EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2018122

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 31koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez «Fundación Instituto de Selección Escolar de Bizkaia» fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

Xedapenaren data: 2018-05-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201803293
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskaeraren espedientea. Honako aurrekari hauek ditu oinarri:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2018ko apirilaren 18an jaso zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean «Fundación Instituto de Selección Escolar de Bizkaia» fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea, 9/2016 Legea (ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioei buruzkoa) betetze aldera. Izan ere, aldaketa hori 2018ko martxoaren 19an erabaki zuen Fundazioaren Patronatuak. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskaera-idazkiari.
Bigarrena.– Halaber, bilera berean, Fundazioaren Patronatuak erabaki zuen fundazioaren xedeak aldatzea eta gizartearen errealitatera egokitzea, baita fundazioaren helbidea eta zuzkidura aldatzea ere. Aurkeztutako dokumentazioaren bidez eskatzen da Babeslaritzak fundazioaren xedeak alda daitezen onartzeko, fundatzaileek berariaz debekatu ez dituztelako.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusten dute ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena) 3.1 artikuluan, ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duena) 4.1.a) artikuluan, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua) 6.1.m) artikuluan, eta apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa) 3.1 artikuluan.
Bigarrena.– 9/2016 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa, ekainaren 2koa) 1. xedapen iragankorrak ezartzen du fundazioek lege horrek ezartzen duenera egokitu behar dituztela estatutuak, legea indarrean jartzen denetik urte biko epearen barruan.
Era berean, Lege horren 37.1 artikuluak honako hau xedatzen du:
«Fundazioaren patronatuak, arrazoiak emanda, estatutuak aldatzea erabaki dezake, baldin eta fundazioaren interesari komeni bazaio, fundazioaren helburua errespetatzen bada eta fundatzaileek berariaz debekatu ez badute.
Patronatuak onetsitako estatutu-aldaketek fundazioaren helburua errespetatzen dutela ulertuko da, eta ez da beharrezkoa izango aldaketa horiek babesletzak onestea erregistroan inskribatu aurretik.
Hala ere, estatutuak aldatzen badira fundatzaileek ezarritako helburuak aldatzeko edo ezabatzeko, fundatzaileen onespena lortu beharko da ahal den kasuetan, baita babesletzaren berariazko onespena ere, aldaketa erregistroan inskribatu aurretik.»
Kasu honetan, fundazioaren xedeak aldatuta ez dira xede horien edukia eta izaera aldatzen, fundazioaren nahia ere ez da aldatzen; aitzitik, soilik aldatzen da horien idazketa formala, gizartearen errealitatera egokitzeko asmoz.
Hirugarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, honako hauetan eskatutakoak: ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2. artikuluetan eta lehen xedapen iragankorrean (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa), ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 33.1. artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duena), ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena). Horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.
Aipatutako arauak eta aplikagarriak diren gainerakoak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Fundazioaren xedeei buruzko artikulua alda dadin onartzea.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Bilboko «Fundación Instituto de Selección Escolar de Bizkaia» fundazioaren estatutuen aldaketak, 9/2016 Legera (ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa) egokitu dadin, eta fundazioaren xedeei, helbideari eta zuzkidurari buruzko artikuluen aldaketa ere inskribatzea, 2018ko apirilaren 9an Juan Ignacio Gomeza Villa notarioaren aurrean (protokolo zk.: 627) egin zen eskritura publikoan ezarritakoa betez.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 31.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.