EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018126

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 21ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, 2018an euskal etxeei emango zaizkien diru-laguntzetara biltzeko deia egiten duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2018-06-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201803412
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2008/04/11n argitaratutako 2008/03/18ko 200800050 DEKRETUA
  • Ikus 2014/09/17an argitaratutako 2014/09/09ko 201400175 DEKRETUA

Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren bitartez (2008ko apirilaren 11ko EHAA), euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezarri zen, eta irailaren 9ko 175/2014 Dekretuaren bitartez (2014ko irailaren 17ko EHAA), aldatu egin zen dekretu hura. Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, diru-laguntza horietarako deia urtero egingo da Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko titularraren ebazpen bidez.
Horrenbestez, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
Ebazpen honen helburua da 2018. urtean euskal etxeei, etxeon federazioei eta konfederazioei emango zaizkien diru-laguntzetara biltzeko deia egitea, martxoaren 18ko 50/2008ko Dekretuan araututako baldintzetan. Irailaren 9ko 175/2014 Dekretuaren bitartez aldatu zen dekretu hori.
Bigarrena.– Diru-laguntza jaso dezaketen jardueren denbora eremua.
Deialdi honetara biltzen diren programa eta jarduerak 2018. urtean gauzatu beharko dira eta abenduaren 31rako amaitu beharko dira.
Hirugarrena.– Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastu eta jarduerak.
1.– Ohiko gastuak eta jarduerak antolatzekoak. IV. kapitulua: diruz lagundu ahal izango dira funtzionamendu gastuak eta baita irabazi asmorik gabeko urteko programa eta jarduera zehatzak ere, honako jarduera eremu hauetan, batez ere:
a) Gazteria.
b) Emakumea.
c) Kanpo irudia eta komunikazioa.
d) Memoria historikoaren berreskurapena.
Euskal etxeen funtzionamendu eta mantentze gastuak (langileen soldatak, gizarte segurantza, bidaia gastuak, ura, argindarra, berogailua, zergak, aseguruak, alokairuak eta antzekoak) diruz lagundu ahal izango dira, baina ezingo dira jarduera gastuak baino handiagoak izan eta esleitutako diru-laguntzaren % 50eko muga dute.
2.– Azpiegitura eta ekipamendu gastuak. VII. kapitulua: diruz lagundu ahal izango dira euskal etxeetako, etxeon federazioetako eta konfederazioetako azpiegitura eta ekipamendu gastuak, honako hauei lehentasuna emanez:
a) Katastrofeek eragindako kalteak konpontzeari.
b) Hesi arkitektonikoak kentzeari.
c) Euskal etxeen egoitza berriak eraikitzeari.
d) Gazteentzako guneak egokitzeari.
e) Gazteen eta emakumeen jarduerak aurrera eramateko teknologiak sartzeari.
3.– Kapitulu bakoitzean esleitzen diren diru-laguntzen gutxieneko kopurua 300 eurokoa izango da. Zenbatekoa zehazteko ezarritako formula erabilita ateratzen den zenbatekoa gutxieneko zenbateko hori baino txikiagoa bada, ez da diru-laguntzarik emango.
4.– IV. kapitulurako emango diren diru-laguntzen gehienezko kopurua 30.000 eurokoa izango da euskal etxeentzat, eta 50.000 eurokoa federazioentzat. Gehienezko kopuru hori ez zaie ezarriko euskal etxeen federazioei.
5.– VII. kapitulurako emango diren diru-laguntzen gehienezko kopurua 10.000 eurokoa izango da.
Laugarrena.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetarako gorde diren diru baliabideak zortziehun eta hirurogeita bi mila hirurehun eta zazpi (902.306) euro dira guztira, honela banatuta:
a) IV. kapitulurako: 117.345 euro ordainketa-kredituetan eta 664.961 euro konpromiso-kredituetan.
b) VII. kapitulurako: 18.000 euro ordainketa-kredituetan eta 102.000 euro konpromiso-kredituetan.
Bostgarrena.– Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskinean edo www.euskadi.eus/euskaldunak web orrian jasotako eredu normalizatuan egingo dira.
2.– Eskabideak helbide honetara zuzendu eta igorriko dira: Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Nafarroa kalea, 2, 01007 Vitoria-Gasteiz. Euskadik dituen ordezkaritzetara ere zuzendu eta igorri ahal dira, ordezkaritzak dituzten herrialdeetan.
3.– Eskabideak, halaber, euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren Xedapen Gehigarrietatik Bigarrenean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean 16.4 artikuluan jasotako edozein bide erabilita aurkeztu ahal izango dira.
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean kontatzen hasita.
Seigarrena.– Ohiko gastuetarako eta jarduerak antolatzeko eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko irizpideak (IV kapitulua).
Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako Ebaluazio Batzordeak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko:
1.– Euskadirekiko eta beste herrialde batzuetan errotutako euskal gizataldeekiko harreman sozial, ekonomiko eta kulturalak indartzea, Aholku Batzordeak onartutako lau urterako Planarekin bat etorriz (30 puntu gehienez):
a) Inguruko euskal etxeekiko harremanak - 10 puntu gehienez (10 eta 6 puntu bitartean asko badira; 5,99 eta 0 bitartean, gutxi badira edo ez badaude).
b) Euskadirekiko harremanak - 10 puntu gehienez (10 eta 6 puntu bitartean asko badira; 5,99 eta 0 bitartean, gutxi badira edo ez badaude).
c) Beste herrialde batzuetako euskal etxeekiko harremanak - 10 puntu gehienez (10 eta 6 puntu bitartean asko badira; 5,99 eta 0 bitartean, gutxi badira edo ez badaude).
2.– Sendotzeko edo indartzeko garrantzia, barne-kohesioa bultzatuz (35 puntu gehienez):
a) Bazkide kopurua - 15 puntu gehienez (puntu bat 100 bazkideko – 10 puntu arte; puntu bat 35 urtetik beherako 25 bazkideko – 5 puntu arte).
b) Programatutako jardueraren maila, aurkeztutako ekitaldi kopurua eta garrantzia kontuan izanik - 20 puntu gehienez (20 eta 10 puntu bitartean ekitaldi ugari edo era desberdinekoak badira; 9,99 eta 0 bitartean, ekitaldi gutxi eta/edo antzekoak badira).
3.– Erakunde eskatzailearen jardun-ibilbidea (25 puntu gehienez).
a) Jarduerak kanpoan duen garrantzia edo oihartzuna: komunikabideak, publikoa, etab.– 10 puntu gehienez (10 eta 6 puntu bitartean, hedapen handiko komunikabideetan azaltzen badira; 5,99 eta 0 bitartean, komunikabide gutxitan edo hedapen mugatuko komunikabideetan edo tokikoetan baino azaltzen ez badira edo inolakotan azaltzen ez badira).
b) Jarduerak aurrera eramateko azpiegituren egokitasun maila (egoitza, web orria, etab.) - 5 puntu gehienez (5 eta 0 puntu bitartean egoitza fisikoa eta edo birtuala nahikoa/egokia bada aurkeztutako ekitaldian aurrera eramateko).
c) Azken urterako jardun-kurba - 10 puntu gehienez (10 eta 6 puntu bitartean, ekitaldiek gorako joera badute edo berriak egiten badira; 5,99 eta 0 puntu bitartean, ekitaldiak betikoak badira edo inoiz baino gutxiago).
4.– Aurrera eramango diren programa, ekintza edo jardunen genero-ikuspuntua (10 puntu gehienez).
a) Emakumeen parte hartzea zuzendaritza batzordeetan berdintasun baldintzetan – 5 puntu gehienez (5 eta 0 puntu bitartean zuzendaritzetan parte hartzen duten emakume kopuruaren arabera, eguneratutako datuetan oinarrituta).
b) Diskriminazio positiboko jardunak - 5 puntu gehienez (5 eta 0 puntu bitartean, urtean zeharrerako programatutako gizonezko eta emakumezkoen berdintasuna lortzeko diskriminazio positiboko jardun kopuru eta garrantziaren arabera).
5.– Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (30 puntu gehienez).
a) Ibilbide ekonomikoa, kontuan izanik aurreko urteetako espedienteen justifikazio maila – 10 puntu gehienez (10 puntu aurreko justifikazioak garaiz eta era egokian egin dituzten euskal etxeen eskabideei, eta baita aurreko urtean diru-laguntzarik jaso ez zutenei ere; 5 puntu era egokian baina epez kanpo justifikatutakoei; eta 0 puntu ez garaiz ez era egokian egin ez zutenei).
b) Norbere baliabideak – 20 puntu gehienez, ondoko epigrafeen arabera (ehunekoak zenbaki oso hurbilenera borobilduko dira):
– % 0-25 bitarteko autofinantzaketa: 0 eta 5 puntu artean.
– % 26-50 bitarteko autofinantzaketa: 6 eta 10 puntu artean.
– % 51-75 bitarteko autofinantzaketa: 11 eta 15 puntu artean.
– % 76-100 bitarteko autofinantzaketa: 16 eta 20 puntu artean.
Autofinantzaketa portzentajea kalkulatzeko bi kontzeptu hauek izango dira kontuan, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izango du:
1.– Euskal etxearen diru-sarrera propioak diru-sarrera orokorren artean zatitu dira, aurkeztutako balantzeetan oinarrituta, 0 eta 10 arteko koefizientea atera delarik.
2.– Eskatutako diru kopurua eskabidean aurkeztutako guztirako aurrekontuaren artean zatitu da, aurkeztutako balantzeetan oinarrituta, 0 eta 10 arteko koefizientea atera delarik.
Zazpigarrena.– Azpiegitura eta ekipamendu gastuetarako eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko irizpideak (VII. kapitulua):
1.– Sendotzeko edo indartzeko garrantzia (30 puntu gehienez):
a) Bazkide kopurua: puntu bat 100 bazkideko - 7,5 puntu gehienez.
b) Ekitaldiak eta kultura zabaltzea - 7,5 puntu gehienez (Seigarren Oinarriko 2.b) irizpidea bezala aplikatuz).
c) Hartzen duen eremu geografikoaren garrantzia: herria, hiria, eskualdea, herrialdea - 7,5 puntu gehienez (7,5 puntu baldin eta euskal etxearen eragin eremuak kokatzen deneko herrialde osoko erakunde sarea hartzen badu, edo herrialde horretako euskal etxe bakarra bada; 5 puntu bere eragin eremua herrialde bateko hiriburua bada; 4 puntu erregio edo estatua hartzen badu, edo itzal handiko hirian kokatzen bada; 2 puntu hiri mailakoa bada eragina).
d) Premiazko konponketak eta abian dauden obra edo ekipamendu proiektuak - 7,5 puntu gehienez (konponketa premia edo larritasunaren arabera, martxan dagoen proiektu baten jarraipenak ere aldeko balorazioa izanik).
2.– Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (35 puntu gehienez).
a) Ibilbide ekonomikoa ekipamendu eta obretan, kontuan izanik aurreko urteetako espedienteen justifikazio maila - 10 puntu gehienez (Seigarren Oinarriko 5.a) irizpidea bezala aplikatuz).
b) Norbere baliabideak - 15 puntu gehienez, ondoko epigrafeen arabera (ehunekoak zenbaki oso hurbilenera borobilduko dira):
– % 0-25 bitarteko autofinantzaketa - 0 eta 3 puntu artean.
– % 26-50 bitarteko autofinantzaketa - 4 eta 7 puntu artean.
– % 51-75 bitarteko autofinantzaketa - 8 eta 11 puntu artean.
– % 76-100 bitarteko autofinantzaketa - 12 eta 15 puntu artean.
c) Egoitza mota: jabegoan, 10 puntu; edo alokairuan, 5 puntu.
3.– Proiektuaren premia eta egokitasuna (35 puntu gehienez).
a) Obra edo ekipamenduaren premia maila - 20 puntu gehienez (hondamendi naturalak, hirugarrenek eragindako bandalismoa edo oztopo arkitektonikoak ezabatzea bezalako ustegabekoak kontuan izanda, 20 puntu emango dira premia larrikoak direnean; 15 puntu premia handikoak direnean; 10 puntu premia ertainekoak direnean eta 5 puntu premia txikia denean edo gastua atzeratzeko modukoa denean).
b) Premia horri aurre egiteko, aurrekontuaren egokitasun maila, aurrekontuak duen oreka baloratuz euskal etxeak oro har duen garrantziaren arabera - 15 puntu gehienez (15 puntu aurkeztutako aurrekontua egokia edo merkea denean; 10 puntu onargarria edo normala denean; eta 0 puntu desegokia edo garestiegia denean).
Zortzigarrena.– Ebaluaketa Batzordea.
Ebaluaketa Batzordeak honako kide hauek izango ditu:
– Gorka Alvarez Aramburu jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, batzordearen lehendakaria.
– Andoni Martin Arce jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, bokala.
– José Manuel Meaurio Antón jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, bokala.
– M.ª Isabel Etxabarria Perez andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusikoa, batzordearen idazkaria.
Bederatzigarrena.– Prozedura ebaztea.
Ebaluaketa Batzordeak egindako proposamena kontuan hartuta, deialdia ebatziko du Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak.
Hamargarrena.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
Erakunde onuradunek diru-laguntza jaso duen jarduerak sortutako gastuak justifikatzeko agiriak errazago aurkez ditzaten, eta ahal den neurrian erakunde horiei argibideak eskatzen ibili behar ez izateko eta esleitutako diru-laguntzaren azkeneko ordainketa ez atzeratzeko, informazio-orri baten eredua jaso da II. eranskinean; hor adierazi beharko dira aurkeztutako gastuen faktura eta frogagiriak, behar bezala zenbakituta, identifikatuta eta sailkatuta.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan aurreikusten diren diru-laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (CE) Araudiaren menpe egongo dira (2013ko abenduaren 24koo EBAO, L 352. zk.); araudi hori Europar Batasuneko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Diru-laguntzok minimis laguntzen barruan daude, pertsona juridiko edo fisiko zehatz bati emandako diru-laguntza osoak ez duelako 200.000 eurotik gora egiten, hiru zerga-ekitalditan zehar. Uste da muga horren azpitik diru-laguntzek ez diotela merkataritzari eragiten edota ez dutela lehia desitxuratzen; beraz, ez dira EBren Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremukoak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan eta euskal etxeen diru-laguntzak arautzen dituen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuan arautu ez den guztirako, hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Diru-laguntzak arautzen dituen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zena) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Araudi Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesatuek Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari hilabeteko apean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko apean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 21a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.