EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2018120

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntualaren («2.1. Hirigintzako arau orokorrak» dokumentua) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

Xedapenaren data: 2018-06-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201803238
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko urtarrilaren 8an, Donostiako Udalak Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntualaren («2.1. Hirigintzako arau orokorrak» dokumentua) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera bete zuen. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa; azken horrek Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zuen. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2018ko otsailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiari eta Kulturako Zuzendaritza Nagusiari. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion prozeduraren hasiera.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun guztiek egoki iruditzen zitzaizkien ingurumen arloko oharrak egin zitzaten.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostena jaso da (Gipuzkoako Zuzendariordetza), espedientean bertan islatutako emaitzarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntuala («2.1. Hirigintzako arau orokorrak» dokumentua) aurreikusitako egoera horietako batean dago.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, aipatutako txostenak aztertu ondoren, egiaztatzen da ingurumen-organoak, hots, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) behar adina datu dituela ingurumen-txosten estrategiko hau egiteko eta ingurumen-txosten estrategiko hau eman du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako Udalak sustatutako Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntualaren («2.1. Hirigintzako arau orokorrak» dokumentua) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian jasotzen diren baldintzetan (aldaketa puntuala aurrerantzean Plana bezala izendatuko dugu):
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra 2010eko ekainaren 25ean onartu zen ebazpen bidez, eta Donostiako udal-mugarte osoan indarrean den hirigintza-araubide orokorra zehazten du. «2.1. Hirigintzako arau orokorrak» dokumentua Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren parte da eta bertan jasotako zehaztapenek izaera arauemailea dute.
Planteatutako jarduketaren xedea: Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntualak eta bertan jasotako zehaztapenek ez dute inolako eragin fisikorik edo lurralde-eremukorik ez hirian ez bertako udal-mugarteko lurzoru urbanizaezinean. Aldaketa eta zehaztapen guztiek, esklusiboki, izaera arauemailea-literarioa dute.
Hauek dira Planak dakartzan aldaketa nagusiak:
– Edukia egokitzea Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu zenetik hirigintzako legedian izandako aldaketetara (bereziki hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretua), Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean eragina duen sektoreko legedira eta 2010etik aurrera onartutako lurralde antolamenduko agirietara (Donostiako Lurralde Plan Partziala eta Lurralde Plan Sektorialak).
– Erregulatzea turismo-etxebizitzen erabilera berriaren ezarpena eta ohiko etxebizitzetan logelak turismo-erabilerarako alokatzea.
– Zabaltzea sestrapeko eraikigarritasuna nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenei lotutako etxebizitzetan (% 60tik % 100era), zerbitzu behar handiagoak bete ahal izateko.
– Murriztea ibilgailu motordunei eta bizikletei bideratu beharreko aparkaleku plazen gutxieneko zuzkidurak jarduera ekonomikoetara eta ekipamenduetara bideratutako eraikinetan.
– Murriztea landa-ingurunean titulartasun eta sustapen publikoko herri-lanekin (komunikazio sistemak, zerbitzuguneak, ur hornikuntza, hondakin-uren saneamendua, hiri-hondakinak...) lotutako erabilera eta instalazioak ezartzeko partzelen gutxieneko tamaina.
– Murriztea etxebizitzen gutxieneko batez besteko tamaina galdagarria.
– Ezabatzea kanpamendu turistikoaren erabilera (jarduera hori kanpin erabileraren barruan sartuta dago, ostatu-erabilera bat bezala).
– Ezabatzea katalogoari erreferentziak, zeina Eraikitako Hirigintzako Ondarea Babesteko Plan Bereziak ordezkatu duen.
– Ezabatzea hirigintzako eta eraikuntzako udal ordenantzetan sartu beharreko neurrien zerrendatik hiriko ingurumena hobetzearekin lotutakoetako batzuk.
– Sartzea Planean arauak hobeto ulertzea helburu duten semantikarekin eta idazketa estiloarekin esklusiboki lotutako aldaketak.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Plana bat dator eremuari eragiten dioten sektoreko lurralde-planekin. Ez da antzeman bateraezintasunik hierarkikoki goragoko planeamenduarekin. Hain zuzen ere, Planaren helburuetako bat indarrean den Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren ostean onartutako lurralde antolamenduko dokumentuetara egokitzea da, besteak beste, Donostiako Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partziala, EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Babesteko Lurralde Plan Sektoriala, EAEko Kostaldea Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala eta EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala.
c) Planaren egokitasuna ingurumen arloko kontsiderazioak sartzeko, garapen jasangarria sustatzeko helburu zehatzarekin: Planaren proposamenetako bat tamaina handiko etxebizitzen zaharberritzea sustatzea da etxebizitza berriak sortzeko, Donostian eskuragarri dauden etxebizitzen kopurua hirigintzako garapen berriak egin beharrik gabe areagotuz. Hori dela eta, espazio berrien okupazioa mugatu egiten da. Etxebizitza kopuruaren handitzeak ez luke biztanleria dentsitatearen igoera adierazgarririk ekarriko, zatitu ahal izango liratekeen etxebizitzak hiriko auzoetan barna banatuta baitaude. Horrenbestez, ez lirateke garraioa bezalako zerbitzuak areagotu beharko eta ez litzateke ondoriorik izango isurpen kutsatzaileei edo zaratei dagokienez. Era berean, bizitegikoak ez diren erabilerekin lotutako ibilgailu motordunen aparkalekuen zuzkidurak murrizteak ondorio positiboa izan dezake lurzoruaren artifizializazioan. Positibotzat jotzen da ere azpiegituren sare berri bat sartzeko proposamena; bertan ibilgailu ez-motordunei ematen zaie lehentasuna eta oinezkoak, txirrindulariak eta ibilgailu motordunak aldi berean ibili ahal izatea bermatzen da.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Proposamenaren ondoriozko eraginek izaera arauemailea-literarioa dute, ez fisikoa ezta lurralde mailakoa ere; horrenbestez, ez da ingurumen-inpaktu zuzenik. Planak ez du inolako aldaketarik sartzen (estilistiko hutsetatik harago) intereseko begetazioaren, faunaren, ibai-ibilguen edo ordenamendu hirigileak gainjarritako baldintzatzaileek eragindako bestelako espazio eta elementuen babesarekin lotutako artikuluetan, tartean Naturagune Babestuak. Horrenbestez, indarrean jarraitzen dute 2010eko ekainaren 25ean behin betiko onartutako Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Ingurumen Jasangarritasuneko Txostenean jasotako arau partikularren zehaztapenek eta zuzenketa-neurri guztiek. Horrenbestez, ondoriozta genezake ez dela atzeman Planaren ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, eragindako eremuan aurrera eraman beharreko esku-hartze eta jarduerak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, natura-ondareari, kultura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko legeria -Europakoa nahiz Espainiakoa- txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriak:
Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriei dagokienez, Planaren zehaztapenak eta Ebazpen honetako aurretako ataletan deskribatutakoa kontuan izanik, ez da aurreikusten ingurumen ondorio adierazgarririk izango denik Plana gauzatzearen ondorioz.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ingurumen Txosten Estrategikoa formulatzen duen Ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz, baita uneotan indarrean den Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Ingurumen Jasangarritasuneko Txostenean jasotako arau partikularren zehaztapenekin eta zuzenketa-neurri guztiekin bat etorriz ere. Ebazpen honetako xede den Planaren zehaztapenak garatzeko instrumentuetan etorkizunean garatzen diren neurriak gorabehera, egokitzat jotzen dira Planaren ebaluaziorako aurkeztutako ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotako neurriak.
Behin betiko onartzen den Planak inolaz ere ezingo ditu irizpide edo baldintzatzaileak izan, besteak beste, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa jasan behar duten proiektuen kokapen, ezaugarri, dimentsio edo funtzionamenduaren inguruan, eta ezingo du ezarri modu espezifiko eta identifikagarrian nola eman behar diren ingurumen ebaluazioko araudian zerrendatutako kategorietakoren batekoak diren proiektuen baimenak.
Bigarrena.─ Xedatu behar da, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, ez dela aurreikusten Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntualak («2.1. Hirigintzako arau orokorrak» dokumentua) eragin kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenarengan, eta, horrenbestez, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntuala («2.1. Hirigintzako arau orokorrak» dokumentua) onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 6a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.