EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018125

AGINDUA, 2018ko ekainaren 13koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntzetarako deialdi bat egiten baita, EAEko gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei zuzenduta.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2018-06-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201803389
Maila: Agindua
Gaixoek eratutako irabazi-asmorik gabeko elkarteak pertsona fisikoen taldeak dira, eta, horietan, patologia bera pairatzen duten pertsonak elkartzen dira. Gisa horretako elkarteek honako helburu hauek dituzte: dena delako gaixotasuna eta berau sendatzeko tratamenduak hobeto ezagutzeko lan egitea, gaixoek elkarri laguntzea, herritarrei gaixotasuna prebenitzeko argibideak ematea, eta herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea.
Elkartzeko, komunikatzeko eta laguntza emateko guneak dira elkarte horiek, gaixoentzat nahiz haien familientzat.
Osasun Sailak bereziki nabarmentzen du elkarte horiek pertsona gaixoen eta haien senideen osasun fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren alde egiten duten ekarpena, hainbat alorretan islatzen dena, hala nola: gaixotasunen errealitate sozial eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktua, eta zerbitzu eta autolaguntza programen bidezko zuzeneko asistentzia eta laguntza enpatikoa.
Osasun Sailaren 2018ko ekitaldirako Diru Laguntzen Plan Estrategikoan –2018ko martxoaren 27an onartu zen Osasuneko sailburuaren agindu baten bidez, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratu– «Osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea» arloaren barruan, jasota dago «Gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko diru-laguntza».
Abenduaren 2ko 5/2017 Legean (Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen ditu), laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.
Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauekin: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena); Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauekin; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko arauekin (Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta urriaren 1eko 39/2015 Legearekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).
Deialdi honen laguntzek ez dute lehia faltsutzen edota faltsutzeko arriskurik eragiten. Hortaz, bateragarriak dira barne-merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta helburua.
1.– Agindu honen helburua da laguntzetarako deialdia egitea EAEko gaixoek eta haien familien kolektiboek osatzen dituzten eta haien bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzat.
2.– Laguntza hauen xedea da 2018ko urtarriletik abendura bitartean eginiko jarduerak finantzatzea; jarduera horien helburuak hauek izango dira:
a) Gaixotasunen bat duten pertsonen kolektiboei eta haien familiei trebetasunak eta baliabideak garatzen laguntzea, beren burua zaintzeko ahalmena maximizatzeko eta autonomia areagotzeko.
b) Gaixoei laguntza eta jarraibideak ematea dituzten behar soziosanitarioen inguruan.
c) Gaixoek eta haien familiek gaixotasunari buruz, haren arrisku-faktoreei buruz eta bizi-ohitura egokienei buruz duten ezagutza eta informazioa sakontzea.
d) Gaixoek osasun aldetik besteekiko dituzten desberdintasunak gutxitzea.
3.– Deialdi honetan diruz lagundutako ekintzetatik kanpo geldituko dira Osakidetzak edo Osasun Sailaren itunpeko zentroek garatutako jardueren parekoak diren ekintzak.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Betekizun hauek betetzen dituzten elkarteek eskuratu ahal izango dituzte deialdi honetan jasotako laguntzak:
a) EAEko pertsona gaixoen kolektiboek eta haien familiek osatuak eta legez eratuak izatea, eta egoitza soziala duten lurraldeko elkarteen administrazio erregistro ofizialean behar bezala inskribatuak izatea, diru-laguntzen deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez.
b) Irabazi-asmorik gabeak izatea.
c) Gaixoen eta/edo haien familien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz jardun behar dute, eta, haientzat, elkartzeko, hitz egiteko eta laguntzeko guneak izan behar dute.
d) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta diru-laguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak ordainduta edukitzea.
e) Zehapen administratibo edo penala izateagatik diru-laguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.
f) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 13.2 artikuluan ezarritako egoeraren batean ez egotea.
2.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte laguntza ematen duen ebazpenaren bidez diru-laguntzen onuradun izateko. Era berean, prozesu osoan zehar bete beharko dira betekizunak, emandako diru-laguntza likidatu arte.
3.– Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dauzkala, eta ez dela zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.
4.– Erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute –eskabidearen inprimakian jasota dago–, eta, han, honako hauek adierazi: onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik ez dutela eta, bereziki, diru-laguntzen alorreko itzulketa-obligazioak ordainduta dauzkatela. Hori guztia, ezertan eragotzi gabe agindu honetako 7. eta 10. artikuluetan aipatutako egiaztatze-jarduerak.
3. artikulua.– Diru-laguntzaren aurrekontu-hornidura eta deialdiaren organo kudeatzailea
1.– Agindu honen helburua betetzeko, 300.000 euro (hirurehun mila) bideratuko dira.
2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da deialdiaren organo kudeatzailea.
4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorra mantentzeko edo elkarteen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.
2.– Jarduerarako diru-laguntza erabil daiteke entitateko soldatapeko langileen kostuak ordaintzeko, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta zenbateko osoaren % 10 erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Zeharkako kostuak dira entitatearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, baita dieta-, desplazamendu- eta kudeaketa-gastuak ere, beharrezkoak direnak diru-laguntza jaso duen jarduera bat egiteko, zuzenean jarduera jakin horri ez dagozkion arren.
3.– Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.
4.– Diruz laguntzen diren jarduerak ezingo dira azpikontratuak izan.
5.– Honako gastu hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:
Finantza-gastuak; inbertsio-gastuak; administrazio-lizentziak; berandutze-errekarguak, eta administrazio- eta zigor-zehapenak, honako hauek barne direla: zerga, tributu eta tasen ordainketetan berandutzearen edo halakoak ez ordaintzearen ondoriozko zehapenak, edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen gastuak, eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozedurek eragindakoak.
5. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo ente publiko zein pribatu batzuek –Espainiakoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada.
2.– Lortutako diru-laguntzen baturaren guztizko zenbatekoa jarduerarako onartutako guztizko aurrekontua baino handiagoa bada, laguntza murriztu egingo da: zenbatean gainditzen duen aurrekontua, hainbatean.
3.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak ez dira bateragarriak Osasun Sailaren aldetik diru-laguntza nominatiboak jasotzearekin gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko, osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko proiektu, programa eta/edo jarduerak aurrera eramateko.
6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoaren mugak.
Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez ditu gaindituko honako muga hauek: eskatutako zenbatekoa; diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100; proiektu bakoitzeko 10.000 euroko zenbatekoa; elkarte onuradun bakoitzeko 15.000 euroko zenbatekoa (elkarte batek proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero).
7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
Proiektu bakoitzeko, eskabide telematikoa bete beharko da –eskuragarri dago 21.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean–, eta, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Diru-laguntza zer jardueratarako eskatu den, hari buruzko azalpen-memoria, agindu honen I. eranskineko eredua erabiliz; 21. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan eskura daiteke.
b) Entitate eskatzailearen datu orokorrak, agindu honen II. eranskinean eta 21. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan dagoen eskabide normalizatua erabiliz, salbu eta aurretik aurkeztu badira Osasun Sailean, eta, betiere, indarrean baldin badaude eta hala adierazten bada eskabidean.
c) Honako hauek egiaztatzeko ziurtagirien kopia arruntak: elkartea eratu izana eta kasuan kasuko administrazio-erregistroan inskribatu izana, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea. Elkarteak ziurtagiri horiek aurkeztu beharko ditu, baldin eta, eskabidearen bidez, berariaz baimena ukatu badio organo kudeatzaileari ziurtagiriak zuzenean eskura ditzan kasuan kasuko administrazio publiko eskudunetan.
d) Finantzaketaren xede izango litzatekeen jarduera hobeki ezagutzeko beharrezko den dokumentu osagarri oro.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Elkarte bakoitzak aurkezten duen proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu behar da.
3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, 21. artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoa erabiliz.
4.– Identifikazio elektroniko aitortua duten elkarteen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honen 21.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Ordezkariak, erakundeen ordezkarientzako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu baldin bada, ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar.
b) Pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, ordea, ordezkaritza egiaztatu beharra dauka, ordezkarien erregistro elektronikoan, agindu honen 21.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz.
5.– Elkarte eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen (Euskararen Erabilera Normalizatzekoa) 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.
9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzetarako eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68.1 eta 21. artikuluetan.
10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.
Erakundeak, eskaeraren bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoaren aurrean kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan eskakizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskaeran ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu derrigorrean.
Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo dira.
Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
Halaber, egoera horren berri ematen duen herri-administrazioaren ebazpenak ezar dezake interesdunak itzuli behar duela diru-laguntza –hala balegokio– eta denbora-tarte jakin batez ezin izango duela helburu bereko beste prozedura bat abian jarri; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.
1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagokion esango dugu. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko.
a) Jardueraren justifikazioa, zer egoerari erantzun nahi zaion (deskribapena), zer faktoreren gainean eragin nahi den: 14 puntu gehienez.
b) Diru-laguntza eskatu den jarduera eginda zer helburu espezifiko lortu nahi diren: 14 puntu gehienez.
1) Helburu egingarriak: 7 puntu gehienez.
2) Baliabide egokiak erabiltzea: 7 puntu gehienez.
c) Jardueraren garapenari buruzko deskribapena (edukiak, faseak, zereginak, kudeaketa-prozesuak, jardueraren kokapena edo lurralde-eremua, jarduera garatuko den leku fisikoa, denboralizazioa, aurrekontua eta abar): 20 puntu gehienez.
1) Jarduera-eremua:
a. EAE: 5 puntu.
b. Lurralde historikoa: 4 puntu.
c. Eskualdea: 3 puntu.
d. Udalerria/auzoa: 2 puntu.
2) Faseen, zereginen eta iraupenaren deskribapena: 10 puntu gehienez.
3) Programatutako jarduerara egokitutako aurrekontua: 5 puntu gehienez.
d) Jarduera ebaluatzeko aurreikusitako prozedura eta eragina, adierazle kuantitatiboak eta/edo kualitatiboak: 7 puntu gehienez.
1) Ebaluazio-proposamen bat aurkeztea: 3 puntu.
2) Ebaluazioan, adierazle kuantitatiboak zehaztea: 2 puntu.
3) Ebaluazioan, adierazle kualitatiboak zehaztea: 2 puntu.
e) Aurreikuspenen arabera, zenbat pertsona izan daitezkeen jardueraren helburu edo onuradun (zenbat talde edo tailer, zenbat saio, zenbat iraungo duen saio bakoitzak). Kuantifikazioa (zenbat lagun izan daitezkeen jardueraren onuradun, kasuan kasuko lurraldean edo EAEn eragindako pertsonekiko); ezaugarriak (sexua, adina, aintzat hartzea desberdintasun sozioekonomikoak eta genero ikuspegia): 15 puntu gehienez.
1) Jardueraren onuradun 50 pertsona baino gehiago izatea: 5 puntu.
2) Desberdintasun sozioekonomikoak aintzat hartzea: 5 puntu.
3) Genero-desberdintasunak aintzat hartzea: 5 puntu.
f) Jarduera diseinatzeko kontuan hartutako irizpideak, xede-populazioaren eta boluntarioen parte-hartzeari dagokionez: 10 puntu gehienez.
1) Xede diren biztanleek parte-hartzea diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan: 5 puntu.
2) Elkarren arteko laguntza eta boluntariotza sustatzea: 5 puntu.
g) Jarduera beste elkarte edo federazio batzuekin lankidetzan gauzatzea: 5 puntu gehienez.
h) Koordinazioa eta sinergia, aurreikusitako jardueraren eta osasun-esparruko eta/edo osasun- eta gizarte-esparruko prestazio, zerbitzu, jarduera eta politika publikoen artean: 5 puntu gehienez.
i) Jarduera aurrera ateratzeko beharrezkoak diren giza baliabideen deskribapena: zenbat eta nolakoak (prestakuntza, kualifikazioa eta, hala badagokio, aurreikusitako langileen identifikazioa). Erakunde eskatzaileak zuzenean kontratatuko dituen edo ez adieraztea: 5 puntu gehienez.
j) Jarduera aurrera ateratzeko beharrezkoak diren baliabide materialen eta azpiegituren deskribapena: zehaztu kopurua, eta adierazi dagoeneko eskuratu diren edo ez: 5 puntu gehienez.
2.– Gehienezko puntuazioa 100 puntukoa izango da, eta gutxienekoa 50ekoa. 50 puntura heltzen ez diren jarduerek ez dute diru-laguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) ataletan adierazitako puntuazioaren erdia gutxienez lortzen duten eskaerek bakarrik jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak.
12. artikulua.– Eskabideen balorazioa eta diru-laguntzak emateko prozedura.
1.– Eskabideak Balioespen Batzorde batek balioetsiko ditu. Hauek osatuko dute batzordea: Osasun Publikoko eta Adikzioen zuzendariak (Miren Dorronsoro Iraeta andrea), zeina batzordeko burua izango den, eta Osasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzetako Osasun Publikoko eta Adikzioen zuzendariordeek (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck jauna, Elena Albisua Cortazar andrea eta Juan Carlos Fernández Crespo jauna). Kide anitzeko organoko idazkaritzari dagokionez, batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du.
2.– Epearen barruan eta modu egokian aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskaerak balioespen-batzordeak.
3.– Balioespen-batzordeak zehaztuko du zein den proiektu bakoitzaren puntuazioa eta proiektu horri eman dakiokeen gehieneko diru-laguntza, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.
4.– Osasun Publikoko eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, eta/edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete elkarte eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.
5.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 11. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako dotazio ekonomiko osoa.
Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo harik eta diruz lagundutako eskabide guztiak gehienezko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.
Banaketan, gainditu egiten bada elkarte batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko.
6.– Aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua –ezarritako irizpideen arabera– egin ondoren, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren agindu honetan horretarako ezartzen denaren arabera, balioespen-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Osasuneko sailburuordeari, eta han, honako hauek adieraziko dizkio: zer diru-laguntza ematea proposatzen duen, zein diren elkarte onuradunak, finantzatuko den proiektu bakoitzari zenbat diru emango zaion eta, hala badagokio, zein diren diru-laguntza ukatu zaien proiektuak eta zergatik ukatu zaien.
13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Eskabideen ebazpenean, interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.
2.– Ebazpenean xedatuko da eskatutako diru-laguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren elkarteak, guztira zenbateko diru-laguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Diru-laguntza ukatzen bada, zergatia azaldu beharko da.
3.– Prozedura ebatzi eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko epea gehienez ere lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek diru-laguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie interesdunei.
5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
6.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak elkarte onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.
14. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Diruz lagundutako proiektua benetan egin dela justifikatzeko, elkarte onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu behar ditu:
a) Diru-laguntza jaso duen jardueraren deskribapen- eta ebaluazio-memoria, eredu normalizatuaren araberakoa (agindu honen III. eranskinean dago, eta 21. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere eskura daiteke). Memoria horretan, aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren arabera egindako gastuen ziurtagiri guztiek egon behar dute (eta adierazi egin behar da ziurtagiri-mota, azalpena, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa). Gastuen frogagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.
b) Diru-laguntzaren xede den proiektua eta ordainketa benetan gauzatu direla egiaztatzen duten fakturen edo bestelako egiaztagirien kopia arrunta, erakunde eskatzailearen ordezkariak izenpetuta Gainera, agiri horiek egiazkoak direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko du.
c) Erakunde onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, erakundearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiriaren kopia, honako hauek jasota: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NAN zk.); ordu kopurua; orduko kostua; guztizko zenbatekoa, eta boluntarioaren sinadura. Elkarteak egindako ekarpen propioa justifikatzeko baino ez da kontuan hartuko langile boluntarioen balioztatzea, eta orduko 20 euroko gehieneko muga ezarriko da. Boluntarioak balioztatzeko, elkartearen inguruko pertsonek proiektuaren helburuak lortzeko eta ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren kuantifikatze ekonomikoa egingo da.
d) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta beste diru-laguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea.
e) Jarduerarekin zerikusia duten agiri publikoak, hala nola egunkari-zatiak edo proiektuko funtsekin ordainduta egindako, kopiatutako eta zabaldutako ikasmateriala; agiri horiek berak aurkez daitezke edo horietarako esteka elektronikoak eman.
f) Osasun Sailaren babesa jaso dela adierazi izana egiaztatzen duen dokumentazioa –17.i) eta 17.j) artikuluetan jasotako kasuetan–.
g) Proiekturako funtsekin ordaindutako lantegi eta ikastarorik antolatu bada, haietan zenbat lagunek parte hartu duten.
2.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek diru-laguntza jaso duten jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Honako gastu hauek diru-laguntzaren kargura behar bezala justifikatutzat joko dira:
a) Elkarte onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak. Faktura guztiak 2018an egindakoak izango dira.
b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).
c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).
d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, elkarte onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.
e) Boluntarioen kasuan, haien aseguruaren bidez justifikatutako gastuak. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi kontingentzia estali behar ditu nahitaez: istripuak eta erantzukizun zibila. Azken horretan, urtean, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, polizako boluntario guztientzat. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.
3.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako diru-laguntzarekin, baldin eta gastu horiek diru-laguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2018. urtean sortutakoak.
4.– Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, izapidetze elektronikoari buruzko 21. artikuluan azaltzen den moduan.
5.– Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2019ko urtarrilaren 31 da.
15. artikulua.– Justifikazio-akatsak zuzentzea.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza justifikatzeko aurkezten den dokumentazioan hutsegiteren bat edo ez-egiteren bat egonez gero, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, hutsegitea konpon dezan edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezan.
Eskakizun hori ez badu garaiz eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.
16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.
1.– Diru-laguntzak honela ordainduko dira:
a) % 70: laguntza ematea onartzen den unean, ebazpena onartu eta argitaratu ondoren, eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.a) artikuluan ezarritako epean.
b) Gainerako % 30a, diruz lagundutako proiektua egin ondoren, elkarte onuradunak justifikatu eta gero diruz lagundutako proiektua egin dela eta proiektu horren guztizko gastua zein izan den, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, entitateak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dituela egiaztatuko da, baita diru-laguntzen alorreko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.
17. artikulua.– Elkarte onuradunen betebeharrak.
Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eragotzi gabe, eta, batez ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak eta Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak eragotzi gabe, agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren elkarteek honako betebehar hauek dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, laguntza onartutzat joko da, baldin eta, onuradunek berariaz laguntzari uko egiten ez badiote hamar egun balioduneko epean, diru-laguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskaera bete beharko dute, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira. Inprimaki hori eskuragarri dago euskadi.eus webgunean: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
c) Diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatu beharko dute, eta jasotako laguntza guztia bideratu beharko dute horretara.
d) Aldaketaren bat izan bada diru-laguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz eman beharko diote organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
e) Helburu bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri eman behar diote organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
f) Diru-laguntza emango duen erakundeari egiaztatu egin behar diote betetzen direla laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak, baita horretarako aitzakia zen jarduna gauzatu dela ere.
g) Osasun Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jartzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.
h) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-funtzioak betetze aldera, eskatutako informazio guztia ematea.
i) Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.
j) Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute egiten dituzten agirietan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da; euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: http://goo.gl/z10BRe
k) Elkartearen eta haren jardueren publizitatea baliabide komunitario gisa egitea Euskadi aktiboa plataformaren bitartez, https://goo.gl/KgiJDU web orrian.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta diru-laguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, han, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta mugak hauek aplikatuko dira:
a) Gastuen justifikazioan % 25eko edo hortik beherako aldea egonez gero diru-laguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontuarekiko, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.
b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25 baino gehiagoko aldea baldin badago, diru-laguntzarako eskubidea galduko da.
Bi kasutan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira entitate onuradunak, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.
19. artikulua.– Diru-laguntza jaso duen jardueraren segimendua.
Osasun Sailak komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu lege honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.
20. artikulua.– Datuen babesa.
Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasotzen dituzten entitateak» fitxategian sartuko dira, Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 4ko Aginduan jasotzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun Sailaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak (EHAA, 201. zk, 2017ko urriaren 20koa, eta 220. zk., 2017ko azaroaren 17koa) Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakunde batzuei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.
21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Elkarte interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Ordezkarien erregistro elektronikoari buruzko informazioa eskuragarri dago euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan: https://goo.gl/A544R9
3.– Erakundeak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://goo.gl/pLkRtJ
4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta Agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude: https://goo.gl/qn4as2
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
22. artikulua.– Ez betetzeak.
1.– Bere betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –diru-laguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar ez bada betetzen, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken lege hori diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartua– 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.
3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutza-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.
4.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, 18. artikuluan aipatua, laguntzaren parte bat itzuli beharko du erakunde onuradunak; betiere, jarduera osorik gauzatu ez arren, nabarmen hurbildu bada helburu horretara, eta egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Nolanahi ere, baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, egindako jarduerak bat egiten ez badu deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, eta proiektuaren beraren xedea betetzen ez bada.
Halakorik gertatuz gero, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Eskabideak balioesteko deialdiko 11. artikuluan jasotzen diren irizpideei jarraituz bideratuko da ebazpen hori.
5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena da dekretu hori).
6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen bidez iragarritako deialdiari eta berau garatzeko jarduketei honako xedapen hauek aplikatuko zaizkie: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoa eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Era berean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, elkarte interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira errekurtsoak jartzeko epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango du eragina agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 13a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.