EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2018118

AGINDUA, 2018ko ekainaren 12koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez deitzen eta arautzen baitira sektore-elkarteei zuzendutako 2018ko ekitaldirako laguntzak, nazioartekotze-jarduerak lankidetzan gara ditzaten (Elkartzen Berri programa).

Xedapenaren data: 2018-06-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201803176
Maila: Agindua
Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2005eko martxoaren 15eko Aginduak arautzen du Elkartzen programa, irabazi asmorik gabeko erakundeek kanpo-sustapeneko jarduerak burutzeko laguntzei buruzkoa. Agindu hori Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko ekainaren 13ko Aginduak aldatu zuen. Agindu horren xedea zen laguntzen programa premia berriei egokitzea, esaterako, ordura arte onartzen ez ziren gastu-kontzeptu batzuk onartzea edo laguntzen gehieneko mailak handitzea. Ekonomia Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko otsailaren 18ko Aginduak honako beste bi agindu hauek baliogabetu ditu: 2005eko martxoaren 15eko Agindua, irabazi asmorik gabeko erakundeek kanpo-sustapeneko jarduerak burutzeko laguntzei buruzko Elkartzen programa arautzen zuena, eta Ekonomia Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko apirilaren 13ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko kluster-erakundeei laguntzeko programa arautzen duena.
Egun, esan dezakegu egoera zeharo aldatu dela, ez 2005ekoarekin alderatuta soilik –urte horretan sortu zen programa– baizik eta 2012an zegoen egoerarekin alderatuta ere. Aldaketarik garrantzitsuenetako batek orduan lehentasunezko ziren klusterrei eta sektore-aurreklusterrei eragiten die, zeinek xedapen desberdinek araututako laguntzak baitzituzten; egun, ordea, esparru arautzaile bakarra dute, eta hor kokatuko da, 2018tik aurrera, horien kanpo-sustapeneko jardueren finantzaketa, eta, hori dela eta, Elkartzen programako onuradun izateari utziko diote.
Bestalde, duela urte batzuk, sektore-elkarteek enpresak kanpoan sustatzen laguntzeko burutu zitzaketen ekintzak nazioarteko jarduerak lankidetzan garatzeko ekintzatzat hartzen ziren; gaur egun, ordea, Euskadiko enpresen nazioartekotzeari dagokionez egoera asko hobetu da, eta, beraz, laguntza jaso dezaketen ekintzen definizioa zehaztu egin behar da.
Laguntzak emateko agindu hau Ekonomia Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko otsailaren 15eko Aginduak onartutako Diru-laguntzen Plan Estrategikoan dago jasota, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1. artikuluan xedatzen dena betez.
Minimis diru-laguntzak metatzeari buruzko araubidea aplikatuko da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore-elkarteei zuzendutako 2018ko ekitaldirako laguntzak arautu eta deitzea, nazioartekotze-jarduerak lankidetzan gara ditzaten (Elkartzen Berri programa).
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Aurreko artikuluan ezarritako helbururako 500.000 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 5/2017 Legean hartarako ezarritako aurrekontu-kredituaren kargura.
2.– Emango diren diru-laguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortzen denean, eta gertakari hori publiko egin ondoren jasotzen diren eskabideak ez dira onartuko.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Onuradun izan ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore-elkarteak.
2.– Agindu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honako baldintzak betetzen dituzten erakundeak izango dira sektore-elkarte:
a) Irabazi asmorik gabeko erakundea izatea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean izena emanda egotea.
c) Elkarteko partaide diren enpresen nazioartekotzea izatea haren helburu nagusi edo helburu lehenetsietako bat.
3.– Agindu honetan jasotzen diren diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek ordainduta izan beharko dituzte Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, baita diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere.
4.– Diru-laguntzen onuradun izateko, erakunde eskatzaileak ez du eduki behar zehapen penal edo administratiborik diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, ezta horretarako desgaitzen duen legezko debekurik ere, barne hartuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak.
5.– Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan dauden pertsonak edo erakundeak, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jo eta gero xedatzeke dagoen berreskuratzeko agindu baten eraginpean daudenak, ez eta krisialdian dauden enpresak ere, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetan emandako definizioarekin bat eginez (C249 EBAO, 2014-07-31koa).
6.– Onuradun izateko izaera diru-laguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko da.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Euren enpresa elkartuen nazioartekotzea sustatu eta kanpo-lehiakortasuna indartzen, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren herrialde-irudia hobetzen laguntzen duten enpresa onuradunek 2018an burututako jarduerak lagun daitezke diruz.
a) Zuzeneko merkataritza-misioak:
Elkarteak antolatuta kanpoko herrialde edo merkatuetara egindako merkataritza- edo prospekzio-bidaiak, non elkartearekin batera parte hartuko baitute Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako bi enpresa elkartuk gutxienez.
b) Alderantzizko merkataritza-misioak:
Elkarteak antolatutako balizko bezero edo atzerriko ikuskatzaileen bisitak, elkartea eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako gutxienez bi enpresa ikusteko helburuarekin.
c) Atzerriko azokak:
Elkarteak parte hartzea atzerriko erakusketetan, erakustoki batean bilduz Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden gutxienez bi enpresa elkartu.
d) Elkartearen sustapen- eta hedapen-elementuak, atzerriko hizkuntza batean, gutxienez, eginak.
2.– Ez da diru-laguntzarik emango erakunde publikoek prezio publikoetan emandako azterketa eta zerbitzuengatik.
5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Jardueraren arabera, honako gastuak ordaintzen lagunduko da eta honako laguntza-portzentajeak aplikatuko dira:
a) Zuzeneko merkataritza-misioak: destinoko herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren % 50. Poltsa bat elkarte bakoitzeko eta elkartearekin batera parte hartzen duten enpresa elkartu adina poltsa.
b) Alderantzizko merkataritza-misioak: gonbidatutako pertsonaren bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuen % 50.
c) Atzerriko azokak: destinoko herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren % 50 (ikus eranskina), eta erakustoki- eta apainketa-gastuak. Poltsa bat elkarte bakoitzeko eta elkartearekin batera parte hartzen duten enpresa elkartu adina poltsa.
d) Sustapen- eta hedapen-elementuak: proiektu bakoitzeko zenbatekoaren % 50.
2.– Jarduera bakoitzaren diru-laguntza gehienez ere 40.000 eurokoa izango da, eta elkarte onuradun bakoitzak gehienez ere 100.000 euro jasoko ditu.
6. artikulua.– Diru-laguntzak emateko eta eskabideak aurkezteko prozedura.
1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira diru-laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira. Ebazpenak espedienteak osatu ahala argitaratuko dira.
2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta 2018ko urriaren 31n amaituko, 12:00etan, edo, 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.
3.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta emakida-deialdi honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.
4.– Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, www.euskadi.eus webgunearen bidez beteko dira.
5.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.
6.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legearekin (azaroaren 24ko 10/1982) bat etorriz.
7.– Ez da nahitaezkoa izango dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zein datatan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren.
8.– Diru-laguntzarako eskabiderik aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.
7. artikulua.– Eskabideen edukia.
1.– Betetako eskabidean, pertsona eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, honako agiri hauek ere jaso beharko dira:
a) Elkartea eratzeko eskritura.
b) Elkartearen estatutuak eta erregistro-inskripzioa.
c) Identifikazio Fiskaleko Txartela.
d) Erakunde eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia.
Agiriok aurkeztu beharko dira sailaren esku edo indarrean ez badaude.
2.– Zer jarduera burutzeko eskatzen den diru-laguntza.
3.– Elkarte eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:
– Beste instituzio publikok zein pribatuk jarduera berberentzat eskatutako edo emandako diru-laguntzak.
– Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta unekoan jasotako minimis laguntzak, minimis laguntzei buruz Batzordeak emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduari lotuta daudenak, hain zuzen ere.
– Erakunde eskatzailea ez dela izan kondenatua laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurra eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko Legearen (uztailaren 9ko 22/2003) arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.
– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.
– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
– Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
– Diru-laguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez duela ebazpen irmo baten bidez.
– Honako enpresa hauei ere eragiten dieten diru-laguntzak jasotzeko debekurik ez duela: zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bategite edo ondorengotza bitartez.
– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo duelako, eta ez dela krisialdian dagoen enpresa bat, finantzarioak ez diren enpresak laguntzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetako definizioaren arabera (C249 EBAO, 2014-07-31koa).
– Elkartea ez dagoela nahastuta Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan.
– Elkarteari dagokionez, inskribatzeko administrazio-prozedura ez dela eten, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, inskripzioa egin ahalko da dagokion erregistroan.
4.– Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiriak (sailari horiek eskatzeko baimena ematen ez badio soilik).
5.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.
6.– Nolanahi ere, laguntza hauen organo kudeatzaileak (Nazioartekotzeko zuzendaria) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legean) xedatutakoa aplikatuko da.
8. artikulua.– Diru-laguntzak emateko ebazpena.
1.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena ematea Nazioartekotzeko zuzendariari dagokio; bertan, berariaz adieraziko da minimis laguntzak direla, eta honako hauek jasoko dira gutxienez:
– Diruz lagundutako jarduerak eta horien kostua.
– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
– Justifikazio-fasea amaitu arte egin behar diren urratsen eta fase horretan aurkeztu behar diren agirien zerrenda.
2.– Eskabide bat ukatzen bada, ebazpenean uko horren oinarriak zehaztuko dira.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa elkarte interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea behar bezala beteta aurkeztu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera baietsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, organo eskudunak diru-laguntzaren inguruko ebazpena espresuki emateko duen betebeharra alde batera utzi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo eskudunaren aurrean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da erakunde onuradunen eta emandako diru-laguntzen zerrenda, herritar guztiak jakitun egon daitezen.
6.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen erakunde onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoa ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari bazaie eta oraindik amaitu gabe badago.
9. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, organo kudeatzailearen aginduz, era honetan:
a) Lehen ordainketa, emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 50, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egingo da, hamabost egunetan laguntzari espresuki uko egiten ez bazaio.
b) Bigarren ordainketa batean diru-laguntzaren gainerako zatia ordainduko da, eta aldez aurretik, bitarteko elektronikoak erabilita, diru-laguntza jaso duten jarduerak egin direla egiaztatzeko agiriak aurkeztu ondoren likidatuko da.
2.– Diru-laguntza justifikatzeko agiriak erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko dira, 2019ko otsailaren 15a baino lehen, eta honako hauek izango dira:
– diru-laguntzarekin finantzatu diren jarduerak bete izana justifikatzeko memoria.
– egindako jardueren eta lortutako emaitzen zerrenda xehatua.
– jarduera bakoitzaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua (BEZ kanpo). Horiekin batera, dagozkien fakturak ere aurkeztuko dira, jaulkitze-datarekin eta hartzekodunaren identifikazioarekin (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita.
Egindako bidaiak justifikatzeko, aski izango da garraioaren txartelak edo ostatuetako fakturak aurkeztea joan-etorria egiaztatzeko.
3.– Ezin izango da diru-laguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada.
4.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake edozein momentutan, erakunde onuradunak aurkeztutako agirien eta datuen egiatasuna frogatze aldera.
5.– Likidazio-fasean, diru-laguntzak ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatuko du artikulu honen 2. zenbakian aipatutako fakturen koadroan zehaztutako gastuak egiazkoak direla. Enpresa onuradunei jatorrizko fakturak eta ordainketen egiaztagiriak eskatuko zaizkie, eta zerbitzu teknikoek aztertuko dituzte.
10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Onuradunak ez badio berariaz eta idatziz uko egiten diru-laguntzari hura eman zaiola jakinarazi ondorengo hamabost eguneko epean, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.
2.– Diru-laguntza eman den jardueretarako erabiltzea.
3.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egoki jotzen dituen egiaztapen-lan guztiak egingo ditu aztertzeko nola garatu eta egikaritzen diren diruz lagundutako proiektuak. Nolanahi ere, aurreko artikuluaren xedea betetzeko beharrezko irizten den informazio guztia emateko betebeharra dute elkarte onuradunek.
4.– Onuradunak aurkeztutako behin betiko fakturak eta ordainketen egiaztagiriak artxibatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura gordeko dira, 5 urtez.
5.– Elkarte onuradunen betebeharra izango da Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren eginkizunen jardunean laguntza horiei buruz eskatzen dieten informazio oro ematea.
6.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Nazioartekotze Zuzendaritzari.
7.– Nazioartekotze Zuzendaritzari diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.
8.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntza edo laguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Nazioartekotze Zuzendaritzari; «minimis araubidearen» pean eman direnen zenbatekoa ere adierazi beharko da.
9.– Diruz lagun daitezkeen edozein motatako kontratuen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 18.4. artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.
10.– Bere egitea Administrazioarekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten erakundeei edo Administraziotik diru-laguntzak jasotzen dituztenei Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.
11.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.
11. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasunari eta laguntzak metatzeari buruzko araubidea.
1.– Laguntza hauek bateraezinak dira xede berarekin, bereziki administrazio honek nazioartekotzearen alorrean ematen dituen beste laguntza guztiekin.
2.– Klusterrak dinamizatzen dituzten erakundeek ezin izango dute dekretu honetan araututako laguntzez baliatu.
3.– Aurrekoaren kalterik gabe, minimis diru-laguntzak metatzeari buruzko araubidea aplikatuko da, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis diru-laguntzei aplikatzeari buruzkoa da eta, sarreraren 3) puntuan eta 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, enpresa bakar batek jaso beharreko minimis diru-laguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000,00 eurotik gorakoa hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan (dagokion zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak).
12. artikulua.– Diru-laguntzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretakoren bat aldatzen bada, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan ezarritako betekizunak babesten badira.
2.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasota dauden jarduerak gauzatu behar dira. Nolanahi ere, Nazioartekotzeko zuzendariak aldaketak baimendu ditzake, aldez aurretik hala eskatu bazaio diru-laguntza kudeatzeko zuzendaritzari, eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatzen baditu jarduerak amaitu aurretik, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoa desitxuratzen ez badira.
3.– Aldaketek ez dute inolaz ere handituko hasieran emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.
13. artikulua.– Ez-betetzeak.
Erakunde onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan ezarritako betekizunak, Diru-laguntzei buruzko Legearen (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikulukoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntzaren tronkoa eta berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikulua. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
Guztizko ez-betetzearen arrazoien artean honako hauek egongo dira: beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira, edo helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, bai eta onartutako aurrekontuaren % 25etik gorako desbideratzeak (beheranzko desbideratzeak), salbu eta organo kudeatzailearen iritziz behar bezala justifikatu bada desbideratze hori eta ebazpen batean jaso.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHEnengoa
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 12koa.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.