EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2018118

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko maiatzaren 24ko bilkuran hartua, Bilbao Bizkaia Museoak SLren 2016ko urteko kontuen fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-05-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201803175
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko maiatzaren 24an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
Bilbao Bizkaia Museoak SLren 2016ko urteko kontuen fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 24a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
BILBAO BIZKAIA MUSEOAK SL-REN 2016KO URTEKO KONTUEN FISKALIZAZIO-TXOSTENA
Laburdurak.
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko zerga.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
KBA: Kontrataziorako barneko aginpideak.
SPKLTB : 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Bilbao Bizkaia Museoak SLren 2016ko Kontu Orokorren fiskalizazio-lana mamitu du.
2016ko ekitaldiko Urteko Kontuak Bilbao Bizkaia Museoak SLko Akziodunen Batzar Nagusiak onartu ditu 2017ko apirilaren 27an.
Fiskalizazio-lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: ezargarria den araudia bete dela egiaztatzea langileria, obren kontratazio, zerbitzu eta hornidura gaietan. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea eragotzi gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: aurkeztutako dokumentazio finantzarioa ezargarri diren kontularitzako printzipioei meneratzen zaiela egiaztatzea. Gure lana kanpoko enpresa batek gauzatutako auditoretzako txostena aztertzea izan da eta horretarako, egoki iritzitako proba osagarriak eta auditoretzako beste zenbait prozedura bideratu ditugu.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi dela ere, fiskalizazioan zehar sortu diren akatsak txosten honetako III. idazpuruan daude jasoak.
Bilbao Bizkaia Museoak SL 2013ko abenduaren 24an sortu zuten Bilboko Udalak eta BFAk, zati berdinetan harpidetutako 3.000 euroren kapital sozialarekin. Sozietate berri hau Bilboko Euskal Museoa eta Bilboko Berreginen Museoa erakundeen jarraipena da, biak ala biak 2014ko ekainaren 30ean desegindakoak; honela, bada, data horretatik aurrera zerbitzu publikoari lotu gabeko ondare-ondasunak, eskubide eta obligazioak eta Museoetako langileria subrogazio bidez Bilbao Bizkaia Museoak SLren atal izatera aldatu dira. Zerbitzu publikoari lotutako ondare-ondasunei dagokienez (museoetako bildumak eta horiek biltzen dituzten eraikinak) Bilboko Udalak eta BFAk 2015eko uztailean erabaki zuten Bilbao Bizkaia Museoak SLri ekarpena egitea 2030eko abenduaren 31ra arteko gozamen-eskubide baten bidez.
Sozietatearen jarduera nagusia sortzetik Euskal Museoa eta Berreginen Museoa kudeatu, sustatu eta eustea izan da, tutoretzapean zaintzan dituen funtsen erosketa, zaintza, inbentario, katalogazio, ikerketa, zaharberritze eta erakusketa ordenatu bidez. Jarduera hau guztia, ia osotasunean, Bilboko Udalak eta BFAk emandako kopuru bereko diru-laguntzekin finantzatzen da, nork bere urteko aurrekontuetan egindako zuzkidura bidez.
Administrazio-kontseilua 6 kidek osatzen dute, Sozietatearen jabe den administrazio publiko bakoitza % 50ean ordezkatzen dutenak. Organo honen Lehendakaritza eta Lehendakariordetza txandan-txandan, bi urteko aldietan, Bilboko Udalaren ordezkariak (egun Kultura Alorreko zinegotzi ordezkaria) eta BFArenak (Euskara eta Kultura Saileko foru-diputatu titularra) betetzen dute.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea Betetzeari Buruzko Iritzia.
Langileria.
1.– Berariaz gaitutako kanpoko enpresa batek 2016ko ekitaldian lanpostu bat izaera mugagabearekin zuzkitzeko egindako hautaketa euskarritzen duen eskurako dokumentazioak ez du egiaztatzen uzten berdintasun eta merezimendu printzipioak bete diren.
Kontratazioa.
2.– Laguntza emateko langile laguntzaileen zerbitzu-kontratua 2014ko urrian esleitu zen 90.908 euroren zenbatekoan, urtebeterako eta beste urte betez luzagarria; egikaritzaren hasiera-hasieratik luzatu zen kontratua, aldatzeko nahitaezko izapidea bideratu gabe, 2016ko ekitaldiko egikaritzak 114.120 euro eginez; horrek esleipen-prezioaren gainean % 25,5eko igoera dakar. Administrazioko kontratazioan buru egiten duten printzipioak urratu dira, kontratuaren egikaritzak prozedura harmonizatu bidez izapidetzea bereizten duen atalasea gainditu duelarik.
Epaitegi honen iritzira, Bilbao Bizkaia Museoak SLk, 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, Bilbao Bizkaia Museoak SLren 2016ko ekitaldiko Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne Kontrolerako Sistemei eta Kudeaketa Prozedurei Buruzko Irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Langileria.
– 2014-2015 aldirako Bilbao Bizkaia Museoak SLko langileentzako onartutako hitzarmen kolektiboa, zuzenean 2016ko ekitaldian luzatutakoa, ez da Euskal Herriko Lan hitzarmenen eta akordio kolektiboen erregistroan gordailatu eta dagokion moduan argitaratu BAOn, nahiz izen-ematea eskatu eta izapidetu zen.
– Sozietateak 2016ko ekitaldian produktibitate-osagarri bat ordaindu die langileei, osagai finko batez eta beste osagai aldakor batez osatua, lanaldiaren egiazko denboraren araberakoa. Produktibitate-osagarria baliatu behar litzateke langile bakoitzak agindutako egitekoetan izan duen errendimendu, interes edo ekimen berezia ordaintzeko, osagarri finkoan baliatzen ez den inguruabarra (250 euro langileko).
III.2.– Kontratazioa.
Irizpen orokorrak.
– 2013ko abenduan lizitazioak eta horien emaitzak Sektore Publikoko Kontratazioaren Plataforman argitara emateko obligazioa indarrean sartu zen, bai zuzenean bai bertako plataformarekiko lotura bidez; lan hau egin dugun datan, baina, Bilbao Bizkaia Museoak SLk ez du betekizun hori bete.
– Sozietateak ez ditu 2016ko abenduaren 31n onartu kontratatzen dituen kanpoko zerbitzuak zuzen egikaritzeko izapideak, erakundearen eta kontratatu diren enpresetako langileen arteko harremana argi gera dadin; guztiz gomendagarria da honakoa birkontratatutako zerbitzuen zabala eta ezaugarriak aintzat hartuta.
Aztertutako espedienteak:
2016an egikaritutako 4 kontratazio espediente aztertu ditugu eta honako alderdi hauek bereizi ditugu:
– Guztira 170.065 euroren zenbatekoan esleitutako 3 kontratutan honako akats hauek azaleratu dira pleguetan barne hartutako esleipen irizpideetan:
– 3 kontratuetan prezioaren formula objektiboa eta publikoa den arren, murriztu egiten du hasiera batean aurreikusitako haztapena, izan ere gutxieneko puntuazioa ematen zaie lehiaketa aurrekontua berdintzen duten eskaintzei (2., 3. eta 4. espedienteak).
– 49.183 euroren zenbatekoan esleitutako kontratu batean pleguek ez dituzte hobekuntzen irizpiderako balioztatu beharreko alderdiak aurreikusten, ez eta horiek balioztatzeko sistema ere (4. espedientea).
– 90.908 euroan esleitutako kontratu batean antzeko ezaugarriak dituzten lanetan enpresa lehiatzaileen eskarmentua balioztatu da, ezaugarri hau, baina, kaudimen irizpide modura barne hartu behar litzateke (2. espedientea).
– 90.908 euroan esleitutako zerbitzu-kontratu baten pleguek agintzen dute aurreko kontratistaren langileria subrogatu behar duela esleipendun berriak; ordea, betekizun hau enpresa eta langileen arteko sektoreko hitzarmenetatik soilik erator daiteke (2. espedientea).
– Guztira 170.065 euroren zenbatekoan esleitutako 3 kontratutan eskaintza ekonomikoaren irekiera proposamen teknikoa ireki aurretik egiten da, kontratu horiek arautzen dituzten pleguek agintzen duten moduan. Alabaina, gomendagarria litzateke SPKLTBren 150.2 artikuluak agintzen duen prozedura egokitzea, zeinaren arabera formula hutsak baliatuta kuantifikagarriak diren irizpideak balioztatzeko, aldez aurretik balio-judizioari meneratzen zaizkion irizpideak balioztatu behar diren (2, 3 eta 4 zenbakidun espedienteak).
– Guztira 170.065 euroren zenbatekoan esleitutako 3 kontraturen lehiatzaileei igorritako esleipenaren jakinarazpenak ez ditu jasotzen onartutako lehiatzaile guztiek eskuratutako puntuazioak, ez eta esleipendunaren proposamena gainerako lehiatzaileenen gainetik lehentasunez hautatzeko zein izan diren ezaugarri eta abantaila erabakigarriak ere (2, 3 eta 4 zenbakidun espedienteak).
– Aztertu diren 4 kontratutan, 302.665 euroan esleitutakoetan, kontratuen luzapenak tazituak izan dira; ordea, kontratuetako pleguen eta Kontrataziorako Barne Aginpideen arabera, kontratazio atalak onartu behar lituzke (1, 2, 3 eta 4 zenbakidun espedienteak).
– Guztira 223.508 euroren zenbatekoan esleitutako bi zerbitzu-kontratuk, zeinen indarraldia 2016ko abenduaren 31n eta azaroaren 30ean amaitu zen hurrenez hurren, hirugarren berarekin egikaritzen jarraitu dute eta horien lizitazioak ez dira 2017ko apirila arte argitara eman (1 eta 2 zenbakidun espedienteak). Beharrezkoa da botere esleitzaileek kontratazio prozedurak behar besteko aurrerapenez izapidetzea, aurreko kontratuen epemuga aintzat hartuta.
Beste alderdi batzuk.
– Administrazioko kontrataziorik gabeko espedientearen gastua aztertu dugularik atzeman dugu 45.161 euroren fakturazioa izan duen argindarraren hornidura kontratu txikiaren prozedura baliatuta gauzatu dela; ordea, eskagarria zaio lehia printzipioa aplikatzea.
III.3.– Gardentasuna eta bestelako alderdiak.
– Bilbao Bizkaia Museoak SLren web-orriak ez du gardentasun ataririk, zeinetan urteko kontuak eta auditoria txostenak argitaratuko diren; baita bertako antolamoldeari buruzko informazioa ere, besarkatzen dituen organoen arduradunak identifikatuko dituena, eta administrazioko kontratazioari buruzkoa (gauzatutako kontratu bakoitzari dagokionez baliatutako prozedurei buruzko estatistika datuak, lehiatzaile kopurua eta esleipen-hartzailearen identifikazioa, aldaketak, e.a.), hori guztia abenduaren 9ko 19/2013 Legeak agindutakoa betez, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoak.
IV.– Urteko Kontuak.
ALEGAZIOAK
Iritzia
1.– Legea Betetzeari Buruzko Iritzia.
Pertsonala.
2016ko ekitaldiko aipatutako kontratazioari dagokionez, Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak beti bete izan ditu estatutuak eta berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak.
Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak pertsona hori kontratatu du langileak aukeratzeko XX enpresaren bidez, aldez aurretik langileak aukeratzeko prozesu horren lizitazioa eginda. Langileak aukeratzeko lizitazio horretan, Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen zuzendaritzak enpresa lizitatzaileei eskatu zien langileak aukeratzeko, Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen estatutuetan jasotako printzipioei jarraituta eta dagokion publizitatea eginda, behar adina bitartekotan (XX enpresak egindako lizitazioaren laburpena erantsi da, eta horrek egiaztatzen du Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen estatutuak bete direla).
Halaber, XX enpresak adierazi eta azaldu digu, arrazoiak emanda, nola bete diren berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak. Erantsita igortzen da:
– XX enpresak egindako lizitazioaren laburpena, egiaztatzen duena Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen estatutuak bete direla.
– Hautagaien balorazioak.
Beste alde batetik, A.6 atalean aukeraketa prozeduraren deskribapena egiterakoan, argitaratutako plaza eta bere baldintza Administrazio Kontseiluan onartzearekin hasten dela argitu beharra dugu.
Tribunala Administrazio Kontseiluan izendatua izan zen, Bilboko Udaleko ordezkari bat, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari bat, langileen ordezkaria (ELA sindikatuko ordezkaria), koordinatzailea eta Administrazio kontseiluko idazkaria. (Ikus HKEE-ren 1. oharra dokumentu amaieran).
2.– Kontratazioa.
2014ko ekitaldian esleitutako laguntzarako laguntzaileen zerbitzu-kontratuari dagokionez, garrantzitsua da nabarmentzea eta arrazoitzea aipatutako irregulartasuna zer arrazoirengatik gertatu den. Data hori bat dator, beste batzuen artean, egun Bilbao Bizkaia Museoak osatzen duten bi museoen bat-egitearekin, baita zerbitzua aldatzea ekarri zuten inguruabar batzuekin ere:
Horietako lehena, garrantzitsuena, Batzar Nagusiek hartutako erabakia izan zen (musika-eskaintza izatea asteko egun guztietan). Horrela, erabaki horrek Bilbao Bizkaia Museoak erakundea behartu zuen Euskal Museoaren instalazioak astelehenetan irekitzera. Horregatik, langileen eta azpikontraten txandak guztiz hautsi ziren, eta langile gehiago behar izan dira. Ondorioz, Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak egun horietan ireki behar izan du, horrek dakarren aparteko kostuarekin. Hori ezin izan zen lizitazioan aurreikusi.
Bestalde, aurreko argudioa bezain garrantzitsua da Euskal Museoan irisgarritasun-arauak ez betetzeak ekarri zuela Gurutze kalean museorako sarrera bat izatea. Horrek enpresarekiko harremana berriro aldatzera behartu gintuen, eta gastu handiagoa ekarri zuen, baina hori ezinezkoa zen lehen lizitazioan aurreikustea. Hala ere, dagoeneko egungo lizitazioan zerbitzuaren beharrak jaso dira bere osotasunean.
III.– Barne Kontroleko Sistemei eta Kudeaketa Prozedurei buruzko Kontsiderazioak.
1.– Pertsonala.
– Lehen oharrari dagokionez, azpimarratu behar da Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak izena emateko eta aldizkarian argitaratzeko baldintza guztiak bete dituela, erantsitako dokumentazioan ikus daitekeen bezala.
Erantsi dira: argitaratzeko arduradunei bidalitako eta jasotako mezu elektronikoak. Horiek adierazten dute dokumentazioa jaso zutela eta argitaratuko zutela.
2.– Kontratazioa.
– Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen zuzendaritzak bere gain hartzen du ekitaldi honetan lizitazioen emaitzak sektore publikoko kontratazioaren plataforman argitaratzeko konpromisoa (izapideak hasi dira).
– Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen zuzendaritzak indarrean sartutako araudi berriari jarraikiz kontratazioak egokituko ditu, kontratatzen dituen kanpoko zerbitzuak behar bezala betearazteko (hurrengo administrazio-kontseiluan).
– 2018ko ekitalditik aurrera, Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak konpromisoa hartzen du formula zuzena aldatzeko, printzipio horiek betetze aldera.
– Klausula sozialak: 109.999 eurotan lizitatutako zerbitzu-kontratuari dagokionez, hitzarmenean jasota egon ez arren beste kontratazio batean langileak subrogatzea, Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak erabaki du baldintza gisa ezartzea langile horien subrogazioa, ikuspuntu soziala kontuan hartuta. Halaber, kontuan hartu du langileek instalazioak eta funtzionamendua ezagutzen dituztela, eta kalitatezko eta kontratu mugagabeko lan-egoera sustatzen saiatu da. Egoera horren proposamenenak ez du inolako araurik hausten, eta, aurrez aipatutako inguruabarrengatik, baldintza hori aldatu da pleguan. Halaber, sindikatuek eskatu dute baldintza hori, Udalarekin eta foru-aldundiarekin izandako bileretan.
Era berean, langileen estatutuaren 44. artikuluari jarraikiz, lanpostuak mantendu beharko dira enpresaren ondorengotzan:
– Enpresa baten, lanleku baten edo produkzio-unitate autonomo baten titulartasuna aldatuta ere, horrek, besterik gabe, ez du ekarriko bertako langileekiko lan-harremana iraungitzea; izan ere, enpresaburu berriak aurrekoak lan arloa eta Gizarte Segurantza zela-eta zituen eskubide eta betebeharrak subrogatuko ditu, horien artean direla pentsioen inguruko betebeharrak, betiere, gai horren inguruko araudi berezian esaten dena kontuan izanda. Orokorrean, lagatzaileak babes sozial osagarriaren arloan bereganatutako betebehar guztiak subrogatuko ditu enpresaburu berriak.
– Artikulu honetan aurreikusitakoari dagokionez, enpresaren ondorengotza dagoela ulertuko da eskualdatutako erakunde ekonomikoak bere izateko moduari eusten badio, hau da, oinarrizko jarduera ekonomiko bat edo jarduera ekonomiko osagarri bat aurrera eramateko baliabide antolatuei eusten baldin badie.
Horregatik, langileen subrogazio hori eskatuko ez balitz, langileek judizialki eskatu ahalko lukete.
– Gutun-azalak irekitzeko politikari dagokionez, Bilbao Bizkaia Museoak erakundean ezarrita dago SPKLTBren 150.2 artikuluan jasotako prozedura. Horrela, beti irekitzen da eskaintza teknikoa lehenago, eta, txosten tekniko osoa irakurri ondoren, eskaintza ekonomikoa irekitzen da. Egun horretan egindako prozedurak ez zuen araudiaren inolako urraketarik eragin.
– Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak izapideak hasi ditu, foru-aldundiaren edo Bilboko Udalaren hornidura-lizitazioei atxikitzeko aukera aztertzeko.
HKEE-REN oharrak:
1.– Ez da zalantzan jartzen sozietateak egindako hautaketa proposatutako lau izangairen artean, baizik eta Epaitegi honek eskuragarri ez izatea aurkeztutako izangaien balorazioari buruzko agiririk, aintzat harturik, gainera, Sozietatearen Estatutuek bertako langileria hautatzeko duten araudi berezia.