EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2018127

AGINDUA, 2018ko ekainaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez argitaratzen baita 2018ko udan eta 2018-2019 ikasturtean Irale programaren barnean Sailaz kanpoko eragileez bideratuko diren ekintzetan parte hartzeko laguntzen deialdia.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-06-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201803445
Maila: Agindua
Hezkuntza Sailak, hizkuntzak ikasteko bere zentroak izateaz gainera, Hezkuntza Sailaz kanpoko irakaskuntza-elkarteen partaidetza ere badu irakasleak alfabetatu eta euskalduntzeko programako (Irale) ekintzak egiteko.
Deialdiko agindu honen asmoa da, beraz, Hezkuntza Sailaz kanpoko irakaskuntza-elkarte horiek parte har dezatela 2018ko udan eta 2018/2019 ikasturtean Irale programako jarduerak egiten. Zehazki, eskola-ordutegitik kanpo edo eskola-ordutegian ematen diren maila aurreratuko jarduera jakin batzuetan egin beharreko jarduerak dira.
Hori dela eta, kontuan hartu dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluko xedapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Admnistrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoak, eta kontuan hartu dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, lege hori garatzen duen araudia eta laguntza eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainontzeko xedapenak, eta, era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.
Horrenbestez, Irakasleek hizkuntzak ikasteko programa arautzeko 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduan (1994ko otsailaren 11ko EHAA) xedatutakoari eta agindu horren 21. artikuluan xedatutakoari jarraituz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da diruz laguntzea Irale programaren barruan 2018ko udan eta 2018-2019 ikasturtean eskola-orduez kanpo 4. artikuluan aipatutako prestakuntza-jarduerak.
2.– Diru-laguntzak izango dira agindu honek dioenaren arabera prestakuntza-jaduerak gauzatzeko baimena lortzen duten entitateendako.
2. artikulua.– Aurrekontu-kreditua.
1.– Guztira 800.000,00 euroko zenbatekoa bideratuko da, honela banakatua:
a) 2018ko udan eta 2018-2019 ikasturteko lehen hiruhilekoan egiteko jarduerak, 550.000 euro.
b) 2019ko urtarriletik ekainera egitekoak diren jarduerak, 250.000 euro, 2019ko ekitaldiko aurrekontuen kontura.
2.– Deialdi honek, 2019ko urtarriletik ekainera egitekoak diren jardueren diru-laguntzei dagokienez, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan araututa dagoen gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzeari heltzen dio. Horrenbestez, aldi horri buruzko diru-laguntzak ematea Autonomia Erkidegoko 2019ko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende geratzen da.
3. artikulua.– Diru-laguntza baimentzeko eta emateko prozedura.
Lehiaketa izango da baimentzeko eta emateko prozedura, eta aurkeztutako eskaerak konparatuz egingo da, 9. artikuluan adierazitako balioztatze-irizpideei jarraituz, eskaera horien artean gutxieneko puntuazioa lortu dutenen lehentasun-ordena ezartzearren.
4. artikulua.– Baimena eta diru-laguntza jasoko duten jarduerak.
1.– Deialdi honen xede diren Irale programako jarduerak eskola-orduez kanpo egingo dira, eta https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/Irale-ikasketa-elkarteak/y22-izapide/eu helbidean argitaratutako zerrendan jarduera bakoitzerako adierazitako baldintzen mende.
5. artikulua.– Entitate onuradunak eta parte hartzeko eskakizunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako baimenaren eta diru-laguntzen onuradun izan ahalko dira honako entitate hauek:
a) HABEren Euskaltegien Erregistroan inskribatutako euskaltegiak, erregistro horretan beren datuak eguneratuta dituztenak.
b) Unibertsitateak edo hizkuntza-aholkularitzako entitateak, nortasun juridiko propioa dutenak.
2.– Onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte entitateek:
a) Kulturako sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduan (irailaren 10eko EHAA; akats-zuzenketa, azaroaren 6ko EHAAn argitaratua) araututako erregistroan inskribatuta eta datuak eguneratuta egon beharko dute Euskaltegiek.
b) Unibertsitateek edo hizkuntza-aholkularitzako entitateek esperientzia izan beharko dute irakasleen hizkuntza-, soziolinguistika- edo glotodidaktika-prestakuntzaren arloan.
c) Entitate guztiek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
d) Entitateek ezingo dute egon diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzeko zigor penal edo administratiboren baten pean, ez eta horretarako ezgaitzen duen lege-debekuan ere, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.
e) Oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak dioena aplikatuko da.
6. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa eta instrukzioa.
Deialdi honen kudeaketa eta instrukzioa Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio. Gainera, eginkizunak esleitzen zaizkie IRALEko zentroei eta balioztapen-batzordeari.
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea, eta beste izapide batzuk egiteko eta jakinarazteko bide elektronikoa.
1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.
2. Eskabidearen inprimakiak, bere baldintza guztietan behar bezala beteta, elektronikoki aurkeztu eta izapidetuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https//:www.euskadi.eus). Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, zeinaren bidez onartzen baita Informatika eta Platea E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa.
3. Eskabideak eta beharrezko gainerako agiriak bide elektronikotik izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak eskuragarri daude Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/Irale-ikasketa-elkarteak/y22-izapide/eu).
4.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) 5. artikuluko 2. zenbakiko b) letran jasotako entitateen kasuan, zenbaki horretan eskatutako esperientzia frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte.
b) Entitate guztiek aurkeztu beharko dituzte 9. artikuluan jasotako balioztatze-irizpideak aplikatzeko alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.
5.– Ez dira aurkeztu beharko 5. artikuluko 2. zenbakiko a) eta c) letretan jasotako baldintzak frogatzeko agiriak. Ofizioz egingo da a) letran jasotako baldintza betetzen delako egiaztagiria aurkeztea. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du c) letrako baldintza betetzen dela; horretarako ez du haien baimenik behar izango, betiere 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzekoa).
6.– Eskatzaileak, espresuki, baimena ukatu ahalko die aurreko paragrafoetan aipatutako datu edota betebeharrei; kasu horretan eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion agiriak.
7.– Entitate eskatzaileek, eskabidearen izapide hauek egiteko (kontsultak egitea, agiriak aurkeztea...), helbide honetara joko dute: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.
8.– Entitateei izapideak elektronikoki jakinaraziko zaizkie. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira jakinarazpenak.
Jakinarazpena egintzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso duela elektronikoki sinatzen duen unean. Baldin eta, jakinarazpena bidali denetik hamar egun natural igaro direnean, edukira sartu ez bada, ulertuko da jakinarazpena errefusatu egin dela, izapidea egintzat joko da, eta prozedurak jarraituko du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada bertan sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Nolanahi ere, abisu horiek ez dira inoiz benetako jakinarazpentzat hartuko.
8. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.
1.– Diru-laguntzen eskabidea oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko hamar laneguneko epean. Epe horretan zuzentzen ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.
2.– Elektronikoki jakinaraziko da akatsak zuzendu beharra. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira jakinarazpenak.
9. artikulua.– Emateko prozedura eta balioztapen-irizpideak.
1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, 4. artikuluan jasotako jarduerak egiteko entitateei emateko baimena epe eta modu egokian aurkeztutako eskabideak konparatuz emango da, eskabideen arteko lehentasun-ordena ezartzearren, agindu honen I. eranskinean finkatutako balioztatze-irizpideei jarraituz. Gutxienez baremazioaren atal bakoitzean gehienezko puntuazioaren erdia lortu dituzten eskabideei baizik ez zaie emango baimena.
2.– Entitate bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta epea, behin jardueretan ikasleen matrikulak formalizatu eta gero, 12. artikuluan ezarritakoari jarraituz zehaztuko dira.
10. artikulua.– Irale irakastegiak eta balioztapen-batzordea.
1.– 1994ko uztailaren 7ko Aginduz (irailaren 7ko EHAA) lurralde historiko bakoitzean sortutako hizkuntza-prestakuntzarako ikasketa-elkarteek eskatzaileek aurkeztutako eskaintzak aztertuko dituzte. Behin eskaintzak aztertuta, txosten bat egingo dute, I. eranskineko balioztapeneko apartatuak oinarri hartuta.
2.– Txosten hori balioztapen-batzordeari emango zaio, eta horrek, txostena eta ikastaro-eskabideei erantzuteko kokalekurik egokiena zein izan daitekeen aztertuta, proposamena egingo dio deialdia ebazteko eskumena duen organoari.
3.– Hauek osatuko dute balioztapen-batzordea:
– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo haren ordezkoa; batzordeburu izango da.
– Euskara Zerbitzuko arduraduna.
– Zerbitzu horretako Irale programako arduraduna; batzordekide idazkari jardungo du, eta hitza eta botoa izango ditu.
11. artikulua.– Prestakuntza-jarduera eskaintzen duten ikastetxeentzako baimen-ebazpena.
1.– Eskabidea egiteko epea bukatu eta bi hilera, Hezkuntzako sailburuordeak ebazpena emango du, deialdi honen xede diren jarduerak eskaintzeko baimena emateko edo ukatzeko. Ebazpen horretan, orobat, adieraziko da prozeduran onartu ez diren eskabideak. Horretarako ezarritako epean ebazpen adierazirik eman ez bada, isiltasuna ezezkoa dela ulertuko da.
2.– Ukatzeko eta ez onartzeko arrazoiak dieraziko dira.
3.– Ebazpena banan-banaka jakinaraziko da Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko iragarki-taularen bidez, eta jakinarazi eta biharamunetik izango du jakinarazpen-eragina.
4.– Ezarritako epean ebazpena jakinarazten ez bada, interesdunek beren eskabideak ezetsitzat jo direla interpretatu ahal izango dute, hargatik eragotzi gabe Administrazioak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera, espresuki ebazteko duen eginbeharra.
5.– Ebazpen horren aurka, entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hilabeteko epean.
6.– Jende guztiak jakin dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da baimendutako entitateen zerrenda.
12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehaztea.
1.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, honako arau hauek aplikatuko zaizkie diruz lagun daitezkeen kostuei:
a) H, F, I eta Q ikastaroak, prestakuntza-modalitate aurreratuak, eta hertsiki teoriko-espositiboak: gehienez 57 eurokoa izango da kostua, taldeko eta orduko. Gutxienez 9 ikasle eta gehienez 30 izango ditu taldeak.
b) H, F, I eta Q ikastaroak, hizkuntza-prestakuntzakoak, teoriko-praktikoak: gehienez 71 eurokoa izango da kostua, taldeko eta orduko. Gutxienez 8 ikasle eta gehienez 20 izango ditu taldeak.
c) Aplikazio praktiko handiko prestakuntza-jarduerak (ariketak prestatu, aplikatu eta zuzentzeko lan osagarriak barne, bai eta Irale programak zehazturiko ebaluazio osagarriak ere): 83 eurokoa izango da gehieneko kostua, orduko eta taldeko. Gutxienez 6 ikasle eta gehienez 15 izango ditu taldeak.
d) Soziolinguistikaren inguruko prestakuntza-jarduerak (ariketak prestatu, aplikatu eta zuzentzeko lan osagarriak barne, bai eta Irale programak zehazturiko ebaluazio osagarriak ere): 90 eurokoa izango da gehieneko kostua, orduko eta taldeko. Gutxienez 8 ikasle eta gehienez 20 izango ditu taldeak.
e) Curriculumaren euskal dimentsioaren (H407) inguruko prestakuntza-jarduerak (ariketak prestatu, aplikatu eta zuzentzeko lan osagarriak barne, bai eta Irale programak zehazturiko ebaluazio osagarriak ere): 100 eurokoa izango da gehieneko kostua, orduko eta taldeko. Gutxienez 8 ikasle eta gehienez 20 izango ditu taldeak.
2.– Entitateek aurkeztutako prestakuntza-eskaintzak («ikastaro-emankizunen azalpen-orriak») eta matrikulako fitxak («matrikula-fitxak») oinarri hartuta, diru-laguntzak balioetsiko ditu Euskara Zerbitzuak; azaroaren 15a baino lehen, lehenengo fasearen kasuan eta ekainaren 15a baino lehen, bigarrenekoan. Jakinarazpen horietan adieraziko da zein den entitate bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa, Iralek jasotako datuekin bat etorrita.
Jakinarazpenak bidaltzearekin batera, 15 eguneko epea gaituko da entitateak inprimaki horren edukia azter dezan, eta, akatsen bat badela baderitzo, Euskara Zerbitzuari jakinaraz diezaion. Ahal den neurrian, fase horretan bertan laguntzak ematean sartuko dira euskaltegiek egindako oharrak, eta, bestela, hurrengo fasean.
3.– Hezkuntzako sailburuordeak bi ebazpen emango ditu baimendutako entitate bakoitzari dagozkion diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko.
Lehenengo ebazpenak zehaztuko du 2018ko udan eta 2018/2019 ikasturteko lehen hiruhilekoan egindako jarduerei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa, eta 2018ko abenduaren 31 baino lehen eman eta jakinaraziko da. Ordainketa, fase honetan, 2019ko urtarrilaren 16a baino lehen gauzatuko da.
Bigarren ebazpenak zehaztuko du 2018-2019 ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan egindako jarduerei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa, eta 2019ko irailaren 30a baino lehen eman eta jakinaraziko da. Ordainketa, fase honetan, 2019ko urriaren 31 baino lehen gauzatuko da.
4.– Ebazpen horiek Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko iragarki-taularen bidez, eta biharamunetik izango dute jakinarazpen-eragina. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, jende guztiak jakin ditzan.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Nolanahi ere, abisu horiek ez dira, inoiz, benetako jakinarazpentzat hartuko.
5.– Ezarritako epean ebazpenak jakinarazten ez badira, interesdunek beren eskabideak ezetsitzat jo direla interpretatu ahal izango dute, Administrazioak, urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera, espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe.
6.– Oraindik ere izapidetzen ari bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
7.– Ebazpen horien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, ebazpenak jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hilabeteko epean.
13. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa.
Bana-banako matrikula-fitxak behar bezala beteta aurkeztea, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak web-orriaren bidez. Hori aurkezteko, hamabost egun naturaleko epea izango da, dagokion prestakuntza-modalitaterako matrikulak onartzeko epea bukatu ondoren.
14. artikulua.– Entitate baimendu eta diruz lagunduen betebeharrak.
Deialdi honetako xede diren diru-laguntzen onuradun diren entitate baimenduek betebehar hauek dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jasotzen denetik aurrera, 5 eguneko epea izango dute erakunde onuradunek diru-laguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; osterantzean, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Egindako jarduerari buruz Iralek eskatzen dizkion datuak (etorritakoak, ikasleen datu akademikoak, eta abar) edozein unetan eta modu garbian bidaltzea.
c) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan dituzten egitekoak betetzeko– eskatutako informazioa ematea.
e) Oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak dioena aplikatuko da.
15. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarri izango dira xede bererako ematen den beste ezein diru-laguntzekin, baldin diruz lagundutako jarduera gainfinantzatzen ez bada.
2.– Gainfinantzaketarik sortuz gero, jaso beharreko laguntza egoki den kopururaino txikiagotuko da.
Gainfinantzaketa sortzen bada itzultzeko betebehar bera duten beste diru-laguntza batzuekin batera, itzuli beharreko kopurua laguntzaren ehunekoaren proportzionala izango da.
16. artikulua.– Ez-betetzeak, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzea, eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzea.
1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), ezin izango da laguntzaren edo diru-laguntzaren ordainketa galdatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, bidezkoa izango da, batetik, jasotako zenbatekoak itzularaztea, eta, bestetik, laguntza edo diru-laguntza ordaindu zenetik aurrera sortuko ziren legezko korrituak galdatzea, baldin eta honakorik gertatzen bada:
a) Onuradunek, guztiz edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.
b) Laguntza emateko: datuak ostendu edo aldatzea, edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzea.
c) Proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat ez datorren jarduera egitea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren baimenik gabe.
d) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, egiaztatzen badu ezen egindako gastua ez datorrela bat proposatu eta esleitutakoarekin.
2.– Era berean, diru-laguntza emateko kontuan izaten diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntza gehiago lortzen bada edota, bestelako diru-sarrerarik balego helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko ebazpena alda daiteke, baldin diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bitartez (1992ko otsailaren 7ko EHAA) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera arautzen da diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala dagokionean, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta horien interesak itzuli beharra; dekretu horren bigarren tituluan ezarritakoaren arabera, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpenez egingo da goiko guzti horretarako deklarazioa, dagozkion prozedura-izapideak hezurmamitu ondoren; hargatik eragotzi gabe gainerako bidezko ekintzak.
4.– Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
17. artikulua.– Datuak babestea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, Irale izeneko 2. fitxategian sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari aurkezten dituzten dokumentuak egiazkoak diren egiazta dezan beste erakunde publiko batzuetan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari, hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hileko epean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 19a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.