EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2018121

AGINDUA, 2018ko ekainaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak iragartzen baitira hezkuntza-premia bereziko ikasleak eskolatzen dituzten eta 2018-2019 ikasturterako Hezkuntza Laguntzako Espezialistak kontratatu behar dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-06-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201803272
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1998/07/13an argitaratutako 1998/06/23ko 199800118 DEKRETUA

236/2015 Dekretuak Oinarrizko Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako curriculumak zehazten ditu, eta 237/2015 Dekretuak, aldiz, curriculum horiek Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen. Dekretu horiek adierazten dutenez, honako hau da eskola inklusiboa: haur eta gazte guztiek hezkuntzarako sarbidea dutela bermatzen duena, baina ez edozein hezkuntzatara, baizik eta kalitatezko hezkuntzara aukera berdintasunean, justua eta guztientzat ekitatiboa den horretara. Eskola inklusiboak ikasle guztiei eskaini behar dizkie hezkuntza-aukerak eta behar diren laguntzak, ikasleok akademikoki eta pertsonalki garatzeko, hezkuntzarako aurreikusitako helburuak lor ditzaten. Pertsonei egokitutako testuinguru bat sortu behar da, desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes eta laguntza espezifikoak emango dizkiena.
Bestalde, Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna antolatzeko ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuaren 11. artikuluan ezartzen duenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak –gaur egun Hezkuntza Saila dena– garatuko ditu behar diren xedapen administratiboak baliabide espezifikoen hornidura zehazteko itunpeko ikastetxe pribatuetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei arreta eman diezaieten.
Horiek horrela, xedapen hauekin bat etorriz Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua, zeinaren bidez arautzen baitira EAEko herri-administrazioaren diru-laguntzak; eta, 2018ko Aurrekontu Orokorrak onetsi zituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak baimendutako kredituen arabera, nahikoa aurrekontu-zuzkidura badagoenez; eta bat etorriz aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta zuzkidura.
1.– Agindu honen xedea da itunpeko ikastetxe pribatuei laguntzak ematea, baldin eta hezkuntza-premia bereziak (aurrerantzean HPB) dituzten ikasleak eskolatzen badituzte eta Hezkuntza Laguntzako Espezialistak (aurrerantzean, HLE) kontratatu behar badituzte 2018-2019 ikasturterako. Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 11.900.000,00 euro bideratuko dira. Honela banatuko da zenbateko hori: 2018rako, 4.200.700,00 euro, eta 2019rako, 7.699.300,00 euro.
2.– Halere, artikulu honetan zehaztutako kopurua emendatu ahal izango da, deialdia ebatzi baino lehen, Hezkuntza Saileko beste programa batzuk gauzatu ondoren lortzen diren agortu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera, indarrean dagoen legedian xedatutako kreditu-loturaren araudiari nahiz aurrekontuak aldatzeko araudiari jarraikiz. Halako egoera bat suertatuz gero, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri.
3.– Aurrekontu-funtsak agortuko balira, horiek eskatutako baldintza guztiak betetzen dituzten eskaera guztien artean banatuko dira, eskaera guztiei erantzuteko behar den guztizko zenbatekoa kontuan izanda bakoitzarentzat hasieran kalkulatutako kopuruen proportzio berdinean.
2. artikulua.– Onuradunak.
Agindu honetako laguntzen esleipen honetara aurkeztu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuak, baldin eta HPBak dituzten ikasleak eskolatzen badituzte 2018-2019 ikasturtean eta HLE kontratatu behar badute ikasle horien autonomia eta curriculumerako sarbidea sustatzeko.
3. artikulua.– Baldintzak eta haien egiaztapena.
1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute ikastetxeek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 6. artikuluan xedatuarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 2. zenbakiarekin bat.
2.– Gainera, honako egoeraren batean dauden erakundeak ezingo dute laguntza eskatu, eta ezin izango dira erakunde onuradun izan:
– Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.
– Diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zehapen penal edo administratiboa duten zentroak, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta daudenak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.
Hori dela eta, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, justifikatzeko ez daudela sartuta erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan; dena dela, horrek ez du balioko justifikatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela.
3.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, hala dagokionean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
4.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteaz batera, eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.
5.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:
– Ez duela administrazio- edo zehapen-penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.
– Eskabidean eta agirietan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoeraren batean.
– Bete dituela Hezkuntza Saileko hezkuntza-premia berezien aplikazioan eskatzen diren datuak.
4. artikulua.– HLE pertsonala: titulazioa eta funtzioak.
1.– Sare publikoan pertsonal hori kontratatzeko eskatzen den bezala, 2018-2019 ikasturtean, HLE berriek titulazio hauetako edozein edo baliokidea izan beharko dute:
– Goi Teknikaria Gizarteratzean.
– Goi Teknikaria Haur Hezkuntzan.
2.– Kontratatutako pertsonalak ez du epai irmo bidezko zehapenik izan behar sexu-askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik. Ondorio horietarako, ikastetxeak kontratatzen duen pertsonalari baimena eskatuko dio Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aipatzen den ziurtagiria langilearen izenean lortzeko behar diren datu-baseak kontsultatzeko.
3.– HPBak dituzten ikasleen autonomia eta curriculumerako sarbidearekin erlazionatutako zereginak egingo ditu HLE pertsonalak, hezkuntza-izaerako (ez irakaskuntzakoa) gaitasun profesionalaren ekarpena eginez, eta erreferentziako Berritzeguneko HPB aholkularitzekin lankidetzan, horiek zehaztuko baitituzte HLE bakoitzak egin beharreko egiteko eta zereginei buruzko orientazio egokiak zein diren dagozkion ikasleekiko jarduketa-planaren esparruan. Agindu honen arabera laguntza jaso dezaketen HPBak curriculumerako sarbiderako eta ondorengoekin erlazionatutako gaitasun egokitzaileetarako dira:
a) Zainketa pertsonala.
b) Jokaera eta komunikazioa.
c) Trebetasun motorrak.
d) Autogidatzea.
e) Komunitatearen erabilera.
f) Osasuna eta segurtasuna.
4.– HLEen egitekoak eskola-garaian egingo dituzte, eta hauek izango dira egitekook:
– Autonomia eta irisgarritasunarekin erlazionatutako jarduketa-planak egitea, aplikatu eta horien jarraipena egitea irakasleekin edo tutorearekin, hala behar duten HPBdun ikasleentzat.
– Gaitasun egokitzaileen garapen-programak egiten, aplikatzen eta horien jarraipenean parte hartzea, hala behar duten HPBak dituzten ikasleentzat.
– Era aktiboan parte hartzea ikastetxeko gainerako pertsonalarekin HPBak dituzten ikasleen arreta eta zaintzan jolas-orduetan eta atsedenaldietan, gainerako ikasleekin erlazio egokia izan dezatela erraztuz.
– Laguntza eta aholkularitzarako profesionalekin (fisioterapeutak, irakasle espezializatuak, HPBen aholkularitzak, etab.) parte hartzea beren presentzia eskatzen duten HPBdun ikasleak dauden jarduketetan.
– Laguntza osagarriko profesionalekin (fisioterapeuta, irakasle espezializatuak, terapeuta okupazionala...) lankidetzan jardutea HPBak dituzten ikasleek curriculumera sartzeko behar dituzten altzariak, materialak eta laguntza teknikoak egokitu eta erabiltzen.
– Hala behar duten HPBdun ikasleei laguntzea eskola-jarduera garatu ahal izateko beharrezkoak diren lekualdatzeetan.
– Laguntzea edo istripuak prebenitzeko eta lehen laguntzako teknikak aplikatzea, ezarritako jarduketa-protokoloak eta -jarraibideak jarraituta.
– Bere eskumenekoak diren alderdiei buruzko txosten teknikoak egitea.
5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Laguntzen zenbatekoak inolako kasutan ez du gaindituko soldata osoa gehi Gizarte Segurantza (eta estrei eta oporrei dagokien proportzioa) kontratatutako HLE bakoitzeko, Gizarte Segurantza barne, oinarri gisa kostu garbi hau hartuta: 2018rako, 31.109,42 euro urteko eta 2019rako, 31.109,42 euro urteko, astean 35 orduz lan eginez. Zifra horietatik abiatuz kalkulatzen da HLE batek egindako lan-ordu bakoitzeko kostu garbia, Gizarte Segurantza barne, urteko egiazko lanaldia kontuan hartuta, eta kostu hori 22,38 eurokoa izango litzateke.
2.– Laguntzen kopuruen kalkuluak 2018-2019 ikasturteari dagokion aldiaren arabera egingo dira, 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra arte, eta asteko dedikazio-modulu hauen arabera:
25 ordu asteko: 22.221,01 euro.
20 ordu asteko: 17.776,81 euro.
15 ordu asteko: 13.332,61 euro.
10 ordu asteko: 8.888,41 euro.
3.– Salbuespenez, ikastetxe interesdunak hala eskatuta, aurreko puntuan ezarritako ordutegi-moduluez bestelako modulu bat eman ahal izango da, eranskinean dagokion atalean adierazita eta asteko dedikazio-modulu hauen arabera:
35 ordu asteko: 31.109,42 euro.
30 ordu asteko: 26.665,22 euro.
Horretarako, beharrezkoa izango da Berritzeguneen HPBetarako aholkularitzek egindako txostenekin abalatzea eta ikasleak honelakoak izatea: mugitzeko desgaitasunari lotutako hezkuntza-premia berezietako ikasleak, elikadurari lotutako eginkizunetarako laguntza behar dutenak, eta portaeraren nahaste larriari lotutako hezkuntza-premia berezietako ikasleak, autolesioak edo erasoak saihesteko ikuskatze handia eskatzen dutenak. Balorazio-batzordeak aztertuko ditu eskabide horiek.
4.– Hauek izango dira HLE pertsonalaren hornidura-beharrak ezartzeko irizpideak:
– Oro har, ikasgela arruntean, HLE batek HPBak dituzten bi ikasleri emango die arreta, laguntza orokortua behar dutenean; hiru ikasleri, baldin eta laguntza zabala behar badute, eta lau ikasleri, baldin eta laguntza mugatua behar badute.
– Oro har, ikasgela egonkorrean, zuzkidura normalizatua HLE batekoa izango da.
– Aldizkako laguntzek edo unean-unekoek ez dute justifikatuko HLE pertsonalaren horniduraren beharra.
Salbuespenez, ikastetxeek beren eskaeran aurreko puntuetan adierazitakoak baino pertsonal-behar handiagoak jarri ahal izango dituzte, eta era egokian justifikatu beharko dute egoera horien testuinguruen araberako azterlan batekin, balorazio-batzordeak azter ditzan.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/eae/y22-izapide/es/
2.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.
Eskabidea egin ostean, hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak web-orri honen bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.net/misgestiones
3.– Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
– Inprimakia eskatutako moduluekin, eta HLEren aparteko baliabidea behar duten eta HPBak dituzten ikasleen zerrenda, eta, jarduketa-planaren proposamenaren arabera, zer gaitasun egokitzailetarako behar den. Inprimaki hau Hezkuntza Sailaren aplikazio informatikoan bete beharko da (https://www.hezkuntza.net/appcont/control_acceso/index_c.html).
– Lanpostu horiek betetzeko kontrata daitezkeen pertsonen zerrenda eta haien titulazioak.
4.– Behin eskabidea jaso eta gero, forma-akatsak edo ez-egiteak antzematen badira, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo falta diren agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazten zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, berariazko ebazpena eman eta gero.
7. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusten diru-laguntzak emateko prozedura.
8. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Balorazio-batzorde bat eratuko da deialdi honen 5. artikuluko 3. eta 4. zenbakietan aurreikusitako salbuespenetara atxiki nahi duten eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, eta hauek osatuko baitute batzorde hori:
– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Hezkuntza Berezirako Zerbitzuaren arduraduna; batzordeburua izango da.
– Hezkuntza Bereziko teknikari bat Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza bakoitzeko.
– Berrikuntzako Zuzendaritzako Hezkuntza Bereziko Zerbitzuko teknikari bat; idazkaria izango da.
9. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebazpen-proposamena.
1.– Hezkuntza Bereziko lurraldeko teknikariek aztertuko dituzte eskabideak. Horretarako, behar diren txostenak eskatuko dizkie Berritzeguneak laguntza-zerbitzuetako hezkuntza-premia berezien aholkularitzei ikastetxe bakoitzak aurkeztutako HLE pertsonalaren hornidura-eskaerari buruz; hor, kontuan izango dira ikastetxeak dituen gainerako baliabideak eta HPBak dituzten ikasleak HLEek laguntzeko beharraren balorazioa («Autonomia eta curriculumerako sarbidearen garapenerako laguntza behar den zehazteko protokoloa» aplikatzean lortzen diren emaitzen eta eskatzen den laguntzaren intentsitate-mailaren arabera –mugatua, zabala edo orokortua–).
2.– Azterketaren ondoren, lurralde bakoitzeko proposamenak bidaliko zaizkie zerbitzu nagusiei, Hezkuntza Berriztatzeko lurralde-arduradun bakoitzaren oniritziarekin.
3.– Zerbitzu zentralek berrikusiko dituzte lurraldeko proposamenak eta balorazio-batzordeak, bere egitekoen eremuan, egindako ebaluazioa, eta, ez badago aurrekontu nahikoa, deialdi honen 1.3 artikulua aplikatzearen ondoriozko banaketa proportzionala egitea erabakiko du.
4.– Ondoren, ebazpen-proposamena egingo du, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko. Proposamen horrek, batetik, diru-laguntza emango zaien ikastetxeen zerrenda, aplikatu beharreko asteko orduen modulua eta emandako diru-laguntzaren zenbateko osoa izango ditu. Bestetik, diru-laguntza ukatu zaien ikastetxeen zerrenda izango du, eta arrazoia adieraziko da.
10. artikulua.– Ebazpena.
1.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilera ebatziko du deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.
2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.
3.– Epe horretan ebazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez du agortzen administrazio-bidea, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
11. artikulua.– Laguntza ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Laguntza hiru epetan ordainduko da: lehenengoa 2018ko ekitaldiaren kargura ordainduko da, eta bigarrena eta hirugarrena, 2019ko ekitaldiaren kargura.
2.– Lehen ordainketa zenbateko guztiaren % 35,30 izango da, eta diru-laguntza emateko ebazpenaren ondoren ordainduko da, ez badago berariazko uko-egiterik ebazpena jakinarazi eta hamar eguneko epean.
3.– Hurrengo bi ordainketetan ordainduko da gainerako zenbatekoaren % 64,70a, erdi bana. Laguntzaren bigarren ordainketa egiteko, agiri hauek aurkeztu behar ditu ikastetxeak:
– HLE bakoitzarekin egindako lan-kontratua.
– Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aipatzen den ziurtagiria lortzeko beharrezkoak diren datu-baseak kontsultatu direla egiaztatzen duten agiriak, eta kontratatutako pertsonalak ez duela epai irmo bidezko zehapenik jaso sexu-askatasunaren aurkako eta ukigabetasunaren delitu bat dela eta.
Hirugarren eta azken ordainketa egiteko, 2018-2019 ikasturtea amaitutakoan eta 2019ko iraila baino lehen, jasotako laguntzari emandako erabilerari buruzko justifikazio-agiriak aurkeztuko ditu diru-laguntzaren ikastetxe onuradunak, ikastetxeak kontratatutako HLE pertsonalaren nominen eta Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinen bidez, TC1 eta TC2rekin.
4.– Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira web-gune honetan: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak
12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Honako betebehar hauek dituzte agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain, finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak hartzea barne, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz:
– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, non eta erakunde onuradunak ez dion berariaz eta idatziz uko egiten laguntzari, ebazpena elektronikoki jaso eta bost eguneko epean.
– Laguntza zertarako eman den, bada, hartarako erabiltzea.
– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiek eskatzen dioten informazioa ematea, instituzio horiek, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta, beren egitekoak betez informazio hori eskatzen dutenean.
– Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.
– Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea diru-laguntza emateko eskatutako eta kontuan izandako baldintzetako baten bati eragiten dion testuingurua aldatu dela, esaterako, HLEren baliabideen hartzaileak diren eta HPBak dituzten ikasleen lekualdatzea edo baja.
13. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipen- eta kontrol-sistemak ezarri ahal izango ditu, edo/eta behar beste datu eskatu ahal izango ditu onartutako jarduera bakoitzean aurreikusitako helburua eta emaitzak bermatzeko, alde batera utzi gabe Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak baliabide horien funtzionamenduaren inguruan duen kontrola.
14. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.
1.– Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa orok hura emateko ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, baldin eta onuraduna izateko diru-laguntzei buruzko arauak ezarritako gutxieneko baldintzak errespetatzen badira, betiere.
2.– Ez badira emandako diru-laguntzaren zenbatekora iristen HLE langileak kontratatzearen ondoriozko gastu justifikatuak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak deskontatuta, ebazpena emango da laguntza hori murrizteko, eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Diru-laguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen menpe egongo dira, eta, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharko dute, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne):
– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat denean.
– Diru-laguntza ez denean erabiltzen eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.
– Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.
– Justifikatzen ez denean diru-laguntza erabili dela eman ziren helburu zehatzetarako.
– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.
2.– Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak; dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
16. artikulua.– Datuak babestea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Hezkuntza Berezia» izeneko fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak du. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira prozedurako gaietan agindu honetan aurreikusten ez den guztirako.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen duenez, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Sailean, bi hileko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 13a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.