EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2018119

111/2018 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena; honen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari jarduera osagarri hauek egiteko enkargua emateko erabakia argitaratzen da: hiri-garraio publikoan elektrifikazioa txertatzea Vitoria-Gasteiz hiriko 2. linea periferikoan, bus elektriko adimenduneko sistema baten bitartez.

Xedapenaren zenbakia: 201800111
Xedapenaren data: 2018-06-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201803203
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/05/10rean argitaratutako 2018/04/23ko 201800083 EBAZPENA
  • Ikus 2018/06/05ean argitaratutako 2018/05/15eko 201800094 EBAZPENA

2018ko ekainaren 12ko bilkuran, Gobernu Kontseiluak erabaki bat onartu zuen, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari hiri-garraio publikoan elektrifikazioa txertatzeko jarduera osagarriak egiteko enkargua emateko Vitoria-Gasteiz hiriko 2. linea periferikoan, bus elektriko adimenduneko sistema baten bitartez, eta erabaki horri behar bezalako publizitatea emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ebazpen honen erabakia, zeinen bidez Euskal Trenbide Sareari ematen baitzaio hiri-garraio publikoan elektrifikazioa txertatzeko jarduera osagarriak egiteko enkargua Vitoria-Gasteiz hiriko 2. linea periferikoan, bus elektriko adimenduneko sistema baten bitartez; eranskinean jasota dator erabakiaren testua.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 14a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 14KO 111/2018 EBAZPENARENA
2018KO EKAINAREN 12KO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, ZEINEN BIDEZ EUSKAL TRENBIDE SAREARI EMATEN BAITZAIO HIRI-GARRAIO PUBLIKOAN ELEKTRIFIKAZIOA TXERTATZEKO JARDUERA OSAGARRIAK EGITEKO ENKARGUA VITORIA-GASTEIZ HIRIKO 2. LINEA PERIFERIKOAN, BUS ELEKTRIKO ADIMENDUNEKO SISTEMA BATEN BITARTEZ
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7. artikuluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.
Bestalde, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen guztiak betetzea garraio-azpiegituretako lanak landu, zuzendu, ikuskatu eta exekutatzearekin lotutako arloan, hala xedatzen baita Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.c) artikuluan.
2016ko ekainaren 1ean, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak; lankidetza-hitzarmen horren xedea da proiektuak idaztea Vitoria-Gasteiz hirian garraio publikoaren eskaintza egokitzeko, azken miliako garraiobide publiko kolektiboen sistema multimodal integratu eta erabat elektrifikatua sortuz.
Gobernu Kontseiluaren Ebazpen bidez, 2016ko irailaren 20an Ente Público Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakundeari egiteko hau enkargatu zitzaion: beharrezko azterlanak eta proiektuak idaztea Vitoria-Gasteiz hirian garraio publikoaren eskaintza egokitzeko, azken miliako garraiobide publiko kolektiboen sistema multimodal integratu eta erabat elektrifikatua sortuz.
2018ko martxoaren 23an, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak, Vitoria-Gasteiz hirian Autobus Elektriko Adimenduna txertatzeko.
2018ko maiatzaren 10ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Vitoria-Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, Vitoria-Gasteiz hirian Autobus Elektriko Adimenduna txertatzearen osagarritasunerako, hiriko garraio-sistemaren mugikortasunaren kontzeptu integrala bermatze aldera, kotxe-atoi moderno batzuekin (bertan kokatuko da Autobus Elektriko Adimendunaren karga moteleko sistema).
Horretaz gain, Autobus Elektriko Adimendunaren trazadurak tranbia-lineekin, autobus-geltokiarekin eta hirian sartzeko trafikoekin bat egiten duenez, beharrezkoa da beste konponbide bat ematea bide-sistemaren elkarguneari, garraio publikoko sistemaren arintasuna bermatuta gera dadin.
Hitzarmenaren bigarren klausulak aurreikusten duen bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bere gain hartzen dituen betebeharrak berezko bitartekoen bidez gauzatu ditzake edo, bestela, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoari dagokion enkargua eginda.
Jarduera hori honako artikulu hauetan xedatutako eskumen-banaketaren esparruan dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.2. artikuluari dagokionez, 10.32. artikuluan, eta Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean; halaber, lege hori Euskadiko Garraio Agintaritzaren abenduaren 15eko 5/2003 Legean xedatutakoak osatzen du eta, trenbide-garraio arloari dagokionez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean xedatutakoak.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera, erakundearen helburuetan sartzen da, halaber, "Jaurlaritzak agintzen dion eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, hauek: azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak, eta trenbide-garraioko politikari, telekomunikazio-zerbitzuei eta gune publikoen erabilerari loturik dauden azpiegituren kudeaketarekin zerikusia dutenak, edozein dela ere kudeaketa horretarako erabiltzen den negozio juridikoa, betiere zuzenbidean onartzen direnetakoa bada".
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, eta hura aztertu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau
ERABAKITZEN DU:
Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakundeari bi hauen idazketa enkargatzea: batetik, Autobus Elektriko Adimendunaren karga moteleko sistema egongo den kotxe-atoien eraikuntza-proiektua; bestetik, Latinoamerika plazaren inguruko bide-sistema Abetxuko eta Angulema artean gaur egun funtzionatzen duen tranbia-linearen premietara eta funtzionaltasunera eta Autobus Elektrikoaren etorkizuneko lineara –Latinoamerika plaza horretatik igaroko denera– egokitzeari buruzko eraikuntza-proiektua. Hori guztia, hiri-garraio publikoan elektrifikazioa txertatzeko jardun osagarriei aurre egiteko.
Bigarrena.– Erabaki honen eranskinean jasota daude aipatutako enkargu hori egiteko baldintza zehatzak.
Hirugarrena.– Enkargu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
ERABAKIAREN ERANSKINA
1.– Enkarguaren xedea.
Enkargu honen helburua da honako hauek egiteko baldintza teknikoak ezartzea: batetik, Autobus Elektriko Adimendunaren kotxe-atoien eraikuntza-proiektua; Latinoamerika plazaren inguruko bide-sistema Abetxuko eta Angulema artean gaur egun funtzionatzen duen tranbia-linearen premietara eta funtzionaltasunera eta Autobus Elektrikoaren etorkizuneko lineara –Latinoamerika plaza horretatik igaroko denera– egokitzeari buruzko eraikuntza-proiektua, garraio publikoan elektrifikazioa txertatzeko.
2.– Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak
Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatzeko, figura juridiko hauek definitzen dira:
Administrazioa:
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Garraio Azpiegituren Zuzendaritza
Enkarguaren zuzendaria:
Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak gainbegiratuko du haren lana. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.
Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS):
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, agiri honetan adieraziko diren lanak egingo dituena.
ETSren ordezkaria:
Goi-mailako teknikaria izango da, eta ETSk izendatuko du lanen koordinazio teknikoa egiteko eta ETSren izenean jarduteko Administrazioaren aurrean. Ordezkari horren mendekoa izango da ETSko talde osoa. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.
3.– Lanen garapen orokorra.
ETSk, hilean behin, gutxienez, ordura arte egindako lan guztien berri emango dio idatziz, enkarguaren zuzendariari, eta aurrera egiteko behar diren aginduak eskatuko dizkio.
ETSk, agindu edo erabakiren bat eskatzen duen guztietan, eskariarekin batera, haren ustez egokiena iruditzen zaiona proposatu beharko du.
Enkarguaren zuzendariaren talde teknikoak noiznahi ikuskatu ahal izango du lanak nola doazen ETSren bulegoetan.
4.– Aurrekariak, erreferentziazko agiriak eta planteamendu orokorra.
Enkargu honen eraginpeko lanak hauek izango dira: Latinoamerika plazaren inguruko bide-sistema Abetxuko eta Angulema artean gaur egun funtzionatzen duen tranbia-linearen premietara eta funtzionaltasunera eta Autobus Elektrikoaren etorkizuneko lineara –Latinoamerika plaza horretatik igaroko denera– egokitzeari eta tailerrei buruzko eraikuntza-proiektuak egitea.
5.– ETSk egin beharreko lanak.
ETSk eraikuntza-proiektu hauek idatziko ditu: batetik, Autobus Elektriko Adimendunaren karga moteleko sistema egongo den kotxe-atoiena, instalazio hori modernizatzeko; bestetik, hiriko gune horretako garraio-sistemari erabateko arintasuna emateko bide-sistemaren elkarguneari beste konponbide bat emateari buruzkoa (gaur egun funtzionatzen duen tranbia-trazadurari, Autobus Elektriko Adimendunaren etorkizuneko trazadurari eta autobus-geltokiari dagokienez).
Beharrezko txosten guztiak idazten lagunduko dio ETSk sailari, baita bere profesionaltasunak eta Administrazioaren interesak agintzen dizkion ekintzak proposatu ere.
Alde horretatik, ETSren egitekoa izango da proiektua zehaztea, behar diren adituen baldintzak identifikatzea, eta gaiaren analisia kalitatezkoa izango dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresak edo profesionalek duen ikertzea, betiere aholkularitza-lan horiek koordinatuta eta gainbegiratuta, proiektuaren koherentzia orokorrari eusteko.
6.– Lanen finantzaketa.
Kudeaketa-gomendio honen bosgarren atalean deskribatutako lanen gehieneko aurrekontu zenbatetsia hau da: bederatziehun eta hirurogei mila (960.000) euro, BEZa barne.
Urteen arabera, honako hau da aurrekontuaren banaketa zenbatetsia:
2018: 500.000 euro.
2019: 460.000 euro.
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere. Ordainketak ETSk Administrazioan faktura aurkeztu ostean egingo dira.
7.– Gauzatzeko epea.
Enkargu honen bosgarren zenbakian deskribatutako lanak egiteko epeari dagokionez, 2019an amaituko direla kalkulatzen da.