EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2018123

ERABAKIA, 2018ko ekainaren 7koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, zeinaren bidez onartzen baita Nazioarteko Sakontze Aipamena, graduko eta masterreko tituluei lotuta dagoena.

Xedapenaren data: 2018-06-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201803316
Maila: Akordioa
Gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko eta eskumenak eskuordetzeko Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpenak Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloan gai hau sartzen du: «Graduko tituluen eta master eta doktoregoko tituluak, egiaztagiri akademikoak eta Tituluaren Europar Gehigarria (TEG) ematea». Arlo horrek adierazi du aipamen hori onartu duela 2018-05-24ko Graduko Batzordean eta 2018-05-18ko Graduondoko Batzordean. Bestalde, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloari dagokio «arloen arteko proiektuak koordinatzea».
Eskumen hori dela eta, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuen 177.1.b) artikulua kontuan izanik, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen proposamenez, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Onartzea Nazioarteko Sakontze Aipamena, graduko eta masterreko tituluei lotuta dagoena, eranskinean zehazten den moduan.
Bigarrena.– Agintzea Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila.
Leioa, 2018ko ekainaren 7a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.
NAZIOARTEKO SAKONTZE-AIPAMENA
Zioen azalpena:
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak prestakuntzaren nazioartekotzea bultzatzen du, bere ikasleei hizkuntza, kultura eta prestakuntzako gaitasunak emateko, horrela arrakasta handiagoz aurre egingo baitiete etorkizunean gizarte globalizatuaren erronkei. Gaitasun horiek balio handia dute erakunde eta enpresentzat langileak hautatzerakoan.
Horregatik, garrantzitsutzat jo da baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten UPV/EHUko tituludunei nazioarteko profila aitortzea tituluaren gehigarri europarrean (TGE).
UPV/EHUk, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzaren bitartez, Nazioarteko Sakontze Aipamena emango die baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten graduko edo masterreko ikasleei.
1. artikulua.– Baldintzak.
Nazioarteko Sakontze Aipamena lortu ahal izango dute graduko edo masterreko ikasketak bukatutakoan honako baldintza hauek betetzen dituzten ikasleek:
1.– Atzerriko hizkuntzetan gutxienez 15 kreditu egin izana UPV/EHUko gradu batean (Practicuma eta Gradu Amaierako Lana kanpo utzita) edo master batean (Practicuma eta Master Amaierako Lana kanpo utzita), edo, kulturarteko gaitasunen arloan gutxienez 3 kreditu egin izana, horretarako UPV/EHUk eskaini eta Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak koordinatuko duen «Intercultural competences» ikastaroa gaindituta.
2.– Graduko edo masterreko ikasketak edo praktikak egiteko nazioarteko egonaldi bat egin izana, gutxienez, hiru hilabetekoa, UPV/EHUren trukerako hitzarmen edo programa baten babesean.
3.– Atzerriko hizkuntza batean Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 maila edo goragokoa lortu izana. Maila hori egiaztatuko da Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarrak (EUEB) egindako baliokidetza tauletan onartutako diploma edo ziurtagirien bidez edo Asociación de Centros de Lenguas en la Enseñanza Superior (ACLES) elkarteak aintzat hartutako hizkuntza ziurtagiriak aitortzeko taulan onartutakoen bidez.
2. artikulua.– Prozedura.
Aipamena emango zaie baldintza horiek graduko edo masterreko ikasketak amaitu baino lehen betetzen dituzten eta titulu ofiziala eskatu baino lehen egiaztatzen dituzten ikasleei.
Lehenengo eta bigarren puntuetan ezarritako baldintzak betetzen diren ala ez unibertsitateak egiaztatuko du, baina hirugarren puntuan adierazitako baldintza (hizkuntza-maila) betetzen dela ikasleak berak egiaztatu beharko du.
Salbuespen moduan, aipamena lortu aurretik TGE eskuratu duten 2017-2018 ikasturteko titulatuek beste TGE bat eskatu ahal izango dute –aipamena txertatuta daukana–, baina itzuli egin beharko dute hasieran eskuratutako dokumentua.
3. artikulua.– Espedienteen gestioa.
Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak eskabideak aztertuko ditu eta, baldintzak betetzen diren kasuetan, baimendu egingo du Nazioarteko Sakontze Aipamena tituluaren gehigarri europarrean sartzea.
4. artikulua.– Aipamena tituluaren gehigarri europarrean sartzea.
UPV/EHUk graduan edo masterrean horretarako baldintzak betetzen dituzten ikasleei. emango die Nazioarteko Sakontze Aipamena.
Aipamen hori TGEn agertuko da, egokitzat jotzen den lekuan aintzat har dadin.
TGEren 6.1 apartatuan (Informazio osagarria) txertatuko den testua honako hau izango da: «Ikasleak Nazioarteko Sakontze Aipamena lortu du. Aipamen hori UPV/EHUk eman dio, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 7an hartutako erabakiarekin bat».
XEDAPEN GEHIGARRIA
Aipamen hau eman ahal izango zaie graduko edo masterreko ikasketak 2017-2018 ikasturtean edo hurrengoetan bukatzen dituzten ikasleei.
AZKEN XEDAPENA
Aipamena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.