EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-07-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018126

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko urtarrilaren 25eko bilkuran hartua, Zallako Udalari buruzko behin betiko fiskalizazio-txostena 2016koa onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-01-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201803411
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko urtarrilaren 25ean egindako bilkuran
ERABAKI DU:
Zallako Udalari buruzko fiskalizazio-txostena 2016koa behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 25a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
ZALLAKO UDALARI BURUZKO FISKALIZAZIO-TXOSTENA, 2016KOA.
Laburdurak
AEI: Lanerako Ezintasun Iragankorra.
AO: Administrazio Orokorra.
AP: Aleko Prezioak.
AS: Arau Subsidiarioak.
BABA: Baldintza Administratibo Berezien Agiria.
BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.
BEZ: Balio erantsiaren gaineko zerga.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
BLH: Bizkaiko Lurralde Historikoa.
DBLO: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera pertsonaleko datuen babesari buruzkoa.
DLO: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.
EA: Erakunde Autonomoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
ED: Errege Dekretua.
EIOZ: Eraikuntza, instalakuntza eta obren gaineko zerga.
FA: Foru Araua.
FD: Foru Dekretua.
HAPO: Hiri Antolaketako Plan Orokorra.
HHII: Helduen Heziketa Iraunkorreko Ikastetxea.
HHS: Hiriko hondakin solidoak.
HILBIZ: Hiri izaerako lursailen balio igoeraren gaineko zerga.
HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
JEZ: Jarduera ekonomikoen gaineko zerga.
LED: Errege Dekretu Legea.
LUO: Lurraren Udal Ondarea.
OHZ: Ondasun higiezinen gaineko zerga.
PGPN: Publikotasunik gabeko Prozedura Negoziatua.
SPKL: 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
TAOAL: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.
TE: Toki Erakundeak.
TMIZ: Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga.
UAHE: Uholde Arrisku Handiko Eremua.
XG: Xedapen gehigarria.
XI: Xedapen iragankorra.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Zallako Udalaren 2016ko Kontu Orokorraren fiskalizazio-lana mamitu du.
Fiskalizazio-lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak Udalaren, Zallako Eguzki Egoitza erakunde autonomoaren eta Enkarterri Berri Zerbitzuak SL udal sozietatearen ekonomia-ondarearen emaitzaren kontua eta oroitidazkia besarkatzen ditu. Udalari eta bere erakunde autonomoari dagokienez, gainera, aurrekontuen likidazioak ere jasotzen ditu.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Zallako udalerriak 8.440 biztanle ditu 2016ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera eta bere egituran, Udalaz gain, honako hauek besarkatzen ditu:
– Zallako Eguzki Egoitza Erakunde Autonomoa, hirugarren adinekoak artatzeko.
– Enkarterri Berri Zerbitzuak SL Sozietate Publikoa, % 100ean partaidetua; fiskalizazio-gai izan den ekitaldian irrati-hedapeneko zerbitzuak eman ditu eta Zalla zine-antzokia kultura zentroa kudeatu du.
Gainera, ondoko udalaz gaindiko entitate hauen atal da:
– Enkarterrietako Udalen Mankomunitatea.
– Enkarterriko Udal Euskaltegia Mankomunitatea.
– Bilbao Bizkaia Uren Partzuergoa.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Langileria.
1.– 2016ko ekitaldian Udalak 8 langileren ez-legezko lagapen egoera aitortu zuen, lan-kontratu mugagabe ez finkoko langile izaera izatera aldatu zirenak.
Kontratazioa.
2.– Enkarterri Berri Zerbitzuak SL sozietateak publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez zerbitzu baten kontratazioa izapidetu zuen; ordea, kontratuaren balioetsitako balioa aintzat hartuta (93.699 euro), lizitazioari publikotasuna eman beharko zitzaiokeen. Egikaritzaren egiazko zenbatekoa aintzat hartuta, prozedura irekia deitzea zatekeen egokiena.
Epaitegi honen ustetan, Zallako Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeek, 1 eta 2 bitarteko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete dute 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Epaitegi honen iritzira egin behar ziratekeen doiketek ondotik zehaztutako eragina dute Udalaren 2016ko abenduaren 31ko Diruzaintza Geldikinaren, Egoera Balantzearen eta Funts Propioen gainean:
2.– Udalak 2016ko ekitaldiari dagokion ibilgetu materialaren amortizazio funtserako zuzkidura egoeraren balantzeko ibilgetuko inbertsioen idazpuruan erregistratu zuen, pareko den saldo negatiboa erakusten duena. Amortizazio funts hori ez dago aktiboen arabera banakakotua eta ezin izan da horren zuzentasunari buruzko ondoriorik eman.
Epaitegi honen iritzira, 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, Zallako Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– 2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorra ez zen 2015eko abenduaren 31 baino lehenago behin betiko onartu, Bizkaiko Lurralde Historikoko Toki Entitateen Aurrekontuei buruzko abenduaren 2ko 10/2003 FAren 15.2 artikuluak agintzen duen moduan.
– Udalak bere ondasunen zerrenda bat du, 1992ko ekitaldi itxierara ekarria; bertatik eskuratu ziren ondare kontabilitateko hasierako kontularitzako saldoak, urtero inbertsioen bitartez gaurkotzen direnak Egoera Balantzeko saldoak eskuratzeko. Alabaina, ez da inbentarioaren urteko zuzenketa nahitaezkoa egin (1372/1986 EDren 33. artikulua, ekainaren 13koa, Toki erakundeen ondasunen erregelamendua onartzen duena). Gainera, ondasun zerrenda horrek berariazko idazpurua jaso behar luke Lurraren Udal Ondarearentzat (2/2006 Legearen 112. artikulua, ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa).
– Zallako Eguzki Egoitza erakunde autonomoak atxikipenean jasotako ondasunak ibilgetuko inbertsioen idazpuruan erregistratzen ditu, ibilgetu materialarenean jaso ordez. Ondasun horien amortizazioa, ordea, egozten zaio azken idazpuru honi eta horregatik balio garbi negatiboa erakusten du.
III.2.– Langileria.
– Udalak ez ditu BAOn osorik argitaratu dedikazio esklusiboa eta partziala duten kargudunen ordainsariei buruzko udalbatzaren erabakiak, ez eta kalte-ordain eta bilkuretara joan izanari buruzkoak ere, TAOALen 75.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
– Udalaren Lanpostu-zerrenda ez zaio plantillako egiturazko beharrizanei egokitzen eta behar horiei aldi baterako kontratazio bidez erantzuten zaie, edo, azken aldian, zerbitzu enpresen kontratazio bidez. Adierazitako prozedurak erabili izanaren ondorioz, 2016ko ekitaldi itxieran lan kontratu mugagabe ez finkoko izaera zuten 21 langile zeuden funtzionarioentzat gordeta behar luketen egitekoak betetzen, EFPLren 19. artikuluari jarraikiz.
III.3.– Kontratazioa.
Udalak ez ditu udal kudeatzaileen eta zerbitzu kontratuen esleipendun diren enpresetako langileen arteko harremana argitzeko jarraibideak ebatzi, lan-harreman bat aitortzeko erabakigarritzat jo litezkeen ekintzak saihestearren, aurrekontu egonkortasuna eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren 1. xedapen gehigarriak agintzen duen moduan. Honi dagokionez esan behar da 9 pertsonari lan kontratu mugagabe ez finkoko izaera aitortu zaiela Udalaren aurka lagapen ez-legezkoari buruzko lan-salaketak aurkeztu ostean.
Kontratazio espedienteak.
Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden 11 kontratu aztertzerakoan, horietako 9 Udalak berak esleitutakoak, bat Zallako Eguzki Egoitza erakunde autonomoak eta beste bat Enkarterri Berri Zerbitzuak SL udal sozietateak, ondotik adierazitako hutsak azaleratu dira:
– Hiru kontratutan (1, 10 eta 11 zenbakidun espedienteak), horietako bi guztira 504.622 euroan esleitutakoak eta bestea, aleko prezioetan, prezio irizpidea puntuatzeko baliatzen den formulak prezio baxuenarekiko proportzioa hartzen du abiaburu eta honenbestez, eskaintza aurkezte hutsak puntuak bermatzen ditu, baita eskaintzak tipoa berdintzen duenean ere; horrek desitxuratu egiten du irizpide hau eta balio judizioen araberako irizpideen bidez balio-neurtu beharreko ehuneko-proportzioan eragiten du.
– Aztertutako kontratuetako baten BABAek (10. espedientea), 213.738 euroan esleitutakoa, agintzen zuten aurreko kontratistaren langileria subrogatu behar zela; ordea, betekizun hau enpresa eta langileen arteko sektoreko hitzarmenetatik soilik erator daiteke.
– 1,8 milioi euroan esleitutako kontratu batean (7. espedientea), behin betiko bermea urteko baten gainean kalkulatu zen eta ez esleipen prezio osoaren gainean, kontratuaren iraupen aldi osoa aintzat hartuta.
– Izaera pertsonaleko datuen tratamendua berekin ondorioz zekarten bi kontraturen kasuan (9 eta 10 zenbakidun espedienteak), 282.038 euroan esleitutakoetan, SPKLTBren hogeita seigarren xedapen gehigarrian erabakitakoa hartu behar zatekeen aintzat, DBLOren 12.2 artikuluaren aurreikuspenei buruzkoa.
– Bi kontratutan (10 eta 11 zenbakidun espedienteak), horietako bat 213.738 euroan esleitutakoa eta bestea, aleko prezioetan, ez dira luzapenak formalizatu (SPKLTBren 23.2 artikulua).
– Beste kontratu bati dagozkion luzapenetarik lehenengoa ere (3. espedientea), 1,8 milioi euroan esleitutakoa, ez zen formalizatu, nahiz lehiaketa arautu zuten pleguetan aurreikusia zegoen isilbidezko luzapenak egiteko aukera. Bigarren luzapena, baina, formalizatu zen, epez kanpo egin bazen ere, behin aurreko luzapenaren indarraldia amaitua zela.
– Obra kontratu baten aldaketa (1. espedientea), 290.885 euroan esleitu zena, onetsi aurretik gauzatu zen eta ez zen administrazioko agirian formalizatu.
Administrazio kontrataziorik gabeko gastua.
– Udalak eta Zallako Eguzki Egoitza erakunde autonomoak ez dituzte 2 zerbitzu eta hornidura baten kontratuetan, hurrenez hurren 106.899 eta 32.323 eurorenak, gastuak exekutatzean prozedura negoziatu bitartez administrazio-kontratazioko derrigorrezko espedienteak izapidetu.
Hornitzaileei ordainketa epeak.
– Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten duen uztailaren 5eko 15/2010 Legeak aurreikusitako ordainketa epeak betetzeari buruzko hiruhileko txostenen arabera, 2016ko ekitaldian Zallako Eguzki Egoitza erakunde autonomoak bere obligazioen % 35,5 (171.865 euro) epe horiek gaindituta ordaindu zuen.
IV.– Finantzaren Analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.
Sarrera arruntak: % 4 murriztu da aztertutako aldian, 2015ean izandako igoerak igoera (% 6,7), fiskalizazio-gai izan den ekitaldian izandako beheraldi esanguratsuaren ondorioz. Hona hemen bariazio azpimarragarrienak:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak, tasak eta bestelako sarrerak: diru-sarrera hauek % 2,5 egin zuten behera 2015eko ekitaldian aurreko ekitaldiarekiko, eta beste % 2, 2016an; horrek aztertutako aldian % 4,5eko bariazio garbi positiboa izatea ekarri zuen. EIOZ kontzeptuan aitortutako sarreren fluktuazioaren eragina kentzen badugu, aztertutako aldian sarreren beheraldia are handiagoa da, ia % 9 eginez. Bariazio nagusiak honako hauek izan dira:
* Zerga zuzenak: aitortutako diru-sarrerek % 16,5 egin dute behera aztertutako aldian eta azpimarratzekoa da errolden zerga kontzeptuan sarrerek izan duten bilakaera, izan ere, TMIZ kontzeptuan aitortutako sarrerek aldaketa esanguratsurik izan ez badute ere, OHZk eta JEZk, hurrenez hurren, % 18 eta % 42 egin dute behera. Aldaketa hauek, nagusiki, baliatutako kontularitzako irizpideari zor zaizkio, zeinaren arabera ekitaldi bakoitzari dagokion likidazioa hurrengo ekitaldian sarrera edo gastu modura erregistratzen den. Kontularitzako aribide honek eragindako itxuraldatzea kentzen badugu, bariazioa % 10ekoa izango litzateke OHZren kasuan eta % 13koa, JEZen kasuan, negatiboa eta positiboa, hurrenez hurren.
* Tasak eta bestelako sarrerak Sarrerek % 17 egin dute gora aztertutako aldian eta azpimarratzekoa da udaleko bide publikoetako lur, lur azpi edo hegalen erabilera pribatibo eta ustiapen bereziagatiko tasei dagozkien sarrerak % 100 igo direla hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen alde. Igoera honen gainean eragin berezia izan du 2015eko ekitaldian zergadun berri bat gehitu izanak, zeinaren diru-sarrerek 2016an aipatutako tasen kontzeptuan aitortutako eskubide guztien % 40 egin zuten.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: sarrera hauen bariazioa ekitaldian negatiboa izan da (% 2,8), nahiz 2015ean aurreko ekitaldiarekiko gora egin zuen (% 4). Bilakaera hori itunpeko zergetan parte hartzeagatiko sarrerek (Udalkutxa) izan dutenaren oso antzekoa izan da; sarrera hauek kapituluko diru-sarrera guztien % 90 baino gehiago egiten dute.
Funtzionamendu gastuak: sarrera arruntek ez bezala, funtzionamendu gastuek bilakaera positiboa izan dute aztertutako aldian (% 1,4), nahiz 2016an behera egin duten aurreko ekitaldiarekiko (% 5,4). Hona hemen alderdi esanguratsuenak aurrekontuko kapituluen arabera:
– Langile gastuak: 2015ean langile gastuek % 5 egin zuten gora aurreko ekitaldiarekiko, besteak beste, 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ordaindu izanaren ondorioz. 2016an langile gastuek igoera are handiagoa izan zuten (% 9), batik bat, plantilla handitu zelako langileak legez kontrako lagapen egoeran zeudela erabaki izanaren ondorioz, eta, hein txikiagoan, ordainsariak % 1 igo zirelako.
– Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketa: aurrekontuko kapitulu honetako gastua % 13 murriztu da 2016an aurreko ekitaldiarekiko. Izan ere, 2015ean azpiegiturak eta ondasun naturalak mantendu eta zaintzearekin eta bideen garbiketarekin lotutako zenbait gastuk izugarri egin zuten gora udalerrian izandako uholdeek eraginda. 2016an gastua 2014an izandakoaren parera itzuli da eta are txikiagoa ere izan da (% 7).
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: kontzeptu honek eragindako gastuak % 6,6ko igoera izan du aztertutako aldian, erakunde autonomoari eta udal sozietate publikoari egindako transferentzien ondorioz (% 44 eta % 25eko igoera, hurrenez hurren); igoera hori, baina, gainerako transferentzia eta diru-laguntzen beheraldiarekin berdindu da hein batean. Honi dagokionez, azpimarratzekoa da Enkarterrietako Udalen Mankomunitateari egindako transferentziek izandako beheraldia, ia % 9koa.
Aurrezki gordina eta aurrezki garbia: aurrezki gordina bat dator aurrezki garbiarekin, ez baitago zorpetzerik. Magnitude horiek saldo positiboa erakutsi dute aztertutako aldiaren hiru ekitaldietan, nahiz % 27 egin duten behera; honela, bada, 2014ko ekitaldian sarrera arrunten gainean % 18 egitetik 2016an % 14 egitera aldatu ziren.
Kapital eragiketen emaitza: magnitude honek saldo negatiboa erakutsi du aztertutako epe osoan zehar, 2016an hobera egiten badu ere egiazko inbertsioek izan duten murrizketa handiaren ondorioz (% 25), nahiz kapitaleko diru-laguntzek eragindako diru-sarrerak nabarmen murriztu diren ekitaldi horretan (% 42). Aurrezki garbiak ez du kapitaleko eragiketen defizita berdindu aztertutako epeak besarkatzen dituen ekitaldietarik batean ere.
Eragiketa ez finantzarioen emaitza: negatiboa da epe guztian zehar eta behera egin du, gainera, 2016an, aurreko paragrafoan aipatutako kapitaleko eragiketen emaitzaren hobekuntzak hobekuntza, emaitza arruntaren txartzea berdintzen ez duela.
Diruzaintza geldikina: bilakaera negatiboa izan du aztertutako epe osoan zehar, % 11koa 2014 eta 2015eko ekitaldien artean eta % 9koa azken ekitaldi honen eta 2016 bitartean. HKEEk proposatu zituen 476.709 euroren doiketak aintzat hartuz gero, magnitude horrek 2016ko abenduaren 31n 2,7 milioi euro egingo luke gora.
Zorpetzea: udalak ez du inongo zorpetze eragiketarik abian.
Ondorioa: nahiz Aurrezki garbiaren eta Diruzaintza geldikinaren bilakaera negatiboa den aztertutako aldian, Udalak ez du zorpetze bidea baliatu beharrik izan eta oraindik sarrera arrunten gainean % 39ko Geldikina du.
Aurrekontuaren egonkortasuna: Aurrekontuaren Egonkortasunari buruzko abenduaren 12ko 18/2001 Legearen garapen-erregelamendua onartzen duen azaroaren 2ko 1463/2007, EDren 16.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, toki-erakundeei dagokienez, Udalaren Kontu-hartzailetzak txostena jaulki zuen aurrekontuaren egonkortasun eta gastuaren arauaren helburuak bete zirela egiaztatuz. Txosten hori Udalari, bere organismoei eta mendeko erakundeei dagokie eta 2016ko ekitaldiko aurrekontuen likidazioari dagokionez, honako hau egiaztatzen du:
– Aurrekontu egonkortasunaren helburua bete dela, eragiketa ez finantzarioen superabita SEC terminoetan izan baitu.
– Gastuaren araua bete dela kontsolidazio terminoetan, izan ere, gastu zenbagarriaren bariazioak 2015eko ekitaldiarekiko ez zuen espainiar ekonomiaren batez besteko epeko BPGren hazkuntzaren erreferentziazko tasa gainditu (% 1,8).
– Zor publikoaren helburua bete duela, Udalak ez baitu zorrik.
V.– Urteko Kontuak.
V.1.– Udala.
V.2.– Zallako Eguzki Egoitza Erakunde Autonomoa.
V.3.– Enkarterri Berri Zerbitzuak SL Sozietate Publikoa.
TXOSTENAREN ONDORIOEI BURUZKO ALEGAZIOAK
II.– Iritzia.
II.1.– Legeak betetzeari buruzko iritzia.
Langileak.
1.– HKEEk, bere atariko iritzian, hau adierazten du: «2016 ekitaldian, Udalak aitortu zuen 8 langile legez kanpo zeudela, eta kontratupeko langile mugagabe ez-finko bihurtu ziren».
HKEEk aipaturiko aitorpen hori Lan arloko Epaitegiak homologatu zuen aldez aurretik, eta epaitegi hori langileen eskariez arduratu zen. Hona hemen aurrekariak:
6. eranskinean jasota dagoen moduan, Lan Ikuskaritzak 2011n ebatzi zuen 7 udal-langileren lan-kontratuak mugagabe ez-finkoak zirela, 1995az geroztik hainbat lan-kontratu elkarrekin lotu zituztelako. Gero, beste lau langilek egoera horrekin bat egin zuten, haietako lehenak Lan arloko Epaitegiaren aldeko epaia lortu zuelako.
Egoera erregularizatzeko, eta lanpostu horiek berdintasun-, publizitate-, gaitasun- eta meritu-printzipioei jarraituz beteko zirela bermatuko zuen EPE bat ateratzeko, Zallako Udala lanpostuen zerrenda berrikusten hasi zen 2014an, egoera berrira egokitzeko. Gaur egun oraindik ere prozesu horretan dihardu, honako fase hauek igaro ostean:
1.– Hasierako diagnostikoa eta erakunderako LZren eredua.
2.– LZ arrazoituaren proposamena. Benchmarking beste udal batzuekin.
3.– Gobernu-taldeak proposaturiko LZren txantiloia.
Zallako Udalak aldian-aldian lan-mahai bat antolatzen du langileen ordezkariekin, hiru udal-taldeekin eta idazkaritzarekin. Kanpoko aholku-etxe bat azpikontratatu da, proposamenei eta aurkez daitezkeen alegazioei buruzko irizpen juridikoak eman ditzan. Prozesu hori 2018ko lehen erdialderako burutzea espero da.
Zallako Udalak, Estatuko Aurrekontu Orokorretan 2012az geroztik jasotako aurreikuspenek hala tokiko EPEren deialdirako nola langileak kontratatzeko ezarri dituzten muga zorrotzak direla eta, erabaki zuen kanpoko enpresak kontratatzea, betiere sektore publikoko kontratazioari buruzko legeak une oro errespetatuz, tokiko zerbitzu publikoak behar bezala emango zirela bermatzeko.
Kontratatzeko modu horrekin ez zen inola ere legea urratu nahi izan; aitzitik, Udalak uste osoa du bide hori zilegi dela udalerrirako funtsezko zerbitzu publikoei eusteko. Gainera, zerbitzu-enpresen merkataritza-kontratazioa tokiko administrazioek eraman ohi dute, eta sektore publikoko kontratuen legeek ere baimentzen dute. Zerbitzu horiek emateko prozesuaren bilakaeraren, egunero eginiko lanen eta enplegatzaileak apurka-apurka lan horien kontrolaz arduratu ez izanaren ondorioz, legezko aukera sortu da Udala kontrataturiko langileen enpresari efektibotzat jotzeko (hau da, eskulanaren «lagapen ilegal» baten hartzailetzat). Eta, hain zuzen ere, administrazio honek baliabide pertsonal propio nahikorik ez zuenez, zailagoa izan da egoera hori behar bezala kontrolatzea eta legez kanpoko lagapenik ez egiteko neurriak hartzea.
Hala, erreklamazioak jarri ziren administrazio-bidetik, eta eskulana «legez kanpoko lagapentzat» jotzeko eskaera egin zen, baina ez zen berariazko ebazpenik eman. Hori dela eta, Zallako Udalak kontrataturiko enpresa horietako langileek demanda judizialak aurkeztu zituzten zegokien lan arloko epaitegian.
Hori ikusirik, eta auzi-jartzaileen aldeko epai judizialak emateko aukera zegoela jakinik, eta kontuan harturik epaiek ekar litzaketen gastuak, aurrekontuen I. kapituluan eragin litzaketen gastuak eta eskatzen zituzten kalte-ordainen gastuak, akordio bat lortu zen, «kontratupeko langile mugagabe ez-finko» gisa onartutako 8 langileen eskariak beheratuz. Zehazki, langileek uko egin zioten Udalari azken urtean sortutako soldata-aldeak eskatzeari (preskribatu gabe zeuden), eta onartu zuten Korporazioari inola ere gastu handiagoa eragingo ez zioten zenbatekoetara egokitzea euren ordainsari maila (izan ere, litekeena zen euren ordainsariak inputatzeko titulua udal-aurrekontuen gastuen ataleko II. kapitulutik I. kapitulura igarotzean gastua handitzea).
Lan arloko epaitegiek akordio horiek berretsi zituzten ebazpen bidez, eta ebazpenotan berariaz adierazi zuten ez dagoela eragozpenik Justizia Administrazioko letraduaren irizpena onartzeko: hots, hitzarmenak ez dakarkiola kalte larririk ez aldeetako inori ez hirugarrenei, ez duela legea urratzen, ez duela eskubidea neurriz kanpo baliatzen eta ez dela interes publikoaren kontrakoa.
Horrenbestez, HKEEk aipatzen duen prozesu horri esker, funts publikoak izugarri aurreztu ahal izan dira. Zehazki, HKEEk egiazta dezakeen bezala, 2. kapituluan 505.000 euro murriztu dira 2011tik 2018ra bitartean.
Orain, eta etorkizunean berriro gerta ez daitezen HKEEk adierazitako egoera horiek, Udal honek honako klausula hau gehitu du zerbitzuak kontratatzeko administrazio-klausula berezien plegu guztietan:
Kontratista, esleitutako lana egiteko erabiltzen dituen langileei dagokionez, behartuta egongo da lanaren, Gizarte Segurantzaren, desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzearen eta lan-arriskuen prebentzioaren arloan indarrean dagoen araudia betetzera eta, lan-arriskuei dagokienez, gizarte-prestakuntza arlokoak betetzera. Hitzematen du azpikontratatutako enpresek –hala badagokie– lan arloan indarrean dagoen legeria beteko dutela euren langileei dagokienez.
Kontratua amaitzen denean, kontratuaren xede diren lanak egin dituzten pertsonak ezingo dira inola ere finkatu kontratua egin duen sektore publikoko erakundeko, organismoko edo entitateko langile gisa.
Enpresako langileak soil-soilik kontratistaren mende egongo dira, eta horrenak baino ez dira izango hortik eratorritako eskubideak eta betebeharrak, enplegu-emaile den heinean. Ez kontratuaren arduradunak ez Udalaren zerbitzura dagoen beste edonork ez die emango zerbitzuaren funtzionamenduari edo lanak egiteko moduari buruzko jarraibide edo agindurik, ez ahoz ez idatziz, zerbitzua egin behar duten langileei, eta beti uko egingo die kontratatutako enpresako langileak zuzentzeari edo antolatzeari.
Kontratua gauzatzean sor daitezkeen gorabeherak eta desadostasunak zeinahi direla ere, Administrazioak izendaturiko kontratuaren arduradunak enpresa kontratistak izendaturiko ordezkariarengana joko du, hura izango baita jarduera kontratatua zuzentzeko eta kontrolatzeko arduraduna.
Kontrataturiko zerbitzuko langileen lan-baldintzak (lanaldia, ordutegiak, atsedenaldiak, baimenak, oporrak...) soil-soilik enpresa kontratatuak zehaztuko ditu, bat eginez kontratuaren arloan indarrean dagoen legeriarekin. Beraz, enpresa kontratistak kontrolatuko ditu langileen lan-ordutegia, ordutegien lizentziak edo baimenak, edota enplegatzailearen eskubideekin lotutako beste edozein alderdi. Hala ere, eta zerbitzua pleguetan azaldutako moduan (eta kontratistak bere eskaintzan adierazitako moduan) eman dadin, kontratuaren arduradunak kontrolatu beharko ditu enpresa kontratatuko langileen lanaldiarekin lotutako kontuak; dena dela, Udalak izendaturiko ordezkariak ez du kontratako langileengana joko, enpresaren ordezkariarengana baizik.
Enpresa kontratistaren ardura izango da langileei euren lana betetzeko behar dituzten baliabideak ematea. Kontrataturiko enpresako langileek, kontratua gauzatzeko, enpresak euren eskura jartzen dituen baliabideak izango dituzte; baliabide horiek inola ere ez dira nahasiko administrazio kontratugileak dituen baliabide materialekin.
Enpresa kontratistako langileek ez dute lan-espaziorik eta -gunerik partekatuko Udalaren zerbitzura dauden langileekin, eta, baldin eta espazioak partekatzea behar-beharrezkoa bada zerbitzua emateko, argi eta garbi bereiziko dira Udaleko langileen funtzioak eta postuak eta kontratarenak, plantillak nahasi ez daitezen. Lantokiko banaketaren bitartez, garbi bereiziko dira Udaleko langileak eta enpresakoak, baita haien funtzioak eta eginbeharrak ere.
Kontratistako langileen zuzendaritza efektiboari buruz aurretik esandakoa gorabehera, enpresa kontratistak ezingo ditu ordezkatu bere eskaintzan zehaztutako langileak, kontratua esleitzeko erabakigarriak izan badira, Administrazio honen berariazko baimenik gabe.
Kontratazioa.
2.– HKEEk, bere atariko iritzian, honako hau dio: «Enkarterri Berri Zerbitzuak SL sozietateak publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez izapidetu zuen zerbitzu baten kontratazioa; alabaina, kontratuaren gutxi gorabeherako balioa zela eta (93.699 euro), lizitazio horri publizitatea eman behar zitzaion. Hala, kontratua gauzatzearen ondoriozko zifra errealak kontuan hartuta, prozedura ireki baten deialdia egin beharko zatekeen».
Kontratazio-espediente horri buruz ateratako ondorioen artean, azpimarratu behar da kontratuaren xedea dela beharrezko zerbitzuak ematea askotariko jarduerak egiteko, hala nola Zallako Zine-Antzokiko zinema komertzialaren emanaldiak, antzezlanak eta erakusketak. Zerbitzu kultural hori, udal-jabetzako merkataritza-sozietateak kudeatua, enpresa batek ematen zuen 2004. urteaz geroztik, baina inon ez da ageri kontratua sinatu zenik edota beharrezko lizitazioa egin zenik. Hori dela eta, 2016an (12 urteren ostean) zerbitzua lizitatzeak hobekuntza kualitatiboa ekarri zuen aurreko jardunbideari dagokionez.
2014tik, Zallako Udalak bere udal-sozietateari behin eta berriz eskatu zion onar zitzala kontrataziorako barne-jarraibideak. Izan ere, SPKLTBren 3. artikuluaren 3. atalaren arabera, Enkarterri Berri Zerbitzuak SL sektore publikoko erakunde bat da eta botere esleitzailetzat jotzen da; hortaz, bere kontratazio-prozedurei aplikatu beharreko araubidea zehaztuta dago, eta beharrezkoa da, SPKLTBren 191. artikuluari jarraikiz, kontrataziorako barne-instrukzio batzuk ezartzea, publizitatearen, konfidentzialtasunaren, berdintasunaren, konkurrentziaren, gardentasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak betez.
Era berean, sozietate horretako gerentzia enpresa bati kontratatu zitzaion, 2014-06-02ko kontratuaren merituan oinarrituta. Enpresa horri udal-sozietatearen kontratazio-espedienteak izapidetzeko lana eman zitzaion (espediente horien artean zegoen azterturikoa), eta aurrez aipatutako kontratazio-espedientearen falta erregularizatzeko agindu zitzaion.
Hortaz, enpresa gerenteak aukeratu zuen aztertutako kontratazio-prozedura, eta egia bada ere prozedura negoziatu bat izapidetu zuela hiru enpresa gonbidatuta, kontratazio-prozesuaren publizitatea ere egin zuen, udal-sozietatearen kontratatzailearen profilean iragarkia jarrita, hiru enpresa lizitatzaileei eginiko gonbidapenetan eta EBZren webgunearen historialean ikus daitekeen moduan. Hor ikus daiteke kontratatzailearen profil bat sortu zela egun horietan, lizitazioaren pleguak eskuratu ahal izateko. Gonbidatutako enpresez gain, beste edozein enpresa onartuko zatekeen lizitazio-prozeduran, noski, aurkeztu izan balitz.
Horrenbestez, administrazio-klausula berezien pleguko 6. klausulan adierazten denean publizitaterik gabeko prozedura negoziatu bat egin dela akats gisa ulertu behar da, publizitatea kontratatzailearen profileko iragarki horren bitartez bermatu baita, eta hori guztia udal-sozietatean indarrean dauden jarraibideetako Bigarren Jarraibidean ezartzen denarekin bat etorriz, adierazten baitu udal-elkarteak horrelako iragarkiekin egin dezakeela bere publizitatea, kasu hauetan, hitzez hitz:
«2.– Lehen atalean adierazitako printzipioak zainduko direla bermatzeko, honako arau hauek beteko dira beti Enkarterri Berri Zerbitzuak SLk izapidetzen dituen kontratazio-prozeduretan:
a.– Oro har, publizitatearen printzipioa betetzat joko da Enkarterri Berri Zerbitzuak SLk bere kontratatzaile-profilean kontratuari buruzko informazioa zabaltzen badu; horrek ez du esan nahi, ordea, egoki iritzitako kasuetan bestelako publizitate-bitarteko batzuk erabiliko ez direnik.
Arautze harmonizatupekoak ez diren kontratuetan, SPKLTBn kontratu hauei buruz ezartzen diren xedapenei jarraituko zaie printzipio hori aplikatzeko.
Arrazoi justifikaturik izan ezean, arautze harmonizatupekoak ez diren kontratuetan epea ez da izango 15 egun naturaletik beherakoa (26 egun natural obra eta emakida publikoko kontratuetan), iragarkia kontratatzailearen profilean sartzen denetik zenbatzen hasita.»
Bestalde, kontratu honen zenbatekoak inola ere ez du gaindituko, kalkulu bakar batean ere, Kontratazioko Barne Jarraibideek (bederatzigarren jarraibidea) 207.000 euroko edo hortik gorako (BEZa kanpo) balioan kokatzen duten arautze harmonizatuaren mendeko zenbatekoa.
Adierazitakoagatik guztiagatik, Zallako Udalari baino ezin zitzaion eskatu publizitatea BAOn iragarkia jarrita egin behar zuela, eta ez bere udal-sozietateari; izan ere, sozietateak, Kontrataziorako bere Barne Jarraibideen arabera, bere webguneko kontratatzailearen profilean iragarkia argitaratuz erantzun diezaioke publizitate-eskaerari. Hori dela eta, gure ustez ez da SPKLTBren araurik urratu; izan ere, lege hori bere 3.3 artikuluan adierazten diren botere esleitzaileei baino ezin zaie aplikatu, dagozkion barne-jarraibideek adierazten duten baldintzetan, zeinak, esan bezala, errespetatu egin baitziren. Izatekotan, publizitatea BAOren bitartez ez egitea formala baino ez litzateke izango, eta ez materiala; izan ere, hiru eskaintza aurkeztu dira eta horrek ez du funts publikoetan murrizketarik eragin, bat etorriz, lehen esan bezala, Kontuen Epaitegiak Korporazio honi 2012ko martxoaren 30eko autoaren bidez azaldutako irizpidearekin (Herri Kontuen Euskal Epaitegiak emandako 2006 ekitaldiko Zallako Udalaren Fiskalizazio Txostenetik eratorritako irismenagatiko diru-ateratzea egiteko C-213/11-0 prozeduran eman zen epai hori (ikus 1. oharra dokumentuaren amaieran).
Era berean, ordaindutakoa bat dator behar bezala emandako kultura-zerbitzu batekin, eta gastua zuzen erregistratu da dagokion fakturekin. Beraz, legez nahitaezkoa da faktura horiek ordaintzea, eta, ordaindu ezean, zigorra ezarriko da funts publikoak arrazoirik gabe aberasteagatik, bat etorriz Kontuen Epaitegiak Korporazio honi 2012ko martxoaren 30eko autoaren bidez azaldutako irizpidearekin.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– HKEEren irizpideak eskatzen dituen doikuntzen arabera, 2016ko ekitaldiko diru-sarrera eta gastu guztiek ekitaldi horretako urteko kontuetan egon behar dute, eta ezingo da horietako bat ere hurrengo ekitaldian agertu, aztertutako kontzeptu batzuetan egin den moduan. Desdoikuntza formal bat da hori, eta honako hauengatik gertatzen da:
Gizarte Segurantza. Egia da ez dela errespetatu sortzapenaren printzipioa. Hala eta guztiz ere, eta 2016-12-31ko aurrekontuaren betearazpen-egoeraren arabera, nahikoa kreditu egoki zegoen 16001 ekonomikoaren (Gizarte Segurantza) loturan, 2016 ekitaldiari egozteko. Gizarte Segurantzaren ordainketa hilabetea igaro ondoren egiten da, eta, eragiketa-errore baten ondorioz, kutxa-irizpideari jarraitu zaio eta 2016ko abenduko Gizarte Segurantza egotzi zaio 2017ko urtarrilari. Hori dela eta, Gizarte Segurantzako 11 hilabete kargatu dira 2016 ekitaldian, 12 kargatu beharrean. Horren ondorioz, eta 2017 ekitaldian egoera erregulatzeko, Gizarte Segurantzako 13 hilabete sartuko ditugu 2017 ekitaldian.
OHZ eta EJZ. BFAk ordainketak egin dituen unean inputatu dira. Horrela egin da, hainbat behar direla-eta (likidazio-epeak, sarrera, etab.) ekitaldia garaiz ixteko.
Udalkutxa. Ez da kargatu Udalkutxa 2016ko behin betiko likidazio negatiboa, 408.092,00 eurokoa. Hala ere, HKEEk eginiko txostenean jasotzen den moduan, A.4 Udalkutxa Eranskinean, 2016 ekitaldian hitzartutako zergen kontzeptuan aitortutako diru-sarrerak Udalkutxa 2015eko behin betiko likidazio negatiboaren zenbatekoan murriztuta daude; denera, 499.347,00 euro.
«Lurzorua, zorupea eta hegaldura okupatzeagatiko diru-sarrerak», «zabortegira isurtzeagatiko saria» eta «2016ko ELZ gastuak» 2017 ekitaldian kontabilizatu dira, egun horretan bazeudelako diru-sarreren eta gastuen egiaztagiriak.
2.– HKEEk adierazi zuen udal-ondasunen amortizazio-funtsa oro har kalkulatzen dela eta ez banan-banan. Hori dela eta, honako hau adierazi behar da:
Alde batetik, funtsa ezin da aktiboka banatu; izan ere, udal-ondareen inbentario-sistema kontabilitatez kanpokoa da duela hainbat hamarkadatatik eta eguneratu gabe dago 1992. urtetik. 2017 ekitaldian kreditu globalaren transferentzia bat egin zen Kontu Hartzailetzaren partidara. 1-9311-22707 ikerketa eta lan teknikoak, Udal Inbentarioa banan-banan eguneratzeko enpresa bat kontratatzeko, HKEEk adierazten duen modura.
Beste alde batetik, HKEEk eginiko txostenean jasotzen den moduan, 2016 ekitaldiko urteko kontuak uztailaren 28ko 139/2015 Foru Dekretuarekin (Bizkaiko toki-entitateen kontabilitatearen arauak onartzen dituena) bat etorriz egin diren lehenengoak dira, eta horrek zaildu egin du inbentarioa banan-banan eguneratzea.
III.– Barne-kontrolerako sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko gogoetak.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– Ekitaldi bakoitzean aurrekontua onesteko, Estatuko gaikuntza duten idazkariaren eta kontu-hartzailearen kontrola behar da. Udal honen kasuan, figura horiek behin betiko bete gabe daude duela mende erditik. 2017ko azaroaren 7ko BAOn ikus daitekeen moduan, plaza horiek bete gabe daude. Zehazki, 2016 ekitaldirako aurrekontua egin eta onetsi zenean, Zallako Udalak halabeharrez izendatutako funtzionarioak baino ez zeuzkan udal-jarduera blokeatzea saihesteko beharrezkoak ziren agiri horiek sinatzeko, baina ez zuten aurrekontu-prozesuan esku hartzeko behar den kalifikazio teknikorik.
– Inbentarioari dagokionez, Udalak alegazio hauen II.2 puntuan adierazten denari eusten dio. Inbentarioa egiteko lehen adierazitako lanak amaitu ondoren, eta berau informatizatu eta horren ondorengo mantentze-lanak parametrizatu eta gero, edukiz hornituko da balantzea, eta, ondorioz, banan-banan egingo dira egozteak amortizazio-funtsean.
Halaber, behin inbentarioa eguneratu denean, urteka zuzenduko da, ez baitu zentzu handirik 1992. urtetik eguneratu gabe dagoen inbentario batean 2016ko inbentarioa bakarrik zuzentzea, ez litzatekeelako erregularizatuta geldituko zuzenketa horrekin eta desfase bera geldituko litzatekeelako 1992. urtetik 2016ra.
– Udal-inbentarioaren zuzenketan Zallako Eguzki TOAk kudeatzen dituen ondasunak sartuko dira; hortaz, kontu horren konponbidea lehen adierazitako bera da.
III.2.– Langileak.
– Lanaldi osoko eta partzialeko karguei buruzko erabakiak 2018 ekitalditik aurrera argitaratuko dira BAOn, aurrekontua behin betiko onetsi bezain laster. Edonola ere, erabaki horiek publikoak ziren ekitaldi fiskalizatuan, erabaki horiek hartu ziren bilkuren bideoak eta aktak argitaratuta baitaude plenos.zalla.org webgunean. Era berean, presupuestos.zalla.org webgunean agertzen da zein hornidura bideratzen diren ere ekitaldi bakoitzean partida horietara.
– Udalean indarrean dagoen LZn hauteman diren hutsuneei dagokienez, Udalak II.1.1 atalari eginiko alegazioan adierazten denari eusten dio.
III.3.– Kontratazioa.
Udal-kudeatzaileen eta zerbitzu-kontratuak esleituak dituzten enpresetako langileen arteko harremana zehazteko, Udalak horretarako eskatzen diren jarraibideak jasotzen dituen dokumentu bat onartuz arautuko du egoera, uztailaren 13ko 20/2012 Legegintzako Errege Dekretuaren (aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa) 1. Xedapen Gehigarrian jasotzen den moduan. Nolanahi ere gaur egun horri buruzko zehaztapenak jasotzen dira izapidetzen diren lizitazioen pleguetan. Kontratupeko langile mugagabe ez-finkoaren egoerari dagokionez, II.1.1 ataleko alegazioan adierazten denari eutsiko diogu.
Kontratazio-espedienteak.
Oro har, aztertutako 11 kontratuek prozedura-izapide formala dute, horietako bakar batek ere ez baitu funts publikoetan murrizketarik eragin, bat etorriz, lehen esan bezala, Kontuen Epaitegiak Korporazio honi 2012ko martxoaren 30eko autoaren bidez azaldutako irizpidearekin (Herri Kontuen Euskal Epaitegiak emandako 2006 ekitaldiko Zallako Udalaren Fiskalizazio Txostenetik eratorritako irismenagatiko diru-ateratzea egiteko C-213/11-0 prozeduran eman zen epai hori).
– Gaur egun, formula egokiago bat ari dira sartzen hainbat plegutan, eskaintza ekonomikoaren irizpidea baloratzeko eta, hala, puntuak ez daitezen eman eskaintza aurkezte hutsagatik bakarrik, nahiz eta eskaintzak tasa berdindu:
– Zallako Eguzki egoitzaren sukaldeko kontratuaren lizitazio-prozesuan langileak subrogatzeari dagokionez, zerbitzu hori 2015ean lizitatu zen, 25 urtean lizitazio-prozedurarik egin gabe. Hori dela eta, egokitzat jo zen administrazio-klausula berezien pleguan subrogazioa eskatzea, lanaren eta langileak babestearen arloko araudiak hala eskatuta.
– Aurreko atalean aipatutako kalkulu-errorea 2010eko ekitaldian lizitatutako espediente batean gertatu zen; hala ere, administrazio-prozedura jakin batzuen bitartez eska liteke bermeak estali gabeko beste erantzukizun batzuk egotea, funts publikoetan inolako murrizketarik eragin gabe.
– Datuen tratamendua. Kontratu hori 2010ekoa da, eta berriro lizitatu behar da 2018an. Gaur egun, lizitatzen diren prozedura guztietan sartzen da klausula hau, eta horrela egingo da plegu berrian (ikus 2. oharra dokumentuaren amaieran).
28.– Datu Pertsonalen Babesa.
Kontratazio hau gauzatzeko datu pertsonalak eskuratu behar badira, kontratistak SPKLTBren hogeita seigarren xedapen gehigarriak agindutako obligazioak bete beharko ditu; hain zuzen ere, Datu Pertsonalen Babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin lotutakoak eta hura garatzeko arauditik eratorritako obligazioak.
– Bi kontratuetan ez dago luzapenik jasota, eta luzapena isilean egin zen, inongo eragozpenik gabe. Kontrol-mekanismoak jartzen ari dira luzapenak onesteko eta agiriak garaiz formalizatzeko, edo pleguetan nahitaezko luzapena ezartzeko.
– 1. espedienteko obra-kontratuaren aldaketa azkenean ez zen administrazio-dokumentu batean formalizatu, baina haren aldeko irizpena eman zen zegokion administrazio-espedientean, eta hori bai izapidetu zen SPKLTBren 107. eta 234. artikuluetan xedatutakoa betetzen dela bermatzeko. Espediente horretan Obra Zuzendaritzaren txostenaren bitartez justifikatzen da zertxak erabili beharra dagoela habeen ordez, Helduentzako Hezkuntza Zentroko estalkia eraberritzeko proiektuan jasotzen zen moduan. Horrez gain, jasota daude txosten juridikoa eta kontratatzailearekiko adostasuna, eta areagotu egin da obraren berme-abala zenbateko horrengatik.
Administrazio-kontratazioaren espedienterik gabeko gastua.
– Aurreko atalean adierazten dena Zallako Eguzki adinekoentzako egoitzarako euskarako itzulpen-zerbitzuari, posta-zerbitzuari eta gas-hornidurari dagokio. Itzulpen-zerbitzua erregularizatuta dago. Zerbitzu hori ez zen lizitatu LZko euskara teknikariaren plaza bete nahi genuelako, kontu-hartzailetzak hala iradokita pertsona horrek egin zitzan lan horiek. Zailtasunak egon zirenez (ezin izan zen lortu IVAPeko zerrendetako hautagaiei deituta), zerbitzu hori berriro lizitatzea eta esleitzea erabaki zen. Zerbitzua kontratatzeko espedientea eta plaza betetzeko zailtasunei buruzko txostena. Posta-zerbitzuen kontratuaren erregularizazioa izapidetzen ari dira. Nolanahi ere, Udal honek zerbitzu hori foru-kontratazioko zentralaren esparru-akordioaren bitartez lizitatzeko asmoa zuen. Esparru-akordio hori ez zen sinatu; izan ere, kontratazioaz arduratzen den udal-teknikaria arduratzen da kontratazio-zentralarekin hitz egiteaz, baina bajan zegoen garai hartan, eta kontratazio-zentralak udaletxeko helbide elektroniko bakarrera bidali zuen esparru-akordioarekin bat egiteko behar den informazioa, hain zuzen ere, teknikari horrek kudeatzen duen helbidera. Posta-zerbitzuak kontratatzeko espedientea. Gasa hornitzeko kontratuaren kontratazio-irizpidea orain ari dira izapidetzen, foruko kontratazio-zentralaren esparru-akordioarekin bat eginez.