EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018125

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 13koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdia egiten duena.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2018-06-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201803391
Maila: Ebazpena
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak (aurrerantzean Osalan) laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-jarduerak bultzatzea du bere eskumenen artean. Osalan sortzeko abenduaren 21eko 7/1993 Legean laneko segurtasun, higiene eta osasunaren prebentzio- eta sustapen-helburuak betetzeko beharrezko egitekoak ezartzen dira, eta, besteak beste, laneko segurtasun eta osasun arloan ikerketa-programak landu, bultzatu eta garatzea proposatzen da.
Deialdi honen lehentasunezko arloak Laneko Segurtasun eta Osasuneko 2015-2020 Euskal Estrategiaren esparruan daude, eta hau da deialdiaren helburua: laneko segurtasun eta osasunaren arloko gai batzuetan ikerketa-proiektuak egitera bultzatzea, haien emaitza lan-jardunean aplikatu ahal izateko, eta, modu horretara, laneko arriskuak prebenitzeko eta langileen osasuna hobetzeko. Horrez gain, ikerketa-taldeak finkatu nahi dira, eta talde berriak sartu, haien bidez laneko segurtasun eta osasunaren eremuan ikerketa aurreratzeko eta garatzeko.
Laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdi hau Osalanen 2018 ekitaldirako Diru-laguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Osalaneko zuzendariak 2017ko abenduaren 18an emandako ebazpenaren bidez onartu zen Plan Estrategiko hori. Plan horretan diru-laguntza hauek jasotzen dira: Osalanek uztailaren 30eko 191/2002 Dekretuan zehazten diren eskumen eta eginkizunen arabera kudeatzen dituenak. Dekretu horrek, egin-eginean ere, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Egitura eta Jarduerarako Erregelamendua onartu du. Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamenduaren 11.4 artikuluarekin bat etorriz, plana 2018-2020 epealdian izango da indarrean.
Bestalde, Osalan, Europako beste herrialde batzuetako zenbait erakunde eta antolakunderekin batera, Saf€ra taldearen bazkide da; hau da, izen bereko ERA-NET amaitu ondoren sortu zen Europako taldearen kide. Talde horren helburua da segurtasun industrialaren eremuko ikerketa koordinatzea. Proiektu horietan, hau laguntzen du diruz Osalanek: Saf€rak onartzen dituen ikerketa-jardueretan parte hartzen duten Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako erakundeei dagokien zatia.
Saf€ra proiektuan duen lankidetza-konpromisoa betetzeko, diru-laguntza hauen aurrekontuaren zati bat erabiliko du Osalanek programa horretako baldintzak betetzen dituzten eta Saf€rak 2018an onartzen dituen ikerketa-jarduerak finantzatzeko.
Printzipio horien ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean jasotakoarekin bat etorriz, eta onetsitako gastu-kredituaz baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da diru-laguntzetarako deialdi bat egitea, lehia-konkurrentziaren araubidekoa, 2018. urtean zehar garatzen hasten diren laneko segurtasunaren eta osasunaren eremuko ikerketa-proiektuetarako.
2. artikulua.– Jardueren tipologia.
Deialdi honetan finantzatuko diren ikerketa-proiektuen azken xedea laneko segurtasuna eta osasuna hobetzea izango da, edozein alderditan. Beraz, horrelako proiektuak finantzatzeko eskatu beharko dira laguntzak.
3. artikulua.– Ikergaiak.
Hauek hartuko dira ikergaitzat:
1.– Ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak. Ikergai horien balorazioa 18. artikuluan (baloraziorako eta hautaketarako irizpideak) jasotakoaren arabera egingo da.
2.– Saf€ra 2018 deialdian ikerketa-proiektuetarako aintzat hartutakoak. Bi gai hauek jasotzen dira horretan:
a) Teknologia berriak eta aldaketa handien eragina industrian.
b) Segurtasun-jarduna neurtzea, gainbegiratzea eta kontrolatzea.
c) Saf€ra Batzordeak emandako txostena eta puntuazioa kontuan hartuta baloratuko dira ikergai horiek.
4. artikulua.– Finantzaketa.
Deialdi honen arabera emango diren diru-laguntzen finantzaketa Osalanen 2018ko gastu-aurrekontuari egotziko zaio: 500.000 euro, guztira. 250.000 euro 2018rako ordain-kreditu gisa emango dira, eta 250.000 euro 2019rako konpromiso-kreditu gisa.
Zenbateko hori 3113 programaren kargura joango da: laneko segurtasuna eta osasuna, 01 zerbitzua, zuzendaritza orokorra, IV. kapituluaren barruan, eragiketa arruntetarako transferentziak eta diru-laguntzak.
Aurrekontuko 500.000 euroko kopurutik, 100.000 euro erabiliko dira Saf€ran lankidetzan jarduteko konpromisoari aurre egiteko, eta 400.000 euro deialdi honen I. eranskinean jasotako ikergaiak finantzatzeko.
Ebazpen honetan ezartzen den araubidearen babesean ikerketa-proiektuetarako laguntzarik emanez gero, laguntzen zenbatekoa eskaeran aurkeztutako aurrekontuaren defizitaren ehuneko ehunera (% 100) irits daiteke, baina proiektuko 50.000 euroko kopurua gainditu gabe, I. eranskinean jasotzen diren proiektuei dagokienez, eta SAf€ran txertatzen diren ikerketa-proiektuei dagokienez, berriz, iraupen urte bakoitzeko 50.000 euroko kopurua gainditu gabe. Azken kasu horretan, diru-laguntzaren segida baldintzatuta egongo da hurrengo urteetarako, eta ez da gertatuko harik eta hurrengo deialdietan kreditu egokia izateko baldintza bete arte. Onuradunak, hain zuzen ere, deialdietako bakoitzean aurkeztu beharko du eskaria proiektuak dirauen bitartean.
SAf€ra programaren esparruko ikerketa-proiektuetara bideratutako diru-laguntzen zenbatekoa I. eranskinean jasotako ikerketa-proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da, baldin eta programa horretan parte hartzeko epea amaitutakoan eskaerarik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutako proiektuetatik bat ere onartzen ez bada. Era berean, I. eranskinean jasotako ikerketa-proiektuak diruz laguntzera bideratutako zenbatekoa ez bada osotasunean esleitzen, geratzen den zenbatekoa SAf€ra programako proiektu onartuetara bideratu ahal izango da, baldin eta hasiera batean proiektu horiek laguntzeko finkatutako kopurua ez bada nahikoa izan.
5. artikulua.– Onuradunak.
Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoa sortzen duten eta beheran aipatutako modalitateetako batean diharduten pertsona juridikoek eskatu eta jaso ahal izango dituzte ikerketa-proiektuak egiteko laguntzak:
a) I+G+b arloko zentro publikoak: unibertsitate publikoak, ikerketa-erakunde publikoak, izaera juridiko propioa eta berezitua duten I+G+b arloko zentroak (administrazioari lotutakoak edo haren mendekoak), edozein dela ere haien izaera juridikoa, bai eta I+G+b ekimenetan egiaztatutako gaitasuna eta jarduera duten erakunde publikoak ere.
b) Ikerketa eta garapeneko unibertsitate-zentro pribatuak: unibertsitate pribatuak edo unibertsitate-zentro pribatuak, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz.
c) Ikerketa eta garapeneko beste zentro pribatu batzuk, irabazi asmorik gabekoak: izaera propioa duten erakunde pribatuak, irabazi asmorik gabekoak, ikerketa zientifiko eta garapen teknologikoko proiektu edo jardueretan egiaztatutako gaitasuna eta jarduera baldin badute.
d) Ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko erakundeak: zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sarea osatzen duten erakundeak –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarri-arauak gaurkotzen dituen urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluan zehaztuak–, zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sareko eragileen erregistroan ere badaudenak –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluak ezarri du erregistro hori–.
e) Irabazi asmorik gabeko beste erakunde pribatu batzuk: fundazioak, elkarteak eta irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuk.
f) Enpresak: jarduera ekonomikoren bat duten entitateak, edozein dutela ere forma juridikoa, baldin eta modu baliozkoan eratuta badaude laguntza-eskaria aurkezteko unean, eta beren jardueren artean ikerketa eta garapeneko proiektuak eta ekimenak egiten badituzte.
Saf€ra deialdiaren barruko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek nahitaez aurkeztu behar dute eskabidea aipatutako deialdian.
6. artikulua.– Onuradunen betekizunak.
Ezingo dira onuradun izan Diru-Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako debeku-egoeraren batean dauden erakundeak.
Beren kargura langileak dituzten erakundeek antolatuta izan behar dituzte prebentzio arloko jarduerak garatzeko beharrezkoak diren baliabideak, Prebentzio-Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege-Dekretuaren 10. artikuluan zehaztutako modalitateren baten arabera.
Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako eginbeharrak eta deialdi honetan zehaztutakoak bete beharko dituzte onuradunek. Onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izan beharko dituzte, eta, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2.g) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eskatzaileak egunean egon behar du itzuli beharreko diru-laguntzen ordainketan.
Laguntza-eskaria aurkezten duelarik, eskatzaileak berariazko baimena emango du Osalanek zuzenean eskura dezan, ziurtagiri telematikoen bidez, azaroaren 17ko 38/2003 Legea arautzen duen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan jasotako inguruabarren egiaztapena (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori). Kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako erregelamenduaren artikulu jakin horietan aurreikusitako baldintzetan.
7. artikulua.– Ikerketa-lantaldeen baldintza orokorrak.
1.– Deialdi honen I. eranskinean jasotako ikergaien kasuan, ikertzaile nagusi batek zuzendutako ikerketa-lantaldeek gauzatuko dituzte proiektuak, artikulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hauek bakarrik izan daitezke ikerketa-lantaldeko kide:
– Doktoreak.
– Goi-mailako tituludunak. Lizentziatuak, arkitektoak eta ingeniariak.
– Unibertsitate-masterra duten tituludunak.
– Gradu-mailako unibertsitate-tituludunak edo Bolonia aurreko unibertsitate-tituludunak, baldin eta haien tituluak baliokidetza badu MECES mailan (Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparrua) (Gradua edo Masterra) (967/2014 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa).
– Prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileak, prestakuntza-beka baten bidez edo praktiketako kontratuaren bidez proiektuan ari direnak, Prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileen Estatutua onartzen duen urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.
Horiek guztiek egin beharko dituzte aurkeztutako eskabidearekin lotura duten ikerketa-lanak.
Hauek dira ikertzaile nagusien betekizunak:
– Ikertzaile nagusi izan ahalko dira doktoreak edo goi-mailako tituludunak edo unibertsitate-tituludunak, graduko maila edo MECES mailaren parekoa dutenak, baldin eta erakunde onuradunarekin funtzionario-harremanaren edo estatutuen araberako kontratuaren edo lan-kontratuaren bidezko lotura badute, eta zerbitzu aktiboan badaude proiektua gauzatzen den aldi guztian.
– Gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatua izatea I+G+b jardueratan.
Artikulu honetan ikerketa-lantaldeko kideentzat eta ikertzaile nagusientzat ezarritako baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira.
Eskabideari erantsi beharreko memorian adierazi beharko dira, ikerketa-lantaldea osatuko duten kideez gain, ikerketa-jarduera gauzatzen parte hartuko duten gainerako pertsonak ere, hala nola teknikari laguntzaileak edo bestelako kolaboratzaileak, nahiz eta aurreko horietako inor ez den hartuko ikerketa-lantaldeko kidetzat. Ikerketa-lantaldean aldaketarik gertatuz gero, edo taldekideen alta edo baja justifikaturik, komunikatu egin beharko dira, eta organo emaileak onartu beharko ditu.
2.– Saf€ra deialdiko ikergaien kasuan, Saf€ra programaren esparruan proiektua onartzeko eta gauzatzeko nahitaezkoak diren baldintzetara egokitu beharko dute ikerketa-lantaldeek.
8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Diruz lagundu ahal izango dira jarduerak egiteko beharrezkoak diren gastu guztiak, baldin eta ondoren zehaztutako mugak betetzen badira, deialdi honen 12. artikuluan proiektua gauzatzeko ezarritako epean gauzatzen badira eta eskabideari erantsitako dokumentazioan behar bezala zehazten badira, eta beti ere Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluetan ezarritako arauak betetzen badira.
Diru-laguntzaren bidez, jardueraren guztizko gastuen ehuneko ehuneraino finantzatuko da. Ikerketa-proiektua egiteko jardueren garapenean sortzen direnak hartuko dira guztizko kostutzat.
Kostu horien artean daude honako hauek:
a) Pertsonal-gastuak:
1) Entitate onuradunaren pertsonal-gastuak; entitate horrek egiaztatu beharko ditu langile horiek zenbat ordu egin dituzten proiektuari loturiko jardueretan eta orduen kostua.
2) Teknikari laguntzaileak proiektura biltzeak ekarritako kostua. Teknikari horiek obra edo zerbitzu jakinerako edo prestakuntza-beken bidez kontratatuko dira, proiekturako soilik, eta horretan baino ez dute jardungo lanean.
b) Proiektua gauzatzeko gastuak:
1) Aparatuak eta ekipoak. Ekipamendu eta tresnen kostuak ikerketa-jarduerarako erabiltzen diren neurrian eta aldian finantzatuko dira, eta, beraz, urteko amortizazioak baino ezingo dira finantzatu. Aparatu eta tresna hauek aurkeztuko dira justifikatzeko: hasieran onartuak, izendapen berberekin, edota gerora onartutako aldaketetan jasotakoak. Ez da aparatu eta ekipoak aldatzeko eskatu beharrik izango, baldin eta berriek pareko funtzionalitatea badute. Nolanahi ere, aldaketa horiek argi azaldu beharko dira justifikatzeko memoria ekonomikoan. Partida horren barnean finantzatzeko gastutzat hartuko da aparatuak eta ekipoak eskuratzea «renting» eta «leasing» formulen bidez. Kasu horietan, hauek baino ez dira hartuko finantzatzeko gastutzat: ekipo horiek ikerketa-jardueretarako erabiltzen diren hilabeteei dagozkien ordainketa-kuotak.
2) Azpikontratazio-gastuak. Azpikontratazio-gastuak behar bezala xehakatuko dira, eta proiektua gauzatzeko eginikoak soilik hartuko dira aintzat. Azpikontratazioa deialdi honen 9. artikuluan ezarritako ezaugarrien mende egongo da. Hasierako memorian edo ondorengo baimenetan onetsitako azpikontratazio-gastuak finantzatuko dira.
3) Ikerketa-proiektuan zuzenean erabiltzeko bibliografia-funtsak eta material suntsikorra erosteko gastuak.
4) Bidaiak, joan-etorriak eta mantenu-gastuak: ikerketa-lantaldeko kideenak edo proiekturako kontratatutako teknikari laguntzaileenak baino ez, deialdi honen I. eranskinean jasotako proiektuetarako finantzatu daitekeen kostuaren % 5eko mugarekin, eta Saf€ra deialdian jasotako proiektuetarako % 15eko mugarekin. Gastu hauek baino ez dira finantzatuko: eskabidearen memorian aipatzen direnak edo ondoren onartzen direnak, ikerketa-proiektua gauzatzeko eta emaitzak aurkezteko ezinbestekoak direnean. Inoiz ez dira finantzatuko egonaldi akademikoen edo prestakuntza jasotzeko egonaldien ondoriozko gastuak.
5) Ez da finantzatuko prestakuntza-ikastaro edo -jarduerarik.
Ikerketa-proiektuaren aurrekontu-ereduan jasotako gastu-ereduaren arabera (V. eranskina) banatu eta xehakatuko dira partidak, finantzatu daitezkeen gastuak zein diren kontuan izanda.
Inoiz ez da diruz lagunduko benetan jasan ez den BEZa, edo diru-laguntzaren onuradunak beste moduren batean berreskuratu dezakeena.
Diru-laguntza emateak ez du esan nahi, inola ere, organo emaileak onartzen duenik eskatutako gastuak artikulu honetan zehaztutako betekizunetara egokitzen direla. Aurrekontua betekizun horietara egokitzen den ala ez, ondoren egiaztatuko da, diru-laguntza justifikatzeko fasean.
9. artikulua.– Azpikontratazioa.
Azpikontratatu egin ahal izango dira proiektuko ikerketa-jarduerak, diru-laguntza jasotzen duen jardueraren parte direnak, baldin eta erakunde onuradunak berak egin ezin baditu (dena dela, egiaztatu egin beharko da hori ikerketa-proiektuaren memoria teknikoan). Hasierako memorian edo ondorego baimenetan onartutako azpikontratazio-gastuak finantzatuko dira.
Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo geratzen da kontratazio hau: diruz lagundutako jarduera egiteko, onuradunak berak egin behar dituen gastuena.
Ezingo da azpikontrataziorik egin azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29.7 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden pertsona edo erakundeekin.
Azpikontratazioek azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorrean xedatutakoa bete beharko dute, eta ezingo dute gainditu ikerketa-proiektuaren guztizko gastu finantzagarriaren % 50.
10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
Esleipen-ebazpenean zehaztuko da hautatutako ikerketa-proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Diru-laguntzen zenbatekoa ez da, inola ere, diruz lagundutako proiektuaren kostua baino handiagoa izango, ez eta deialdi honetan ezarritako gehieneko mugatik gorakoa ere.
Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa zehazteko, proiektuaren kostu finantzagarria hartuko da kontuan, eskabideari erantsitako gastu-aurreikuspenean jasoa; beti ere, I. eranskineko ikerketa-proiektuek gutxieneko puntuazioa lortu badute deialdi honen 18. artikuluan zehaztutakoaren arabera, edo Saf€ra deialdian parte hartzen dutenek Saf€ra Batzordearen onespena jaso badute.
Ikerketa-proiektuei puntuazio-ordenaren arabera emango zaizkie diru-laguntzak, aurrekontuaren mugara iritsi arte. Horretarako, I. eranskineko gai bakoitzerako garaiz eta forman aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, 18. artikuluan zehaztu diren esleipen- eta kuantifikazio-irizpideen arabera, eta, hala, proiektuen lehenespen-hurrenkera bat ezarriko da. Modu horretara, lehenik eta behin, I. eranskineko gaietako bakoitzean balorazio handiena lortu dutenen aldeko adjudikazioa egingo da. Bigarren txanda batean, I. eranskineko gaietako bakoitzean bigarren balorazio handiena lortu duten eskarien aldeko adjudikazioa, eta prozedura horri jarraituko zaio ebazpen honen 4. artikuluan horretarako jarri den aurrekontu-kreditua agortu arte.
Adjudikazioan bereizi egingo dira, batetik, I. eranskineko ikergaiak eta, bestetik, Saf€ra deialdian jasotakoak.
I. eranskineko ikergai bakoitzeko gehieneko diru-laguntza 50.000 euro izango da, eta SAf€ra deialdian txertatzen diren ikerketa-proiektuetarako, gehienez ere 50.000 euro, iraupen urte bakoitzeko.
Emandako kopuruek ikerketa-proiektuaren kostu finantzagarrien % 100 estaliko dute, eta hori kalkulatzeko guztizko kostuen eredua erabiliko da.
11. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Ebazpen honetan araututako laguntzak bateragarriak dira administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketenekin. Edonola ere, erakunde onuradunek Osalani jakinarazi beharko diote diru-laguntza horiek eskuratu izana.
Emandako laguntza eta diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako jardueraren kostu osoaren % 100, jarduera horrexetarako diren beste diru-laguntzak edo finantzatutako ekimen horretan bertan lortutako diru-sarrerak ere kontuan hartuta.
12. artikulua.– Ikerketa-proiektuak gauzatzeko aldia.
Adjudikazio-ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta, ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Jakinarazpenak bide elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan xedatutakoaren arabera.
I. eranskineko ikerketa-proiektuak urtebeteko epean gauzatuko dira, laguntza onartu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Saf€ra deialdiko proiektuak gauzatzeko epea Saf€ra programako laguntzak emateko baldintzen arabera ezarritakoa izango da, baina inolaz ere ez da hiru urtetik gorakoa izango.
Laguntza onartu dela ulertuko da, non eta aurkakorik adierazten ez den 15 eguneko epean, laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen den egunetik.
Ikerketa-proiektua gauzatzeko eman den epea bete ezina justifika dezaketen inguruabar jakin batzuk sortuz gero, erakunde onuradunak proiektua gauzatzeko epea luzatzea eska dezake, baina, luzapen horren iraupena ez da, inola ere, hiru hilabetetik gorakoa izango.
Luzapen-eskaria «nire kudeaketak» aukeraren bidez egingo da, euskal administrazioen atariko egoitza elektronikoan, eta jarduera amaitu aurretik komunikatu beharko da. Osalaneko zuzendariak ebatziko du eskatutako aldaketa horri buruz. Ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie alderdi interesdunei, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan xedatutakoaren arabera.
13. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen honek eragina duenetik hasita; hau da, deialdi hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik.
14. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkeztea.
Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/investigacionprl/y22-izapide/eu
Izapidetze elektronikoa hemen dago araututa: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean, Informatika eta e-administraziorako plataforma teknologikoa –Platea– onartu baitu.
Eskaera, eransten zaion dokumentazioarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako edozeinetan aurkez daiteke. Halaber, prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko Oinarrizko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.
Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, erakunde eskatzaileei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta gaiarekin lotutako beste edozein administrazio-espediente kudeatzea.
Fitxategi horren araubidea hemen ageri da: Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzkoa bera (2015eko abenduaren 10eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 235. zk.). Osalanen Plangintza Zuzendariordetza da fitxategi horren arduraduna, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, hona jo beharko du interesdunak: Osalan, Plangintza Zuzendariordetza, Dinamitaren kalea z/g, 48903 Barakaldo (Bizkaia).
Formulario elektroniko normalizatuko eskabideak aukera hau ematen du: laguntza eskatzen duten erakundeek berariaz baimena ematea organo kudeatzaileari nortasun agiri nazionalaren datuak eta erregistro ofizialetako datuak eskura edo egiazta ditzan, laguntzak kudeatzeko ondorioetarako bakarrik, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoak datuok egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena.
Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:
a) Eskaerarekin batera komunikatzea helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskuratu izana beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik.
b) Erakunde eskatzailea administrazio- edo zigor-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez egotea, edo diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza dakarren debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuren baten eraginpean ere.
Erakunde eskatzailea ez egotea itzultze- edo zehapen-prozeduraren baten mende, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasia, oraindik izapidetzen ari dena edo amaitua.
Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2.g) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, erakunde eskatzaileak egunean egon behar du itzuli beharreko diru-laguntzen ordainketan.
Eskaerari dokumentazio hau erantsi beharko zaio:
1.– Erakunde eskatzaileak legez eratuta egon beharko du eta erakundearen legezko ordezkariak ordezkaritza ahal nahikoa justifikatu beharko du, agiri hauek erantsita:
a) Erakundearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia eskaneatua edo, bestela, erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko. Entitatea Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro ofizialen batean inskribatuta badago, erakunde kudeatzaileak ofizioz kontsultatuko ditu haren datuak.
b) Ordezkaritza-ahal nahikoa egiaztatzeko notario bidez legitimatutako izenpea duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua. Entitatearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den erakundearen izenean egiteko.
2.– Erakunde eskatzaileak langileak baditu bere kargura, prebentzio-antolakuntzaren agiria beteta (VI. eranskina). Espezialitate prebentiboren bat edo denak kanpoko prebentzio-zerbitzu batekin itunduak badaude, kanpoko prebentzio-zerbitzuaren ziurtagiriaren kopia eskaneatua (horretan zehaztuko dira itundutako espezialitate prebentiboak eta balio-aldia).
3.– Ikerketa-proiektua egiteko beste erakunde batzuen lankidetza edo parte-hartzea behar bada, haren lankidetzarako konpromisoa adierazten duen idazkia erantsi beharko da, erakundearen legezko ordezkariak izenpetua (VII. eranskina).
4.– Ikerketa-proiektuaren memoria (II. eranskina), atal guztiak beteta.
5.– Ikerketa-taldeko kide bakoitzaren curriculuma, araututako ereduari jarraituz (IV. eranskina).
6.– Ikerketa-proiektuaren aurrekontua (V. eranskina).
15. artikulua.– Eskabideak zuzendu edo osatzea.
Aurkeztutako eskabideak akatsik balu, edo zehaztasunik eza, edo ebazpen honen 14. artikuluan zehaztutako agiriren bat faltan, Osalanek entitate eskatzaileari komunikatuko dio jakinarazpen telematiko bidez, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren V. tituluan xedatutakoaren arabera, eta hamar egun balioduneko epea emango, akatsa zuzentzeko; halaber, adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
16. artikulua.– Eskabideen balorazioa eta adjudikazio-proposamena.
Osalaneko plangintza-zuzendariordetzari egokituko zaio, organo instrukzio-egilea den aldetik, aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta deialdi honetako eskakizun espezifikoak betetzen direnetz egiaztatzea.
Aldez aurreko administrazio-baldintzak betetzen dituzten ikerketa-proiektu guztiak baloratuko ditu 17. artikuluan zehaztutako balorazio-batzordeak, 18. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
Eskaerak baloratzeko prozesuan zehar, balorazio-batzordeak, egoki baderitzo, erakunde eskatzaileei eskatu ahal izango die egoki deritzon dokumentazio osagarria aurkez dezatela.
Balorazio-batzordeak Osalanen zuzendari nagusiari helaraziko dio proposamena; proposamenak arrazoitua izan beharko du, eta puntuazio jakin bakoitza emateko jarraitu den prozesu logikoa zehaztuko du.
17. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Honako hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak:
Batzordeburua:
Juan Carlos Coto Fernández, Osalaneko Plangintzako zuzendariordea.
Batzordekideak:
Francisco Javier Inda Ortiz de Zarate, Osalaneko zuzendariorde teknikoa.
Maria Nieves de la Peña Loroño, Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikaria.
Lourdes Iscar Reina, Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako Lan Osasuneko Unitateko medikua.
Arantza Lijó Bilbao, Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Osasuneko Unitateko medikua.
Carlos Fernández Diez, Osalanen Zuzendariordetza Teknikoko Laneko Arriskuen Prebentziorako teknikaria.
M.ª Teresa Tolosa Bernárdez, Osalanen Zuzendariordetza Teknikoko Prestakuntza eta Dokumentazio arloko kudeatzailea.
José Antonio Biain Santiago, Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako Laneko Arriskuen Prebentziorako teknikaria.
Batzordebururik ez badago, hura kanpoan edo gaixorik baldin badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, maila, antzinatasun eta adin handieneko batzordekideak ordeztuko du batzordeburua, betiere, hurrenkera horretan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako laneko arriskuen prebentziorako teknikaria izango da balorazio-batzordeko idazkaria. Idazkaria ez badago, kanpoan bada edo gaixorik baldin badago, beste batzordekide batek, zuzendariorde teknikoaz bestelakoa, hartuko du haren lekua aldi baterako.
Balorazio-batzordeak aholkulariak eduki ahal izango ditu, ahotsarekin baina botorik gabe. Batzordeburuak izendatuko ditu aholkulari horiek, deialdiaren xedeko gaian duten kualifikazio eta esperientzia aintzat hartuta. Aholkulariek ez dute zertan enplegatu publiko izan.
18. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.
1.– Deialdiaren I. eranskineko ikerketa-proiektuak:
Esleitzen diren laguntzek I. eranskineko ikergaien zehaztapenak bete behar dituzte. Ikerketa-proiektuaren helburuak gai horiekin bat ez etortzea proposamena kanpoan uzteko arrazoia izango da.
Kanpoan geratu ez diren ikerketa-proiektuak aztertuko dituzte bai balorazio-batzordeak bai batzordeburuak izendatutako aholkulariek, eta irizpide hauek kontuan hartuta baloratuko dituzte eskaerak (gehienez ere 100 puntu emango dituzte):
a) Irizpide teknikoak: ikerketa-proiektuaren kalitate zientifiko-teknikoa (gehienez ere 60 puntu).
– Metodologia: argi deskribatuta dagoen, ikergaiarekin bat datorren, lan-ildoaren garapenerako elementu eta teknikak zer-nola deskribatuta dauden, adierazleak zenbagarriak, justifikatuak eta kontrolatzeko modukoak diren baloratuko da (0-10 puntu).
– Gaiaren ezagutza eta aurrekariak: ikerketa-proiektuaren gaian lantaldeak zer esperientzia duen, ikerketa-jardueraren lan-esparruarekin loturiko argitalpenak (0-5 puntu).
– Ikerketa-proiektuaren plangintza: zereginen deskribapena kronograma baten bidez (zereginen banaketa, sekuentzia eta iraupena). Azpikontratatutako jarduerak kronograman eta kudeaketa-planean txertatzea (0-10 puntu).
– Eskura dauden baliabideak proposatutako helburuetara egokitzea: giza baliabideak eta baliabide teknikoak, kudeaketa-plan koherentea eta posibilista, aurreikusitako epeak, etab. (0-5 puntu).
– Ikerketa-proiektuaren berrikuntza-maila: proiektuaren faktore berritzaileak, abantaila zientifiko-teknologiko nabarmenak (0-10 puntu).
– Memoria ekonomikoa bat etortzea ikerketa-proiektua gauzatzeko lanekin: aurrekontu xehekatua, deskribatutako jarduerekiko egokitasuna, partaide vs jarduera denbora-diagrama eta ikertzaileen kostua/orduko (0-10 puntu).
– Emaitzen hedapen zientifiko-teknikorako plana: jarduera modu aktiboan hedatzeko plana, ikertzaileek emandako tailer, mintegi edo saio klinikoen bidez; proiektua argitalpen zientifikoetan, aldizkari espezializatuetan, jardunaldi eta bilera zientifikoetan eta bestelako argitalpenetan argitara emateko aukera; patenteak erregistratzea eta abar (0-10 puntu).
b) Egokitasun-irizpideak (25 puntu, gehienez).
– Emaitzen aplikagarritasuna eta proiektuaren eragin sozioekonomikoa: proiektuaren erabilgarritasuna eta aplikazioak laneko arriskuen prebentzioan (enpresetan, ekoizpen-sektoreetan edo orokorrean duten aplikazioa) (0-15 puntu).
– Proiektuaren egokitasuna deialdiko ikergaiekiko: I. eranskinean aukeratutako gaiarekiko zehaztapena, argitasuna eta bat-etortzea (0-10 puntu).
c) Beste irizpide batzuk (15 puntu, gehienez).
– Ikertzaile nagusiaren curriculuma eta egokitasuna proiektua garatzeko: gaian duen esperientzia, zuzendutako beste ikerketa-proiektuak, proiektuaren lan-esparruarekin loturiko argitalpenak (0-10 puntu).
– Ikerketa-taldearen ibilbide zientifiko-teknikoa eta egokitasuna proiektua garatzeko: ikertzaile-taldeak proiektuko gaiaren inguruan aurrez eginiko lanak, lantaldeko kideek gaiarekin loturik argitaratutako lanak, taldearen oreka eta lantaldearen nahikotasuna lanaren eginkizun guztiak betetzeko (0-5 puntu).
Baztertu egingo dira gutxienez kalitate-maila hauetakoren batera iristen ez diren proposamenak:
– 40 puntu a) atalean (irizpide teknikoak).
– Guztira 60 puntu atal guztiak batuta.
Proiektuen arteko berdinketa gertatzen bada puntuazioan, hurrengo irizpideetan puntu gehien eskuratzen dituen ikerketa-proiektuaren alde egingo da, ondoren planteatutako lehentasun-hurrenkeraren arabera:
1) Proiektuaren egokitasuna deialdiko ikergaiekiko.
2) Emaitzen aplikagarritasuna eta ikerketa-proiektuaren eragin sozioekonomikoa.
3) Ikerketa-proiektuaren berrikuntza-maila.
4) Emaitzen hedapen zientifiko-teknikorako plana.
2.– Saf€ra deialdiko ikerketa-proiektuak:
Erakunde eskatzaileei laguntzak adjudikatu ahal izateko, Saf€ra Batzordeak aldez aurretik onartuak behar dute proiektuek. Osalaneko pertsona batek esku hartuko du batzorde horretan. Osalanek, halaber, pertsona bat izendatuko du batzorde ebaluatzailerako, eta ebaluatzaileak proposatuko ditu ebaluatutako panelerako. Saf€ra Batzordeak ez badu proiektua onartzen, proposamena baztertuta geratuko da.
Balorazio-batzordeak aztertuko ditu Saf€rak kanpoan utzi ez dituen proiektuak, eta eskabideak baloratuko ditu, Saf€ra Batzordearen txostena eta puntuazioa kontuan hartuta, eta puntu-hurrenkeraren araberako adjudikazioa proposatuko du.
Proiektuen arteko berdinketa gertatzen bada puntuazioan, Saf€raren hurrengo balorazio-irizpideetan puntu gehien eskuratzen dituen ikerketa-proiektuaren alde egingo da, lehentasun-hurrenkera honen arabera:
1) Proiektuaren egokitasuna Saf€ra deialdiko ikergaiekiko.
2) Bikaintasun zientifikoa edo teknologikoa.
3) Balio erantsiaren eta berrikuntzaren gradua.
19. artikulua.– Esleipen-ebazpena.
Osalaneko zuzendariak ebazpen bidez onartu edo ukatuko ditu eskatutako laguntzak. Ebazpenak arrazoitua izan beharko du, eta diru-laguntzen onuradunen eta ez-onuradunen zerrenda jaso beharko du, baita diru-laguntzen zenbatekoa eta haiei loturiko baldintzak ere.
Ebazpen hori eta bere aldaketak alderdi interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira gero. Era berean, Osalanen web-orrialdean ere emango dira argitara. Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskaerei buruzko berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpenak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, ezetsitzat har daitezke eskariak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariazko ebazpena eman beharra.
Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osalaneko zuzendariari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita; horrela ezartzen da 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, urriaren 1ekoa) 112. artikuluan eta hurrengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena berariaz jakinarazten den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita; horrela ezartzen da 29/1998 Legearen (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautu duena, uztailaren 13koa) 8.3 eta 46.1 artikuluetan. Berariaz ebazpenik ez badago, errekurtsoa aurkezteko epea sei hilabetekoa izango da, aurreko paragrafoaren arabera ustezko egintza gertatu den egunetik aurrera zenbatuta.
20. artikulua.– Esleipen-ebazpena aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak baimenik gabe aldatuz gero, litekeena da laguntza emateko ebazpen hori aldatzea edo bertan behera uztea. Erakunde onuradunak Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren V. tituluan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenen araubidea bete beharko du.
Esleipen-ebazpenean zehaztutako epean eta moduan egin beharko dira jarduketak. Alabaina, diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldarazteko moduko gorabeherarik gertatuz gero, beti ere aldaketa diru-laguntzaren helburuei eragiten ez bazaie, Osalaneko zuzendari nagusiak behar den aldatze-ebazpena emango du eta emandako diru-laguntzen zenbatekoak birdoitu. Entitate onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera (dekretu horrek ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra; halaber, horiek kudeatzen parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak finkatu zituen).
Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa –gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta– aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa denean, sortutako gastu errealari egokituko zaio diru-laguntza, era proportzionalean.
21. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikazio-prozedura.
Laguntza onartzeko izapideak bete ostean, ordainketa aurreratu bat egingo da, ikerketa-proiektua burutzeko jarduerak egiten hasteko beharrezko den finantzaketa gisa. Emandako laguntzaren guztizko zenbatekoaren % 50 izango da aurreratutako ordainketa, eta kasu guztietan 2018ko ekitaldian egingo da. Emandako laguntzaren guztizko zenbatekoaren beste % 50 ikerketa-proiektua egiten denean ordainduko da, eta kasu guztietan 2019ko ekitaldian gauzatuko da.
Behin amaituta ikerketa-proiektua esleipen-ebazpenean ezarritako baldintzetan eta eran gauzatzeko epea, agiri hauek aurkeztu beharko dira gehienez ere 20 egun balioduneko epean:
Burututako jarduerak justifikatzeko memoria zientifikoa. Memoria horretan, burututako jarduerak eta lortutako helburuak deskribatuko dira, kontuan hartuta ikerketa-proiektuan zehaztutako egutegia, eta ikerketa-proiektuaren emaitzak eta produktuak aurkeztuko dira (datu-baseak, informatika-programak, argitalpenak, ponentziak).
Ikerketaren memoria zientifikoaren laburpena, VIII. eranskinaren ereduari jarraituz. Memoriak gehienez ere 30 orrialde izango ditu, eta Osalanek bere web-orriaren bidez zabalduko du.
Memoria ekonomikoa, gastuen egiaztagiriak jasoko dituena. Onartutako ikerketa-lanaren aurrekontuan islatutako gastua benetan egin izana egiaztatuko duten fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira memoria horretan. Fakturetan atalka eta bereizita agertu beharko dira kontzeptu finantzagarri guztiak.
Ikerketa-proiektuan aurreikusitako gastuak hura egiteko denboraren barruan egin beharko dira. Erakunde onuradunak emandako ordainketa-dokumentuek geroagoko muga-eguna izan dezakete, beti ere justifikaziorako agiriak aurkezteko eman den epearen barnean baldin badago data hori.
Helburu bererako bestelako diru-laguntzak, laguntzak edo sarrerak eskuratu izana ere jaso beharko da memoria horretan, zehaztuz, hala dagokionean, laguntza osagarri horietan, BEZa diruz lagungarria den ala ez.
Behin dokumentazioa entregatuta, ikertzaile nagusiak edo ikertzaile-lantaldeko kideren batek lanen emaitzen aurkezpena egingo du Osalanen egoitzan, zehazten den egunean.
22. artikulua.– Jarduketen segimendua eta kontrola.
Ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko eta ikerketa-proiektua gauzatzeko egiten ari diren eta egin diren jarduerak egiaztatzeko, beharrezkoak diren jarraipen-jarduera periodikoak gauzatuko dituzte Osalaneko langileek. Ildo horretan, entitate onuradunak behartuta egongo dira Osalanek, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematera.
Esleitutako ikerketa-proiektuaren iraupen aldiaren erdia betetakoan, jarraipeneko memoria zientifiko bat (III. eranskina) bidali beharko du erakunde onuradunak, honako alderdi hauek xehetasunez azaltzeko: ordura arte lortutako helburu konkretuak zein diren, lan planaren aldean proiektuaren une horretako egoera zein den eta ikerketa-jarduera amaitu arte garatzeke dauden alderdien zerrenda.
Ikerketa-proiektua amaitzean, aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, balorazio-batzordeak honako txosten hauek emango ditu:
a) Ikerketa-proiektuaren jarraipen-txostena zehazteko ea lortu diren helburu zientifiko-teknikoak eta ea bete diren diru-laguntza ematea arrazoitu zuten xedeak.
b) Txosten ekonomikoa egiaztatzeko onuradunak zuzen justifikatu dituela diru-kontuak, eta gastuak esleipen-ebazpenaren eta aplikaziokoak diren arauen arabera egin dituela.
Orokorrean, eta hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 50.2 artikuluan jasotakoa eta kasuaren arabera ezar daitezkeen obligazioak, laguntzen onuradunak behartuta geratuko dira laguntzen norakoa eta aplikazioa bermatzera, konpromisozko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu).
Erakunde onuradunak egiaztatze- eta jarraipen-jarduketen mende egongo dira, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoari jarraituz.
23. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
Diru-laguntzaren entitate onuraduna Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluko egoeraren batean egonez gero, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen arauetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalaneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, eta, horren bidez, honako hau adierazi: ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela entitate onuradunak, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak eta diru-laguntza ordaintzen denetik aurrera sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiola, hargatik eragotzi gabe bidezko beste akzio batzuk, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen du eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta obligazioak ezartzen ditu). Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubide hau aplikatuko zaie: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa eta Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 52. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoa.
24. artikulua.– Eskubideak eta betebeharrak.
Erakunde onuradunak eskubidea izango du nahi beste argitalpen, aurkezpen eta komunikazio egiteko, betiere Osalan erakundeak proiektua diruz lagundu duela aipatzen badu.
Era berean, erakunde onuradunak txostenaren emaitzen zabalkunde aktiboa egin ahal izango du, ikertzaile-lantaldeak laneko segurtasun eta osasunaren eremuan diharduten langileei emandako lantegien, mintegien edo saio klinikoen bidez, eta, betiere, Osalan erakundeak ikerketa-proiektua diruz lagundu duela aipatuta.
Argitalpen, liburuxka edo agiri guztietan, oro har, berariaz aipatu beharko da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen diru-laguntza jaso izana, lege eta arau hauetan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinen bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.).
Erakunde onuradunek Osalani lagako diote, doan eta esklusibotasunik gabe, aurkeztutako agirietan jasotako informazio teknikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea; hark informazio hori erabili ahal izango du, eta bere informazio sistemetan sartu, bai eta zabaldu eta/edo argitaratu ere nahi duen baliabide eta formatutan –bibliografikoak, ikus-entzunekoak, informatikoak edo teknika erabiltzea ahalbidetzen dutenak–, betiere egile-eskubideak errespetatuz, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuko baldintzetan, zeinen bidez onartzen baita Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina, arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenak arautuz, argituz eta bateratuz.
Azterlanek eta argitalpenek aintzat hartuko dute genero-ikuspegia, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ikerketaren emaitzen zabalkunderik handiena lortze aldera, Osalanen funtsekin finantzatutako proiektuak artikulu moduan argitaratuz gero, sarbide irekia duten aldizkarietan edo argitaratzetik urtebetera sarbidea irekitzen duten aldizkarietan argitaratzea gomendatzen da. Hala ere, ahozko nahiz idatzizko aurkezpen orotan Osalanen finantzaketa aipatu beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA
Ebazpen honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, arau hauetako xedapenak aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arautegia onartzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osalaneko zuzendariari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasu horietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen. Horrela ezartzen da 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, urriaren 1ekoa) 123. eta 124. artikuluetan eta 29/1998 Legearen (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautu duena, uztailaren 13koa) 8.3 eta 46. artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.
Barakaldo, 2018ko ekainaren 13a.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
ALBERTO ALONSO MARTÍN.
I. ERANSKINA
IKERGAIEN ZERRENDA
1. gaia.– Agente kimiko kartzinogenoekiko esposizio profesionala: tumore-markagailuak eta/edo eraginaren adierazleak identifikatzea.
Helburua: gai kimiko kantzerigeno guztiek ez dute muga-baliorik, eta, izanda ere, alde batetik, balio horrek ez du nahitaez minbizi baten sorrerarekin zerikusirik izan beharrik, eta, bestetik, muga-balio hori betetzeak ez du ziurtatzen etorkizunean minbizi bat ez agertzea. Beraz, beharrezkoa da tumorea garatu aurreko fasean eraginaren adierazleak izatea, eta/edo minbiziaren hasierako fasearen adierazleak, osasunaren zaintzan erabiltzeko, eta, agerikoak eginez gero, lan-baldintzetan ere eragiteko, kasu gehiago sor ez daitezen.
Espero den azken produktua: eraginaren adierazleak eta/edo minbiziaren hasierako fasearen markagailuak, minbizia sor dezaketen gai kimikoen eraginpean diharduten langileen osasuna zaintzeko, bai eta metodo analitikoak ere, gai horiek zehazteko.
2. gaia.– Disruptore endokrinoekiko esposizio profesionala: langileen osasunaren gaineko eragina.
Helburua: langileak hainbat gai kimikoren eraginpean aritu daitezke, eta gai horietako batzuek giza organismoaren hormona gisa joka dezakete; horregatik esaten zaie disruptore endokrino. Gai horiek oso ugariak dira, baina ez dakigu Euskal Autonomia Erkidegoan zehazki zenbateraino dauden zabalduta. Era berean, ez dakigu zer langile diren kalteberenak gai horien aurrean, nahiz eta beti aipatzen diren ugaltzeko adinean dauden gizon eta emakumeak eta haurdun dauden emakumeak.
Espero den azken produktua: datu-base bat honako hauek jasotzeko: EAEn gehien erabiltzen diren disruptore endokrinoak, horien eragina, bakoitzaren aurrean biztanle kalteberenak zein diren, erabiltzerakoan hartzen diren prebentzio-neurriak, ordezkoak, etab.
3. gaia.– Lanaren monitorizazioa: adina versus patologia kronikoa.
Helburua: laneko arrisku jakin batzuk egiaz gertatzea, hainbat faktoreren artean, faktore pertsonalen araberakoa ere bada. Faktore pertsonal horietako bat adina da, adinaren poderioz giza organismoa ahalmen fisikoak nahiz psikikoak galtzen joaten baita. Alabaina, adinaz gain, zenbait patologia kroniko ere hartu behar dira aintzat, langileengan, haien zereginean eta ingurunean izan dezaketen eraginagatik. Beraz, eginkizun batzuetan beharrezkoa litzateke gizabanakoen zenbait konstanteri buruzko informazioa izatea, eginkizun horiek betetzeko moduan dauden ala ez jakite aldera.
Espero den azken produktua: patologia kronikoei loturiko zenbait konstante monitorizatzeko sistema, langilea bere eginkizunean jarraitzeko moduan dagoen jakiteko haien bidez.
4. gaia.– Migratzaileen alderdi kulturalak eta laneko arriskuak.
Helburua: gaur egungo gizarte globalizatuan, langileak jatorri askotakoak dira edo izan daitezke; hori dela-eta, kultura- eta sinesmen-aniztasun handia egon daiteke eta horrek lanaren antolaketan eta garapenean eragin dezake, baita arriskutzat hartzen den horretan edo bizitzari ematen zaion balioan ere. Horrenbestez, beharrezkoa da jakitea zer faktore kultural diren erabakigarriak laneko arriskuen prebentzioaren esparruan, enpresetan prebentzio arloko politikak garatu ahal izateko.
Espero den azken produktua: garatu beharreko prebentzio-politika berrietan eragin handiena duten alderdi kulturalak zein diren jakitea. Alderdi kultural horiek segurtasunean eta osasunean izan ditzaketen eragin kaltegarriak ezabatzeko neurriak.
5. gaia.– Erakundeen eraldaketa, enplegu- eta lan-eredu berriak.
Helburua: gizartea aldatzen ari da eta, gizartearekin batera, lan egiteko modua ere bai. Erakunde berri horiek, enplegu-eredu berriek, malgutasunak, telelanak eragina dute laneko arriskuen prebentzioan, baita egindako lanarekin eta lantoki berriekin zerikusia duten segurtasun eta osasun arloko faktore eta arriskuetan ere. Hau da, eragina dute garatu beharreko prebentzio-politiken gain.
Espero den azken produktua: aldaketa horiek guztiek langileen osasunean duten eraginari buruzko balorazio-txostena, eta arrisku berri horiek saihesteko ezarri beharreko lan-baldintzak eta saihestu ezin izan diren arriskuak ezabatzeko edo murrizteko neurriak definitzea.
6. gaia.–
Helburua:
Espero den azken produktua: gaixoak
7. gaia.– Agente kartzinogenoekiko (amiantoa) esposizio profesionala gertaberritu eta ebaluatzeko tresnak.
Helburua: amiantoarekiko esposizio profesionala balioestea, atzera begira, Euskal Autonomia Erkidegoko profesional eta ekoizpen-jarduerei dagokienez, proiektuan garatu eta balia daitekeen tresna baten bidez edo lehendik dauden tresnak balioztatuz, eta/edo amiantoa duten eraikuntzako materialek sute-baldintzetan zer portaera duten aurreikustea.
Espero den azken produktua: tresna bat honako esparru hauetan aplikatzeko: amiantoak eragindako laneko minbiziaren epidemiologia-zaintzarako, kontingentzia profesionalaren zehaztapenerako eta/edo asbesto-liberazioa ebaluatzeko, behin liberatuta gai horrek zer portaera duen neurtze aldera.
8. gaia.– Enpresetan lan-arriskuen prebentzioa ebaluatzeko metodologia, laneko segurtasun, osasun eta ongizatearekin lotutako adierazleen bidez.
Helburua: garapen metodologiko bat egitea, horren bidez laneko arriskuen prebentzioaren hainbat alderdi modu objektiboan aztertzeko eta adierazleen bidez neurtzeko, modu horretara uneoro enpresa baten prebentzio-egoera zein den jakiteko.
Espero den azken produktua: enpresa batean laneko arriskuen prebentzioaren alderdiak ebaluatzeko tresna bateratua.
9. gaia.– Laneko arriskuen arrazoien azterketa haztatua.
Helburua: hainbat teoriaren arabera lan-istripuak prebentzioaren porrotaren ondorio dira; modu batera edo bestera, teoria horien guztien arabera hainbat arrazoi eta baldintza uztartzearen ondorioz gertatzen dira istripuak, eta guztietan bereizgarri bera antzematen da: prebentzio-neurri baten edo batzuen gabezia edo gutxiegitasuna. Komeni da jakitea zer eragin izan duten gabezia edo hutsune horiek 2012. eta 2016. urteen artean gertatutako laneko istripuetan.
Espero den azken produktua: analisi multifaktoriala, laneko istripuetan eragina duten aldagaiei buruzko inpaktu-matrize gurutzatu batean oinarrituta landua, eta istripuak analisi morfologikoaren bitartez multzokatzeko aukera ebaluatzea.