EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018125

ERABAKIA, 2018ko ekainaren 7koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Bilboko Hezkuntza Fakultatearen Arautegia aldatzekoa.

Xedapenaren data: 2018-06-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201803378
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/10/19an argitaratutako 2012/09/27ko AKORDIOA indargabetzen du [201204629]

Bilboko Hezkuntza Fakultateko batzarrak, 2018ko martxoaren 26an egindako bileran, erabaki zuen ikastegiko arautegia aldatzea (2012ko urriaren 19ko EHAA); ikastegia unibertsitate eskola izatetik fakultate izatera iragan berri delarik, bere izaera honek eragindako formazko zenbait aldaketa jasotzeko. Kontutan hartuta ukitu beharreko artikuluak hainbat direla, testu berri bat aurkezten da onets dadin.
Proposatzen den aldaketak badu izan beharreko legezkotasun txostena.
Gobernu Kontseiluari dagokio ematea behin betiko onespena ikastegien arautegietan egindako aldaketei.
Adierazitakoarengatik, idazkari nagusiaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Onestea Bilboko Hezkuntza Fakultatearen Arautegia, atxikitako dokumentuarekin bat etorrita.
Bigarrena.– Agintzea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.
Hirugarrena.– Arautegia indarrean sartuko da argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Leioa, 2018ko ekainaren 7a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO BILBOKO HEZKUNTZA FAKULTATEAREN ARAUTEGIA
1. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Ikastegiko Batzarrak 50 kide hautetsi izango ditu, era honetara banatuta sektoreen arabera:
– Unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaileak: % 63,75.
– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: % 2,09.
– Ikasleak: % 22,08.
– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 12,08.
2. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 11. artikuluaren zehaztapena.
Batzorde iraunkor bat egongo da, kide hauek izango dituena: dekanoa, batzordeko burua izango dena; idazkari akademikoa, idazkaria izango dena; eta hamahiru kide hautetsi, hauteskunde talde guztien artean banaturik Ikastegiko Batzarrean dauzkaten ordezkarien ehuneko berberekin, eta betiere bermaturik talde bakoitzak gutxienez ordezkari bat duela.
Batzorde honen eginkizunak Ikastegien Oinarrizko Arautegiak Ikastegiko Batzarrari esleitutakoak izango dira, eskuordetu ezin zaizkionak izan ezik; funtzionamendurako oinarrizko arauak ere Ikastegiko Batzarraren funtzionamendurako oinarrizko arautegian zehaztutako berak izango dira.
3. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 12.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Ikastegiko Akademia Antolakuntzako Batzordeak kide hauek izango ditu: ikastegiko dekanoa edo hark bere ordez izendatuko duen pertsona (bera izango da burua); ikastegiko idazkari akademikoa (idazkaria izango da); ikastegian ematen diren titulazio bakoitzeko irakasle bat; eta ikasleen ordezkari bat.
4. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14. artikuluaren zehaztapena.
1.– Euskara Batzordea.
Euskara Batzordea eratuko da, parte hartze, kontsulta eta aholkurako organoa izango dena. Batzordeak kide hauek izango ditu: dekanoa edo hark bere ordez izendatuko duen pertsona (batzordeko burua izango da); ikastegian ematen diren titulazio bakoitzeko irakasle bat; ikasleen ordezkari bat; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
2.– Berdintasun Batzordea.
Berdintasun Batzordeak kide hauek izango ditu: dekanoa edo hark bere ordez izendatuko duen pertsona (batzordeko burua izango da); ikastegian ematen diren titulazio bakoitzeko irakasle bat; ikasleen ordezkari bat; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Batzordearen helburua da berdintasun politikak sustatu eta ezartzea ikastegiko bizitzarekin eta kudeaketarekin zerikusia daukaten alor guztietan.
5. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 18.3 artikuluaren zehaztapena.
3.– Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute beren eginkizunak betetzeko behar duten dokumentazio eta informazio guztia eskatu eta eskuratzeko. Eskaria idatziz egin beharko diote idazkari akademikoari. Eskaria egin eta gehien dela hamabost eguneko epean emango zaizkio interesatuari eskatutako dokumentazioa eta informazioa.
6. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.1 artikuluaren zehaztapena.
1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Deialdi bien artean hamabost minutuko tartea egon beharko da.
Edozein kasutan, beti egon beharko dute bileran organoko buruak eta idazkariak edo, bestela, haien ordezkoek.
7. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 24.3 artikuluaren zehaztapena.
3.– Dekanoa sufragio unibertsalaz aukeratuko da. Ezin izango da eskuordetu botoa (oinarrizko arautegiko 19.2 artikuluan aurreikusitako aukera).
8. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena.
Ikastegiko dekanoa hautatzeko, botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.
9. artikulua.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Hautetsiak kargua uzten duenean, zerrenda bereko hurrengo kide ez hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena Bilboko Hezkuntza Fakultateko batzarraren hurrengo bileran gauzatuko da, organoko idazkariak horren berri ematen duenetik kontatzen hasita.
10. artikulua.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.
3.– Fakultateko Batzarraren bilerarako deia behin eginda, edozein kide hautetsik eskari arrazoitua egin ahal izango du, ikastegiko idazkaritzan, bere ordezkoa joateko bilerara. Bilerara joateko ezintasuna edo/eta baja justifikatuko duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolaren Arautegia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zena 2012ko urriaren 19an, indargabetuta geratuko da arautegi hau indarrean sartu bezain laster.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.