EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018125

109/2018 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Lekeitioko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Lekeitio udal-mugartean, 5 HILU-ko f partzelan, zuzkidura-bizitokiak sustatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800109
Xedapenaren data: 2018-06-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201803384
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lekeitioko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Lekeitio udal-mugartean, 5 HILU-ko F partzelan, zuzkidura-bizitokiak sustatzeko. Eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 13a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 13KO 109/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA, ETA LEKEITIOKO UDALAREN ARTEKOA
Vitoria-Gasteizen, 2018ko ekainaren 11n,
BILDU DIRA:
Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.
Eta bestetik, Koldo Goitia Markuerkiaga jauna, Lekeitioko alkate-udalburua.
BERTARATU DIRA:
Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu gisa eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2018ko maiatzaren 2an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.
Eta bigarrena, Lekeitioko alkate-udalburu gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, Udalbatzak 2018ko maiatzaren 17an izandako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua.
Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau
AZALDU DUTE:
Lehenengoa.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.
Bigarrena.– Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 17. eta 81. artikuluek adierazten dutenez, plangintzak komunitate-ekipamendu gisa sailkatu ahal izango ditu lurrak, bereziki bizitegi-erabilera duten eremuetan zuzkidura-bizitokiak ezartzeko, aldi baterako bizitokiak eta premia larria duten kolektiboentzako bizitoki sozialak barne.
Hirugarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:
1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.
2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.
3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.
4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.
5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.
6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.
7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.
8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-plangintza bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.
9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.
10.– Etxebizitzaren arloan plangintza bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.
Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek –kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak eta Lekeitioko Udalak– elkarrekin esku hartu behar dute –are gehiago, horretara behartuta daude–, babes ofizialeko beharrezko etxebizitzak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den lurzoru-ondare publikoa osatzearren, betiere espekulazioa eragozteari begira.
Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.
Laugarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak lurzoru-ondare publikoa arautzen du, eta, horren arabera, gainerako ondaretik banandua eta independentea izango den ondareak osatuko du lurzoru-ondare publikoa, eta etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak kudeatuko du, helburu hauek betetzearren, besteak beste:
a) Lurzorua edo bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.
b) Eraikin babestu horiek eta jarduketari berari lotutako ekipamendu publikoak sustatzea edo eraikitzea.
Halaber, arau honen 24.1 artikuluak adierazten duenez, udal-plangintzan zuzkidura-bizitokietarako hornidura publiko modura kalifikaturik dauden lursailak bi eratara lor daitezke, halakoak ezartzeko ardura duen administrazioaren alde: jarduketa integratuetan sartuta edo haiei atxikita baldin badaude, derrigor eta doan lagaz; edo, jarduketa integratuetan sartu gabe eta haiei atxiki gabe badaude, nahitaez desjabetuz. Lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan jasotako baldintzak betetzen badituzte, lursail horien gainean egiten diren eraikinak zuzkidura-bizitokitzat joko dira.
Gogorarazi behar da Presazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 29. artikuluaren 2. atalak arautzen dituela etxebizitzaren arloan eskumena duen autonomia-ekidegoko administrazioaren sailak zuzkidura-bizitokiak sustatzeko bete beharreko jarraibideak:
Etxebizitzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak zuzkidurazko bizitokiak sustatzeko, helburu horretarako lurzatiak eman beharko ditu dagokion Udalak. Zuzkidurazko bizitokietarako lurzatien ematea birpartzelazioari buruzko erabakiaren bitartez formalizatu beharko da (etxebizitzaren arloan eskumena duen Sailak onartu ondoren), edota bidezko hitzarmena izenpetzearen eta ondoren Udalak lagapenari buruzko erabakia eta Eusko Jaurlaritzak onespenari buruzko erabakia hartzearen bidez, hori guztia araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraikiz.
Bosgarrena.– 1996ko maiatzaren 17an, Eusko Jaurlaritzako orduko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako eta Lekeitioko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, HILU 5 eremuan etxebizitza babestuak sustatzeko. Eremu osoa etxebizitza arloan eskumena duen organoak kudeatu du eta etxebizitza babestuak eraikitzeko eta urbanizatzeko aurreikusiriko lan guztiak gauzatu dira.
1999ko urtarrilaren 28an, Bizkaiko Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak behin betiko onespena eman zion «Lekeitioko HILU 5 Lurzoruaren Plan Partziala» espedienteari.
Geroago, 2008ko azaroaren 5ean, orduko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Lekeitioko Udalak Lankidetza-hitzarmen bat sinatzen zuten Lekeitioko udalerriko HILU 4 eremuan (gaur egungo UARC 20 eta 21) babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko politika egikaritzea ahalbideratzeko.
Lankidetza-hitzarmen horren Bederitzagarren Klausularen arabera, Herri Administrazio biek honako konpromiso hau hartzen dute: HILU 5 eremuan ekipamendurako bideratuta dagoen F partzelan aldi baterako alokairuko bizitokien sustapena egiteko aukera aztertzea eta aukera hori komenigarria ote den aztertzea.
Partzela horri dagokionez, orduko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak partzela hori aztertzeko konpromisoa hartu du, baita bizitoki horiek diseinatzeko, eraikitzeko eta kudeatzeko proposamena egitekoa ere.
Azkenean, bi Administrazioek bizitoki horiek egin daitezkeela eta bizitokiok egitea komenigarria dela irizten badiote, Lekeitioko Udalak honako konpromiso hau hartuko du: partzela hori ematea, horretarako egingo den doako lagapen-akordioaren bitartez. Era berean, Etxebizitza eta gizarte Gaietako Sailak akordio hori betearazteko konpromisoa hartu du, lagapena onartzeko. Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena lortu eta gero. Eusko Jaurlaritzako sailak konpromisoa hartzen du Lekeitioko Udalari halako kalte-ordain bat emateko, ekipamendu partzela hori egokitzeko izandako 60.000,00 euroko gastuengatik.
2008ko azaroaren 6an, Lekeitioko Udalak Plangintzako Arau Subsidiarioen testu Bateratua onartu zuen. Bizitegi-lurzoru urbanizagarri (HILU) bezala kalifikatu ziren hainbat eremu.
Lurzoru urbanizagarri honetan bizitegikoa da erabilera nagusia. Halaber, lurzoru honi dagozkio bizitegi erabilera osagarriak, esaterako, zerbitzuetako jarduerak, garaje erabilera eta ekipamendu erabilera, plangintzako sektore bakoitzerako ezarrita dauden mugekin. Araubide zehatza zein den argitzeko, lurzoru urbanizagarria sektoreetan zatitu da, besteak beste, HILU 5: Dentsitate ertaina, eremu honetarako aurreko plangintzan aurreikusitakoa mantenduz.
Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzak eskaera bidali zion Lekeitioko Udalari «Lekeitioko 5 HILUKO F partzelaren (ekipamendu partzela) eraikigarritasuna, bolumetria eta erabilerak egokitzeko Plan Berezia» onartzeko izapideei hasiera emateko. 2010eko irailaren 23an, Udalak hasierako onespena eman zion dokumentuari, gaur egun prozedura hori amaitu ez den arren.
Araudi berria onartu izanak (Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legea barne) aipatutako dokumentuaren edukia egokitzeko betebeharra dakar berekin. Zuzkidura-bizitokiak exekutatzeko beharrezkoak diren dokumentuak ere aplikagarri den araudi berrietara egokitu beharko dira.
Lekeitioko Udalak 2017ko maiatzaren 4an egindako Osoko Bilkuran 5 HILUko, F partzela Eusko Jaurlaritzari doan lagatzea onartu zuen, alegia, 2008ko azaroaren 5ean sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasotakoari jarraituz.
Seigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak baliatuz, zuzkidura-etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du etxebizitzen premia egiaztatua duten udalerrietan (eta, horien artean, Lekeitio), errentaahalmen txikia izanik etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familientzat.
Etxebizitzen gaineko indarreko araudiak ez duenez aurreikusten aipatu Lurzoru Ondare Publikoa osatzen duten ondasunak doan eskuratzeko kasu edo prozedurarik, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuak horretarako xedatutakoa beteko da.
Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 38. artikuluaren arabera, doan lagatako ondasunak eskuratzen direnean, haien titulartasuna dagokion sailak onartu beharko ditu, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, baldin eta, besteak beste, eskuratzeak baldintza edo erabilera-konpromiso bereziren bat badakar berekin eta baldintza edo erabilera horrek gasturen bat badakar, eta organo eskudunak, kasu honetan bezala, doako lagapena onartzeko interes publikoko arrazoiak ikusi baditu.
Aurrekoarekin bat, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2018ko maiatzaren 2an hartutako erabakiaren arabera, Lekeitioko 5 HILUko F partzelaren doako lagapena onartzeko baimena eman zuen. Partzela horretan, zuzkidura-bizitokiak eraikiko dira.
Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Lankidetza Hitzarmen honen helburua da Lekeitioko udal-mugartean zuzkidura-bizitokien sustapena ahalbidetzea, 5 HILUko F partzelan.
Bigarrena.– Lekeitioko Udalak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak adostu dutenez, 5 HILUko F partzela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zuzkidura-bizitokien sustapenerako erabiltzea.
Hartara, administrazio biek beharrezkotzat jotzen dute proiektua aplikagarri den araudi berriari egokitzeko beharrezkoak diren dokumentu tekniko guztiak idaztea.
Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hurrengo konpromisoak hartu ditu:
– Lekeitio udalerriko 5 HILUko F partzelari dagokion Plan Berezia idaztea.
– Lekeitio udalerriko 5 HILUko F partzelan zuzkidura-bizitokien obra exekuzio proiektua idaztea.
– Zuzkidura-bizitokien eraikitze-lanen eta horien urbanizazio osagarria egiteko obrak kontratatzea eta exekutatzea.
– Lekeitioko Udalari obra hasteko daten berri ematea partzela aurretiaz utzi dezan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zin egiten du zuzkidura-bizitokiekin lotutako eraikuntza- eta urbanizazio-lanak 4 urteko epean amaituko dituela, doako lagapena eskritura publikoan formalizatzen denetik aurrera. Hala ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beti ere Hitzarmenaren indarraldia gainditu gabe.
Aipatutako jardueren ondoriozko gastuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ordainduko ditu.
Lankidetza Hitzarmen honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak, aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren eta egonkortasuna eta finantza-jasangarritasunari buruzko printzipioak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoak dituen erabilgarrien baldintzapean egongo dira.
Laugarrena.– Lekeitioko Udalak hurrengo konpromisoak hartu ditu:
– Hitzarmen honen ondorioz idatziko den Plan Berezia sei hilabeteko epearen barruan onartzea, etxebizitza arloan eskumena duen organoak aurkeztu duenetik hasita.
– Obrak burutzeko beharrezkoak diren udal lizentziak lau hilabeteko epearen barruan izapidetzea, etxebizitza arloan eskumena duen organoak aurkeztu duenetik hasita.
– Partzelari dagozkion segurtasun eta mantentze neurriak hartzea, zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko lanei hasiera ematen zaien bitartean.
– Obrei hasiera eman aurretik partzelan dagoen udal biltegia hustu eta egon daitekeen edozein jarduera amaitu.
Aipatutako jardueren ondoriozko gastuak Lekeitioko Udalak ordainduko ditu.
Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du zuzkidura-bizitokien sustapenean interesa duen udalerri bakarra Lekeitio dela deklaratzeko. Udalerri horretako herritarrak izango dira lehentasunezko hartzaileak.
Hala ere, Lekeitioko Udalak Programa horretan barne hartutako etxebizitza zehatzen hautaketa-prozedura horretatik salbu egotea proposa dezake, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du horien esleipen berezitua egiteko, baldin eta udal jarduera urbanistikoen eraginpean dauden pertsonen faboretan egiten bada.
Esleitu ez dela-eta, bizitokiren bat soberan geratzen bada, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zehaztuko du zer udalerri eta/edo pertsona dauden horretan interesatuta, hartarako emandako Aginduaren bidez.
Seigarrena.– Lekeitioko Udalak zuzkidura-bizitokien sustapenari aplikatu beharreko Eraikuntza, Instalazio Eta Obren Gaineko Zerga likidazioan 10/1989 Foru Arauaren, ekainaren 30ekoa, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzkoaren, 4.2 artikuluko d) eta e) azpiataletan jasotako hobariak aplikatzeko konpromisoa hartzen du. Atal horiek hurrengoa aurreikusten dute:
d) % 50era arteko hobaria babes ofizialeko etxebizitzei lotutako eraikuntza, instalazio edo obretarako eta % 95era arteko hobaria etxebizitza horiek etxebizitza sozialen sailkapena baldin badute.
e) % 90era arteko hobaria ezinduen ibilera eta bizimodua errazten dituzten eraikuntza, instalazio edo obretarako.
e) atalean ezarritako hobaria aurreko letretakoak aplikatzearen emaitzako kuotari aplikatuko zaio, halakorik egonez gero.
Zazpigarrena.– Lekeitioko Udalak salbuetsi egingo du Euskadiko Autonomia Erkidegoa Euskal Herriko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 207. artikuluan araututa datozen hirigintza-lizentziengatik dagozkion tasak ordaindu beharretik (horien artean daude lokalak irekitzeagatiko lizentzia, garajeak, erregaiak biltegiratzea, galdara-aretoak, informazioaren tratamendu eta komunikazio zerbitzuak eta abar), betiere Hitzarmen honen helburu diren zuzkidura-bizitegiak sustatzeko beharrezko direnak.
Zortzigarrena.– Lekeitioko Udalak ez dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, administrazio publikoa den aldetik, inolako finantza-bermerik jartzeko eskatuko, aplikatu beharreko araudian eska daitezkeen fidantza edo bermeak osatzeko, batez ere obrak egitean ukitu daitezkeen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higiezin edo higigarriak ordezkatzearekin edo hondakinak kudeatzearekin lotuta.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zin egiten du hondakinak horien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera kudeatuko dituela, hau da, horiek baloratzeari emango diola lehentasuna (ezabatzeari bainoago), eta neurri egokiak hartuko dituela obraren ondorioz sor daitekeen eragina murrizteko, eta, edonola ere, obraren ondorioak jasan ditzaketen udal-titulartasuneko ondasunak beren hasierako egoeran utziko dituela bermatzeko.
Bederatzigarrena.– Bi Herri Administrazioek beharrezkotzat hartzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, zuzkidura-bizitoki hauen sustapena egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.
Hamargarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta, beraz, berau interpretatu, aplikatu eta betearaztearekin edo beronen ondorioekin lotuta sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea amaitu denean.
9/2017 Legearen, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa eta 2014ko otsailaren 26ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/23 (EB) eta 2014/24 (EB) Zuzentarauen Espainiako ordenamendu juridikora transposizioa egiten duena, 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, hitzarmen honek ez du lege hori bete behar. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatu ahalko dira egon daitezkeen zalantzak edo atzeman daitezkeen hutsuneak ebazteko.
Hamaikagarrena.– Lankidetza-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, hura sinatzen denetik aurrera. Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.
Hamabigarrena.– Dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena deuseztatzeko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.
Hala eta guztiz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honetan aurreikusitako sustapenean atzera egin ahalko du, aurreko paragrafoan aurreikusitako kalte-ordaina ordaindu behar izanik gabe, baldin eta, sortzen diren arrazoien ondorioz (adibidez, hirugarren pertsonek eskuraketaren xede diren ondasunak okupatzearen ondorioz), hori gauzatzea bideraezina bada.
Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Lekeitioko alkate-udalburua,
KOLDO GOITIA MARKUERKIAGA.