beste bi ikaslek parte hartu ahalko dute prestakuntza-ekintzan, gehienez ere, baina horiengatik diru-laguntza jasotzeko eskubiderik gabe; horretarako, prestakuntza-erakundeek hala eskatu beharko dute deialdiaren ebazpena jaso ondorengo hamabost egunetan, beharrezko instalazioak eta ekipamenduak izan beharko dituzte eta ikasle guztiek baldintza-berdintasuna edukitzea bermatu beharko dute. Baimena eman aurretik instalazioen eta ekipamenduen eskuragarritasuna egiaztatuko da, eta eskatutako parte-hartzaileen kopuruari dagokion egiaztapena ere bai, profesionaltasun-ziurtagirien kasuan.
5.– Langabezian dagoen langile batek ezingo du egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astebeteko guztizko iraupenak ezingo du 40 ordutik gorakoa izan. Muga horien barruan sartuta egongo dira, hala dagokionean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko moduluaren orduak edo profesionaltasun-ziurtagiriez kanpoko ekintzen praktikak ere.
6.– Prestakuntza-erakundeek zentzuzko ordutegiak ezarriko dituzte, batez ere kolektibo zaurgarriei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan, ikasleak prestakuntza eta bizitza pertsonala uztartzeko gai izateko moduan.
Prestakuntza ematen hasiz gero, erregularki emango da eta ezingo da aldi baterako utzi, non eta ez den ezinbesteko arrazoiren batengatik, eta, hala bada, behar bezala justifikatu beharko du ikasleak, eta Lanbidek ontzat eman.
7.– Prestakuntza-erakundeek gutxienez honako material hau emango diete prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenei ikastaroaren hasieran:
– Eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan, espezialitatearen eduki guztiak bilduko dituena.
– Ikastaroa ondo garatzeko behar den idazmahaiko materiala.
– Behar diren babes-elementuak.
Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.
8.– Ikasleek prestakuntza-ekintza uzten badute, beste ikasle batzuk sartu ahal izango dira haien ordez. Prestakuntza-ekintzen iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-ekintzak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-ekintza hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik.
Hasita dagoen prestakuntza-ekintza bati eransten zaizkion ikasleek maila jakin bat izan beharko dute, ikastaroari etekina ateratzeko moduko adina gaitasun bermatuko diena, ikastaroaren nondik norako arruntari eragin gabe. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, partaideen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko gutxieneko maila eskagarria dutela bermatze aldera.
9.– Prestakuntza-ekintzan parte hatuko duten langabetuei dagokienez, eta are gehiago langabeziagatiko prestazioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen ari badira, prestakuntza emateko ardura duten erakunde onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez aurkezteen eta uzteen berri, inguruabar horiek eragin dituzten arrazoiak barne.
10.– Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta ez dagoenean, bertaratze-ziurtagiri edo diploma bana emango zaie parte-hartzaileei baldin eta prestakuntza emaitza positiboarekin gainditu badute; ziurtagiri hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren araberakoa izango da eta, gutxienez, honako datu hauek jasoko ditu: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntzaren edukiak, emateko modalitatea, hasiera- eta amaiera-data eta guztira jasotako prestakuntza-orduak.
11.– Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta badago, ikaslearen ebaluazioa moduluka egingo da, ikaskuntzaren emaitzak eta, horrenbestez, lortutako lanbide-gaitasunak egiaztatu ahal izateko.
Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aurrez egindako plangintza baten arabera; plangintza horretan honako datu hauek jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzeko: aurreikusitako datak, zer espaziotan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren eta horiek aplikatzeak zenbat iraungo duen. (Hori guztia LAN-F aplikazioan eskuragarri dagoen ereduaren arabera egingo da). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira eta aplikazioan gordeko dira.
Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideen jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-gaitasunak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.
Gaitasun-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» diren adierazita.
Hezitzaileek txosten batean islatu beharko dituzte ikasleek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak; txosten horretan adieraziko da ikasleek zer nolako jarduna izan duten aplikatutako ebaluazio-tresna bakoitzean, dagozkien zuzenketak eta lortutako puntuak zehaztuta. (Hori guztia LAN-F aplikazioan eskuragarri dagoen ereduaren arabera egingo da).
Modulua bukatu ondoren, Ebaluazio Akta bete beharko da LAN-F aplikazioaren bidez, eta parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitza jaso beharko da, adierazpen hauek baliatuz: «gai», «gai, ez egiaztagarria» edo «ez gai».
Teleprestakuntzako modalitatean, aurrez orokorki ezarritakoaz gain, prestakuntza-moduluen ebaluazioa tutore-hezitzaileek egingo dute, ikaskuntza-prozesuaren jarraipena eginez eta aurrez aurreko azken ebaluazio-proba baten bidez. Ikaskuntza-prozesuaren jarraipena egiteko, prestakuntza-ekintza guztian zehar plataforma birtualaren bidez egindako jarduerak eta aurkeztutako lanak aztertuko dira, bai eta ezarritako komunikazio-tresnetan izandako parte-hartzea ere. Ikaskuntza-prozesuko jarduera bakoitzerako ezarritako zenbakizko ebaluazio-irizpideak aplikatuko dira, prestakuntza-proiektuan zehaztutako moduan.
Lan-zentroko prestakuntza-modulu praktikoa egiten duten bitartean, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dute prestakuntza-zentroak izendatutako tutoreek eta enpresak. Modulu hori gainditzen duten ikasleek LAN-F aplikazioaren bitez eskuratutako ziurtagiria jasoko dute.
Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Pilatzeko Egiaztatze Partziala (PEP) emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, hura osatu badute.
Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio eta, dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen PEPak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.
Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen erakundeak datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F aplikazioan:
● Ikastaroa hasi aurreko 7 lanegunen barruan:
– Lanbidek ezarritako ereduaren araberako ebaluazioaren plangintza (eredua LAN-F aplikazioan egongo da eskuragarri).
– Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, eta zuzenketak egiteko eta puntuazioa jartzeko dagozkien euskarriak.
– Teleprestakuntzako modalitatean ematen diren profesionaltasun-ziurtagiriekin lotutako prestakuntzan, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak, Profesionaltasun Ziurtagiriak Arautzen dituenak, 12. bis artikuluan aipatzen duen akordioa edo hitzarmena, Lanbideko teknikariek baliozkotu dezaten.
● Ikastaroa bukatu ondoko 7 lanegunen barruan:
– On-line dokumentazioa LAN-F aplikazioan, ikasleek lortutako emaitzak Lanbidek ezarritako ereduaren arabera jasotzen dituena (eredua LAN-F aplikazioan eskuratu ahalko da).
– Ebaluazio-aktak betetzea.
12.– Diru-laguntzaren onuradunak diren prestakuntza-erakundeek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezingo dituzte hirugarrenak horretarako azpikontratatu. Ondorio horietarako, ordea, onuradunek diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat joko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea dela ulertuko da, ez besterik.
14. artikulua.– Lanekoak ez diren lanbide-praktikak.
1.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea ez bada, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko lehen bi hilabeteetan hasi beharko dira. Epe hori 3.5 artikuluak dioenaren arabera baldintzatuta egongo da.
2.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada:
– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lan-zentroko prestakuntza-modulu praktikoarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen dituen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera. Enpresak iraupena eta eduki horiek nahikoa ez direla irizten badio, praktika luzatu ahalko du, lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez; hala ere, praktika biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.
– Prestakuntza-erakundeek lan-zentroko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasle guztientzat, salbu eta ikasleren bat urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak, Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituenak, 5. bis artikuluan xedatzen dituen salbuesteko egoera batean ez badago.
– Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatu eta lau hilabeteko gehieneko epean hasi behar dira lanbide-praktikak. Epe hori 3.5 artikuluak dioenaren arabera baldintzatuta egongo da.
Salbuespenezko arrazoiek bultzatuta eta justifikatuta baldin badago, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak irakatsi bitartean egitea baimen dezake Lanbideak. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahalko dute prestakuntza praktikoko prestakuntza lan-zentroan, haien administrazio-egoera zein den gorabehera.
– Prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean praktikak hasten dituzten ikasleek, azken ebaluazioaren emaitza negatiboa bada, praktikak egiten jarraitu ahalko dute. Prestakuntza-ekintza bertan behera uzteak, berriz, horrekin lotutako lan-zentroko prestakuntza-praktikoaren modulua bukaraziko du.
– Profesionaltasun-ziurtagiria osorik ematen ez denean, lanez kanpoko praktikak egin ahalko dira, baina lan-zentroko prestakuntza-modulua ez, salbu eta langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta baditu.
3.– Lanez kanpoko praktikak enpresen eta prestakuntza-erakundeen artean sinatutako eta prestakuntza-zentroek dinamizatutako hitzarmenen edo akordioen bidez arautuko dira. Praktikak hasi baino lehen, akordio horren berri eman beharko zaie enpresako langileen legezko ordezkariei. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso, jaso dutela adierazteko agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LAN-F aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.
4.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lan-zentroetan egin beharko dira, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, eta Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariaren aurretiazko baimenarekin, betiere.
5.– Praktiken eguneko iraupenak ezingo du 8 ordutik gorakoa izan.
6.– Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua abiatu aurretik, nahitaezkoa da Lanbidek praktiken hitzarmena balioztatzea. Ez baldin bada izapide hori betetzen, baliogabetu egin daitezke nahitaezko baimen hori ez duten praktikak.
15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez haratago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du. Horretarako, prestakuntza-ekintzak egiteko baliatuko diren zentroak bisitatuko ditu, eta jasota utziko du diru-laguntza onartzeko ezarritako eskakizunak betetzen direla (instalazioei, zuzkidurari eta ekipamenduari, baliabide didaktikoei eta irakasleei dagokienez, besteak beste) edo, bestela, zer irregulartasun hautematen diren, eta nola konpondu behar diren.
2.– Ahal dela, bi bisitaldi egingo ditu gutxienez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikastaro bakoitzean:
– Hasieran. Bisitaldi honetan prestakuntza ematen duen zentroaren baldintzak egiaztatuko ditu, ikasleei ikastaroaren, horren edukien eta garapenaren eta beraien eskubide eta betebeharren inguruko datu guztiak emango dizkie eta ikasleek izan ditzaketen zalantza eta galderei erantzungo die. Egiaztatuko du, orobat, Lanbideren eta Europako Gizarte Funtsaren finantzazioak ekarritako komunikazioak betetzen direla.
– Ikastaroa amaitzean: zentroko baldintzak egiaztatuko ditu, ikasleei amaierako inkesta emango die eta ikastaroaren balioespen orokorra eskatuko die. Ikasleei orientazioa emango die jasotako prestakuntzak ematen dizkien aukerei buruz eta une horretan dituzten prestakuntza-ibilbideei edo enplegu/prestakuntzako beste ekintza batzuei buruz, lan-merkatura errazago sar daitezen."
Prestakuntza-ekintzak lotu ondoriozko prestakuntza-ibilbide bat osatzen baldin bada, bermatuko da, aurreko egoeran bezala, gutxienez bi bisita egingo direla ibilbidea osatzen duten ekintzen irakastaldian, bat prestakuntza-ibilbidearen hasieran, eta amaieran bestea.
3.– Europar Batasuneko araudian ezarritakoarekin bat eginez, bisitak egingo dira Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintza batzuetara (lagina), tokian bertan egiaztatzeko EBko funtsen parte-hartzetik eratorritako baldintzak betetzen direla.
4.– Prestakuntza ematen duen zentroak Lanbidera bidali behar ditu, ikastaroaren lehenengo hilabetea bukatu baino lehen:
– Ikastaroaren funtzionamenduari buruzko txostena, homologazio-baldintzak eta ikastaroaren hasierako komunikazioan adierazitakoa betetzen direla egiaztatzen duena.
– Ikasleei emandako kalitate-inkestak, haiek egindako ohartarazpenekin batera.
16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babesean emandako prestakuntza-ekintza guztien kalitatea ebaluatuko du, ebaluazio-sistema misto bera baliatuz. Ebaluazio-sistema misto horrek bereizitako bi iturritako informazioa bilduko du:
A.– Batez besteko emaitzak, ikasleek erantzundako galdetegietan oinarrituta, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituenak (2009ko ekainaren 11ko BOE), ezarritako moduan. Galdetegi horiek ikasleek beteko dituzte, telematikoki.
B.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren bukaeran egindako bisitaldian emandako puntuazioa, «prestakuntza-zentroa/erakundeak emandako prestakuntzaren ebaluazioa» izeneko ereduzko agiriarekin bat.
Nolanahi ere, emandako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko, sintesi-adierazle bat egin beharko da prestakuntza-erakundeak emandako ekintza bakoitzerako. Sintesi-adierazle hori aipatutako bi informazio-iturrietan lortutako emaitzetatik abiatuta aterako da, formula honi jarraikiz:
Sintesi-adierazlea = A x 0,6 + B x 0,4.
A = ikasleek erantzundako galdetegietan lortutako batez besteko puntuazioa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituenak, ezarritako moduan.
B = Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak LAN-F aplikazioan eskuragarri egongo den ereduaren arabera emandako guztizko puntuazioa.
Hala eta guztiz ere, beste informazio-iturri batzuk ere aintzat hartu ahalko dira, dagokionean, adibidez, prestakuntza-zentro edo erakundeei edo kanpo-erakundeei agindutako kalitatea ebaluatzeko ekintzetan lortutako emaitzak.
17. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Diru-laguntza lau zatitan ordainduko da, honela:
a) Lehen ordainketa, 2018ko ordainketa-kredituaren kargura, Prestakuntza Planari dagokion diru-laguntzaren % 25ekoa da, eta lehen prestakuntza-ekintza jakinarazteko unean egingo da.
Aurreratutako ordainketa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da aldez aurretik, EAEko Diruzaintza Nagusian aurreratzen den zenbatekoari dagokion bermea abala edo finantza aurkeztu izanarena. Abalaren eredua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango du.
b) Bigarren ordainketa: 2019ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planari dagokion diru-laguntzaren % 25 ordainduko da, betiere prestakuntza-planaren barrun dauden prestakuntza ekintzen % 40, gutxienez, hasi badute.
Ordainketa aurreratua 180.303,63 eurotik gorakoa izanez gero, aldez aurretik aurkeztu beharko da aurreratzen den zenbatekoaren bermea, abala edo fidantza Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian aurkeztu izanaren ziurtagiria. Abalaren eredua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango du.
c) Hirugarren ordainketa: 2019ko ordainketa-kredituaren kargura, prestakuntza-planari dagokion diru-laguntzaren % 25 ordainduko da, betiere prestakuntza-planaren barruan dauden prestakuntza ekintzen % 70, gutxienez, hasi badute.
Aurreratutako ordainketa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da aldez aurretik, EAEko Diruzaintza Nagusian aurreratzen den zenbatekoari dagokion bermea abala edo finantza aurkeztu izanarena. Abalaren eredua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango du.
d) Laugarren ordainketa, 2020ko konpromiso-kredituaren kargura, Prestakuntza Planari dagokion diru-laguntzaren beste erdia da, eta prestakuntza-ekintza guztiak amaitzean ordainduko da, lanez kanpoko praktikak barne, 3.5 artikuluan ezartzen den bezala, diruz lagundutako jarduketak 18. artikuluan aurreikusitako eran justifikatu ondoren.
2.– Ordainketak egin aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteta daudela.
Erakunde onuradunak berariaz ukatzen badu egiaztapen hori egiteko baimena, baldintza hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.
Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf
18. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Prestakuntza-planak gauzatzeko emandako diru-laguntza prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten parte-hartzaileen eta eraginkorki egindako ikastorduen arabera egingo da, ezarritako modulu ekonomikoen arabera.
Ordainketak inolaz ere ezingo du gainditu hasiera batean prestakuntza-plana gauzatzeko aitortutako zenbatekoa.
2.– Ordaindu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epeen barruan dagokien lan-zentroan prestakuntza praktikoko modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.
3.– Aurrez aurreko prestakuntzan, ordainketa modu honetan kalkulatuko da:
– A modulua 15 ikaslez biderkatuko da –baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleen kopurua 3.6 artikuluan aurreikusitako gutxieneko eta gehieneko mugen barruan badago, artikulu horren b) atalean adierazitako egoeran barne–, eta emandako prestakuntza-orduez.
– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Kalkulu hori prestakuntza-ekintza onartu den ikasle-kopuruaren muga errespetatuz egingo da.
– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuei dagokiena.
4.– Teleprestakuntzari dagokionez, ordainketa honela egingo da:
– A modulua 15ez biderkatuko da 10 eta 20 ikasle arteko ekintzen kasuan, 25ez 21 eta 30 ikasle arteko ekintzetan, eta 35ez parte-hartzaileen kopurua 30etik gorakoa bada, eta emandako prestakuntza-orduez.
– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Kalkulu hori prestakuntza-ekintza onartu den ikasle-kopuruaren muga errespetatuz egingo da.
– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuei dagokiena.
5.– Diru-laguntza jasotzen duen erakundeak prestakuntza-ekintza egin dela justifikatzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LAN-F aplikazio telematikoaren bitartez, ekintza bakoitza amaitu eta 15 eguneko epean:
– Erakunde onuradunaren ziurtagiria, laburpen-koadro batekin. Horretan jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetako 1. puntuan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.
– Prestakuntza-orduetara joan direnean ikasleek sinatutako orriak, adierazitako orduak frogatzeko.
Ezarritako epeetan dagokion dokumentazioa aurkezten ez bada, eskumeneko organoak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.
19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.
1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere.
2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ogasun eta Ekonomia Sailaren Ekonomia Kontroleko Bulegoak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.
EGIFen kofinantzazioa jasotzen duten prestakuntza-ekintzak EBko araudiak ezarritako egiaztapen- eta kontrol-jarduketen mende egongo dira; Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egingo dituzte.
3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:
– Ekimen finantzatuak egikaritu izanari edo ekintza horien bideragarritasunari buruzko informazioa ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaizkion agiriak betetzea eta igortzea ere.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik diru-laguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.
– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarriko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zein baldintzatan gauzatu diren aztertzeko.
5.– Halaber, diruz lagungarriak diren gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-baldintzak bete ditzaten, prestakuntza-zentroek diru-laguntzarekin lotutako transakzioak identifikatu beharko dituzte, kontabilitate-identifikazio bereizgarri bat edo kontabilitate-kode egoki bat baliatuta.
20. artikulua.– Lanbideren finantzaziotik eta kofinantzazio europarretik eratorritako komunikazio-betebeharrak.
1.– Lanbideren finantzazioa eta, gertatzen den kasuetan, kofinantzazio europarra jasotzen duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, erakundeek berariaz aipatu beharko dute sortutako material didaktiko eta bestelakoetan Lanbideren zein Europako Gizarte Funtsaren finantzazioa jaso izana, bai eta diruz lagundutako ekintzekin lotutako komunikazio, hedapen eta iragarki guztietan ere.
Halaber, erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. ataleko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.
2.– Diruz lagundutako jarduketa guztiek bete beharko dituzte, bai eta horietatik eratorritako ekintzek ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan ezarritako eskakizunak. Eskuliburu hori LAN-F aplikazioaren bidez jarriko da erakunde onuradunen esku.
3.– Artikulu honetan aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badira, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua onartzen dituenak, 31.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Era berean, ez-betetzeak diru-laguntza itzultzea ekarri ahalko du, deialdi honen 23. artikuluan xedatzen denaren arabera.
21. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.
22. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin bat etortzea.
Deialdi honen xedea diren laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, hainbat finantzaketa-iturritatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango ditu gainditu, diruz lagundutako aldian, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.
23. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.
1.– Ezingo da diru-laguntza ordaintzea eskatu eta, dagokionean, jasotako zenbatekoak guztiz edo hein batean itzuli beharko dira, bai eta diru-laguntza ordaindu den unetik aplikagarriak diren atzerapen-interesak ere, honako lege hauetan aurreikusitako baldintzetan: Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan xedatutakoak. Eta, bereziki, honako hauetan:
a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.
b) Diru-laguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruzko datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.
e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.
f) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.
2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:
a) Ez-betetzea erabatekoa bada: diru-laguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako diru-laguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da.
Erabateko ez-betetzetzat hartuko dira honako hauek:
– Diruz lagundutako ekintzak ez baditu dagozkion helburuen % 35 lortzen, prestakuntza-orduak parte hartu duten ikasleez biderkatzeak ematen duen adierazlearen bidez neurtuta.
– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzetan, dagozkion praktikak bukatu ez dituzten ikasleen ehunekoa % 70etik gorakoa bada.
b) Ez-betetzea partziala bada: diru-laguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean ez betetzeak emandako diru-laguntza aldatzea edo hein batean itzultzea ekarriko du.
Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea (prestakuntza-orduen kopurua bider parte hartu duten ikasle-kopurua) % 35 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako diru-laguntza 18. artikuluan aurreikusitako baldintzetan ordainduko da.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duten gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.
4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo horiek aurkezteko epea bukatu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena egingo du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
24. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta datuen babesari buruzko gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzeko eta kontrolatzeko erabiliko ditu deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betez lortzen diren datu pertsonalak.
Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, kentzeko eta garraiatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko muga ezartzeko eta haien aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
Datuen babesari buruzko informazio gehiago hemen: http://www.lanbide.euskadi.eus/general/-/informacion/condiciones_de_uso_y_politica_de_privacidad/
25. artikulua.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzak emateari dagokion erreferentziako araudia. Bereziki, teleprestakuntzako modalitateari dagokionez.
Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza ematen bada, arau hauetan xedatutakoa izango da aplikagarria deialdi honetan araututako alderdi guztietan, eta, bereziki, teleprestakuntzako modalitateari dagokionez, arau hauek baldintza bereziak xedatzen badituzte: urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua, Profesionaltasun Ziurtagiriak Arautzen dituena, eta urriaren 10eko ESS/1897/2013 Agindua, aurrekoa garatzen duena.
26. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Diru-laguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era barean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).