EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018125

94/2018 DEKRETUA, ekainaren 26koa, Euskadiko Orkestra SA Sozietate Publikoaren akzio berriak harpidetu eta ordaintzeko baimena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari emateko dena eta sozietate horren estatutuak aldatzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201800094
Xedapenaren data: 2018-06-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201803385
Maila: Dekretua
Euskadiko Orkestra SA sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluak proposatu du aipatu merkataritza-sozietatearen kapitala gehitzea, sozietatearen 2018ko ekitaldiko inbertsio-plana gauzatzeko. Sozietatearen gaur egungo kapitala 743.000 eurokoa da, guztia harpidetua eta ordaindua; kapital hori 1.486 akzio izendutan gauzatzen da, eta akzio bakoitzak bostehun (500) euroko balio nominala du, 1etik 1486ra (biak barne) korrelatiboki zenbatuak.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da akzio berriak eskuratzeko.
Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago Euskadiko Orkestra SA sozietate publikoa, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Sozietatearen helburua da honako hauek sustattzea eta bultzatzea: arte eta jarduera musikala, lirikoa, korala eta balletekoa (oro har, adar, espezialitate, estilo eta teknika guztietan, bitartekoa edozein dela); musika-jardueran diharduten edo horrekin zuzenean nahiz zeharka zerikusia duten talde, orkestra, banda, solista nahiz beste edozein motatako elkarteak, eta hedapen eta zabalkunde komertzial edo ongintzazko kontzertu, errezital, antzezpen eta grabazioak egitea, edozein komunikabideren bitartez edo zuzenean publikoari zuzenduta.
Ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2018ko ekainaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Euskadiko Orkestra SA sozietate publikoan bostehun eta hogeita hamar mila (530.000) euroko kapital-gehikuntza harpidetzeko, eta zenbateko hori ordaintzeko Batzar Orokorrak finkatutako epe eta baldintzetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 100eko zuzeneko partaidetza izango du Euskadiko Orkestra SA sozietate publikoan.
2. artikulua.– Sozietateko estatutuen 5. artikulua aldatzea. Honela geratzen da:
«5. artikulua.– Sozietatearen kapitala.
1.– Milioi bat berrehun eta hirurogeita hamahiru mila (1.273.000) euroan finkatzen da sozietateren kapitala, 2.546 akziotan gauzatzen dena –bakoitza bostehun (500) euroko balio nominalekoa–, eta 1etik 2546ra (biak barne) korrelatiboki zenbatutakoak, guztiak ere harpidetuak eta ordainduak».
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko ekainaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.