EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2018118

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako HAPOaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, Donostiako AU «IN.05.MONS» eremuko «G.00» (Santu Guztien eliza) lursailari dagokiona.

Xedapenaren data: 2018-06-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201803182
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko azaroaren 30ean, Donostiako Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskatu zion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu bat hasteko Donostiako HAPOaren aldaketarako, zehazki, Donostiako AU «IN.05.MONS» eremuko «G.00» (Santu Guztien eliza) lursailari dagokionerako –aurreratzean HAPOaren aldaketa–. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2018ko otsailaren 6an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan.
Zehazki, honako interesdun hauei eta ukitutako administrazio publiko hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari; Kultura Zuzendaritza Nagusiari; Gipuzkoako Foru Aldundiari; Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari, Ugatza Ornitologia Elkarteari eta Itsas Enara Ornitologi Elkarteari. Izan ere, horiek denak interesduntzat jo ziren.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.
2018ko otsailaren 26an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Donostiako Udalari eskatu zion urriaren 16ko Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko 2013/2012 Dekretuaren 37. artikuluak ezarritako zarataren kontrako neurri zuzentzaileak igortzeko.
2018ko martxoaren 16an, Donostiako Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskatu zion dokumentazioa eman eta eskabidea bete zuen.
Indarreko araudian erantzunak jasotzeko ezarrita dagoen epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenak jaso dira.
Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza ebazpen honetan jasota dago.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatuta dago zer planek eta programak jaso behar duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua.
Aipatutako 6.2 artikuluan zehazten da, besteak beste, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar dutela (eta, horretarako, 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen den prozedura erabili) etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten hiri- eta landa-lurraldeen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari buruzko plan eta programek, baldin eta 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte.
Dokumentazio teknikoa eta HAPOren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Donostiako HAPOaren aldaketaren proposamenean, zehazki, Donostiako AU «IN.05.MONS» eremuko «G.00» (Santu Guztien Eliza) lursailari dagokionean, ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta hura aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehena.─ Donostiako HAPOaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Donostiako AU «IN.05.MONS» eremuko «G.00» (Santu Guztien Eliza) lursailari dagokiona –aurreratzean HAPOaren aldaketa–, jarraian datozen baldintzetan:
A) Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.
Aldaketaren eremua Donostiako Intxaurrondo auzoan dago (AU «IN.05 MONS»); zehazki, Basotxikiko 28. zenbakian. Lursail hori «g.00» komunitate-ekipamendu gisa sailkatuta dago, eta 1.175 m
Lursaila hiri-parke batek inguratzen du ia guztiz. Hegoaldetik, 50 m eskasera, GI-20 errepidea dago.
Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak aldatu egin nahi du lursailaren sailkapena komunitate-ekipamendutik (g.00) jarduera ekonomikoetarako aldera. Hirugarren sektoreko erabilera (b.20) ematea, horrela ekipamendu pribatua ezarri ahal izateko. Zehazki, pertsona nagusientzako egoitza bat jarriko litzateke erabilerarik ez duen ekipamendu erlijiosoaren ordez.
Bertan dagoen ekipamendua eraistea eta beste eraikin bat eraikitzea aurreikusten da. Gehienez ere 1.119 m
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Bertan dagoen ekipamendu erlijiosoaren ordez nagusientzako egoitza bat ezarri ahal izateko irizpide eta baldintzak ezartzeak ez du esan nahi legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik ezartzen denik.
b) Ez da bateraezintasunik aurkitu HAPOaren aldaketaren eta beste lurralde-plan edo plan sektorial konkurrente batzuen artean.
c) Planaren helburua egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko; bereziki, eraikingintzan eta eraikuntzan efizientzia handiagoz jokatzeari dagokionez, bai baliabideen erabileran, bai gero, amaieran, hondakinak aprobetxatzean.
d) Era berean, HAPOaren aldaketa egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinen, airearen kalitatearen eta zaraten arlokoa.
2.– Efektuen ezaugarriak, eta efektua jasan dezakeen eremuarenak:
Eremuak hiri-izaera duenez, ez dago ingurumen-babeseko araudirik –esaterako, Natura 2000 Sarea– duen espaziorik, ezta Ondare historiko-arkitektonikoaren katalogoetan jasotako balio natural edo kulturalengatik nabarmen daitekeen elementurik ere. Dena den, horrek ez du esan nahi bertan dagoen eraikinak baliorik ez duenik, eta kontuan hartu beharko dira balio horiek eraikina gutxienez partzialki berrerabili daitekeen aztertzeko.
Era berean, ingurumen-arazo garrantzitsu bakarra identifikatu da: ez dira betetzen kanpoko guneetan aplika daitezkeen kalitate akustikoaren helburuak (KAH). Horrenbestez, ikerketarako eremua Babes Akustiko Bereziko Eremutzat jo da (aurrerantzean BABE) 2013ko uztailean onartutako Donostiako udalerriko soinu-ingurua hobetzeko planean (2013-2018). Horrez gain, definitu egin da haren zonako plan akustikoa - BABE «URUMEA».
Ingurumen-dokumentu estrategikoak –lehenik eta behin– kanpoko giroa babesteko neurriak hartzea ere proposatzen du, betiere teknikoki eta ekonomikoki proportzionatuak badira, 4 m-ko altuera izango duen pantaila akustiko bat ezarriz. Ezpondaren goiko partean kokatuko da, errepidearen eta eraikin berriaren artean, eta hala jasota dago 2017ko urriaren 30ean AAC Acústica y Lumínica enpresak egin zuen «Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala egiteko inpaktu akustiko orokorren azterketa, – IN.05. MONS (Intxaurrondo) eremuan» izeneko txosten teknikoan. Kasu honetan, eraikinaren sustatzailea izango da neurri hori egikaritzeko arduraduna, eta 12 hilabeteko epea izango du lizentzia jasotzen duenetik lehen aldiz erabiltzen den arte.
Gainera, kontuan hartuta behar beste arrazoitu dela ezarri behar diren neurriak teknikoki desproportzionatuak direlako kanpoaldean KAHk betetzea ezinezkoa dela –leihoak dituen fatxadaren zati batean–, ingurumen-dokumentu estrategikoak neurri gehigarriak proposatzen ditu kalitate akustikoaren helburuak gutxienez eraikinaren barnealdean betetzeko. Helburu horiek ezartzen dute zein den fatxadaren gutxienez isolamendua (D2m, nT, Afr), barrunbearen arabera (egongelak edo logelak) goizez, arratsaldez eta gauez.
Horrenbestez, obren fase honetako eragin nagusiak hirigintza- eta eraikingintza-lanekin eta airearen kalitateak jendearen lasaitasunean izango dituen efektuekin lotuta egongo direla aurreikusten da: biztanleen osasunean eraginak egongo dira kutsatzaileak isurtzeagatik –batez ere hautsa eta lurren mugimenduagatik eta kamioien joan-etorriengatik igorritako partikulak– eta zaratagatik, zirkulazioa aldatzeagatik eta hondakinak sortzeagatik. Funtzionamendu fasean, aldiz, xede-helburuak ez betetzeagatiko eragin nagusia jendearen lasaitasunean izango dela aurreikusten da. Eraikinik gabeko guneetan, kanpoko giroan 2 m-ko altuera nabarituko da eta eraikitako guneetan, leihoak dituzten fatxadetan.
Horregatik guztiagatik, aurreikusitako efektuak eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatzen diren neurri babesle eta zuzentzaileak aztertuta –kanpoko zarata-mailak murriztera eta etxebizitzen barrualdean KAHk bermatzera zuzenduak, hautsaren edo partikulen atmosferarako isurketak eta zarata sortzen duten eragiketak mugatzera zuzenduak eta hondakinak edo obrako soberakinak behar bezala kudeatzera zuzenduak–, ez da espero ingurumen-efektu garrantzitsurik.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta HAPOren aldaketan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:
Obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Gainera, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian datozenak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikingintzako eta eraispenetako hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da eraikingintzako eta eraispenetako hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.
Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek), eta itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa aztertzea:
Lehenik eta behin, eta eraikingintza-lizentzia jaso aurretik, honako neurri hauek hartuko dira: kanpoko giroa babestera zuzendutakoak, teknikoki eta ekonomikoki proportzionatuak badira, eta eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak, barrunbearen arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko momentuaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikingintza-proiektuan.
Era berean, Donostiako Udalak lehenengo okupaziorako edo bizigarritasunerako lizentzia jaso aurretik, barnealdeko espazioetako kalitate-helburuen betetze-mailari buruzko txostena aurkeztu beharko du. Horretarako, kanpoko fatxadaren isolamendu akustikoa neurtzeko kanpaina bat eskatu dezake. Neurketa horiek UNE-EN ISO 140-5:1999: Isolamendu akustikoa neurtzea eraikinetan eta eraikuntza-osagaietan arauak ezarritakoari jarraiki egin beharko dira. 5. zatia: Fatxadako elementuen eta fatxaden airetiko zarataren aurkako isolamendu akustikoa in situ neurtzea.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Era berean, ihinztatze-arriskua dela eta, legionellosia prebenitzeko eta kontrolatzeko araudia bete beharko da (legionellosia prebenitzeko eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak ezartzen dituen uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua) egikaritza-fasean, esplotazio-fasean eta baita eraikinaren diseinu-fasean ere. Gainera, erradiazioetatik babesteko araudia ere bete beharko da (1066/2001 Errege Dekretua).
Azkenik, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Bigarrena.─ Horregatik guztiagatik, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen -txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, egindako kontsulten emaitza ikusita eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, zera ondorioztatu da: Donostiako HAPOaren aldaketak, Donostiako AU «IN.05.MONS» eremuko «G.00» (Santu Guztien Eliza) lursailari dagokionak, ez du efektu kaltegarri garrantzitsurik izango ingurumenean, ebazpen honetan jasotako baldintzetan, eta, ondorioz, ez du ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar.
Azkenik, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen xedearen eta helburuaren eta IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren arabera, Planak ingurumen-kontsiderazioen integrazioa sustatu beharko du, batik bat garapen jasangarria sustatzeko, hauen bidez:
– Arkitektura jasangarria, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Horretarako, eraikingintza-proiektuan, Ingurumen Jasangarritasuneko Eraikingintza Gidan (Ihobe.eus) jasotako gomendioak kontuan hartu beharko dira.
Azken proiektuaren ingurumen-jasangarritasuna kalifikatzeko etiketak, gidaren arabera, ahalbidetuko du hartutako ingurumen-neurri eta azpineurri jasangarriak bereiztea.
Kasu honetan, neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.
– Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.
– Edateko uraren kontsumoa eta ur beltzen produkzioa gutxitzea.
– Negutegi-efektuko eta argi-gasen isurketak murriztea.
– Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.─ Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.─ Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean «IN.05.MONS» eremuko «G.00» (Santu Guztien Eliza) lursailari dagokion Donostiako HAPOaren aldaketa onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 4a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.