EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2018117

AGINDUA, 2018ko ekainaren 11koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten beste udalerri batzuetan ekoizpen-inbertsioa egingo duten eta, beraz, gune horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragingo duten enpresentzako diru-laguntzen 2018ko ekitaldirako programa. Indartu 2018 programa.

Xedapenaren data: 2018-06-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201803153
Maila: Agindua
2017-2020 Industrializazio Planak aberastasuna sortzea –garapen industrialaren aldeko apustu garbia eginda– eta gizarte-desberdintasunak murriztea lehenesten ditu. Aberastasunaren sorrerak industria du adierazle nagusi gisa. Zazpi urtez krisi ekonomikoa bizi ondoren, gure gizartea eta enpresa-sarea ahulduta geratu dira, baina hazkunde ekonomikoko garai baten aurrean gaude. 2016an, Euskal Autonomia Erkidegoak 2008ko jarduera ekonomikoaren maila berreskuratu zuen, eta industriaren sektorea berriz ere enplegu garbia sortzen hasi zen. Enplegua sortzeko ekoizpen-inbertsioa sustatzea funtsezko ardatz estrategikoetako bat da Jaurlaritzak arlo horretan garatuko dituen ekintzak bideratzeko.
Hori oinarritzat hartuta, Planak tresna eta programa egokiak egituratzen ditu enpresa-inbertsioak bultzatzeko eta sustatzaile berriei laguntza integrala emateko, horiek enplegu-aukera berriak sor ditzaten. Horrela, diskriminazio positiboa ezartzen du, bereziki, honako inbertsio hauek sustatzeko: Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean kokatutako inbertsioak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jotzen diren inbertsioak.
Plan hori aplikatuz, Deialdia oinarrizko ezaugarri hauen inguruan konfiguratzen da, laburbilduz:
I.– Eremu horietan eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten gainerako udalerrietan, lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragingo dituen ekoizpen-inbertsioa sustatzea, enpresa berrien bidez nahiz lehendik dauden enpresen bidez. Dena den, produktuaren eraldaketa-prozesuko hobekuntzekin, gaitasunak handitzearekin edo jarduera berriak garatzearekin zuzenean lotuta dauden inbertsioek lehentasuna izango dute.
II.– Lurraldea kontuan hartzen duen diskriminazio positiboa, langabezia-egoera larriagoa jasaten duten zenbait eremuren kasuan, krisi ekonomikoak eragin handiagoa izan duelako edo garapena oztopatzen duen egiturazko hondatze-egoera jasan dutelako.
III.– Inbertsioek behar bezala finantzatuta egon behar dute. Horrela, programaren hasieran, baliabide propioen gutxieneko estaldura eskatzen da, enpresa berrientzat nahiz lehendik daudenentzat. Estaldura hori laguntza jaso dezaketen inbertsioen zenbateko osoaren % 25ekoa da, laguntza publikoak kenduta.
IV.– Enpresa bakoitzeko hiru milioi euroko gehieneko diru-laguntza ezartzea, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren arabera, eta sortu beharreko enplegu-bolumena kontuan hartu gabe.
Diru-laguntzen Agindu hau Diru-laguntzen Plan Estrategikoan gaineratuta dago, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko sailburuak 2018ko otsailaren 15eko Agindu bidez onetsia, betiere Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Deialdi honetan zehaztutako xedera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria.
Zehaztutako guztiarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen IV. eta VI. tituluetan –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina– eta aurreko Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat etorriz, eta Estatuaren 2014-2020rako eskualde-laguntzei buruzko Gidalerroei (2014ko uztailaren 23ko AO, C 209) eta 2014ko ekainaren 17ko Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamendu berriari –haren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jotzen dira barne-merkatuarekin, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187)– jarraikiz, 14. eta 17. artikuluetan zehaztutakoa oinarritzat hartuta eta Europako Batzordeak Estaturako 2014-2020 eskualde-laguntzen mapa onetsi eta gero, behar-beharrezkoa da ekoizpen-inbertsioa egingo duten enpresentzako laguntza-programaren deialdiaren terminoak garatzea, horrela Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten gainerako udalerriak indartze aldera lehiakortasun-inbertsioa eta garapen ekonomikoa eragingo duten enpresentzako laguntzen programaren, hau da, Indartu Programaren deialdirako terminoak garatzea, honako helburu hauek lortu ahal izateko: ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten enpresa guztiek laguntzak lortu ahal izatea; lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa ahalbidetzea; inbertsio horien exekuzio dinamikoa ahalbidetzea; eta, inbertsioak amaitu ondoren, enpresa onuradunek gutxieneko denbora-tarte batean diru-laguntzak emateko kontuan hartu ziren baldintzak mantentzea.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten beste udalerri batzuetan ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten eta eremu horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragiten duten enpresentzako 2018ko ekitaldirako diru-laguntzak arautzea eta horretarako deialdia egitea, betiere hurrengo artikuluetan jasotzen diren terminoetan.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 1. artikuluko helbururako erabiliko diren diru-baliabideak 8.000.000,00 eurokoak izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.
2.– Diru-laguntzak emateko ezarritako diru-zenbatekoa agortuz gero, Industria sailburuordeak egoera horren berri emango du administrazio-ebazpen baten bidez, eta ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ez da onartuko gertakari hori argitaratzen den momentutik aurrera aurkezten den eskabiderik.
3.– Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskabideak ezin badira erantzun esleitutako kreditu-muga agortuta egoteagatik, ezetsi egingo dira arrazoi hori dela-eta, Industria sailburuordearen administrazio-ebazpen bidez.
4.– Ekitaldi honetan aurkeztu diren eta ezarritako muga ekonomikoa gainditzeagatik laguntzarik izan ez duten inbertsioak aurretik aipatutako moduan ezetsi badira, hurrengo ekitaldiko baliabideez baliatu ahal izango dira, betiere kasuan kasuko deialdia egiten bada eta inbertsio horiek agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte, inbertsioaren hasierari buruzko betekizunei dagokienez salbu; izan ere, betekizun horiek lehenengo eskaeraren urtean bete ahal izan dituzte. Horretarako, beste eskabide bat aurkeztu beharko dute, baina ezetsitako lehen eskabidearen datari emango zaio lehentasuna.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Honako enpresa hauek lortu ahal izango dituzte Agindu honetan jasotzen diren diru-laguntzak: enpresa handiek eta enpresa txiki eta ertainek (ETE), erauzketa, eraldaketa edo produkzioko industria-enpresak badira edo aurrekoekin lotutako zerbitzu tekniko aurreratuak egiten badituzte; eta zerbitzu logistikoen enpresak –garraioa salbu–, baldin eta diruz lagundu beharreko inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean edo Oiartzualdean kokatuta badaude. Alderdi horiek Espainiarako 2014-2020 Eskualdeko Diru-laguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2014ko maiatzaren 21eko SA 38472 (2014/N) zenbakiko Erabakian identifikatuta daude.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan (5.2 artikuluan adierazten dira), enpresa txiki eta ertainek (ETEek) egindako inbertsioek bakarrik jasoko dituzte diru-laguntzak.
3.– Mikroenpresa, enpresa txikiak eta enpresa ertainak (ETEak) 250 pertsona baino gutxiago dituzten enpresak dira, betiere horien urteko negozio-bolumenak 50 milioi euroak gainditzen ez baditu, edo urteko balantze orokorrak 43 milioi euroak gainditzen ez baditu.
ETEen kategorian, enpresa txikitzat jotzen dira, 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.
ETEen kategorian, mikroenpresatzat jotzen dira, 10 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.
Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa-taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.
Adierazitakoaren beste interpretazio batzuetarako, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoa hartuko da kontuan. Haren bitartez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarriak direla aitortzen da, Itunaren 107. eta 108. artikuluak (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187) edo horiek ordezkatzen edo aldatzen dituzten xedapenak aplikatuz.
4.– Industria-taldeen enpresa-inbertsioei dagokienez, Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean eta Agindu honetako 5.2 artikuluan zehaztutako udalerrietan kokatuta dauden enpresei bakarrik lagunduko zaie, horien prozesuak industria-jarduerarekin, erauzketarekin, eraldaketarekin, ekoizpenarekin edo zerbitzu tekniko aurreratuekin edo zerbitzu logistikoetako enpresekin lotuta badaude (garraioa salbu) eta proiektuan definitzen bada, eta taldeko enpresa guztien arteko akzio-partaidetza % 100ekoa bada.
5.– Arau honetan araututako diru-laguntzek honako hauek bete beharko dituzte: Estatuaren 2014-2020rako eskualde-laguntzei buruzko Gidalerroak eta 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 zenbakiko salbuespeneko Erregelamendu orokorraren 14. eta 17. apartatuetan ezarritakoa –haren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187)–, betiere Espainiarako 2014-2020 Eskualde Laguntzen Mapak baimendutako gehieneko intentsitateak errespetatzen badira. Diru-laguntza horizontalei buruzko arauak eta diru-laguntza sektorialei buruzko araudiak ere errespetatu beharko dira.
6.– Agindu honetan jasotzen diren diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek ordainduta izan beharko dituzte Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, baita diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere.
7.– Diru-laguntzen onuradun izateko, enpresa eskatzaileek ez dute zigor eta administrazio arloko zehapenik izan behar, horiek diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea eragin baitezakete, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne hartuta.
8.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan zehaztutako egoeraren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.
9.– Onuradun izateko betekizunak diru-laguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko dira.
4. artikulua.– Kanpoan utzitako erakundeak.
1.– Diru-laguntza hauen onuradun izatetik baztertuta geratuko dira krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01), gutxienez honako baldintza hauetakoren bat betetzen bada:
i) erantzukizun mugatuko sozietate bat bada, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da, metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino;
ii) sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz;
iii) enpresa porrot edo kaudimengabezia prozeduran dagoenean edo bere Zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot edo kaudimengabezia prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta;
iv) ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon bada.
2.– Ez zaie arau honetan araututako diru-laguntzarik emango Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluak baztertutako sektoreetako enpresei; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria. Erregelamendu horren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen 100 milioi eurotik gorako kostuak dituzten inbertsiorako eskualde diru-laguntzak Europako Batzordeari jakinarazi beharko zaizkio.
3.– Ez da diru-laguntzarik emango eskatzaileak eskaeraren aurreko bi urteetan Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) jarduera berdin edo antzekoari amaiera eman badio edota, laguntzaren eskaera aurkezteko unean, jarduera horri amaiera emateko plan zehatzak baditu bi urteko gehieneko epean inbertsioa osatu eta gero.
4.– Kanpoan geratuko dira autonomia-erkidegoko erakunde-administrazioa osatzen duten erakundeak.
5.– Kanpoan geratuko dira, halaber, armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen dituzten erakundeak, eta berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
5. artikulua.– Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten udalerriak.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honela definitu dira Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea: ezaugarri sozioekonomikoengatik eta langabezia-indize handiagatik, industria-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako edo egituren hondatze-egoeran daudelako, sustapen ekonomikoan oinarritutako tratamendu bereizia behar dute.
Honako eremu hauek izango dira Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea: Espainiarako 2014-2020 Eskualdeko Diru-laguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2014ko maiatzaren 21eko SA 38472 (2014/N) zenbakidun Erabakian jasota daudenak.
Erabaki horretan oinarrituta, honako eremu hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea:
a) Oiartzualdea (Gipuzkoa), honako udalerri hauek osatua: Errenteria, Pasaia, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun eta Hernani.
b) Nerbioi itsasadarra (Bizkaia), honako udalerri hauek osatuta: Sestao, Ortuella, Valle de Trápaga-Trapagaran, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Muskiz, Zierbena, Portugalete, Santurtzi, Barakaldo, Alonsotegi eta Erandio.
2.– Deialdi honetan ezarritakoaren arabera, gainerako udalerriak izango dira, eremu ahul gisa hartzen ez diren kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa dutenak, ezarritako azken kalkuluaren arabera, Eustaten eskuragarri dagoena (http://www.eustat.eus/municipal/datos_estadisticos/info_territorial_c.html). Honako hauek dira:
a) Araba: Artziniega, Asparrena, Berantevilla, Bastida, Lagran, Lantziego, Lantaron, Moreda, Oyón-Oion, Okondo, Agurain, Ekora eta Zanbrana.
b) Bizkaia: Areatza, Arrigorriaga, Artzentales, Balmaseda, Basauri, Bermeo, Bilbao, Busturia, Elantxobe, Ermua, Güeñes, Izurtza, Karrantza Harana, Lanestosa, Ondarroa, Sukarrieta, Trucios-Turtzioz, Ugao-Miraballes, Urduña, Zalla eta Zaratamo.
c) Gipuzkoa: Alegia, Berrobi, Ikaztegieta eta Soraluze-Placencia de las Armas.
6. artikulua.– Diru-laguntzak eskuratzeko irizpideak.
Laguntza jaso dezakeen inbertsioak Agindu honetan aurrez ikusitako diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, inbertsioa ezin izango da hasi eskaera aurkezteko data baino lehen eta data horretatik aurrera egin beharko da, betiere 2018ko ekitaldian eta gehienez ere hurrengo bi urte naturaletan, bere ezaugarrien eta enpresa-planen arabera. Horrez gain, honako betekizun hauek bete beharko ditu:
a) Enpresa handiek, gutxienez, 2.000.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute; ETEek, aldiz, gutxienez 500.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute. Baita ere onartuko dira, aurreko paragrafoan adierazitako gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez arren, gutxienez 50 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa handien kasuan) edota gutxienez 15 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa txiki eta ertainen kasuan) enpresen inbertsioak.
b) Enpresaren baliabide propioak, diru-laguntzak kanpoan utzita, gutxienez laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbatekoaren % 25 izan beharko dute.
c) Kontuan hartu beharreko inbertsioak erakunde juridiko bakarrak egin beharko ditu eta, enpresa-taldeen kasuan, % 100eko akzio-partaidetzarekin, zenbait produkzio-zentro badituzte, arau honetako irizpideak betetzen dituzten eta inbertsioen xede diren produkzio-zentroetan edo produkzio-zentroan baino ez.
d) Enpresa onuradunek bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa oinarritu beharko dute.
7. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.
1.– Diru-laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiboari gehituko zaizkion aktibo finkoak eskuratzeko inbertsioa, baldin eta, agindu honetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaz gain, baldintza hauek betetzen baditu:
a) Honako kategoria hauetakoren batean dauden aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) ondoko epigrafeetako definizioaren arabera:
– 203 Jabetza industriala eta patenteak.
– 206 Aplikazio informatikoak.
– 210 Lurrak eta ondasun naturalak.
– 211 Eraikuntzak.
– 212 Instalazio teknikoak.
– 213 Makineria.
– 214 Tresneria.
– 215 Beste instalazio batzuk.
– 217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.
«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, laguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartuko. Neurri bera aplikatuko zaie ezaugarri horietako inbertsioak egiten dituzten logistikako biltegiei.
Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekiko.
Logistikako biltegiak diruz lagun daitezkeen aktibo gisa hartuko dira.
Aktiboen preziotzat joko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.
b) Lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Honako hauek ere laguntza jaso ahal izango dute: establezimendu baten aktiboak eskuratzea (establezimendu hori konkurtso-prozedura bidezko likidazioagatik itxita badago) edota establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratzea (hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu izan ez balitu, establezimenduak ateak itxiko zituen). Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin.
c) Enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte irautea. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.
d) Inori lagata ez egotea, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.
e) Enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak ez izatea (edonola ere, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa).
f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute laguntzarik jaso.
g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak laguntza jaso dezake, betiere enpresak erosteko aukera baliatzeko konpromisoa hartzen badu.
h) Ordezkapen-inbertsioei ez zaie inongo laguntzarik emango.
i) Laguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.
j) Edonola ere, inbertsioak egin beharko dituzte deialdiari dagokion urtean.
2.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioak berariaz adierazi beharko dira eskaeran, eta kanpo-kontroleko kontu-ikuskapenetan oinarrituta baloratuko dira.
Enpresa elkartuaren edo lotuaren ondorioetarako, Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskina aplikatuko da; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, 187 L), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria.
3.– Laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, inbertsioa eskabidea aurkezteko data igaro ondoren abiarazten duten enpresek bakarrik baliatu ahal izango dituzte, betiere 2018ko ekitaldiaren barnean.
Dena den, deialdi hau argitaratu eta/edo eskabidea aurkeztu aurretik egiten diren inbertsioak ere hartuko dira kontuan, inbertsioak abiarazi aurretik, eskatzaileak laguntza eskuratzeko aldez aurretiko idatzizko eskaera bat aurkeztu badu eta, salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 6.2 artikuluan zehaztutakoari jarraiki, honako informazio hau jasotzen badu: enpresaren izena eta tamaina, egin beharreko inbertsioen deskribapena (hasiera- eta amaiera-egunak barne), kokapena, kostuen zerrenda, eskatutako laguntza-mota (itzuli beharrik gabeko diru-laguntza) eta hura gauzatzeko behar duen finantzaketa publikoaren zenbatekoa. Kasu horretan, enpresa interesdunak behin betiko eskaera bat aurkeztu beharko du horretarako epea irekitzen denean, Agindu honetako 12. eta 13. artikuluetako terminoetan.
4.– Enpresa handiek eremu ahuletatik kanpo egindako inbertsioek ez dute laguntzarik jasoko. Eremu horiek Europar Batasunak katalogatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegorako eskualde-laguntzen mapan.
8. artikulua.– Enplegua.
6. artikuluan adierazitako gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez arren, gutxienez 50 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa handien kasuan) edota gutxienez 15 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa txiki eta ertainen kasuan) enpresentzako enpleguaren kalkulua eta jarraipena zehazten da hurrengo apartatuetan:
a) Termino garbietan neurtuko da enplegua. Horretarako, gaur egun dauden enpresen kasuan, deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetako batez besteko aritmetikoa abiapuntutzat hartuta kalkulatuko da hasierako plantilla.
Aurreko idatzi-zatian ezarritakoa horrela bada ere, diru-laguntzak eskatu aurreko azken hiru urteetan batez besteko plantillak izandako bilakaera ere kontuan hartuko da, baita diru-laguntzak eskatu dituenak hiru urteko epe horretan beste enpresa-proiektu batzuetan parte hartu duen ere. Hori dela-eta, enpresa eskatzaileak alderdi horiek justifikatu beharko ditu, eta aurkeztutako agiriak aztertuta enplegu-galerak izan direla egiaztatzen bada, ez da abiapuntutzat hartuko deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetako batez besteko aritmetikoa, aztertutako informaziotik ondorioztatzen diren benetako datuak baizik.
b) Sortutako enplegua, 6.a) artikuluan eskatutako gutxieneko baldintzetan oinarrituta, onetsitako denbora-horizontea amaitu eta hurrengo 6 hilabeteen barruan gauzatu beharko da gehienez ere.
c) Hasierako enpleguaren bolumena eta, hala badagokio, sortutako enplegu berriaren bolumena, 6.a) artikuluan eskatutako gutxieneko baldintzetan oinarrituta, hiru urtez mantendu beharko da, gutxienez, enplegu bakoitza sortzen denetik, ETEetan nahiz enpresa handietan.
d) Industria-taldeen enpresa-inbertsioei dagokienez, enpleguaren justifikazioa eta jarraipena taldeko enpresa hauei buruzkoak bakarrik izango dira: Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan kokatuta dauden enpresak, 5.2 artikulukoak, proiektuan zehazten den industria-jarduerari lotuta dauden prozesuak dituztenak; horien arteko akzio-partaidetzak % 100ekoa izan beharko du.
9. artikulua.– Diru-laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
Agindu honen esparruan eman beharreko diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira, eta laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 10ekoak izango dira.
Diru-laguntzek gehieneko muga izango dute; izan ere, ezin izango dira 3.000.000,00 eurotik gorakoak izan enpresa edo talde industrial bakoitzeko.
10. artikulua.– Diru-laguntzen metaketa eta mugak.
Deialdi honetan jasotako diru-laguntzen xede berarekin beste administrazio publiko batzuek emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira, laguntza guztien baturak ez badu gainditzen estatuaren 2014-2020 aldirako eskualde-laguntzei buruzko Gidalerroen 5.4 apartatuan (2014ko uztailaren 23ko AO, C 209) ezarritako muga. Horrelako laguntzarik jasoz gero, horren berri eman behar zaio Industria Garatzeko Zuzendaritzari.
Laguntza guztien baturak esandako muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.
11. artikulua.– Prozedura hastea.
1.– Diru-laguntzak publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraiki emango dira, eta ebazpenak espedienteak osatu ahala emango dira.
2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 9:00etan hasiko da eskaerak aurkezteko epea; 2018ko irailaren 28an amaituko da, 12:00etan, edo, 2. artikuluan adierazten den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.
3.– Eskabideak deialdian adierazten den aldian aurkeztu beharko dira. 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 2. artikuluaren 23. apartatuaren arabera –erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria–, diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak ez dira hasi behar eskabideak aurkeztu baino lehen. Horrenbestez, ezin izango dira sartu aldez aurretik eginikoak, Agindu honetako 2. eta 7.3 artikuluko kasuetan salbu. Kasu horietan, lehenengo eskabidearen eta aldez aurretiko eskaeraren datak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.
12. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte.
2.– Eskabideak, dokumentazioa, errekerimenduak, jakinarazpenak eta diru-laguntzak emateko deialdi honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.
Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, eta organo eskudunak onartutako eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili beharreko gainerako ereduak www.euskadi.eus webgunearen bidez beteko dira.
3.– Betetako eskabidearekin batera, erakunde eskatzailearen izenean jarduteko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinadura elektronikoa –bakarra izango da enpresak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako– eta hurrengo artikuluan aipatzen den euskarri-dokumentazioa gaineratu beharko da.
4.– Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.euskadi.eus
5.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legearekin (azaroaren 24ko 10/1982) bat etorriz.
6.– Ez da nahitaezkoa izango dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zer datatan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren.
7.– Diru-laguntzarako eskabiderik aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.
13. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du, eta, bertan, honako agiri hauek gehitu beharko ditu:
a) Egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehatza. Memoria horretan, honako hauek jasoko dira: industria-plana, enpresaren plan ekonomiko-finantzarioa, horrekin lotutako lan-plana eta horiek egiteko epeak.
b) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela, eta pertsona eskatzailearen ahalordea, agiri horiek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada salbu.
c) Urteko kontuak eta dokumentazio osagarriaren kopiak, Merkataritza Erregistroan azken bi ekitaldietan aurkeztuak; halakorik aurkeztu ezean, Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak edo, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken bi aitorpenak. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa-taldeari buruzkoa ere izan beharko du.
d) Hala badagokio, azken hiru ekitaldi ekonomikoei dagokien enpresako plantillaren bilakaeraren txosten zehatza, urteen araberakoa, eta urteko deialdia argitaratu aurreko 12 hilabeteei dagozkien TC1 eta TC2 agiriak. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa-taldeari buruzkoa ere izan beharko du.
e) Erakundearen erantzukizunpeko adierazpena. Adierazpen hori indarrean den administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:
• Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuei eskatu eta/edo haiengandik jasotako diru-laguntzak.
• Erakunde eskatzailea ez dela izan kondenatua laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
• Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko Legearen (uztailaren 9ko 22/2003 Legearen) arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.
• Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.
• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985 Legean) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
• Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
• Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
• Diru-laguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez duela ebazpen irmo baten bidez.
• Honako enpresa hauei ere eragiten dieten diru-laguntzak jasotzeko debekurik ez duela: zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez.
• Berreskuratzeko agindu baten mende ez egotea, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz, eta krisialdian dagoen enpresa bat ez izatea.
2.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den moduan.
3.– Nolanahi ere, laguntza hauen organo kudeatzaileak (Industria Garatzeko Zuzendaritzak) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
14. artikulua.– Diru-laguntzak ematea.
1.– Industriako sailburuordeak, organo kudeatzaileak txostena egin eta gero, espedientea osatuta dagoenetik gehienez ere sei hilabeteko epean, administrazioaren ebazpena emango du. Ebazpen horretan, baiezkoa bada, onartutako inbertsio-plana jasoko du, eta laguntza jaso dezakeen inbertsioa eta sortu beharreko enplegua zehaztuko ditu, eta, ondorioz, baita emandako diru-laguntza ere. Ebazpena ezezkoa bada, horren arrazoiak zehaztuko ditu.
2.– Urte anitzeko proiektuen kasuan, ebazpenak laguntza jaso dezakeen inbertsioa zein den jasoko du, baita itzuli beharrik gabeko diru-laguntzaren zenbatekoa ere, ekitaldi bakoitzean onartutako inbertsio-planaren arabera emango dena.
3.– Ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete erakunde interesdunek organo eskudunaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen (urriaren 1eko 39/2015 Legearen) 121. eta 122. artikuluei jarraiki.
4.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkio, bitarteko elektronikoak erabiliz, enpresa interesdun bakoitzari eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero emango da argitara esleipendunen eta emandako laguntzen zenbatekoen zerrenda, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
5.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen erakunde onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoa ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari bazaie eta oraindik amaitu gabe badago.
15. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Diru-laguntzak ordaintzeko, enpresa onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio, www.euskadi.eus webgunearen bitartez, Industria Garatzeko Zuzendaritzari, hau da, diru-laguntzak kudeatzen dituen organoari:
– Diru-laguntzaren xede den enpresak gauzatutako inbertsioen aitorpena.
– Inbertsioaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua (BEZa kanpo) barne hartuko duen fakturen koadroa. Horiekin batera, dagozkien fakturak ere aurkeztuko dira, jaulkitze-datarekin eta hartzekodunaren identifikazioarekin (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZa banakatuta) eta ordainketa-data adierazita.
Aitortutako inbertsioak, berriz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte, eta/edo kanpo-auditoretzen bitartez egiaztatuko dira. Behin betiko fakturek bat egin beharko dute lehen aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango da.
2.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Industria Garatzeko Zuzendaritzako langile teknikoek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, Zuzendaritza horretako titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du. Diru-laguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da.
3.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, enpresak bi hilabete izango ditu inbertsioei buruzko azken aitorpena aurkezteko. Epe hori igarota, egindako inbertsioak ebaluatuko dira, ordura arte aurkeztutako inbertsioen aitorpenetan oinarrituta. Diru-laguntzak kudeatzeko Zuzendaritzak diru-laguntzaren azken likidazioaren txostena egingo du, justifikatutako inbertsioen partidari buruzkoa.
4.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordea kontrako erabakia hartu baitu, hura berreskuratzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzulita ez badago, azken ordainketarako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hura ezeztatzeko justifikazioa. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko aipatutakoa justifikatu arte.
5.– Emandako diru-laguntza ordaindu aurretik, enpresa onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatuko da, baita diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
1) Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.
2) Laguntza hori eman zen helbururako erabiltzea.
3) Inbertsioa gauzatu dela eta hasierako enplegua eta, hala badagokio, sortutako enplegu berria mantendu dela justifikatzea, gutxienez hiru urtez.
4) Sortutako enpleguari eusteko eta inbertsioa exekutatzeko epearen barruan, organo kudeatzaileari eskatzen zaion informazio osagarri oro igortzea; hala, proiektua garatu eta exekutatzeari dagokienez, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu.
5) Inbertsio-proiektuari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan jartzea, bost urtez.
6) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako diru-laguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.
7) Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, helburu berbera edo antzeko bat burutzeko, diru-laguntzak edo laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskatu edo jaso badira, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.
8) Enpresak laguntza ilegitimorik badu, Europako Batzordeak diru-laguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.
9) Bere egin beharko dituzte Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa), hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua.
10) Diruz lagun daitezkeen kontratuen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.
11) Eman den diru-laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.
12) Enpresaren deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa bereganatzea. Enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea ulertuko da deslokalizazio gisa.
13) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetakoren bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo diru-laguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina, horretarako, Agindu honetan onuradun izateko ezarritako betekizunak bete behar dira.
2.– Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak inbertsioa egiteko aurreikusten dituen epeak nahitaezkoak izango dira, eta horietan egindako aldaketa oro jakinarazi egin beharko zaio Industria Garatzeko Zuzendaritzari. Hala, hark dagokion ebazpena emango du egokitzat jotzen badu eta, bertan, emandako diru-laguntzen epeak eta/edo zenbatekoak berregokituko dira.
3.– Halaber, enpresa onuradunak aldez aurretik eskabidea egin eta justifikatuz gero, onetsitako denbora-horizontea amaitu baino lehen, diru-laguntzak eman zituen administrazio-organoak luzapen bakarra eman ahal izango du egin beharreko inbertsioak egiteko, betiere alegatutako arrazoiek hori justifikatzen badute. Luzapen hori ez da 12 hilabetetik gorakoa izango. Luzapen horrek ez du aldaketarik eragingo emandako laguntzaren zenbatekoan.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuradunak Agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainontzeko arauak eta diru-laguntzak emateko ebazpenean ezartzen direnak betetzen ez baditu, organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea egin eta interesdunari audientzia eman eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du. Horrek laguntza jasotzeko eskubidearen galera eragingo du eta, hala badagokio, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako diru-laguntzen tronkoa eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharra ere, betiere honako arauetan ezarritako terminoetan: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onestekoa; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.
Halaber, jasotako kantitateak itzuliko dira eta diru-laguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesak eskatuko dira, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikulua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategineko 53.1 artikulua.
2.– Ez-betetzeen artean honako hauek daude:
a) Agindu honetako 6.a) artikuluan inbertsioari dagokionez ezarritako gutxienekoak ez betetzea.
b) Enplegua Agindu honetako 8. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera ez mantentzea.
c) Aurkeztutako eskabidean inbertsioetarako aurreikusitako epeak ez betetzea.
d) Enpresak deslokalizatzea. Enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea ulertuko da deslokalizazio gisa.
e) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo diru-laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 11.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.