EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018129

3/2018 LEGEA, ekainaren 28koa, Euskadiko Eskola Kontseiluei buruzko urriaren 28ko 13/1988 Legea aldatzen duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201800003
Xedapenaren data: 2018-06-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201803493
Maila: Legea

Aurreko erreferentziak:
  • 1988/11/23an argitaratutako 1988/10/28ko 198800013 LEGEA aldatzen du

Eusko Legebiltzarrak 3/2018 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Eskola Kontseiluei buruzko urriaren 28ko 13/1988 Legea aldatzen duena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
ZIOEN AZALPENA
Ekainaren 24ko 4/1993 Legeak, Euskadiko Kooperatibenak, 106.1 artikuluan ondoko definizioa ematen du irakaskuntzako kooperatibez: «Irakaskuntzako kooperatibak, jakite edo hezkuntzaren edozein arloren maila, urrats, aldi, gradu eta mota desberdinetan irakaste-lanak egiten dituztenak dira. Eskolaz kanpoko ekintzak eta haiekin zerikusia dutenak burutu ditzakete, baita irakaskuntza osatu eta errazteko balio duten zerbitzuak ere».
Urriaren 28ko 13/1988 Legeak, Euskadiko Eskola Kontseiluei buruzkoak, zioen azalpenean honela dio: Konstituzioko 27.5 atalaren arabera, herri-agintariek, irakaskuntzarako egitarau orokorren bidez, doakien sail guztiak benetan partaide izanez, hezkuntzarako eskubidea bermatzen dute. Konstituzio-agindu hau Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Oinarrizko Legeko 27.1 atalean ia hitzez hitz jasotzen da, lege horretako II. izenburuan gai honi buruzko irizpide nagusiak finkatzen direla.
Euskal Herrirako Autonomia Estatutuak, bere aldetik, Euskal Herriko politika, ekonomia, kultura eta gizarte-bizitzan herritar guztiek esku hartu ahal izatea errazteko agindua ematen die herri-agintariei.
Eta horrela jarraitzen du: Hori betetzeko asmoz, eta irakaskuntzarekikoan Autonomia Estatutuko 16. atalak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoari aitortzen dizkion aginpideak egiteratuz, irakaskuntzaren egitaraugintzan gizartearen partaidetza bideratzeko izango diren bateango jardute-sailak, hots, eskola-kontseiluak, sortaraztea du xede lege honek.
Gaur egun bizi gareneko demokraziazko gizartean, hezkuntza-erapidetzan parte hartzea bazter ezineko beharra da; behar hori, eraginpeko sailek, Konstituzioak dioenari jarraikiz, biziki sentitzen dutena da, gainera.
«Lege honetan araututako eskola-kontseilu hauetaz baliatuz, alor edo sail hauetako bakoitzaren partaidetzak izan dezakeen sakabanaketa eta eraginkortasunik eza eragoztea lortuko da; horrela, gainontzekoen iritzien berririk izan gabe, banaka parte hartu eta iritzia eman beharrean, erakunde mailako baliozko eta gizartea eta hezkuntza-bidea binomioa beharrezko den oreka azkartzailea eta barne-lotura ekarriko duen bidea izango dute».
Halaber, lege horrek 1. artikuluan hau xedatzen du: «Euskal Autonomia Erkidegoak, unibertsitatekoaz besteko irakaskuntza-eremua doakien gizarte-sail guztiei, irakaskuntzako egitaraugintza nagusian partaide izateko eskubideaz benetan baliatu ahal izatea bermatzen die, lege honetan finkatzen denaren arabera».
Eta 7. artikuluan hau gehitzen du: «Lege honetan esaten diren alderdiei buruzkoan, Euskadiko Eskola Kontseilua da unibertsitatekoaz besteko irakaskuntzako egitaraugintza orokorrarekin zerikusirik duten gizarte-sailen partaidetzarako eta Eusko Jaurlaritzak salo egin edo eman beharreko lege-egitasmo, erabaki nagusi eta araudiei buruzko aholkuak emateko eta urgazlaritzarako goren-mailako jardute-saila».
Lege honek eskola kontseiluen osaera eraberritzen du, gaurko hezkuntza komunitatea osatzen duten eragileen konfigurazioari egokitzeko asmoz, bai Euskadiko Eskola Kontseiluarena eta bai lurraldeko eskola kontseiluena. Horrela, kide izateko aukera eskaintzen zaio irakaskuntzako kooperatiben federazio nagusiko ordezkari bati; baita Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteen ordezkari bati ere. Izan ere, euskal hezkuntza sistemarekin konpromiso handia erakutsi duten eragileak dira eta eginkizun garrantzitsua betetzen dute.
Horrez gain, UPV/EHUko hezkuntza fakultateetako kidearen izendapena Gobernu Kontseiluaren esku uzten da eta hezkuntza-eremuan izen handia duten lau pertsonena hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailburuaren esku.
Azkenik, legeak genero ikuspegia zaintzen duen idazkera erabiltzen du.
Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da Euskadiko Eskola Kontseiluei buruzko urriaren 28ko 13/1988 Legearen 10. artikulua eta honela idatzita geratzen da:
«10. artikulua.– Honako hauek izango dira Euskadiko Eskola Kontseiluko kide:
– Euskadiko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako sei irakasle, irakasleen asoziazio eta sindikatuek, bakoitzaren ordezkotza-mailaren arabera, proposatutakoak.
– Euskadiko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikasleen sei guraso, ikasleen gurasoen konfederazioek edo federazioek izendatutakoak, beren ordezkagarritasun-mailaren arabera.
– Euskadiko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako sei ikasle, ikasleen konfederazioek edo federazioek, asoziazio edo elkarteek proposatuta, bakoitzaren ordezkagarritasun-mailaren arabera.
– Administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari, sindikatuek ordezkagarritasun-mailaren arabera proposatutakoak.
– Ikastetxe pribatuen bi ordezkari, haien antolakundeek duten ordezkagarritasunaren arabera proposatutakoak.
– Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkari bat, Hezkuntza fakultateetako batekoa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak izendatua.
– Langileen sindikatuen hiru ordezkari eta enpresa-antolakundeen beste hiru, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan duten ordezkagarritasun-mailaren arabera.
– Hezkuntza Administrazioaren lau ordezkari, hezkuntza-alorrean eskumena duen sailburuak izendatutakoak.
– Hezkuntza-eremuan izen handia duten lau pertsona, hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailburuak izendatutakoak.
– Euskadiko toki-administrazioaren sei ordezkari, Euskadiko udalerrien elkarte edo federazioek beren ordezkagarritasun-mailaren arabera proposatutakoak, betiere, lurralde historiko bakoitzeko ordezkari bana, gutxienez, bermatuz.
– Euskadiko Gazteriaren Kontseilu Nagusiaren ordezkari bat.
– Irakaskuntzako kooperatiben ordezkari bat, irakaskuntzako kooperatiben federazio nagusikoa.
– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteetako ordezkari bat.
Atal honetan aipatzen diren asoziazio, korporazio eta elkarteen ordezkagarritasun-maila balioztatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan duten eragina izango da soilik kontutan».
Bigarren artikulua.– Aldatu egiten da Euskadiko Eskola Kontseiluei buruzko urriaren 28ko 13/1988 Legearen 22. artikulua eta honela idatzita geratzen da:
«22. artikulua.– Honako hauek izango dira lurralde historiko bakoitzeko eskola-kontseiluko kide:
– Lurraldeko unibertsitatekoaz besteko irakaskuntzako hiru irakasle.
– Lurraldeko unibertsitatekoaz besteko irakaskuntzako ikasleen hiru guraso.
– Lurraldeko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako hiru ikasle.
– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
– Ikastetxe pribatuen ordezkari bat.
– Langileen sindikatuen ordezkari bat eta enpresa-antolakundeen beste bat, beren ordezkagarritasunaren arabera.
– Lurralde historikoko udalen bi ordezkari.
– Foru Aldundiaren ordezkari bat.
– Hezkuntza Administrazioaren bi ordezkari.
– Lurralde historikoko irakaskuntzako kooperatiben ordezkari bat, irakaskuntzako kooperatiben federazio nagusikoa.
– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteen ordezkari bat».
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean lege hau.
Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 29a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.