EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2018121

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 3koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Larratxo fundazioaren estatutuen 2. artikuluan egindako aldaketa.

Xedapenaren data: 2018-05-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201803270
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2018ko apirilaren 6an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación Larratxo fundazioaren estatutuen 2. artikuluaren aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori egitea 2018ko otsailaren 7an erabaki zuen Fundazioaren Patronatuak. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskaera-idazkiari.
Bigarrena.– Estatutuen 2. artikuluaren aldaketak berekin dakar Fundazioaren xedeak aldatzea.
Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak, 2018ko maiatzaren 3ko Ebazpenaren bidez, onartu du fundazio horren estatutuetan egindako aldaketa, eta espedientearen ebazpen-proposamena egin du, honako hauek kontuan hartuta:
Fundación Larratxo fundazioak garatu beharreko helburu berriak aztertu dira, eta kontuan hartu da nolako aldaketa dakarten fundazioa eratu zenean jasotako helburuen aldean. Hala, ondoriozta daiteke egindako aldaketak errespetatzen duela fundatzailearen borondatea. Izan ere, batetik, egungo helburuen artean jasotako zerbitzuak emateaz gainera, helburu horien sustapena ere txertatu nahi da; eta, bestetik, fundazioaren jardun-eremu geografikoa zabaldu nahi da Latinoamerikara eta Afrikara, haren helburu sozialarekin bat datozen proiektuak sustatzeko, eta, betiere, interes orokorrari kalte egin diezaiokeen aldaketarik egin gabe.
Horrenbestez, ez dago inolako oztoporik proposatutako aldaketa Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusten dute ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duenak) 3.1 artikuluan, ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duenak) 4.1.a) artikuluan, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretuak) 6.1.m) artikuluan, eta apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak) 3.1 artikuluan.
Bigarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, honako hauetan eskatutakoak: ekainaren 2ko 9/2016 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa) 37. eta 51.2 artikuluetan, ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duena) 33.1. artikuluan, eta ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena) 44. artikuluan. Horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.
Aipatutako arauak eta aplikagarriak diren gainerakoak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Donostiako Fundación Larratxo fundazioaren estatutuetako 2. artikuluaren aldaketa, agindu honen datarekin. Fundazioaren Patronatuak erabaki zuen aldaketa hori egitea, 2018ko otsailaren 7an, eta aldaketa bat dator 2018ko martxoaren 16an Martín Gabarain Astorqui notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin (protokolo-zenbakia: 361).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 3a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.