EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-06-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2018116

AGINDUA, 2018ko ekainaren 8koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena; horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako babes-laguntzak deitzen eta arautzen dira 2018ko ekitaldirako.

Xedapenaren data: 2018-06-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201803136
Maila: Agindua
Klusterren antolakunde dinamizatzaileek klusterreko kideen arteko lankidetza sustatzen lan egiten dute, bereziki, berrikuntza-sistemako eragileen eta enpresa txiki eta ertainen artekoa, balio-kate globaletan txertatzea bultzatuz.
Gure ekonomiako ardatz nagusia diren arren, enpresa txiki eta ertainentzat zaila da beren kabuz erronka globalei aurre egitea, dimentsio falta dute eta. Lankidetza ezinbestekoa da enpresa txiki eta ertain askoren bideragarritasunerako, eta klusterren antolakunde dinamizatzaileek lankidetza hori laguntzea dute helburu. Gainera, kluster indartsuek talentua eta inbertsioa erakartzen dute lurraldera, ezagutza eta berariazko gaitasunak sortzeak, garatzeak eta kontzentratzeak dakarten eraginari esker.
Klusterren antolakunde dinamizatzaileek lurralde- eta produkzio-eremu jakin batean jarduten dute. Gainera, beren kideei lehiakortasun-informazioa eta -inteligentzia ematen dizkiete eta ETEen arteko interes-taldeei hasiera ematen diete, berrikuntzako, teknologiako, I+Gko, nazioartekotzeko, eta abarreko alorretan erronka komunak identifikatzeko. Horrez gain, laguntza ematen diete eragileei, helburu estrategiko komunak zehazteko eta erronka horiei ekitearren lankidetza-proiektuak ezartzeko.
Klusterren antolakunde dinamizatzaileak, orokorrean, dimentsio txikikoak dira. Hori dela eta, horien baitako ETEek bezala, antolakunde dinamizatzaileek beren artean lankidetzan aritu behar dute, konbergentzia-prozesuak egin eta hazteko; hala, indartu eta baliabide eta gaitasun handiagoak lor ditzakete, eraginkortasunez jorratzeko ordezkatzen duten klusterrak aurre egin behar dien lehiakortasun-erronka eta erronka globalen aurrean duten funtzioa.
Lehiakortasunari eta hazkundeari dagozkien Europako estrategiak aitortzen du klusterrak funtsezkoak direla RIS3 estrategiak (espezializazio adimenduneko estrategiak) xedatzeko orduan. Gainera, bere sendotasunaren gainean eraikitzen du, berrikuntzarako taldearen eta banakoen ahaleginek arreta jarri behar duten lehentasun-arloak identifikatzeko.
Euskadiko RIS3rako lehentasuna duten arloen artean energia, manufaktura aurreratua eta biozientziak daude. Horretaz aparte, RIS3ak zenbait eremutan (gaur egun oso ondo beteta ez dauden edo arreta egokia jasotzen ez duten zenbait eremutan) aprobetxa daitezkeen sinergiak nabarmentzen ditu. Eremu horietarako balio-kate berriak sortzea beharrezkoa litzateke agian. Eremu berri horiek izan ditzaketen aukera berri horiek ustiatzeko, beharrezkoa da klusterren arteko lankidetzari heltzea. Horrek ez du esan nahi intrakluster-lankidetzan egin behar den lana alde batera utzi behar denik.
Euskadiko enpresa eta klusterrek aurre egin behar dieten erronka globalei erantzuna emateko, ekonomian industriaren pisua areagotzeko, maila teknologikoa eta enpresen nazioartekotzea handitzeko, ETEena bereziki, Eusko Jaurlaritzak, eragile ekonomikoekin lankidetzan, beharrezkoak diren zuzentarau eta tresnak garatu ditu (EAEko Klusterren Mapa, RIS3 Espezializazio Estrategia, 2017-2020 Industrializazio Plana, edo horiek ordezkatu edo eskumen-alorretan esanguratsuak diren gainerako Plan eta Estrategiak).
Laguntzei buruzko Agindu hori kontuan hartzen da Diru-laguntzei buruzko Plan Estrategikoan. Plan hori 2018ko otsailaren 15eko Aginduaren bidez Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak onartu zuen Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez.
Jarraibide horiekin bat eginez, Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Arauemaileei buruzko Legearen IV. eta IV. tituluetan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bategina, eta aurreko Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera, eta berrikuntzari eta lehiakortasunari laguntzeko programen eta politiken bidez, Eusko Jaurlaritzak jaso duen esperientzian oinarrituta, Europako estrategien eta Europako Batzordeak 2014ko ekainaren 17ko batzordean egindako 651/2014 araudian ezarritakoaren ildotik, EBaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko (hemendik aurrera salbuespen-araudia) 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014-06-26ko EBAOn, L 187 seriean, argitaratu zen), enpresa-elkarte berritzaileentzako laguntzei dagokienez (27. artikuluan deskribatzen den bezala), arautu da eta 2018rako laguntzen deialdia egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako laguntza-programa batean.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako laguntzak arautzea eta haien deialdia egitea, 2018ko ekitaldirako, diru-laguntzen bitartez, ETEen eta, orokorrean, euskal ekonomiaren lehiakortasuna sustatzeko.
2.– Klusterraren antolakunde dinamizatzaile bat irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, nortasun juridiko propioa duena, edo erakunde multzo bat, klusterraren, eta bereziki ETEen lehiakortasuna hobetzea xede duena, lankidetzaren bitartez. Enpresa bultzatzaileak, ETEak, eragile zientifiko-teknologikoak eta ikastetxeak eta prestakuntza-zentroak biltzen ditu.
Klusterraren antolakunde dinamizatzaileak erronka komunak identifikatzen lagundu behar du eta klusterreko kideen baterako jarduketak sustatu behar ditu nazioartekotzeko eremu estrategikoetan, berrikuntza teknologikoaren eta enpresa-berrikuntzaren alorretan, eta RIS3 estrategiaren espezializazio-lehentasunekin eta/edo aukera-nitxoekin bat etorriz, interes-talde desberdinen premiak kontuan hartuta eta Eusko Jaurlaritzaren politikek eskatzen dutenari erantzunez.
3.– Agindu honen ondorioetarako, honako hau hartzen da klustertzat: erakundeen, hala nola enpresak (handiak, ertainak eta txikiak), eragile zientifiko-teknologikoen, ikastetxeen eta prestakuntza-zentroen, erakunde publikoen eta haien elkarteen multzo bat, hurbileko eremu geografiko batetik jardunda elkarrekin erlazionatuta daudenak balio-kate bateko edo produkzio-eremu bateko eta zerbitzu-eremu bateko kide direlako, antzeko ezagutzak edo teknologiak dituztelako, azken merkatu berera edo merkatuko segmentu berera bideratuta daudelako eta abar.
4.– Deialdi honen xede diren laguntzei Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua (EB) aplikatuko zaie (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratua, 2014ko ekainaren 26an); horren arabera zenbait laguntza-kategoria bateragarri jotzen dira barne-merkatuarekin, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, Itunaren 27. artikuluan sartuta daudelako eta aipatutako Erregelamenduaren I. eta II. kapituluetan ezarritakoa bete beharko dute (aurrerantzean, kategorien araberako salbuespen-erregelamendu orokorra).
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Beren jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten eta ondoren aipatuko diren baldintzak betetzen dituzten klusterren antolakunde dinamizatzaileek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Baldintzak honako hauek dira:
a) Klusterraren antolakunde dinamizatzailearen urteko jarduketa-plan bat edukitzea.
b) Behar besteko masa kritikoa. Bildutako enpresen fakturazioa Euskal Autonomia Erkidegoko BPGd-aren % 1 baino handiagoa izatea, eta, enpresen kopurua, berriz, 30 baino gehiago.
c) Enpresa txiki eta ertainek parte hartzea. Bildutako erakundeen % 60 enpresa gutxienez txiki eta ertainak izatea. Enpresa txiki eta ertaintzat hartzeko, baldintza hauek bete behar dituzte:
– 250 langile baino gutxiago izatea.
– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi eurokoa izatea.
d) Klusterraren antolakunde dinamizatzaileko kideen artean klusterra osatzen duten erakunde mota guztietako ordezkaritza orekatua izatea.
e) Klusterraren erakunde dinamizatzailearen jardueraren lurralde-irismena gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoa izatea.
f) Lankidetzaren sustapen-jarduera Eusko Jaurlaritzaren plan eta estrategiekin lerrokatua egotea (EAEko Klusterren Mapa, RIS3 Espezializazio Estrategia, 2017-2020 Industrializazio Plana edo haiek ordezkatzen dituztenak eta hainbat eskumen-eremutan garrantzitsuak diren beste plan eta estrategia batzuk).
g) Lanaldi osoko kudeatzaile bat izatea eta langile kualifikatuz osatutako talde bat izatea, taldekatutako enpresa-kopuruarekin eta dinamizatzea proposatzen diren jarduketekin bat datorrena.
2.– Klusterren antolakunde dinamizatzaileek laguntzak eskatu ahal izango dituzte klusterraren urteko jarduketa-plana (KJP) garatzeko, baita beste enpresa-talde batzuekin Lankidetza Ekintzak (LANK) garatzeko ere; antolakunde eskatzailea izango da buruzagia ekintzak egikaritzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin nahitaez izango dituzten elkarrizketa eta harreman guztiez arduratuko da.
3.– Agindu honetan jasotzen diren diru-laguntzak Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ez ezik, diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere ordainduta dauzkaten erakundeek soilik eskuratu ahal izango dituzte.
4.– Erakunde eskatzaileek, laguntzen onuradun izateko, ez dute izan behar zigor- eta administrazio-arloko zehapenik, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.
5.– Ezin izango dira onuradun izan dena delako erakundeak, laguntzaren bat itzultzeko agindua jasoa badute, aldez aurretik Europar Batasuneko Batzordeak hala erabaki duelako, laguntza hori legez kanpokoa eta merkatu batuarekin bateraezina dela iritzita; beste horrenbeste gertatuko da krisian dauden enpresekin ere, hain zuzen ere krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatuaren diru-laguntzei buruzko jarraibideekin bat.
6.– Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluan xedatutakoaren menpe egongo dira diru-laguntzen onuradunak. Era berean, ezingo dira izan onuradunak aipatutako Legearen 13. artikuluan jasotzen den zirkunstantziaren batean dauden erakundeak.
7.– Onuradun izateko betekizunak diru-laguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko dira.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 1. artikuluan azaldutako xedera bideratutako baliabide ekonomikoak (2.968.000,00 euro) aurrekontu-kredituetatik hartuko dira. Kreditu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean (abenduaren 22ko 5/2017 Legean) jasota daude. Zenbateko horretatik, gehienez ere 568.000,00 euro bideratuko dira 6.3 artikuluan aipatzen den nazioarteko laguntzaren kanpoko gastuetarako.
2.– Klusterren antolakunde dinamizatzaileek beste enpresa-talde batzuekin egiten dituzten Lankidetzako Ekintzak (LANK) finantzatzeko, deialdi honen zuzkiduraren % 15 bideratuko da gehienez. Finantzaketa-proposamena kalkulatu ostean ez bada zenbateko hori agortzen, soberakina eskatzaileen urteko jarduketa-planean biltzen diren gainerako ekintzak finantzatzeko erabiliko da.
3.– Emango diren diru-laguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartzen dira klusterren antolakunde dinamizatzaileek lankidetzaren bidez enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten dituztenak, eta inbertsioa eskabidea aurkezten duten egunaren ondoren hasten dutenak.
Dena den, deialdia argitaratu aurretik eta/edo eskabidea aurkeztu aurretik egiten diren ekintzak kontuan izango dira, baldin eta eskatzaileak, ekintzak hasi aurretik, idazkiaren bidez, laguntzaren aurre-eskabide bat aurkeztu badu. Aurre-eskabide horretan, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Salbuespen Erregelamendu orokorraren 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, honako informazio hau azalduko da: klusterraren antolakunde dinamizatzailearen izena, egingo diren ekintzak deskribatzen dituen urteko jarduketa-plana (planaren hasiera- eta amaiera-datak barne), ekintzen kokapena, kostuen zerrenda, eskatutako laguntza mota eta ekintzak egiteko beharrezkoa izango den finantzaketa publikoaren zenbatekoa. Kasu horretan, eskabidea aurkezteko epea ireki ondoren, interesdunak behin betiko eskabidea aurkeztu beharko du Agindu honetako 9. eta 10. artikuluetan adierazten dena kontuan hartuta.
2.– Honako ekintza hauek jaso dezakete laguntza:
a) Kide diren erakundeei emandako zerbitzuak.
b) Estrategia, teknologia-zaintza eta lehiakortasun-inteligentzia.
c) Lankidetzaren dinamizazioa, erronka komunak identifikatuz, sinergiak aztertuz eta lantaldeak hasiz klusterreko kideen artean edo beste kluster batzuekin lankidetzan jardunda proiektuak eratzeko.
d) Ondorengo ataleko eremuetan garatutako proiektuetan parte hartzea.
3.– Klusterraren plan estrategikoaren garapenaren ondorio diren ekintza horiek klusterraren antolakunde dinamizatzailearen klusterraren urteko jarduketa-planean (KJP) azaldu beharko dute, bat egin behar dute Eusko Jaurlaritzaren industria- eta teknologia-estrategiarekin eta ondoren azalduko diren jarduketa estrategikoko eremuetan kokatuta egon behar dute. Eremu horien xehetasunak 1. eranskinean bildu dira:
a) Nazioartekotzea.
b) Berrikuntza teknologikoa.
c) Enpresa-berrikuntza.
d) Beharrezkoak diren beste jarduketa batzuk, erronka estrategiko komunei ekiteko, lehiakortasun globala hobetzearren.
5. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
Diru-laguntzak jaso ditzaketen gastuak izango dira: klusterren antolakunde dinamizatzaileek aurreko artikuluan aipatzen diren ekintzak garatzeko ordaindu beharko dituztenak, barnekoak (soldatak eta egiturako ohiko gastuak) zein kanpokoak (azterketak edo bestelako zerbitzuak azpikontratatzea).
1.– Barneko gastuak.
a) Klusterraren antolakunde dinamizatzaileko langileen gastuak, aurkeztutako ekintzak egiteko beharrezkoak direnak, eta soldatak nahiz gizarte-segurantza aintzat hartuko dira. Langileei dagozkien gastuak benetako zenbatekoaren arabera xedatuko dira, eta, hala balegokio, justifikatuko dira. Aintzat hartuko da benetako urteko lanaldia, dagokion ordutegi-tasa kalkulatzeko. Gehienez ere 17.000 ordu diruz lagundu ahal izango dira urtean, hau da, 10 pertsonaren dedikazioa urte bakoitzeko. Diruz lagundu daitekeen banakako soldata-gastua ezin izango da 2018ko ekitaldian indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Sailburuordetzako titular baten ordainsaria baino handiagoa.
b) Klusterraren antolakunde dinamizatzailearen egitura mantentzeko gastuak (alokairua, telefonoa, argia, etab.), Euskal Autonomia Erkidego barruan egindako bidaiak eta barne-kudeaketako eta gobernu-organoetako gastuak (asanbladak, zuzendaritza-batzordeak, etab.). Azken horiek langileen gastuen ehuneko gisa kalkulatuko dira, eta ez da beharrezkoa izango dokumentuaren bidez egiaztatzea. Ehuneko hori % 15 da.
2.– Kanpoko gastuak. Aurkeztutako ekintzak garatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak emateko, kontsultoretzetako, nazioartean laguntzeko ekintzetarako eta abarretako kontratazio-gastuak eskatu ahal izango dira.
3.– Ez dira onartuko Administrazio instituzionaleko edo sektore publikoko erakundeek egindako fakturak.
4.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzen badira, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (diru-laguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen du) 68. artikuluan xedatutakoa beteko da. Onuradun batek azpikontratatu egin duela ulertuko da hirugarren batzuekin hitzartu duenean diru-laguntzaren xede den jarduera guztia edo haren zati bat haiek egitea. Kontzeptu horretatik kanpo geratu da onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuak egikaritzea.
Proiektuaren zati bat azpikontratatu egiten denean, onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez.
Inola ere ezingo dira diru-laguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak azpikontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote.
Azpikontratazioak diru-laguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20tik gora hartzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Kontratua idatziz egitea.
b) Diru-laguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.
Ezingo da kontratua zatikatu haren zenbatekoa murriztu eta aurreko atalean zehaztutako baldintzak ez betetzeko.
Kontratistak onuradunaren mende soilik egongo dira, eta hark hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.
Aurreko atalean jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie diru-laguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer itunduz gero, beste horrek ere diru-laguntzak arautzen dituen araudiak ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek lankidetza-betebeharra bete behar dute, muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera emateko.
Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:
a) Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsona edo erakundeekin.
b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.
c) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.
d) Onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisikoekin edo juridikoekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:
1) Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.
2) Aldez aurretik erakunde emailearen baimena lortzea oinarri arautzaileetan finkatutako baldintzetan.
e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonekin edo erakundeekin.
5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira. Diruz lagundutako inbertsioen edo gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean txikizkako kontratuetarako ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen duen behar besteko erakunderik ez dagoenean izan ezik edo gastua diru-laguntza eman aurretik egin bada izan ezik.
Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (inbertsioak justifikatzeko fasean edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia eta ekonomiako irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.
6. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak itzuli ezingo diren diru-laguntzak dira eta honako ehuneko hauek dituzte:
a) Elkartutako erakundeei emandako zerbitzuak: onartutako gastuen % 40 gehienez ere.
b) Estrategia, teknologia-zaintza eta lehiakortasun-inteligentzia: onartutako gastuen % 50 gehienez ere.
c) Lankidetzaren dinamizazioa: onartutako gastuen % 50 gehienez ere.
d) Proiektuetan parte hartzea: onartutako gastuen % 40 gehienez ere.
2.– Kanpoko gastuen honako laguntza-muga hauek dituzte:
a) Zuzeneko merkataritza-misioak: 2. eranskinaren arabera helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren % 50 gehienez ere.
b) Alderantzizko merkataritza-misioak: misioa behar bezala garatzeko beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez ere. Misioko kideen bidaiak, egonaldiak eta mantenuak eragindako gastuetarako, laguntzaren gehieneko muga pertsona bakoitzeko honako hau da: 2. eranskinaren arabera jatorrizko herrialdeari buruzko bidaia-poltsaren zenbatekoa.
c) Atzerriko azokak: 2. eranskinaren arabera helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren eta standak eta dekorazioak eragindako gastuen % 50 gehienez ere.
d) Nazioarteko sustapen- eta hedapen-elementuak: proiektu bakoitzaren zenbatekoaren % 50 gehienez ere.
e) Kideak erakartzeko eta sustatzeko jarduerak: beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez ere, 3.000,00 euro-ko mugarekin urteko eskabide bakoitzeko.
f) Klusterraren komunikazioa (webguneak, buletinak, eta abar): beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez ere, 3.000,00 euro-ko mugarekin urteko eskabide bakoitzeko.
g) Jardunaldiak, mintegiak eta ekitaldiak: beharrezkoak diren gastuen % 50 gehienez ere, 8.000,00 euro-ko mugarekin urteko eskabide bakoitzeko.
a), b), c) eta d) ataletan deskribatutako nazioartekotzeko kanpoko gastuetarako, laguntzaren gehieneko muga 50.000,00 euro da, jarduketa indibidual baterako, eta jarduera guztientzako laguntzaren gehieneko muga 180.000,00 euro da urteko eskabide bakoitzeko.
3.– Klusterren antolakunde dinamizatzaileek ekintzak lankidetzan (LANK) egiten badituzte, antolakunde bakoitzak, gehienez ere, 150.000,00 euro jaso ahal izango ditu ekintza horiengatik guztiengatik.
4.– Ekintza guztiengatik, bakarka eta lankidetzan, onuradun bakar batek ere ezin izango ditu 450.000,00 euro baino gehiago jaso.
7. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere guztira jasotako diru-laguntzek onartutako gastu guztien % 60 gainditzen ez badute. Laguntza guztien baturak esandako muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.
8. artikulua.– Diru-laguntzak emateko eta eskabideak aurkezteko epea.
1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira diru-laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira prozedura bakar batean.
2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da, eta 2018ko uztailaren 20ko 12:00etan bukatuko da.
9. artikulua.– Eskabideak.
1.– Klusterren antolakunde dinamizatzaileek, Agindu honetan ezarritakoaren arabera, aurreikusitako diru-laguntzak eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen badituzte, eskabide bat aurkeztu beharko dute baliabide elektronikoen bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Laguntzak emateko deialdi honetan sartzen diren eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak baliabide elektronikoen bitartez egingo dira. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili behar diren gainerako ereduak www.euskadi.eus Interneteko helbidean beteko dira.
3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinadura aitortua daramala, eta hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.
4.– Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.euskadi.eus
5.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legearekin (azaroaren 24ko 10/1982) bat etorriz.
6.– Ez da nahitaezkoa izango dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko agiriak aurkeztea. Kasu honetan, eskabidean bertan adierazi beharko da agiriok zer datatan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren.
7.– Diru-laguntzarako eskabiderik aurkezten bada, klusterraren antolakunde dinamizatzaile eskatzaileak edo, lankidetzan jarduten badu, partaideak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, berariaz ukatu ahal izango da baimen hori, eta, halakorik gertatzen bada, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaizkion bakoitzean.
10. artikulua.– Eskabideen edukia.
1.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte klusterren antolakunde dinamizatzaileek:
a) Klusterraren Plan Estrategikoa. Plan horretan, erronka komunak identifikatuko dira, erantzunak lankidetzatik planteatzen zaizkienak alegia. Klusterraren Plan Estrategikoak hauek estaliko ditu, gutxienez: nazioartekotzearen, berrikuntza teknologikoaren eta enpresa-berrikuntzaren arlo estrategikoak, eta, halaber, beste arlo estrategiko batzuei ere heldu ahal izango die, hala nola prestakuntzari. Klusterraren antolakunde dinamizatzaileak bermatu behar du plan estrategikoa egiterakoan klusterreko kideek parte-hartze handia izango dutela. Klusterraren Plan Estrategikoan islatuko da zer posizionamendu edo jarrera duen taldeak Eusko Jaurlaritzaren industria-estrategian ezarritako lehentasunen aurrean (Industrializazio Plana 2017-2020, RIS3 espezializazio adimenduneko estrategia, edo eragiten dietenak).
b) Klusterraren antolakunde dinamizatzailearen urteko jarduketa-plana 2018ko ekitaldirako eta aurrekontua ekintzen, gastuen eta finantziazio-iturrien banakapenarekin, baita ekintza horietan lanean diharduten langileen zerrenda ere.
c) Aurreikusitako finantza-egoerak eta ikuskatutako azkenak.
d) Parametro sozioekonomikoen egiaztagiria, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialeko (KAEO) auditore batek egina, klusterraren antolakunde dinamizatzailera bildutako enpresak enpresa txiki eta ertainak direla egiaztatzeko. Egiaztagiri horretan ondorengoa zehaztuko da:
– Erakunde kidetu kopurua, honako hauen arabera banakatuta: EAEko erakunde kopurua, Agindu honen 2.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera enpresa ertain eta txikiak diren erakundeen kopurua, eta elkartze-kuota sortzen duten erakundeen kopurua.
– Elkartze-kuotengatiko diru-sarrerak.
– Jarduketa Planari egindako ekarpenengatiko diru-sarrerak.
e) Identifikazio Fiskaleko Txartela.
f) Eskatzailearen ordezkari-ahalmena. Eskabidea lankidetza-ekintzak egiteko baldin bada, ahaldunak edo ordezkariak elkarte osoarena izan beharko du.
g) Eskritura edo eratze-akta eta ondorengo aldaketak eta inskripzioa dagozkion erregistroetan.
h) Sozietateen gaineko zergaren azken aitorpena.
i) Antolakunde dinamizatzailera bildutako erakundeen zerrenda, baita erakunde horien parametro sozioekonomikoei buruzko informazioa ere (enplegua, fakturazioa, esportazioen ehunekoak eta abar).
j) Erantzukizunpeko adierazpena ─datu-faltsutzerik gertatuz gero, indarreko zehapen-araubidearen mende geratuko da, dela administratibo dela penal─ alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:
– Erakunde eskatzailea ez dela ari armak egiten, merkaturatzen edo finantzatzen, betiere Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Kartari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoa betez.
– Erakunde eskatzaileak ez duela jaso diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, eta ez duela horretarako desgaitzen duen legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.
– Erakunde eskatzaileak hitz ematea bere egingo dituela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluko betebeharrak, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik diru-laguntzak jasotzen dituztenei ezarritakoak, hala nola printzipio hauen mende jardun beharra: tratu berdina, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.
– Europar Batasuneko Batzordeak legez kanpokotzat edo merkatu batuarekin bateraezintzat jotako inolako laguntzarik ez duela jaso, edo, jaso baditu, horiek itzuli dituela edo ez dituela itzuli.
– Erakunde eskatzailea ez dela krisian dagoen enpresa bat, krisian dauden eta finantzarioak ez diren enpresen salbamendu eta berregituraketarako estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan ezarritakoaren arabera.
– Erakunde eskatzailea ez dela izan kondenatua laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko Legearen (uztailaren 9ko 22/2003 Legearen) arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.
– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.
– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985 Legean) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
– Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
– Diru-laguntzak jasotzeko debekurik jaso ez duela, halaber, honako enpresa hauei dagokienez: eraldatze, bategite edo ondorengotza bitartez, debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direlako susmoa eragiten duten enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla-eta.
– Klusterraren antolakunde dinamizatzaileko kudeatzaile bat duela, lanaldi osokoa, eta langile kualifikatuz osatutako talde bat, bildutako enpresa-kopuruarekin eta dinamizatu nahi dituzten jarduketekin bat datorrena.
k) Beste instituzio publiko edo pribatu batzuei helburu bererako eskatutako eta/edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda.
l) Berdintasun-planak eta/edo kontziliazio-planak dituen ala ez dituen adieraztea.
2.– Klusterren antolakunde dinamizatzaileek artikulu honetan zehaztu diren agiriak aurkeztu behar dituzte, eta lankidetza-ekintzen (LANK) kasuan, erakunde kooperanteen arteko akordioa gehitu beharko dute. Akordio horretan adierazi beharko dute buruzagia zein izango den eta akordioa zer ekintzetarako sinatu den.
3.– Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiriak (sailari horiek eskatzeko baimena ematen ez badio soilik).
4.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari 10 egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.
5.– Nolanahi ere, laguntza horien organo kudeatzaileak (Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legean) xedatutakoa aplikatuko da.
11. artikulua.– Eskabideak balioestea.
1.– Horretarako sortutako ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, baita laguntzak emateko proposamenak egitea ere.
2.– Ebaluazio-organoa Javier Aizpuruak (Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzako teknikaria) osatuko du eta presidente-lanak egingo ditu; ordezkoa Pedro Rodríguez (Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren industriako arduraduna) izango da. Kideak honako hauek izango dira: Juan Domingo Olabarri (ordezkoa Susana Larrea), David Fernández (ordezkoa Mikel Oregui), (SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako teknikariak) eta Alexander Armentia; azken horrek ebaluazio-organoaren idazkaritzako eginkizunak beteko ditu (ordezkoa Ana Sampedro), (Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzako teknikariak).
3.– Aurkeztutako eskabideetan bildutako agiriak aztertuko ditu ebaluazio-organoak, eta Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen diren ikusiko du. SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak antolakunde dinamizatzaileak egindako klusterraren plan estrategikoa eta urteko jarduketa-plana eta laguntza jaso dezaketen ekintzak aztertuko ditu, eta txosten tekniko bat aurkeztuko dio ebaluazio-organoari, egindako azterketaren emaitza zehaztuko du eta hautatutako eskabideak proposatuko ditu, ebaluazioan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera ordenatuta, eta baztertu direnak ere adieraziko ditu.
4.– Ebaluazio-organoaren osaera baliozkoa izango da bilerak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, eta, funtzionamenduari dagokionez, arau honetan aurreikusita ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.
5.– Eskabideen azterketa teknikoa eta balioespena honako irizpide hauen arabera egingo da:
Egiaztatuko da urteko jarduketa-planaren jarduketak 4.1 artikuluan ezarritako eremuetan sartuta daudela eta sendotasun (SEND) handienetik gutxienera ordenatuta emango zaie lehentasuna. Sendotasuna honako eragiketa honetatik ateratzen den balioaren arabera puntuatuko da:
SEND=INP x (PE + FIN + PART)
Horretarako, honako puntu hauek balioetsiko dira: proposatutako ekintzak klusterraren plan estrategikoaren lehentasunekin eta logikarekin lerrokatuta egotea (PE gehienez 5 puntu), baliabide-bolumenari egokitzea (proposatutako dedikazioa eta finantzaketa) (FIN gehienez 10 puntu), enpresen parte-hartzearen maila eta kalitatea (PART gehienez 5 puntu) eta enpresen lehiakortasunari dagokionez espero den inpaktua (INP gehienez 10 puntu). Prozesu horretan, 6. artikuluan ezarritako mugak hartu behar dira kontuan.
Banatzeko prozedurak 3 fase ditu:
a) Hala badagokio, nazioartean laguntzeko kanpoko gastuetarako diru-laguntza banatzen da (568.000 euro):
Erakunde bakoitzari diruz lagundu dakiokeen gehienekoa kalkulatzen da honako parametro hauen arabera:
Ondoren, diruz lagundu behar diren jarduketak hautatzen dira lehenago kalkulatutako zenbatekoa agortu arte.
b) Hala badagokio, beste enpresa-talde batzuekin lankidetzan (LANK) egiteko jarduketarako diru-laguntza banatzen da (zenbateko globalaren guztizko % 15):
Erakunde bakoitzari diruz lagundu dakiokeen gehienekoa kalkulatzen da honako parametro hauen arabera:
Aurreko kasuan bezala, diruz lagundu behar diren jarduketak hautatzen dira lehenago kalkulatutako zenbatekoa agortu arte. Zenbateko hori berdintzen ez bada, gainerakoa hurrengo urratserako –c)–metatuko da.
c) Klusterraren urteko jarduketa-planak (KJP) finantzatzeko eskuragarri dauden gainerako funtsen banaketa:
Erakunde bakoitzari diruz lagundu dakiokeen gehienekoa kalkulatzen da honako parametro hauen arabera:
Berriro ere jarduketak hautatuko dira antolakunde bakoitzerako kalkulatutako zenbatekoa agortu arte. Zenbateko horretara iristeko adinako jarduketarik ez badago, gainerakoa zenbateko globalari gehituko zaio eta kalkulu guztiak automatikoki berregokituko dira zenbateko hori gainerako antolakundeen artean banatzeko.
Antolakunde dinamizatzaile bakoitzeko diruz lagundu behar diren jarduketak, eta, beraz, jarduketa horietatik eratorritako diruz lagundu beharreko zenbatekoa aurreko fase bakoitzean lortutakoen batura da.
12. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Prozedura horren ebazpena, ebaluazio-organoak proposatuta, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio, zuzendaritza hori izango baita laguntza horiek kudeatuko dituen organoa.
Laguntzak puntuazio-ordenaren arabera emango dira, Agindu honetako 6. eta 7. artikuluetako mugak errespetatuz, deialdi honetako 2. artikuluan esleitutako kreditua agortu arte.
2.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako diru-laguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira:
– Diru-laguntzak ematen zaizkien eskabideen zerrenda, eta, indibidualki bada, klusterraren antolakunde dinamizatzailea zein den adieraziko da, eta, lankidetzan jarduten bada, buruzagia zein den eta gainerako partaideak zein diren adieraziko da.
– Lagundutako ekintzak, onuradun bakoitzak ekintza horietan duen partaidetza, lankidetzan jarduten bada, eta onuradun bakoitzak ekintza bakoitzarengatik jasoko duen diru-laguntzaren zenbateko xehatua.
Eskabide ukatuen kasuan, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Ebazpenak bakarka jakinaraziko zaizkio interesdun bakoitzari, betiere alde batera utzi gabe esleipendunen zerrenda bat eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako laguntzen zenbatekoak urtero argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
5.– Hartzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, baldin eta egintza espresua bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, egintza espresua bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.
13. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta ordainketa.
1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, organo kudeatzailearen aginduz, era honetan:
a) Lehen ordainketa bat, emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 50, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egingo da, hamabost egunetan laguntzari espresuki uko egiten ez bazaio.
b) Bigarren ordainketa batean diru-laguntzaren gainerako zatia ordainduko da, eta aldez aurretik, bitarteko elektronikoak erabilita, diruz lagundutako ekintzak eta haiei dagozkien gastuak egikaritu direla egiaztatzeko agiriak aurkeztu ondoren likidatuko da. Justifikatzeko aldia 2019ko otsailaren 14an bukatuko da. Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.
2.– Klusterraren antolakunde dinamizatzaileak, lagundutako ekintzen zerrenda xehatuaz gain, dagozkien gastuak eta zenbatekoak (BEZik gabe) aurkeztu beharko ditu. Horiekin batera, dagozkien fakturak ere aurkeztuko dira, jaulkitze-datarekin eta hartzekodunaren identifikazioarekin (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), baita ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZa banakatuta) eta ordainketa-data adierazita. Era berean, azpikontratazioen kasuan, Diru-laguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikulua aplikatuz, onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.
Justifikatzeko agirietan klusterraren antolakunde dinamizatzailearen jarduketetan parte hartu duten pertsona guztien nominak eta TC2ak sartuko dira.
3.– Ezin izango da diru-laguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada.
4.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake edozein momentutan, erakunde onuradunak aurkeztutako agirien eta datuen egiatasuna frogatze aldera.
14. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzen eta diru-laguntzaren aldaketa.
1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetakoren bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo diru-laguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, diru-laguntzaren Aginduak onuradun izateko ezarritako betekizunak bete behar dira. Horrelakoetan, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak dagokion ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egoera berrira egokitzeko.
2.– Jarduketek nahitaez kontuan hartuko dituzte, 2018ko ekitaldirako, eskabidea egin zenean klusterraren antolakunde dinamizatzaileak aurkeztutako jarduketa-planean biltzen diren jarduketak, betiere aldez aurretik eskatu bazaizkio diru-laguntza kudeatzen duen Zuzendaritzari, 2018ko irailaren 30a baino lehen, erakunde onuradunak behar bezala justifikatzen baditu eta lortu nahi diren helburuak eta izaera indargabetzen ez badira.
3.– Aldaketek ez dute inolaz ere handituko hasieran emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.
15. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz ematen diren diru-laguntzen ondoreetarako, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia erakunde laguntzaile izendatzen da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako terminoetan. Diru-laguntzen abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 15. eta 46. artikuluetan ezarritako betekizunak eta elkarlanean aritzeko betebeharra izango ditu, eta artikulu honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenei jarraitu beharko die.
2.– SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:
a) Erakunde dinamizatzaileak egindako klusterraren plan estrategikoa, urteko jarduketa-plana eta diru-laguntzak jaso ditzaketen ekintzak aztertzea.
b) Planak eta ekintzak aztertu ondoren, txosten teknikoak eta diru-laguntzak emateko proposamen bat egitea. Proposamen hori ebaluazio-organora bidaliko du.
3.– SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzen laguntzeko erakundea den aldetik, ezinbestean bete behar ditu Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko araudietan ezartzen zaizkien betebeharrak eta erantzukizunak.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horren ildotik, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio aplikazio informatikoaren bitartez, onartu egiten duela ulertuko da.
2.– Laguntza hori emandako helbururako erabiltzea.
3.– Urteko jarduketa-plana eta diru-laguntzak jaso dituzten ekintzak betetzea eta bete direla egiaztatzea. Laguntzen onuradunak izan diren klusterren antolakunde dinamizatzaile guztiek, 2018ko irailaren 30a baino lehen, bide telematikoa erabiliz eta horretarako dagoen aplikazioaren bitartez, aurkeztu beharko dute beren jarduketa-planaren barnean diruz lagundutako ekintza bakoitzaren aurrerapen-maila eta plana egikaritzeko aurreikuspena, ekintzen garapena egiaztatzeko eta, hala badagokio, plan hori osatzen duten ekintzak egokitu ahal izateko.
4.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak eskatzen duen informazioa ematea, jasotako diru-laguntzen erabilerari, ekintzetan parte hartzen dutenei, jasotako emaitzei eta abarri dagokionez. Horrela, administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu, diru-laguntzak jaso dituzten ekintzak eta plana garatzeari eta betetzeari dagokionez.
5.– Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.
6.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari.
7.– Jarduketa-planarekin eta planaren ekintzekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku mantentzea 5 urtez.
8.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, Agindu honen kargura jasotako diru-laguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.
9.– Diru-laguntzaren xede diren jardueretan, ageriko egitea Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak parte hartzen duela. Horretarako, lehentasunezko lekuan jarri behar dira, eta ikusizko identifikazio-elementuek bat etorri beharko dute abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak ezarritakoarekin. Dekretu horrek Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen du.
10.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Diru-laguntzen Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan eta Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako betekizunak, eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, eta, era berean, diru-laguntzak emateko ebazpenean, hala badagokio, ezartzen diren baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpenaren bidez deklaratuko du onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntzaren tronkoa eta berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek ondoreak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 8a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.