EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2018118

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiarena. Honen bidez, 2018. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko langile langabeentzako kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzak egiteko diru-laguntzen deialdia argitaratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

Xedapenaren data: 2018-06-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201803181
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/06/07an argitaratutako 2016/05/31ko 201600082 DEKRETUA

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2018ko ekainaren 12ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, onetsi du 2018. urtean langile langabeentzako kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzak egiteko diru-laguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, eta maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsitako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran ezarritakoaren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.
Azaldutakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2018. urtean langile langabeentzako kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzak egiteko diru-laguntzen deialdia argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2018ko ekainaren 12ko bilkuran hartutako erabakiari jarraituz (ebazpen honi atxikita dago, eranskin gisa).
Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 13a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
2018. URTEAN EUSKAL AUTONOMIA-ERKIDEGOKO LANGILE LANGABEENTZAKO KONTRATAZIO-KONPROMISODUN PRESTAKUNTZA-EKINTZAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ESPARRUAN
Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak, 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Enplegurako Lanbide Heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat da, enpresen artean eta langileen artean (langabeak nahiz lanean ari direnak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.
Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailaren esku uzten du enplegu-politika, bai eta enplegurako lanbide-heziketa ere, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntza arloarekin koordinatuta, haren ardura baita lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta zuzentarauak prestatzea. Orobat, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du, haren erantzukizunei dagokionean.
Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait funtzioren artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horiek barne hartzen dute dagozkion diru-laguntza deialdiak onartu eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako erakunde autonomoaren estatutuen 3.b artikuluan. Enplegurako prestakuntzaren barruan, langile langabeentzako prestakuntza dago.
Kontratazio-konpromisodun Lanbide Heziketako programaren xedea da gure autonomia-erkidegoan lehendik instalatutako enpresetan edo ezarri berrietan sortutako lanpostu berrietarako prestakuntza espezializatu egokia eskaintzea. Kontuan hartu behar da prestakuntza-ekintza horien helburu nagusia dela produkzio-sistemak behar dituen enpleguetan langile langabeak laneratzea edo berriro laneratzea.
Ildo horretan, detektatu da aldaketa teknologikoetara eta berrikuntzara egokitzeko aukera ematen duen lanbide-kualifikazio handia behar duela gure erkidegoko biztanleriak, enpresen eskaerei erantzuteko eta horrenbestez enplegagarritasun hobea lortzeko.
Eskuratzen diren konpetentziak Euskal Autonomia Erkidegoko Konpetentzien Erregistroan jasoko dira. Erregistro hori arautzen duen 82/2016 Dekretuak, maiatzaren 31koak, 17. artikuluan adierazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Konpetentzien Erregistroaren xedea izango da Euskal Autonomia Erkidegoko langile guztien prestakuntza-curriculuma barne hartzea, prestakuntza-ibilbideak diseinatzeko tresna eraginkor bat antolatzeko, Bizialdi Osoko Ikaskuntzaren Europako Estrategiarekin bat etorriz.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2018ko ekainaren 12ko bilkuran, onartu egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoan langile langabeentzako kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzak egiteko 2018ko ekitaldiko deialdia, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak, ezarritako esparruaren barruan, honako baldintza hauekin:
1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xedea da 2018. urtean langile langabeentzako kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzak finantzatzeko diru-laguntzak arautzea Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak, ezarritako esparruan.
2.– Deialdi hau finantzatzeko, 3.000.000 euro erabiliko dira; horietatik 1.500.000 euro 2018ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 1.500.000 euro, aldiz, 2019ko konpromiso-kredituari.
Emango diren laguntzen bolumen osoak ezin izango du gainditu zenbateko hori.
3.– Deialdi honen xede diren diru-laguntzek Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzazioa izan dezakete, osorik edo zati batean.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honen bidezko diru-laguntzen onuradun izan daitezke honako hauek:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia duten enpresak, haien forma juridikoa edozein delarik ere, kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzak egiteko. Prestakuntza bitarteko hauen bidez eman ahal izango dute:
a.1.– Bitarteko propioak:
– Emango den prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea bada, prestakuntza-ekintza hasteko unean egiaztatuta egon beharko dute.
– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, behin-behineko alta emango zaie Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen Prestakuntza Erakundeen Erregistroan. Prestakuntza-ekintza amaitzen denean, automatikoki baja emango zaio enpresari.
a.2.– Kontratazioaren bidez, xede horretarako egokiak izanez gero.
b) Prestakuntza-erakunde pribatuak edo publikoak, betiere, prestakuntza-ekintza eskatu aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako Prestakuntza Erakundeen Erregistroan, autonomia erkidegoren bateko prestakuntza-erakundeen beste erregistro batean edo Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan egiaztatuta eta/edo inskribatuta daudenak, diru-laguntza eskatzen den prestakuntza-ekintzei dagozkien espezialitateak irakasteko.
2.– Deialdi honetan xedatutako diru-laguntzak eskuratzeko, prestakuntza-jarduera hasteko unean enpresek eta prestakuntza-erakundeek izan beharko dituzte laguntza eskatutako prestakuntza-ekintzak burutzeko behar diren bitarteko pertsonal eta materialak.
Instalazio eta baliabide horiek propioak izan daitezke, edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egon beharko dute.
Informazio hori egiaztatzeko, eskabidearekin batera aurkeztu beharko da erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpen bat, erakundeak eskura dituen edo izango dituen instalazioak eta giza baliabideak –prestakuntza-ekintzak egiteko erabiliko direnak– zehatz-mehatz jasotzen dituena.
Edonola ere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskura izan beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla erakusten duten dokumentuak.
3.– Ezin izango du erakunde onuradun izan azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, Diru-laguntzei buruzkoak, 13 artikuluko 2. eta 3. zenbakietan aipatutako egoeretan dagoen edozein erakundek.
Kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du, diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresek eta erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak betetzen dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
4.– Aurreko hiru ekitaldietako deialdiren batean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzetan prestatutako ikasleen % 35, gutxienez, kontratatu ez dituzten enpresa edo erakundeek ezingo dute jaso kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzak egiteko diru-laguntzarik.
3. artikulua.– Diruz lagun daitekeen jarduera.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira 2. artikuluan deskribatutako erakunde onuradunek «Modulu ekonomikoak 2018» eranskineko 1.b.2 apartatuan sartuta dauden espezialitateen gainean egiten dituzten kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzak. Eranskin horretan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako «Prestakuntza-beharren diagnostikoa, 2018-2020» txostenean identifikaturiko espezialitateak jasotzen dira. Diagnostikoa www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu zen.
Era berean, eranskinean jasota ez dauden espezialitateak programatu ahal izango dira, enpresen beste prestakuntza-behar berezi batzuk betetzeko.
Diru-laguntza eskuratzeko, baldintza hauek bete behar dira:
1) Erakunde edo enpresa eskatzaileek egiaztatu beharko dute, diru-laguntza eskatu aurretik, kontratatu behar dituzten langintza eta profiletan izena emanda dauden langabeak ez direla nahikoa. Horretarako, informazio hori eskatu behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren dagokion tokiko bulegoan (LAN-F aplikazioan eskura dagoen ereduaren arabera). Izangai nahikoa ez daudela ulertuko da kontrata daitezkeen langabeen kopurua txikiagoa bada enpresak eskatutako pertsonen kopurua halako lau baino.
2) Egingo diren prestakuntza-ekintzen bidez prestatuko diren pertsonen % 50, gutxienez, kontratatzeko konpromisoa hartu behar dute enpresa edo erakundeek, eta kontratazio horiek ezaugarri hauek bete behar dituzte:
– Lanaldia: osoa edo partziala, gutxienez % 50ekoa.
– Gutxieneko iraupena:
• Lanaldi osoko kontratua bada, 6 hilabeteko iraupena, etenaldirik gabe.
• % 50eko lanaldi partziala bada, urtebeteko iraupena.
• % 50etik gorako lanaldi partziala bada, dagokion proportzioa.
ontratuan adierazi behar da zer egunetan hasten den eta zer egunetan amaitzen den.
3) Kontratazio-konpromisoa betetzeari begira, kontrataziotzat hartuko da ikasleak kooperatiba-sozietate bateko bazkide-langile edo lan-bazkide gisa edota lan-sozietate bateko bazkide-langile gisa sartzea. Horretarako, sozietate horretan sartu dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.
4) Laneratzea burutu beharko da prestakuntza-ekintza eskatutako enpresetan soil-soilik. Enpresa horietako batean sartzea eragozten duten kausak –agiri bidez justifikatuak– daudenean soilik onartu ahal izango da beste enpresa batzuetan laneratzea. Kontratazio horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egingo dira.
5) Kontratazio-konpromisoaren ondorioz egiten diren lan-kontratuak laneko arautegiaren araberakoak izan beharko dute. Kontratazio-konpromisoa bete dela justifikatzeko ez dira baliozkotzat hartuko prestakuntza- eta ikastun-kontratuak, ezta merkataritzako kontratuak ere.
6) Kontratazioa egin beharko da irakatsitako prestakuntza-espezialitatearekin lotutako langintza batean, eta 1. zenbakian eskatutakoarekin bat etorri beharko du. Ildo horretan, lanpostu egokitzat hartuko da aldez aurreko prestakuntzan eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoei lotutako lanak egitea helburu duena. Profesionaltasun-ziurtagirien ekintzetan, lotuta dauden langintza edo lanpostuak dagokion Errege Dekretuan ageri dira.
7) Prestakuntza-ekintza amaitu eta hurrengo 3 hilabeteetan hasi beharko da lan-kontratua. Lan-kontratua ezingo da inolaz ere hasi prestakuntza-aldian, ezta praktikaldian ere.
Horretarako, parte-hartzaile batek prestakuntza-ekintza amaitu duela joko da une hauetan:
– Profesionaltasun Ziurtagiria lortzeko ekintzetan, parte-hartzaileak prestakuntza praktikoaren modulua osatutakoan.
– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, diruz lagundutako ekintza teoriko-praktikoa amaitutakoan.
2.– Prestakuntza-ekintzen modalitatea aurrez-aurrekoa izango da soil-soilik.
3.– Diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak 2018ko ekitaldian hasi beharko dira, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, eta 2019ko uztailaren 31 baino lehenago amaitu (lantokian egingo den prestakuntza praktikoa edo prestakuntza praktikoaren modulua barnean hartuta).
4.– Gehienez 20 parte-hartzaile eta gutxienez 10 prestatzeko ekintzetarako diru-laguntzak onetsiko dira. Hala eta guztiz ere, laguntza jasoko dutenez gainera beste 2 parte-hartzaile onartu ahal izango dira prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroak kopuru hori hartzeko egiaztatuta edo inskribatuta badaude. Gehitutako parte-hartzaile horiengatik ez da diru-laguntzarik emango.
Ezingo da abian jarri 10 ikasle baino gutxiagoko prestakuntza-ekintzarik.
5.– Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz.
Ez da diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua (profesionaltasun-ziurtagirien kasuan), ezta enpresetan egingo diren praktikak ere (gainerako espezialitateetan).
4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.
Deialdi honen bidez diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda duten langile langabeek soilik har dezakete parte.
5. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Prestakuntza-ekintzak parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostua kontuan hartuta finantzatuko dira, eranskinean aurreikusitako modulu ekonomikoen arabera.
Diru-laguntza hiru modulu ekonomikoren arabera kalkulatzen da: horietako bi zuzeneko kostuei buruzkoak dira, pertsonal-kostuak (A) eta funtzionamendu-kostuak (B) barnean hartuta; hirugarrena, berriz, zeharkako kostuei buruzkoa da, eta zuzeneko kostuen moduluen baturari % 10 aplikatuta kalkulatzen da.
Zuzeneko pertsonal-kostuei buruzko modulu ekonomikoa 15 parte-hartzaile kontuan hartuta biderkatuko da beti.
Eranskinean jasota ez dauden espezialitateei buruzko prestakuntza-ekintzen kasuan, lanbide-arlo, lanbide-eremu eta kualifikazio-maila berekoa izanik eranskinean jasota dagoen prestakuntza-espezialitateari dagokion B modulua aplikatuko da.
Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezingo dituzte inolaz ere gainditu xedapen hauetan ezarritako zenbatekoak: martxoaren 7ko 718/2008 TAS Aginduan ezarritakoak (horren bidez garatu zen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua) eta, profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-ekintzei dagokienez, urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduan ezarritakoak (horren bidez garatu zen profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua). Horren guztiaren ondorioz, aplikatu behar den azken modulua (hiru moduluen batura) izanez gero araudi horietan aurreikusitakoak baino handiagoa, azken horiek aplikatuko dira, edo, hala badagokio, haien ordezkoak eta deialdi hau argitaratzeko unean indarrean daudenak.
2.– Ekintzak finantzatuko dira, osorik edo partzialki, irakatsiko den espezialitateko modulu ekonomikoa estaltzeko falta den zenbatekoaren bidez, beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin batera finantzatzen direnean, baterako finantzazioa hori nahikoa bermatuta badago.
6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Deialdi honen esparruko diru-laguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F). Aplikaziora sarbiderik ez duten erakunde edo enpresek Lanbideren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute (www.lanbide.euskadi.eus).
2.– Laguntza-eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Enpresa edo erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpen bat, diruz laguntzea eskatutako prestakuntza-plana burutzeko erakundeak eskura dituen bitarteko pertsonal eta materialei buruzkoa, edo diru-laguntza eman ondoren, prestakuntza-jarduera hasteko unean, bitarteko horiek izateko konpromisoa hartzen duela adierazten duena, eta adierazpen horretan zehatz-mehatz agertuko dira erakundeak dituen edo izango dituen instalazioak eta giza baliabideak, prestakuntza-ekintzak egiteko erabiliko direnak.
b) Enpresaren edo erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
c) Kontratazio-konpromisoari buruzko dokumentua (LAN-F aplikazioan eskura dagoen ereduaren arabera):
– Enpresari dagokion eranskina (diru-laguntzaren onuraduna enpresa bada).
– Prestakuntza-erakundeari dagokion eranskina (prestakuntza-erakundea konpromisoaren sustatzailea bada).
d) Prestakuntza-proiektuaren memoria, LAN-F aplikazioan eskura dagoen ereduaren araberakoa eta honako hauek jasoko dituena:
– Enpresaren jarduerari dagokionez, prestakuntza gauzatzeko eta gero parte-hartzaileak enpresan kontratatzeko beharraren txosten arrazoitua, honako hauek jasoko dituena:
– Kontratatu nahi diren pertsonen profila: ezaugarriak eta betekizunak. Ezingo da zehaztu sexua, adina, edo kontratatu nahi den lanbiderako egokia ez den edozein betekizun, kontratazio hori programa berezi baten babesean egiten ez bada.
– Egingo den kontratu mota eta haren iraupena.
– Kontratazioa zer langintzarako egingo den.
– Lantokiaren kokalekua.
– Prestakuntza-erakundeek sustatutako konpromisoen kasuan, kontratuak egingo dituzten enpresen zerrenda.
– Lanekoak ez diren praktiken planaren deskribapena, egoki izanez gero (edukia, iraupena eta abar).
e) Proiektuaren berezitasunen arabera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatutako beste edozein informazio.
f) Prestakuntza-ekintzaren kontratazioaren kasuan, kontratazio-proposamena, hiru eskaintza eskatu izana eta azken aukeraketa justifikatuta, hala badagokio, bai eta Lanbideri aldez aurretik eskatutako baimena ere, 11. artikuluko 11. zenbakian adierazitako kasuetan.
Dokumentu horiek geroago aurkeztu ahal izango dira, betiere prestakuntza-ekintza hasi aurretik.
g) 3.1.1 artikuluak aipatzen duen izapidearen emaitzari buruz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoak egindako txostena, kontratatu nahi den langintza eta profila kontuan hartuta, behar adina langabe izena emanda ez daudela egiaztatzen duena.
3.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, enpresa edo erakunde interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, hutsunea edo akatsa konpontzeko. Ez badu hala egiten, eskaerari uko egin diola ulertuko da, horretarako ebazpena eman ostean.
4.– Diru-laguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2018ko urriaren 31n bukatuko da.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.
2.– Diru-laguntzak emateko prozedura segidako konkurrentzia izango da.
Eskabideek deialdiko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako 1.2 artikuluan xedatutako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.
Diru-laguntza ukatzea eragingo dute honako kausa hauek:
– Kontratatu behar den langintza eta profilarekin bat datozen langabe nahikoa izena emanda egotea (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako txostenean adierazitakoaren arabera).
– Aurreko deialdietan onetsitako prestakuntza-ekintzetan hartutako kontratazio-konpromisoak ez bete izana, 2.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hasierako aurrekontu-zuzkidura eta balizko handitzea agortu ostean, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea lau hilekoa da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan eskabidea sartzen denetik aurrera; epe hori igarota, interesdunari ez bazaio ebazpenik jakinarazi, diru-laguntza emango dela ulertuko da hartuko da.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, argitara emango da deialdi honen babesean emandako laguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian; espresuki aipatuko da EGIFek lagundutako finantziazioa, EAEko 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan eta Gazteen Enpleguaren 2014-2017 Programa Operatiboaren barruan.
8. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.
1.– Prestakuntza ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko aukeraketa egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ikastaro bakoitzean parte hartzea eskatu duten hautagaien artean.
Izangaiek honela parte har dezakete:
a) Ikastaroan parte hartzea eskatuz, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sareko bulegoren batean eskaera bat aurkeztuta, bai eskaera organismo autonomo honen webgunean beteta (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.
b) Enplegu-eskatzaile (eta DSBEren hartzaile) izanda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko orientazio-zerbitzuek ikastaroa egiteko aginduz gero prestakuntza-ibilbidearen barruan.
c) Lanbidek enplegu-eskatzaileak deitu ditzake profesionaltasun-ziurtagiri bat osatzeko faltan dituzten prestakuntza-moduluez osatutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.
2.– Enpresak adierazitako pertsonen profila kontuan hartuko da eskaerarekin batera aurkeztu behar den prestakuntza-proiektuaren memorian, kontratazio-beharrekin bat etor dadin.
3.– Lanbide-kualifikazioen 2. eta 3. mailetarako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan adierazitako eskakizunak bete behar dituzte parte-hartzaileek. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte parte hartu nahi dutenek.
4.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa enpresa edo erakunde onuradunak egingo du, Lanbidek bidalitako izangaien artean. Horretarako, ikastaroak emango dituen erakundeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzaren kudeaketarako aplikatiboaren bidez (LAN-F), izangaiak eskura izango ditu eta hautaketa-prozesua egingo du prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, aurrerapen nahikoaz eta behar diren bermeekin.
Beharrezkoa den prestakuntza-ekintza orotan, hautespen-proba bat egingo da erakundearen instalazioetan, Lanbideko langile teknikoekin aldez aurretik adostuta, ekintzaren aprobetxamendua bermatzeko, eta ekintza kualifikatzaileen helburuak lortzeko aldez aurretik nahitaez behar diren ezagutzen benetako maila zehazteko. Proba hori LAN-F aplikatiboko dagokion atalean erantsiko da.
5.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, lehentasun-hurrenkera honetan:
a) Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberarekin, lan-merkatuan sartzeko arazo bereziak dituzten pertsonak, kualifikazio-maila txikia duten pertsonek lehentasuna izanik: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten pisuaren proportzioan (langabeen % 54 emakumeak dira); luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna duten pertsonak; langabezia-saria agortua duten eta berriz profesionalki gaitzeko Prepara programan eta Enplegua Aktibatzeko Programan parte hartzeagatik diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun diren langabeak; eta terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.
b) Bigarrenik, gainerako langabeak, orokorrean.
c) Hirugarrenik, etendurako Enplegua Erregulatzeko Espediente baten eraginpean dauden langabeak, prestakuntza-ekintzara joan daitezen.
6.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten beste pertsona langabetu edo landunen eskaerak izanez gero.
7.– Hautaketa amaitu ostean, enpresa eta erakunde onuradunek haren emaitza jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LAN-F kudeaketarako aplikatibo informatikoaren bitartez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako emandako jarraibideak aintzat hartuta.
8.– Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-erakundeek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago, gutxienez, eta hautagaiei aldez aurretik adierazitako leku jakin batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non egingo diren, zer ordutan eta zer egunetan hasiko diren adierazi behar dute.
Iragarpen-bitarteko horiez gainera, egoki iritzitako bestelako bitartekoak ere balia ditzakete prestakuntza-zentroek, ikasleei jakinarazteko ikastaroetan parte hartuko dutela.
9. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileen eskubide eta betebeharrak.
1.– Ikasleek doan egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko baititu.
2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan edo haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, Eusko Jaurlaritzak sinatutako aseguruak istripuak eta erantzukizun zibila estaliko baititu.
3.– Parte-hartzaileek ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte lehen eskola-egunean.
Halaber, informazio idatzia jasoko dute alderdi hauei buruz: gerorako kontratazio-aukerak, egin asmo diren kontratuen kopurua eta haien baldintza zehatzak (lantokia non kokatuta dagoen, lanbide-kategoria, ordainsariak, lanaldia eta lan-ordutegia, kontratuaren iraupena eta abar).
4.– Ikasle parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute eta haiei probetxua atera beharko diete. Horretarako, enpresa edo erakunde onuradunaren ardura izango da eguneroko bertaratze-partea egitea, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte bereizia egingo da prestakuntza-modulu bakoitzerako.
5.– Ikasleek ezingo dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezingo dute prestakuntza-ekintza utzi hura amaitu arte, kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitzen badute eta lanak eragozten badie prestakuntza-ekintzara joatea eta hari probetxua ateratzea, edo familian egoera larriren bat sortzen bazaie, behar bezala justifikatuz gero.
10. artikulua.– Ikasleak baztertzeko kausak eta prozedura.
1.– Ikasleak baztertzeko kausa izango dira honako hauek:
a) Prestakuntza-jardueraren iraupenaren % 25ean baino gehiagotan ez egotea, arrazoia edozein izanik ere, justifikatua izan edo ez.
b) Ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.
2.– Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:
Prestakuntza-zentroak Lanbideko prestakuntza-teknikariari jakinaraziko dio parte-hartzaileak baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela; hartarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behineko izaeraz baztertzea ikastarotik, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Errekurtso-bideak adieraziko dira ematen den ebazpenean.
Asteren batean ikasleren baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bazaio egiteko, eta % 25etik gorako hutsegiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna izatea edo lan-jarduera hastea), geratzen den modulua egiteko aukera aztertu ahal izango da.
Ikasleren batek utzi egiten badio prestakuntza-ekintzara joateari eta hutsegiteen % 25a gainditu badu, zentroak horren berri emango dio Lanbideri, eta ofizioz emango zaio baja, baztertzeko prozedura erabili beharrik izan gabe.
11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.
1.– Diru-laguntzaren erakunde edo enpresa onuradunak prestakuntza-ekintzak burutu beharko ditu, deialdi honetan ezarritakoari jarraituz, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jartzen duen prestakuntzarako aplikatibo informatikoa (LAN-F) baliatuta, prestakuntza-ekintza bakoitzaren hasiera jakinarazi beharko du (benetan hasteko eguna baino 7 lehenago, gutxienez), bai eta geroagoko edozein aldaketa (gertatzen den une berean) eta amaiera ere. Halaber, parte-hartzaileen bertaratzeak kontrolatuko ditu. Oro har, bestelako jarraibiderik ematen ez bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharreko guztia 7 egutegi-eguneko epean helarazi behar zaio.
Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi Lanbidek aldez aurreko baimena eman gabe, LAN-F aplikatiboaren bidez jakinarazita.
2.– Deialdi honen barruan prestakuntza emango duten prestatzaileek Lanbideren baimena beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.
Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko xederik ez duten prestakuntza-ekintzetan ez da beharrezkoa izango Lanbidek prestatzaileak baimentzea, baldin eta enpresek eman behar badituzte, zuzenean. Ez zaie altarik emango irakasle horiei Lanbideren prestatzaileen fitxategian.
3.– Prestakuntza-ekintzan parte hartu ahal izango dute, diruz lagundutako ikasleez gainera, beste bi ikaslek, haiengatik diru-laguntza jasotzeko eskubiderik gabe, prestakuntza-erakundeek hala eskatzen badute prestakuntza-ekintzaren hasiera jakinarazten dutenean (prestakuntza-ekintza hasi baino zazpi egun lehenago, gutxienez), baldin eta instalazio eta ekipamendu nahikoak badituzte, eta ikasle guztiek baldintza berdinak izango dituztela bermatzen badute. Baimena eman aurretik begiratuko da instalazio eta ekipamendu nahikoak daudela, bai eta eskatutako parte-hartzaileen kopuruarentzako egiaztatzea ere, profesionaltasun-ziurtagiri bat izanez gero.
4.– Langile langabe batek ezingo ditu eman egunean 8 ordu baino gehiago prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, asteko orduen kopurua ezingo da izan 40 ordutik gorakoa. Muga horien barruan sartuko dira, egoki izanez gero, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, bai eta profesionaltasun-ziurtagiriei ez dagozkien ekintzetako praktikak ere.
5.– Prestakuntza-erakundeak ahaleginduko dira prestakuntza-ekintzak ordutegi zentzuzkoetan programatzen, batez ere kolektibo ahulentzako ekintzen kasuan, ikasleek prestakuntza eta bizitza pertsonala bateratzeko aukera izan dezaten.
Prestakuntza-ekintza hasiz gero, erregulartasunez emango da, eta ezingo da aldi batez eten, behar bezala justifikatutako eta Lanbidek onartutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.
6.– Ikastaro bakoitzaren hasieran, enpresa eta erakunde onuradunek gutxienez honako material hau emango diete prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten guztiei:
– Eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan, espezialitatearen eduki guztiak bilduko dituena.
– Ikastaroa behar bezala egiteko behar den idazmahaiko materiala.
– Behar diren babes-elementuak.
– Geroagoko kontratazioari buruzko informazio idatzia, 9.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Orobat, ikasleei jakinaraziko zaizkie 9. eta 10. artikuluetan araututako eskubide eta betebeharrak eta baztertzeko prozedurak.
7.– Ikasleek prestakuntza-ekintza uzten badute, beste ikasle batzuk sartu ahal izango dira haien ordez. Ordezkapen hori honako baldintza hauen arabera egingo da:
a) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzetan, ordezkapena onartuko da, prestakuntza-ekintzaren lehen bost irakastegunetan egiten bada, eta iraupen osoaren % 25 baino gehiago eman ez bada.
b) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta ez dauden prestakuntza-ekintzetan, ordezkapena onartuko da, prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25 eman aurretik egiten bada.
Hasita dauden prestakuntza-ekintzetara sartzen diren ikasleek maila nahikoa izan behar dute, ikastaroa jarraitzeko eta hari probetxua ateratzeko gai izango direla bermatze aldera, prestakuntza-ekintza behar bezala garatzea eragotzi gabe. Ildo horretan, prestakuntza-ekintzaren aprobetxamendua eta garapen egokia bermatzea helburu hartuta, parte-hartzaileak hautatzeko prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, prestakuntza-ekintza ongi jarraitzeko eskatu behar den gutxieneko maila badutela bermatzeko.
8.– Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten langabeei dagokionez, batik bat langabeziako prestazioa edo sorospena edota diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonen kasuan, parte-hartzaile horien uko egiteak, ez agertzeak eta prestakuntza-ekintzak uzteak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari lehenbailehen jakinarazi beharko dizkiote prestakuntza emateko ardura duten enpresa eta erakunde onuradunek, egoera horien kausak zehaztuta.
9.– Prestakuntzaren xedea ez bada profesionaltasun-ziurtagiria lortzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Agiri horretan, gutxienez datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi den eta zer egunetan amaitu, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak.
10.– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea bada, ikasleak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak ikusteko, eta, horrenbestez, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatzeko.
Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza baten arabera, eta honako hauek adieraziko dira, gutxienez, modulu bakoitzarentzat: ebaluazioa zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen (LAN-F aplikatibo informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek, bai eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak ere, eskaneatu egingo dira, eta aplikatibo informatikoan sartu.
Prestakuntza-moduluetan ikaskuntzaren emaitzak egiaztatuko dira, bai ezagutzei buruzkoak, bai trebetasun praktiko eta abileziei buruzkoak, gaitasunetan eta haien ebaluazio-irizpideetan adierazitakoaren arabera, oro har lanbide-konpetentzien eskurapena egiaztatze aldera.
Konpetentzia-atalen egiaztapena lortzeko, ebaluazio positiboaz (gai) gainditu beharko dira haietako bakoitzari lotutako prestakuntza-moduluak.
Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte ikasleek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da ikasle bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak (LAN-F aplikatibo informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera).
Modulua eman ondoren, ebaluazio-akta beteko da, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzak adierazita, LAN-F aplikatibo informatikoaren bidez: «gai», «gai - ez egiaztagarria» edo «ez gai».
Lantokian prestakuntza praktikoaren modulua egiten ari diren ikasleen jarraipena eta ebaluazioa elkarrekin egingo dute prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek LAN-F aplikatiboaren bidez eskuratutako ziurtagiri bat jasoko dute.
Ikastaroa amaitzean, gainditu dituzten prestakuntza-moduluen Egiaztapen Partzial Metagarria emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko prozedura hasiko da, osatu badute.
Ikasle batek ikastaroa amaitzen badu baina ebaluazioa negatiboa bada, asistentzia-ziurtagiria emango zaio, eta hala badagokio, gainditu dituen moduluen Egiaztapen Partzial Metagarria.
Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituzten prestakuntza-zentroek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F aplikatiboan sartu beharko dituzte datu edo agiri hauek:
– Ikastaroa hasi aurreko 7 egun baliodunetan, hasieraren jakinarazpenean:
• Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F aplikatibo informatikoan eskura egongo da).
• Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, zuzentzeko eta puntuatzeko euskarri eta guzti.
– Ikastaroa amaitu ondorengo 7 egun baliodunetan:
• Online dokumentazioa LAN-F aplikatibo informatikoan, ikasleen emaitzak jasoko dituena, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F aplikatibo informatiboan eskura egongo da).
• Ebaluazio-aktak betetzea.
11.– Diru-laguntzaren prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean egikarituko dituzte prestakuntza-ekintzak, hirugarrenekin azpikontratatu gabe. Helburu horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea ez da azpikontrataziotzat joko.
Onuraduna enpresa bat izanez gero, bitarteko propioak baliatuta eman dezake prestakuntza, edo kontrata dezake, helburu horretarako egoki izanez gero. Halaber, behin bakarrik kontratatu ahal izango du prestakuntza-ekintza erakunde egiaztatu eta/edo inskribatu batekin (onuraduna bera hala denean izan ezik), eta ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea diruz lagundutako prestakuntza emateko.
Kontrataziora joz gero, enpresa onuradunak hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zenbatekoak gainditzen badu azaroaren 8ko 9/2017 Legeak, Sektore Publikoko Kontratuenak, 118. artikuluan kontratu txikientzat ezarritako zenbatekoaren muga, ezaugarri bereziak izatearen ondorioz zerbitzu hori ematen duten erakundeen kopurua merkatuan nahikoa ez den kasuetan izan ezik. Jasotako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.
Halaber, enpresa onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldez aurreko baimena eskatu beharko du hirugarrenekin azpikontratatutako prestakuntza-jardueraren zenbatekoa diru-laguntzaren % 20 baino handiagoa eta 60.000 eurotik gorakoa izanez gero, edo kontratua egiten bada harekin lotura duten pertsona edo erakundeekin. Azken kasu horretan, gainera, kontratazioa egin behar da merkatuko baldintza arrunten arabera. Horretarako, baimen-eskaerarekin batera, sinatu nahi den kontratuaren kopia aurkeztu behar da, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak emango du ebazpena. Baimena eman dela joko da berariaz ebazten ez bada 20 eguneko epean, eskabidea aurkeztutako egunetik zenbatzen hasita.
Nolanahi ere, 11. zenbaki honetan aurreikusi ez den guztian zuzenean aplikatuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3 artikuluetan xedatutakoa.
12. artikulua.– Lanekoak ez diren lanbide-praktikak.
1.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea ez bada, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko lehen bi hilabeteetan hasi beharko dira. Epe hori 3.3 artikuluan adierazitako baldintzen araberakoa izango da.
2.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada:
– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza-modulu praktikoarekin, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera. Enpresak iritziz gero iraupena eta edukiak nahikoak ez direla, praktika luzatu ahal izango da, lanekoak ez diren praktikei buruzko akordio gehigarri baten bidez, baina bi praktiken artean ezingo da gainditu 200 orduko iraunaldia.
– Enpresek edo prestakuntzarako zentro/erakundeek antolatu beharko dute prestakuntza praktikoaren modulua lantokietan egitea, ikasitako espezialitatearekin lotutako langintzetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen % 100entzat, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituenak, 5 bis artikuluan ezarritako salbuespenen batean dauden ikasleen kasuan izan ezik.
– Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak ebaluazio positiboarekin gainditu badira, eta azken modulua amaitu eta 4 hilabeteko gehieneko epean hasi behar dira lanbide-praktikak. Epe hori 3.3 artikuluan adierazitako baldintzen araberakoa izango da.
Salbuespenezko arrazoiek bultzatuta eta justifikatuta baldin badago, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak egiten diren bitartean egitea baimen dezake Lanbidek. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboz gainditu duten ikasle guztiek lanekoak ez diren praktikak edo prestakuntza praktikoaren modulua egin ahal izango dute lantokian, haien administrazio-egoera gorabehera.
Prestakuntza-ekintzaren iraunaldian praktikak hasi dituzten ikasleen azken ebaluazioa negatiboa bada ere jarraitu ahal izango dituzte praktikak. Prestakuntza-ekintza utziz gero, harekin lotuta dagoen eta lanekoa ez den lanbide-praktika amaituko da.
3.– Profesional-ziurtagiri osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza-modulua, langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta dituen kasuan izan ezik.
4.– Lanekoak ez diren praktikak enpresen eta prestakuntza-erakundeen artean sinatutako eta prestakuntza-zentroek dinamizatutako hitzarmenen edo akordioen bidez arautuko dira. Hitzarmen horiek Lanbideri bidaliko zaizkio LAN-F aplikatiboaren bitartez, baimendu ditzan, praktikak benetan hasi baino 7 egun lehenago, gutxienez. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Egoera hori egiaztatzeko, hitzarmenari erantsi beharko zaio langileen legezko ordezkaritzak sinatuko den hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela ziurtatzen duen agiria, LAN-F aplikatiboan eskura jarriko den eredu ofizialaren bidez. Horrez gainera, praktika horietan parte hartuko duten ikasleen zerrenda erantsi beharko da.
5.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, betiere Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurretiazko baimenarekin.
6.– Praktiken eguneko iraupenak ezingo du 8 ordutik gorakoa izan.
7.– Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua abiatu aurretik, nahitaezkoa da Lanbidek praktiken hitzarmena balioztatzea. Ez baldin bada izapide hori betetzen, baliogabetu egin daitezke nahitaezko baimen hori ez duten praktikak.
13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez haratago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du. Horretarako, bisitak egingo dira prestakuntza-ekintza egingo den zentrora, eta diru-laguntza onesteko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko da (instalazioak, zuzkidura eta ekipamendua, bitarteko didaktikoak, irakasleak eta abar) edo antzemandako irregulartasunak, halakorik balego, berariaz adieraziko dira, zuzen daitezen.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikastarora bi bisita egingo ditu, gutxienez:
Ekintzaren hasieran. Honako hauek egingo ditu Lanbideko teknikariak bisita horretan:
– Prestakuntza ematen duen zentroaren baldintzak egiaztatuko ditu, Lanbideren finantziazioak sortzen duen komunikazio-betebeharra barnean hartuta.
– Ikasleei jakinaraziko dizkie ikastaroari buruzko datu guztiak, haren edukiak eta garapena, baita ikasleen eskubide eta betebeharrak ere.
– Egiaztatuko du ikasleei informazio idatzia eman zaiela kontratazio-baldintzei buruz.
– Haien zalantza eta kontsultei erantzungo die.
Ekintzaren amaieran. Honako hauek egingo ditu Lanbideko teknikariak bisita horretan:
– Prestakuntza ematen duen zentroaren baldintzak egiaztatuko ditu, Lanbideren finantziazioak sortzen duen komunikazio-betebeharra barnean hartuta.
– Ikasleei eskatuko die amaierako inkesta bete dezatela.
– Ikasleei orientazioa emango die jasotako prestakuntzak ematen dizkien aukerei buruz eta une horretan dituzten prestakuntza-ibilbideei edo enplegu/prestakuntzako beste ekintza batzuei buruz, lan-merkatura errazago sar daitezen.
3.– Prestakuntza ematen duen zentroak Lanbidera bidali behar ditu, ikastaroaren lehenengo hilabetea bukatu baino lehen:
– Ikastaroaren funtzionamenduari buruzko txostena, homologazio-baldintzak eta ikastaroaren hasierako komunikazioan adierazitakoa betetzen direla egiaztatzen dituena.
– Ikasleek betetako kalitate-inkestak, haiek egindako ohartarazpenekin batera.
14. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ebaluatuko ditu deialdi honen babesean emandako prestakuntza-ekintza guztiak, ebaluazio-sistema misto bat baliatuta. Ebaluazio-sistema misto horrek bi iturri bereizietako informazioa jasoko du:
A) Ikasleek betetako galdera-sortak oinarri hartuta lortutako batez besteko emaitzak. Galdera-sorta horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek.
B) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren amaieran egindako bisitan emandako puntuazioa, prestakuntzarako zentro/erakundeak emandako prestakuntza ebaluatzeko ereduaren arabera.
Nolanahi ere, eman diren prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko, nahitaezkoa izango da sintesi-adierazle bat egitea prestakuntzarako zentro/erakundeak emandako prestakuntza-ekintza bakoitzarentzat. Sintesi-adierazle horrek neurtuko ditu adierazitako bi informazio-iturri horietatik eskuratutako emaitzak, formula honen arabera:
A = Ikasleek betetako galdera-sortetatik ateratako batez besteko puntuazioa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdera-sortak argitaratzen dituenak, adierazitakoaren arabera.
Atal horrek % 60ko pisua izango du adierazlearen puntuazioan.
B = Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak guztira emandako puntuazioa, LAN-F aplikatibo informatikoaren bidez eskura jarriko den ereduaren arabera.
Atal horrek % 40ko pisua izango du adierazlearen puntuazioan.
Dena dela, kontuan hartu ahal izango dira beste informazio-iturri batzuk, halakorik balego, hala nola prestakuntzarako zentro/erakundeei edo kanpoko erakundeei eskatutako kalitate-ebaluaziorako ekintzetatik ateratako emaitzak.
Lanbidek ebaluatuko du prestakuntza-ekintzek parte-hartzaileen enplegagarritasunean eragindako inpaktua, ikerlanen eta/edo expost inkesten bitartez.
15. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketa (% 50) egingo da diruz lagundutako prestakuntza-ekintza hasi ostean, Lanbidek egiaztatzen duenean Enplegurako Lanbide Heziketarako behar diren eta araudiak eskatzen dituen baliabide teknikoak, materialak eta giza baliabideak dituztela, prestakuntza-ekintzak diru-laguntza ematea erabaki zen unean proposatu bezala gauzatu ahal izateko.
Prestakuntza-ekintza enpresek kontratatuz gero, 11. artikuluaren 13. zenbakian xedatutakoaren arabera, 6. artikuluaren 2.f puntuan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, eskabidea egitean aurkeztu ez bazen, egindako kontratuaren kopia barnean hartuta.
b) Bigarren ordainketa (% 50) 2019ko ekitaldian egingo da, prestakuntza-ekintza amaitu eta gero, hots, kontratuak aurkeztu, prestakuntza-ekintza justifikatu eta likidatu ostean.
2.– Ordainketa bakoitza egin aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak bete direla.
Enpresa edo erakunde onuradunak berariaz ukatzen badu egiaztapen hori egiteko baimena, baldintza hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
16. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea eta likidatzea.
1.– Diru-laguntzen likidazioa ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen eta benetan egin dituzten eskola-orduen arabera egingo da, ezarritako modulu ekonomikoak aintzat hartuta. Likidazio-zenbatekoa inola ere ezin da izan handiagoa hasiera batean onartutako diru-laguntzarena baino.
Likidazioa honela kalkulatuko da:
– A modulua bider 15 ikasle, baldin eta prestakuntzari heldu zioten ikasleen kopurua 3.4 artikuluan ezarritako gutxieneko eta gehieneko kopuruen artean badago, bider emandako prestakuntza-orduen kopurua.
– Aurreko zenbatekoari gehituko zaio B modulua bider ekintzak dituen ordu-kopurua egitean ateratako zenbatekoa, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan; eta B modulua bider prestakuntza-ekintzan parte hartu dutenen ordu kopuru erreala egitean ateratako zenbatekoa, hori amaitu ez duten ikasleen kasuan. Kalkulu hori egingo da ekintzarako onetsitako ikasle kopuruaren muga errespetatuz.
– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio zeharkako gastuengatik.
2.– Kontratazioa egiteko hiru hilabeteko epea igaro ostean, diru-laguntzaren onuradunak 15 eguneko epea izango du justifikazio-memoria LAN-F aplikatiboaren bitartez bidaltzeko. Aldez aurretik egiaztatu beharko du honako hauek erantsi direla:
– Ikasleek sinatutako asistentzia-orriak, prestakuntza-ekintzari egotzitako orduen frogagiri gisa.
– Parte-hartzaileei egindako lan-kontratuak, kontratazio-konpromisoa betetzeko.
Ezarritako epea amaitu bada, dagokion dokumentazioa aurkeztu gabe, organo eskudunak 15 eguneko epea emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Epe hori ere amaitzen bada justifikazioa aurkeztu gabe, itzultze-prozedura hasiko da.
Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.
Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: www.euskadi.eus/gobierno-vasco/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html
17. artikulua.– Jarraipena eta kontrola. Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan xedatutakoez gainera, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, Diru-laguntzei buruzkoak, 14. artikuluan eta 46. artikuluan oro har ezarritakoak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsiak, 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:
2.– Laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko, eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.
EGIFek finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzek Europar Batasuneko araudiak ezarritako egiaztapen- eta kontrol-jarduerak bete beharko dituzte, eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak gauzatuko dituzte horretarako jardunak.
3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokorraren esparruan, onuradunak honako hauek bete beharko ditu:
– Finantzaturiko ekintzak egikaritu izanari edo ekintza horien bideragarritasunari buruzko informazioa ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaion dokumentazioa betetzea eta igortzea ere.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik diru-laguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.
– Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarriko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zein baldintzatan gauzatu diren aztertzeko.
5.– Halaber, diruz lagundutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-baldintzak bete ditzaten, prestakuntza-zentroek diru-laguntzarekin lotutako transakzioak identifikatu beharko dituzte, kontabilitate-identifikazio bereizgarri bat edo kontabilitate-kode egoki bat baliatuta.
18. artikulua.– Lanbideren finantziazioagatik eta EGIFek lagundutako finantziazioagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.
Lanbideren finantziazioa jasoko duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, erakundeek berariaz adierazi beharko dute finantziazio hori diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta haien ondorioz sortutako ekintzetan ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LAN-F prestakuntza-aplikatiboaren bidez erakunde onuradunen esku jarriko da eskuliburu hori).
EGIFek lagundutako finantziazioa jasoko duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, erakundeek berariaz adierazi beharko du Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantziazioa dutela, EAEko 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan edo Gazteen Enpleguaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan, sortzen diren material didaktiko guztietan edo bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jardueren berri emateko, hedatzeko eta/edo publizitatea egiteko ekintzetan ere.
Halaber, erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. zenbakian aurreikusitako zerrenda publikoan.
19. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.
20. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin bat etortzea.
Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, hainbat finantzaketa-iturritatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.
21. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.
1.– Diru-laguntzaren ordainketa ezingo da eskatu, eta, hala badagokio, jasotako zenbateko guztiak edo haien zati bat itzuli beharko da, diru-laguntza ordaindutako unetik aplikatutako berandutze-interesak eta guzti, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak, Diru-laguntzei buruzkoak, 37. artikuluan adierazitako kasuetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsiak, 53.1 artikuluan jasotako egoeretan. Bereziki, honako kasu hauetan:
a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.
b) Diru-laguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.
e) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.
2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:
a) Emandako diru-laguntzaren % 100 itzultzea eragingo dute erabateko ez-betetzeek, halakotzat jota honako hauek:
– Diru-laguntzaren helburuaren erabateko ez-betetzea.
– Diru-laguntza justifikatzeko betebeharraren erabateko ez-betetzea.
– Diruz lagundutako jarduerak ez betetzea helburuen % 35, honela neurtuta: ordu kopuruaren adierazlea bider ikasle parte-hartzaileen kopurua.
– Prestatutako langileen % 30 baino gutxiago kontratatzea, edozein kausagatik, betetzea eragotzi duten ezinbesteko kasuetan izan ezik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak behar bezala justifikatuz gero. Ezinbesteko kasutzat joko dira Kode Zibilaren 1105. artikuluan xedatutakoaren araberakoak.
b) Emandako diru-laguntzaren itzultze partziala eragingo dute ez-betetze partzialek, halakotzat jota honako hauek:
– Diru-laguntzaren helburuaren ez-betetze partziala.
– Diru-laguntza justifikatzeko betebeharraren ez-betetze partziala.
– Prestatutako langileen kontratazio-ehunekoa % 30 eta % 50 bitartekoa denean. Kasu horretan, eskola-orduen araberako likidazioa eginda, diru-laguntzaren ehuneko hauek ordainduko dira:
Prestatutako ikasleen ≥ % 45 eta < % 50 kontratatuak: Diru-laguntzaren % 80.
Prestatutako ikasleen ≥ % 40 eta < % 45 kontratatuak: Diru-laguntzaren % 70.
Prestatutako ikasleen ≥ % 35 eta < % 40 kontratatuak: Diru-laguntzaren % 60.
Prestatutako ikasleen ≥ % 30 eta < % 35 kontratatuak: Diru-laguntzaren % 50.
Ikasleek kontratuari uko egin izanak ez du justifikatuko konpromisoa bete denik, kontratatzeko beste ikaslerik ez dagoen kasuetan izan ezik.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren enpresa edo erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duten gertaeren berri emateko. Halaber, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.
4.– Alegazioak aurkeztu ostean, edo alegatzeko epea amaitu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
22. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta datuen babesari buruzko gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzeko eta kontrolatzeko erabiliko ditu deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betez lortzen diren datu pertsonalak.
Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, kentzeko eta garraiatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko muga ezartzeko eta haien aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
Datuen babesari buruzko informazio gehiago hemen: http://www.lanbide.euskadi.eus/general/-/informacion/condiciones_de_uso_y_politica_de_privacidad/