EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018125

ERABAKIA, 2018ko ekainaren 7koa, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Arautegiaren aldaketa onesteko dena.

Xedapenaren data: 2018-06-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201803377
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • 2016/12/22an argitaratutako 2016/11/30reko EBAZPENA aldatzen du [201605456]

UPV/EHUren estatutuen 18. artikuluarekin bat, ikasleen arautegia onestea Gobernu Kontseiluaren eskumena da. Onespen hori UPV/EHUren Ikasleen Kontseiluari aldez aurretik entzun ondoren egin behar da. Ikasleen arautegian, gutxienez, kolektibo horren eskubideak eta betebeharrak agertu behar dira, bai eta kolektiboaren ordezkaritzaren estatutua eta ikasleen elkarteek UPV/EHUn parte hartzeko dituzten mekanismoak ere.
Aipaturiko xedapenean ezarritakoa aplikaturik, Gobernu Kontseiluak Ikasleen Arautegia onetsi zuen, 2012ko ekainaren 21eko saioan, eta uztailaren 31n argitaratu zen EHAAn.
2016ko azaroaren 3ko saioan, Gobernu Kontseiluak ikasleen arautegiaren aldaketa onartu zuen, abenduaren 22ko EHAAn argitaratu zena. Onartutako aldaketen bidez, arautegia ikastegien berrantolaketak eragindako egoera berrira egokitu zen.
Gaur proposatzen den bigarren xedapen gehigarriarekin, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek unibertsitatearen espazioak erabiltzeko prozedura arautu nahi da.
Espedientea izapidetu ostean, Lege Zerbitzuak eta Estatutuak Garatzeko Batzordeak aldeko txostena eman diote bigarren xedapen gehigarri hau Ikasleen Arautegian txertatzeko proposamenari.
Honengatik guztiagatik, idazkari nagusiaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Arautegiaren bigarren xedapen gehigarria onartzea, I. eranskinean jasotzen den eran.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Xedapen berria EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Leioa, 2018ko ekainaren 7a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.
I. ERANSKINA
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Arautegi honen 2.16, 17.7, 19.4 eta 55.2 artikuluek aipatzen dituzten eskubideak honako arau hauen arabera arteztuko dira.
1.– Unibertsitate espazioak erabiltzeko baimena lortu ahal izango dute UPV/EHUn matrikulatutako ikasleek, helburuak honako hauek badira:
– Ikasleen ordezkaritzari dagozkion organoen berariazko jarduerak egiteko, espazioak erabiltzeko baimena ordezkaritza-organo horietako kideei ez beste inori emanik.
– Ordezkaritza-organoek, ikasleen elkarteek edo ikasle talde batek sustatutako bestelako jarduera puntualak, sustatzaile bat behar bezala identifikaturik eta jarduerak unibertsitatearen helburuekin lotuta badaude, kultura eta jakintzaren transmisioari dagokionean.
2.– Ez da espazioak erabiltzeko baimenik emango honako kasu hauetarako:
– Proposatutako jarduera UPV/EHUren estatutuen 4. artikuluan ezarritako unibertsitatearen helburuen aurkakoa denean.
– Ekitaldia eginez gero, pertsonen edota ondasunen segurtasunerako arriskurik eragiteko arrazoi sendorik balego.
3.– Espazio bat erabiltzeko baimena jaso duten ikasleek betebehar hauek izango dituzte.
– Utzitako aretoak behar bezala eta arduraz erabili, bertako egiturako elementurik eta hornikuntzarik inola ere aldatu gabe eta unibertsitatearen ondareari nola pertsonei arriskurik lekarzkiekeen ezelako ekintzarik egin gabe.
– Areto bera erabiliko duten gainerako ikasleen jarduerak zein beste edozein unibertsitate kideenak eragotzi edo oztopa litzaketen ekintzak ez egin.
– Espazioak ikastegiaren irekiera ordutegiaren barruan erabili, salbuespena izanik ikastegiak beste aukera batzuk eskaintzen baditu, Xedapen honen 8. artikuluaren arabera.
– Unibertsitateko agintariei informazioa eman eta lankidetza eskaini, ondare edo pertsonentzako arriskurik antzemanez gero.
4.– Sartzeko baldintzak.
Espazio edo areto jakin batzuk erabiltzeko baimena jaso duten ordezkaritza-organoek, ikasleen elkarteek edo pertsona eskatzaileek errespetatu beharko dituzte, edozein kasutan, espazio horien ardura duten unibertsitate-organoetan sartzeko baldintzak. Unibertsitate-organoek prebentzio, segurtasun eta garbiketa irizpide orokorrak ezarriko dituzte sartzearen kudeaketan.
5.– Prozedura.
1) Campusetako espazioak erabiliz gero, arau hauek tokian tokiko campusean ezarritako arautegiaren osagarri izango dira.
2) Prozedura ordezkaritza-organo, ikasleen elkarte edo talde sustatzailearen ekimenaz hasiko da, aurkeztu beharreko eskabidea aurkeztuta, ordezkaritza-organoko edo elkarteko buruak edo talde sustatzaileko ikasle batek egin eta organo eskudunari igorrita, ebatz dezan.
Jarduera puntualen kasuan, eskabidea aurkeztu beharko da egin beharreko jarduera hasi baino 15 egun lehenago.
3) Honako hauek dira organo eskudunak, kasuan kasu:
– Ikastegiko dekanotza edo zuzendaritza, erabili beharreko aretoa ikastegi batena bada.
– Tokian tokiko campuseko errektoreordea, aretoak campusenak direnean, bai eta erabili beharreko azpiegitura duen ikastegiaren mailatik gorakoa denean burutuko den jarduera, ikastegiak berak hala iritzita.
4) Eskabideak adierazi behar du:
– Baimenaren helburu den jarduera (ordezkaritza-organoek edo ikasleen elkarte edo ikasle talde batek sustatutako jarduera iraunkor, puntual edo aldikakoak).
– Ikasle talde batek eskatutako jarduera puntual edo aldikakoak direnean, taldeko kideen identifikazioa.
– Jarduera puntual edo aldikakoen kasuan, jardueraren deskribapena, data eta ordutegia, eta jarduera burutu ahal izateko espazioaren ezaugarriak.
5) Eskabidea jasota, organo eskudunak erabakiko du erabilera bat ote datorren xedapen gehigarri honen 1. eta 2. apartatuetan jasotakoarekin, bai eta espaziorik ba ote dagoen, eskabidean adierazitako ezaugarriak dituenik. Edozein kasutan, egindako eskabidearen inguruko argibideak eskatu ahal izango zaizkie eskabidearen egileei.
6) Aurreko baldintzak betez gero, organo eskudunak ebazpena eman beharko du eskabidea egin eta, beranduen, 15 eguneko epean, erabili ahal izango den aretoaren ezaugarriak eta erabiltzeko baldintzak zehaztuz, eskabidean jaso denaz bestelakoa bada. Aretoak erabiltzeko baimena ukatzen bada, arrazoitu egin beharko da.
6.– Baimena baliogabetzea.
1) Unibertsitateak arrazionalki jakin edo susmatzen badu burutu beharreko jardueran utzitako espazioen baimendu gabeko erabilera egiten ari dela edo baimenean zehaztutako erabiltzeko baldintzak betetzen ez direla, baimena baliogabetu ahal izango du, espazioa erabiltzeko baimena lortu duten pertsonei entzun eta gero.
2) Ikasleen elkarteen kasuan, arauak beteko ez balitu, ikasleen elkarte eskatzaileak gal lezake Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen elkartearen izaera, arautegi honen 57. artikuluan ezarritakoa aplikatuz.
3) Baimenaren baldintzak ez betetzeagatik, erabilerak ondare eta pertsonentzako arriskurik ekar balezake edo unibertsitatearen berariazko jarduerak eragotziko balitu, unibertsitateak baliogabe lezake baimena bestelako tramiterik egin gabe, kasuan kasuko espazioa erabiltzeari berehalakoan utzita eta inolako kalte ordainik jasotzeko eskubiderik aitortu gabe.
4) Era berean, baimena baliogabetu edo erabilerarako baldintzak aldatu ahal izango dira baldin eta utzitako aretoak beharko balira unibertsitatearen berezko irakaskuntza, ikerkuntza edo bestelako jardueraren bat burutzeko.
7.– Erantzukizunak.
Ordezkaritza-organoek, elkarteek eta ikaste taldeek beren gain hartu beharko dituzte aretoetan gertatutako kalte-galerak, egindako erabilera okerrak eraginda.
Beraz, eta tartean gerta litezkeen mota guztietako erantzukizunak erantzukizun, beren egin beharko dituzte erabilera okerrak unibertsitatearen ondare eta instalazioetan eragindako kalte eta hondamenen konponketak.
Aipatutako ondorio hauetarako, unibertsitateak eskabidea sinatu duen pertsonarengana joko du eta hark eskura lukeen informazio guztia eman beharko du gertatutakoaz edo unibertsitateak eskatutakoez.
Elkarte, ordezkaritza-organo edo talderen baten izenean erabilera okerra gertatzen bada, unibertsitateak, hala baleritzo, gutxitu ahal izango du legokiokeen laguntza edo aurrekontu-partidaren zenbatekoa.
8.– Bigarren xedapen gehigarriaren garapena.
Ikastetxeek, haien beharren arabera, bigarren xedapen gehigarri honen artikuluen edukiak garatu eta zehaztu ahal izango dituzte, ikastetxeko ikasle-kontseiluari entzun ondoren.